Washington
Estatu Batuetako hiriburua From Wikipedia, the free encyclopedia
Estatu Batuetako hiriburua From Wikipedia, the free encyclopedia
Washington[1], Columbiako Barrutia, Washington D. C. edo sinpleki D.C. Ameriketako Estatu Batuetako hiriburua da[2]. Amerikako Iraultzaren ostean sortu zen herrialde berriaren gobernua ezartzeko. George Washington Ameriketako Estatu Batuetako lehen presidentearen eta Aita Fundatzailearen izena darama[3]. Washington da Washingtoneko eskualde metropolitarraren hiri nagusia, 6.131.977 biztanle dituen eskualdea[4]. Washington hiriburu politiko garrantzitsua da, AEBko gobernu federalaren egoitza bertan dagoelako. Munduko hiririk bisitatuenen artean dago, urtero 20 milioi turista jasotzen ditu[5]. Washington berak 693.972 biztanle zituen 2017ko uztailean. Maryland eta Virginiako suburbioetatik datozen eguneroko langileek hiriaren biztanleria milioi batera igotzen dute lan egunetan. Washingtoneko eskualde metropolitarrak 6 milioi biztanle baino gehiago ditu, AEBko 6. eskualde metropolitar estatistikorik handiena.
Washington | |||
---|---|---|---|
Ameriketako Estatu Batuak | |||
Administrazioa | |||
Izen ofiziala | Washington, District of Columbia | ||
Estatu burujabe | Ameriketako Estatu Batuak | ||
Barruti federal | Kolunbiako Barrutia | ||
Hiriburua | baliorik ez | ||
Columbiako Barrutiko alkatea | Muriel Bowser (en) | ||
Geografia | |||
Koordenatuak | 38°53′42″N 77°02′12″W | ||
Azalera | 177 km² | ||
Mugakideak | Arlingtongo konderria, Alexandria, Prince George's konderria (Maryland), Montgomery konderria, Fairfax konderria, Bethesda eta Silver Spring | ||
Punturik altuena | Fort Reno Park (en) | ||
Demografia | |||
Biztanleria | 689.545 (2020ko apirilaren 1a) −16.204 (2019) | ||
Dentsitatea | 3.895,73 bizt/km² | ||
Etxebizitzak | 288.307 | ||
Ordu eremua | Ekialdeko Ordu-eremu, UTC−05:00, UTC−04:00 eta America/New_York (en) | ||
dc.gov |
1790ko uztailaren 16an Residence Act legea sinatu zen, Ekialdeko Kostaldean hiriburua sortzeko baimenarekin, Potomac ibaiaren alboan. Ameriketako Estatu Batuetako konstituzioak Kongresua eta Barrutiaren legepean egongo zen barruti federal baten sorrera baimendu zuen. Maryland eta Virginiak lurraldea eman zuten barruti federala osatzeko, lehendik existitzen ziren Georgetown eta Alexandria herrien lurraldeak ere sartuz. 1791an eratu zen hiriburu nazional gisa. 1846an Kongresuak Virginiak emandako lurraldeak itzuli zituen; 1871an geratzen zen Barrutiaren eremuarentzat gobernu munizipal bakarra sortu zuen.
AEBko gobernu federalaren hiru adarrak Barrutian bertan daude: Ameriketako Estatu Batuetako Kongresua, Presidentea eta Gorte Gorena. Washingtonen ere hainbat monumentu eta museo nazional daude, gehienak National Mall parkearen inguruan. Hiriak 177 enbaxada ditu, eta mundu mailako hainbat elkarteren, sindikatu, gobernuz-besteko erakunde, lobby eta elkarte profesionalen egoitza da.
1973tik aurrera Barrutia 13 kidez osatutako kontseilua eta hautatutako alkate batek zuzentzen du. Hala ere, Kongresuak lege lokalak ezezta ditzake, eta autoritate gorena mantentzen du. D. C.ko herritarrek Ameriketako Estatu Batuetako Ordezkarien Etxean bozka-eskubiderik ez duen hautetsi bat aukeratzen dute, baina ez dute ordezkaritzarik Senatuan. Barrutiak hiru boto elektoral dituzte presidente hauteskundetarako, 1961ean onartutako Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioaren hogeita hamahirugarren emendakinaren arabera.
XVII. mendean europarrak Potomac ibaira iritsi zirenean Algonkin hiztunak diren Piscataway herria bizi zen bertan. Taldeetako batek Nacotchtank izena zuen; talde horrek Anacostia ibaian hainbat herixka zituen, gaur egungo Columbiako Barrutian. Europar kolonoen eta inguruko tribuen arteko talken ondorioz Piscataway herria lekuz aldatu zuten. Horietako asko 1699an Marylandeko Point of Rocksen kokatu ziren[6].
1788ko urtarrilaren 23an James Madisonek The Federalist Papers lanaren 43. zenbakia argitaratu zuen, argudiatuz gobernu federalak autoritatea behar zuela hiriburu nazionalaren gainean, bere segurtasuna eta mantenua ziurtatu ahal izateko[7]. Bost urte lehenago, ordaindu gabeko soldadu talde batek Kongresua inguratu zuen bere kideak Filadelfian bilduta zeudenean. 1783ko Pennsylvaniako mutina izenez ezagutu zen gertakariak argi utzi zuen gobernu nazionalaren segurtasuna ezin zela utzi estatu baten esku[8].
AEBko Konstituzioaren Lehen Artikuluaren Zortzigarren Sekzioak dio aukera dagoela "Barruti bat sortzeko (ez duena hamar milia karratu baino gehiago), estatu zehatz batek emanda, Kongresuak onartua, Estatu Batuetako gobernuaren egoitza sortzeko"[9]. Hala ere, Konstituzioak ez du zehazten hiriburuarentzako leku bat. 1790eko Konpromisoa izenez ezagutzen denarekin Madison, Alexander Hamilton eta Thomas Jefferson akordio batera iritsi ziren gobernu federalak Amerikako Iraultzaren zorra ordaintzeko hiriburu berria Hegoaldeko Estatu Batuetan jartzearen truke[8].
1790ko uztailaren 9an Kongresuak Residence Act legea onartu zuen, Potomac ibaiaren alboan hiriburu nazionala sortzeko. Kokapenzehatza George Washington presidenteak aukeratu zuen, uztailaren 16an legea sinatu zuenean. Maryland eta Virginiak utzitako lurretan eraikia, hasierako itxura alde bakoitzetik 10 milia neurtzen zuen barruti federal karratu bat zen, guztira 100 milia (259 kilometro koadro)[10].
Dagoeneko existitzen ziren bi herri txertatu ziren lurralde horretan: 1751n sortutako Georgetown, Maryland eta 1749an sortutako Alexandria[11]. 1791-92an Andrew Ellicott eta bere laguntzaileek, Benjamin Banneker izeneko afrikar-amerikar astronomoa barne, barruti federalaren mugak aztertu eta mugarriak jarri zituzten milia guztietan[12]. Milia hauetako asko oraindik bertan daude[13].
Potomac ibaiaren iparraldeko lurretan hiriburu federala eraiki zen ondoren, Georgetownen ekialdean. 1791ko irailaren 9an hiriaren eraikuntza gainbegiratzen ari ziren hiru komisarioek Washington presidentearen omenez jarri zioten izena. Barruti federalari Columbia izena eman zioten, garai hartan Estatu Batuei ematen zitzaion izen poetikoetako bat[14][15]. Kongresuak lehen bilera egin zuen Washingtonen 1800eko azaroaren 17an[16].
Kongresuak Columbiako Barrutiaren 1801eko Lege Organikoa onartu zuen, Barrutia ofizialki antolatzen zuen legea, lurralde osoa gobernu federalaren kontrol esklusiboan jarriz. Gainera, Barrutian zeuden eremu ez-inkorporatuak bi konderritan banatu ziren: Washingtoneko konderria Potomacek ekialdean eta Alexandriako konderria mendebaldean[10]. Legearen onarpenaren ostean Barrutian bizi ziren herritarrak jada ez ziren Maryland edo Virginiako herritarrak, beraz Kongresuan zuten ordezkaritza galdu zuten[17].
1814ko abuztuaren 24 eta 25ean Washingtoneko Errekuntza izeneko erasoa gertatu zen, 1812ko angloamerikar gerran britainiar indarrek hiriburua inbaditu zutenean. Kapitolioa, Ogasun Saila eta Etxe Zuria erre ziren eraso honen baitan[18]. Gobernuaren eraikin gehienak azkar konpondu zituzten; hala ere, Kapitolioa eraikitzen ari ziren garai horretan, eta ez zen amaitu 1868ra arte[19].
1830eko hamarkadan Alexandriako hegoaldeko lurraldearen gainbehera ekonomikoa eman zen, batez ere Kongresuaren kudeaketa txarra dela eta[20]. Alexandria esklabo azoka garrantzitsu bat zen, eta esklabotzaren aldeko biztanleek beldurra zuten Kongresuko abolizionistek Barrutian ere esklabotzarekin amaituko zutena, ekonomia oraindik gehiago kaltetuz. Alexandriako herritarrek eskatu zuten Virginiara itzultzea, donatutako lurra berriro itzuliz, Columbiako barrutiaren berritzulpena deitzen den prozesu baten bidez[21].
Virginiako Batzar Orokorrak berritzulpena 1846an bozkatu zuen eta Alexandria berriro euren lurralde izatea onartu zuten. 1846ko uztailaren 9an Kongresuak lurraldea berriro ere Virginiari itzultzea onartu zuen. Honela, gaur egungo Barrutiaren eremua Marylandek emandako lurra baino ez du hartzen[20]. Alexandriako esklabotzaren aldekoen kezka bete zen, eta 1850eko Konpromisoan Barrutian esklaboen salerosketa debekatu zen, baina ez esklabotza bera[22].
1861ean Ameriketako Estatu Batuetako Gerra Zibila hasi zenean gobernu federala hedatu zen, Barrutiko biztanleen biztanleria handituz, baita ere askatutako esklaboen fluxu handiarekin[23]. Abraham Lincoln presidenteak Konpentsatutako Emantzipazio Legea sinatu zuen 1862an, Columbiako Barrutian esklabotzarekin amaituz eta 3.100 esklabu askatuz, Emantzipazio Adierazpena baino bederatzi hilabete lehenago[24]. 1868an Kongresuak Barrutian bizi ziren afrikar-amerikar gizonezkoei udal hauteskundetan bozkatzeko eskubidea eman zien[23].
1870erako Barrutiaren biztanleria %75 hazi zen aurreko zentsutik, 132.000 biztanlera iritsiz. Hiriaren hazkuntza handia ere, Washingtonek oraindik hautsezko bideak zituen, eta ez zuen estolderiarik ere. Kongresuko kide batzuek proposatu zuten hiriburua mendebalderako mugitzea, baina Ulysses Simpson Grantek ez zuen proposamena onartu[12].
Kongresuak 1871ko Columbiako Barrutiko Lege Organikoa onartu zuen, Washington eta Georgetowneko hirietako lege propioak kendu zituena, gobernu berria sortuz Columbiako Barruti osorako[25]. Grantek Alexander Robey Shepherd izendatu zuen gobernadore 1873an. Shepherdek eskala handiko proiektuak gaimendu zituen, Washington guztiz modernizatuz, baina Barrutiaren gobernua lur-jota utziz. 1874an Kongresuak lurralde-gobernua aldatu zuen eta hiru kidez osatutako Komisarioen Mahaia osatu zuen[26].
Hiriko lehen tranbia motorizatuak 1888an hasi ziren ibiltzen, eta Washigtoneko Hiriaren jatorrizko mugetatik kanpo hiria hazten hasi zen. Washingtonen planurbanoa hedatu zen barrutian zehar hurrengo hamarkadetan zehar[27]. Georgetown formalki batu zen Washington hiriarekin 1895ean. Halaere, hiriak ez zuen etxebizitza onik, eta lan publikoen presioa zuen[28]. Washington izan zen AEBko lehen hiria berrikuntza proiektu bat garatzen, 1900eko hamarkadan sortutako "City Beautiful mugimendua"ren baitan[29].
1930eko hamarkadan New Deal delako ekonomia planaren ondorioz gastu federala asko handitu zen, gobernuaren eraikin berriak, memorialak eta museoak eraikiz Washingtonen[30]. Bigarren Mundu Gerrak oraindik gehiago handitu zuen gobernua, langile federalen kopurua handituz hiriburuan[31]; 1950erako Barrutiak bere biztanleria maximora iritsi zen: 802.178 biztanle.
1961ean Ameriketako Estatu Batuetako Konstituzioaren hogeita hamahirugarren emendakina onartu zen, Barrutiari hiru boto emanez Kolegio Elektoralean presidentea eta presidente-ordea aukeratu ahal izateko, baina oraindik ordezkaririk gabe Kongresuan[32].
1968ko apirilaren 4an Martin Luther King erail zutenean istiluak sortu ziren Barrutian, bereziki U kalean, 14. kalean, 7.kalean eta H kaleko bazterretan, biztanle beltzen bizileku eta denden eremua. Istiiluek hiru egun iraun zituzten eta 13.600 tropa federal jarri zituzten hirian zehar, biolentziari aurre egin nahian. Denda asko eta hainbat eraikin erre zituzten, eta berreraikuntza ez zen amaitu 1990eko hamarkadaren amaierara arte[33].
1973an Kongresuak Columbiako Barrutiko Barne Arauaren legea onartu zen, 13 kidez eta hautatutako alkate batek agintzen dute Barrutian[34]. 1975an Walter Washington hiriko lehen alkate hautetsia eta lehen alkate beltza izan zen[35].
Datu klimatikoak (Washington, D.C. (Reagan National Airport), 1981−2010 arruntak,[oh 1] muturrekoak 1871−egun[oh 2][36]) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 26 | 29 | 34 | 35 | 37 | 40 | 41 | 41 | 40 | 36 | 30 | 26 | ' |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 6 | 8 | 13 | 19 | 24 | 29 | 31 | 30 | 26 | 20 | 14 | 8 | 19 |
Batez besteko tenperatura (ºC) | 2 | 4 | 8 | 14 | 19 | 24 | 27 | 26 | 22 | 15 | 10 | 4 | 15 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -2 | -1 | 3 | 8 | 14 | 19 | 22 | 21 | 17 | 10 | 5 | 0 | 10 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -26 | -26 | -16 | -9 | 1 | 6 | 11 | 9 | 2 | -3 | -12 | -25 | ' |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 71 | 67 | 88 | 78 | 101 | 96 | 95 | 74 | 94 | 86 | 81 | 77 | 1009 |
Elurra (mm) | 142 | 145 | 33 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 13 | 58 | 391 |
Prezipitazio egunak (≥ 0.01 in) | 9.6 | 9.0 | 10.5 | 10.4 | 11.1 | 10.7 | 10.3 | 8.2 | 8.3 | 7.7 | 8.6 | 9.7 | 114.1 |
Elur egunak (≥ 0.1 in) | 3.0 | 2.4 | 0.9 | 0.1 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0.2 | 1.5 | 8.1 |
Eguzki orduak | 144.6 | 151.8 | 204.0 | 228.2 | 260.5 | 283.2 | 280.5 | 263.1 | 225.0 | 203.6 | 150.2 | 133.0 | 2527.7 |
Hezetasuna (%) | 62.1 | 60.5 | 58.6 | 58.0 | 64.5 | 65.8 | 66.9 | 69.3 | 69.7 | 67.4 | 64.7 | 64.1 | 64.3 |
Iturria: NOAA (relative humidity and sun 1961−1990)[37][38][39][40] |
Hiri turistiko garrantzitsua da, eta horregatik toki interesgarriak ditu bisitatzeko. National Mallaren inguruak honako monumentuak daude:
District of Columbia Public Schools (DCPS) erakundeak kudeatzen ditu hiriko 123 eskola publikoak[41]. DCPSko ikasle kopurua behera joan da, pixkanaka pixkanaka 39 urtez, 2009ra arte. 2010-11 ikasturtean 46.191 ikasle zeuden sisteman izena emanda[42]. DCPSk AEBko kosturik handienetakoa eta emaitzarik kaxkarrenetakoa duen sistema da, bai azpiegitura aldetik zein ikasleen lorpenen aldetik[43]. Adrian Fenty alkateak hainbat aldaketa egin ditu, eskolak itxiz, irakasleak aldatuz, hainbat zuzendari kaleratuz eta hezkuntza pribatuarekin elkarlana bultzatuz curriculuma garatzeko[44].
Barrutian 52 itunpeko eskola daude, Columbia Public Charter School Board erakundeak kudeatuta[45]. Eskola publikoekin antzematen diren arazoak direla eta, eskola publikoan matrikulazioa jaisten joan da denboran zehar[46]. 2010eko udazkenean itunpeko eskolek 32.000 ikasle zituzten, aurreko urtean baino %9 gehiago. Barrutian beste 92 eskola pribatu daude, 18.000 ikaslerekin 2008an[47]. Barrutiko liburutegi publikoek 25 eraikin kudeatzen dituzte, Martin Luther King Jr. Memorial Library barne[48].
Washington ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:
|
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.