From Wikipedia, the free encyclopedia
Xabier Irujo Ametzaga (1967ko urtarrilaren 29a, Caracas, Venezuela) euskal irakaslea, historialaria eta idazlea da.
Xabier Irujo Ametzaga | |||
---|---|---|---|
| |||
Bizitza | |||
Jaiotza | Caracas, 1967ko urtarrilaren 29a (57 urte) | ||
Herrialdea | Euskal Herria | ||
Familia | |||
Aita | Pello Irujo Elizalde | ||
Ama | Arantzazu Ametzaga | ||
Hezkuntza | |||
Heziketa | Nafarroako Unibertsitate Publikoa 2004) Doktoretza Euskal Herriko Unibertsitatea 2011) Doktoretza | ||
Hizkuntzak | euskara gaztelania ingelesa | ||
Jarduerak | |||
Jarduerak | unibertsitateko irakaslea, historialaria, filologoa eta filosofoa | ||
Enplegatzailea(k) | Boiseko Estatu-Unibertsitatea 2006) Nevadako Unibertsitatea Renon (2006 - | ||
Nevadako Unibertsitatean dagoen Renoko Euskal Ikerguneko zuzendaria da.
Xabier Irujo filologian (1991), historian (1994) eta filosofian (1998) lizentziatu zen UNEDen. Zazpi aldiz eman zioten espediente akademiko hoberenaren sari akademikoa UNEDen. Historia arloan doktoratu zen NUPen (2004) eta filosofia arloan EHUn (2011) summa cum lauderekin.[1] NUPen historia arloan egin zen lehenengo doktoretza izan zen Irujorena.[2]
1996 eta 2005 artean irakasle izan zen San Fermin Ikastolan eta 2005ean Boise State University-ko (Idaho) Euskal Ikasketen Programako zuzendari izan zen. Gaur egun, Nevadako Unibertsitateko Center for Basque Studies zentroaren zuzendaria da, eta genozidio ikasketetako irakaslea da.[1]
Liverpoolgo Unibertsitateko Manuel Irujo Katedraren lehen ikerlari bisitaria izan zen (2015)[3] eta genozidioari eta kultur genozidioari buruzko mintegiak eman ditu Boise State Universityn eta Santa Barbara Kaliforniako Unibertsitatean. Irujok Amerikako eta Europako ia ehun unibertsitate eta erakunde akademiko eta kulturaletan eman ditu eskolak eta hitzaldiak. Europako eta Amerikako lau argitaletxe akademikoren erredakzio batzordeko kidea da eta Gernikako Bake Museoaren eta beste erakunde akademikoen batzordeko kidea da.
Zenbait doktorego ikasleen zuzendari izan da Nevadako Unibertsitatean eta Euskal Herriko Unibertsitatean eta Bartzelonako Unibertsitatean hainbat ikasleen doktorego batzordeetako kide izan da ere.
Irujo azken bost belaunaldietan sei erbestealdi jasan dituen euskal politikarien familiako kidea da. Franco jeneralaren diktadurako urteetan erbestean jaioa, familia Euskal Herrira itzuli zen diktadorea hil eta gero. 1985etik aurrera politikan aktiboki parte hartu zuen Gazte Abertzaleak EAko gazte erakundeko presidente gisa eta Europako Aliantza Askearen gazte erakundearen jarduera politikoen koordinatzaile gisa. Bere jarduera politikoa Europako gutxiengoen eskubide sozial eta kulturalen aldarrikapena izan du abiapuntu eta autodeterminazio eskubidearen aitorpena eskatzen duten hainbat elkarterekin lankidetzan aritu da hogeita hamar urtez.[4] Beste hainbat euskaldunek bezala, bere burua intsumisotzat jo zuen eta uko egin zion Espainiako ejertzitoan zerbitzatzeari. 1989az geroztik derrigorrezko zerbitzu militarraren aurkako mugimenduan parte hartu zuen 2001eko abenduan soldaduska desagerrarazi zuten arte. Gaur egun, ohiko kolaboratzailea da hainbat egunkaritan eta bestelako euskarri digitaletan.
Hainbat urtez ikertu du Irujok izu bonbardaketak, batez ere 1937ko udaberrian Luftwaffek egindako izu bonbardaketa kanpainari eta Gernikako bonbardaketari dedikatu dio atentzioa. Ikerketa horien emaitza da Gernikako trilogia.[5] Egileak bonbardaketaren ondorio diplomatiko eta politikoak aztertzen ditu Gernika: The Market Day Massacre liburuan (2015). Bigarren saiakera batean, Gernika: 26 de abril de 1937 (2017),[6] zehatzmehatz jorratzen ditu 1937ko izu bonbardaketa kanpainaren xehetasun teknikoak eta estrategikoak eta, serie honetako azken lanean, Gernika: Genealogy of a Lie (2018), bonbardaketak gauzatu zituzten erregimenek askatu zituzten gezur ofizialen sareak historiografia alorrean zein memoria historikoa berreskuratzeko lanetan sortutako arazoak aztertzen du.[7]
Genozidio ikerketen arloan, Irujoren hiru saiakerak osatzen dute bere erbesteari buruzko trilogia, Euskal erbeste politikoa Uruguain (2005), Expelled from the Motherland (2012) eta La hora vasca de Venezuela (2020). Bere esperientzia pertsonaletik eta bere senideen bizitasunetatik abiatuta, egileak XIX. mendearen hasieratik eta 1975. urtera arte Franco jeneralaren heriotzak itxi zuen euskal erbesteratze zikloa aztertu du.[8] Ameriketan sortutako sare soziopolitiko, diplomatiko eta kulturalak ikertu ditu sakonki eta arreta berezia eskaini dio Eusko Jaurlaritzaren eta Estatu Batuetako Roosevelt administrazioaren arteko harreman paradiplomatikoari eta Bigarren Mundu Gerran zerbitzu sekretuen inguruko akordioen sorrerari. Era berean, Euskal Herritik kanpo diasporan sortutako sare politiko eta diplomatiko konplexuen antolaketa eta Buenos Aires, Londres, New York eta Parisko erbesteetatik lau hamarkadaz atzerrian Jaurlaritza aktiboa mantentzeko beharrezkoak diren ezaugarri eta baliabide administratibo eta soziokultural transozeanikoak aztertu ditu bere lanetan.
Erbestearen “deserrotze” kontzeptuan sakontzeak aukera eman dio haur erbesteratuen nortasun indibidualaren eta kolektiboaren garapenean izandako ondorioak ikertzeko.[9] Euskal diasporan nazioz gaindiko identitateen sorreraz eta Joseba Achotegui doktorearen tesiari jarraiki, Ulises sindromearen ondorioez ere idatzi du Irujok, alegia, muturreko egoerak bizi dituzten etorkin edo erbesteratuengan eragina duen egoera psikologikoa. Emigrantearen estres kronikoa eta identitate anizkoitzaren inguruko gogoeta egin du egileak bere erbestearen inguruko lanetan.
Genozidio kulturalaren esparruan, Historia jurídica de la lengua vasca (2011) eta Language Rights and Cultural Diversity (2013) lanetan, egileak hizkuntzizidioaren ondorioak eta politika genozidek hizkuntzen eta kulturen garapenarengan duten eragina aztertu du Irujok.[10]
Ikuspegi filosofikotik, egileak indarkeria gizatiarraren sustraiak aztertu ditu. Arlo horretan egindako ikerketen emaitza Ética e instinto (2010) lana da. Hau da Nevadako Unibertsitatean ematen dituen eskolen (Genocide studies eta Transnational indentity) zeharlerro nagusia.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.