Vincent Willem Van Gogh (nederlanderaz: [ˈvɪnsɛnt ˈʋɪləm vɑn ˈɣɔx](entzun); Zundert, Ipar Brabant, 1853ko martxoaren 30a - Auvers-sur-Oise, Val-d'Oise, 1890eko uztailaren 29a) margolari postinpresionista herbeheretar ospetsua izan zen. Hamarkada bakarrean 2.100 artelan inguru egin zituen, haien artean 860 oleo-margolan, gehiengoak bere bizitzako azken bi urteetan margotuak.[1]

Datu azkarrak Bizitza, Jaiotzako izen-deiturak ...
Vincent van Gogh
Thumb
Bizitza
Jaiotzako izen-deiturakVincent Willem Van Gogh
JaiotzaZundert, 1853ko martxoaren 30a
HerrialdeaHerbehereak
BizilekuaMonastery of Saint-Paul-de-Mausole (en) Itzuli
Cuesmes (en) Itzuli
Maison Van Gogh (en) Itzuli
Talde etnikoaHerbeheretarra
HeriotzaAuvers-sur-Oise eta Auberge Ravoux (en) Itzuli, 1890eko uztailaren 29a (37 urte)
Hobiratze lekuaAuvers-Sur-Oise Communal Cemetery (en) Itzuli
tomb of Vincent and Theo van Gogh (en) Itzuli
Heriotza moduasuizidioa: bala zauria
Familia
AitaTheodorus van Gogh
AmaAnna Carbentus van Gogh
Ezkontidea(k)ezkongabea
Bikotekidea(k)
Haurrideak
Hezkuntza
HeziketaRoyal Academy of Fine Arts (en) Itzuli
Hizkuntzaknederlandera
frantsesa
Irakaslea(k)Anton Mauve
Constantinus Cornelis Huysmans (en) Itzuli
Ikaslea(k)
Jarduerak
Jarduerakmargolaria, marrazkilaria, grabatzailea, botanika ilustratzailea, arkitektura proiektuen marrazkilaria, akuafortista, litografoa eta artista grafikoa
Lantokia(k)Tilburg (en) Itzuli
Haga
Londres
Paris
Ramsgate
Etten-Leur
Dordrecht
Amsterdam
Borinage (en) Itzuli
Brusela
Etten-Leur
Haga
Hoogeveen
Nuenen (en) Itzuli
Anberes
Paris
Arles
Saint-Rémy-de-Provence
Auvers-sur-Oise
Van Gogh House (en) Itzuli
Emmen eta Maison Van Gogh (en) Itzuli
Enplegatzailea(k)Goupil & Cie (en) Itzuli  (1869ko uztailaren 30a -  1873ko maiatzaren 10a)
Lan nabarmenak
InfluentziakAnton Mauve, Paul Gauguin, Willem Roelofs (en) Itzuli, Paul Cézanne, Peter Paul Rubens, Jean-François Millet eta Katsushika Hokusai
KidetzaSociété française de gravure (en) Itzuli
Mugimenduapostinpresionismoa
espresionismoa
Genero artistikoapaisaia margolaritza
izadi hila
erretratua
hiri-paisaia
interior view (en) Itzuli
Autorretratua
Christian art (en) Itzuli

IMDB: nm0994883 Discogs: 2238691 IMSLP: Category:Gogh,_Vincent_van Find a Grave: 1055 Edit the value on Wikidata
Thumb
Itxi

Haren artelana paisaia, natura hil, erretratu eta auto-erretratuek osatzen dute, kolore indartsu eta pintzelkada adierazgarri zein oldarkorrengatik bereiziak, gerora arte modernoaren oinarri izan zirenak. Bere buruaz beste egin zuen 37 urterekin gaixotasun eta txirotasunez beteriko bizitza baten ostean.

Familia dirudun batean jaioa, umetan izaera serio, isil eta adimenduna zuen, marrazten txikitan hasi zelarik. Gaztetan arte merkatari bezala egin zuen lan, asko bidaiatuz, baina Londresera bizitzera joatean beheraldia eduki zuen. Hori zela eta, erlijiorantz jo zuen, Belgikako hegoaldean misiolari protestante bezala jardunez. Gaixo eta bakardadean zegoen 1881ean margotzera bueltatu aurretik, bere gurasoen etxera itzultzean. Theo anai gazteak ekonomikoki mantendu zuen, bien artean gutun bidezko posta-truke luzea mantenduz. Bere lan goiztiarrek, gehienbat natura hil eta nekazarien erretratuak, geroagoko lanetatik bereizten diren kolore bizien seinale batzuk dituzte. 1886an Parisera joan zen, eta Émile Bernard zein Paul Gauguin bezalako abangoardismo mugimenduko partaideak ezagutu zituen, inpresionismoaren sentiberatasunaren aurkakoak zirenak. Bere lana garatu ahala, natura hil eta inguruko naturaren ikuspuntu berri bat eratu zuen. Margolanak argiagoak eta biziagoak bilakatzen joan ziren, eta 1888an Frantziako hegoaldean zegoen Arlesen egin zuen egonaldian, estiloak bere momentu gorena lortu zuen.[2]

Denboraldi horretan, hainbat aztergai probatzeari ekin zion eta olibondo, gari-soro eta ekiloreak marraztu zituen.

Van Goghek pasarte psikotikoak eta eldarnioa jasaten zituen eta bere buru osasunaz kezkatzen zen arren, bere osasun fisikoa baztertu zuen nahikoa jan gabe eta oso zintzurkoia izanaz. Bere lagun Gauguinekin zuen harremana haserrealdi batean bizarra mozteko labainarekin ezkerreko belarriaren zati bat moztean amaitu zen. Ondoren, Saint-Rémyko ospitale psikiatrikoetan denboraldi bat eman zuen. Senda-agiria eman ziotenean, Auvers-sur-Oisera joan zen, Parisetik hurbil, non Paul Gachet sendagile homeopatikoaren ardurapean geratu zen. Depresioaz jarraitu zuen 1890eko uztailaren 27a arte: egun hartan, bere bularrari tiro egin zion errebolber batekin.[3] Zaurien ondorioz, bi egun geroago hil zen.

Van Goghek bizi izan zen bitartean ez zuen arrakastarik lortu; ostera, zoro eta okertzat hartzen zuten. Bere buruaz beste egindakoan bilakatu zen ezagun, eta jendartean jenio ulertu gabetzat bezala ezagutua izan zen, erotasun eta bikaintasuna batzen zituen artista. XX. mendearekin batera hasi zen Van Goghen ospea handitzen, bere margotze estiloa Fauvista eta Expresionista alemaniarrek gorpuztu zutenean. Margolari ezagun, baina tragiko bezala gogoratzen da Van Gogh, izaera asaldatuak artistaren ideal erromantikoa mantentzen duena.[2]

Eskutitzak

Van Gogh ulertzeko oinarrizko iturririk zabalena, Theo anaia gaztearen eta beraren arteko korrespondentzia da.[4] Haien arteko bizitza osoko adiskidetasuna, eta Vincenten pentsamendu eta arte-teoriei buruz ezagutzen den gehiena, 1872tik 1890 arte elkarri bidalitako ehunka eskutitzetan jasota dago. Theo van Gogh arte-saltzailea izan zen, eta bere anaiari laguntza finantzarioa eta emozionala emateaz gain, arte garaikidearen eszenan eragin handia zuten pertsonenganako sarbidea ere lortu zion.[2]

Theok anaiaren eskutitz guztiak gorde zituen,[5] baina Vincentek jasotako gutunetako gutxi batzuk baizik ez zituen gorde. Biak hil ondoren, Theoren alargunak, Johannak, haien eskutitz batzuk argitaratzea erabaki zuen. Sorta bat 1906 eta 1913an agertu zen, baina gehienak 1914an argitaratu ziren.[6] Vincenten eskutitzak elokuenteak eta adierazgarriak dira, eta "eguneroko itxurako intimitatea" dutela esan izan dute, autobiografia bezalako zatiekin.[2] Arnold Pomerans itzultzaileak idatzi zuen haien argitalpenak "dimentsio berria ematen diola Van Goghen lorpen artistikoa ulertzeari, ia beste pintorerik eman ez digun ulermena."[5]

Vincentek anaiari bidalitako 600 eskutitz baino gehiago daude, eta 40 inguru Theok bere aldetik bidaliak. Halaber, badira bere arreba Wil-iri bidalitako 22, Anthon van Rappard margolariari bidalitako 58, Émile Bernardi igorritako 22, eta baita bakarka Paul Signac zein Paul Gauguin adiskideei eta Albert Aurier kritikariari bidalitako bana. Batzuk zirriborroekin ilustratuta daude. Asko datarik gabe egon arren, arte historialariek ordena kronologikoan kokatu ahal izan dute gehienak. Hala ere, transkripzio eta datazio arazoak izaten jarraitzen dute, bereziki Arlesetik bidalitakoekin. Han zegoela, Vincentek 200 eskutitz inguru idatzi zituen nederlanderaz, frantsesez eta ingelesez.[7] Erregistroan hutsune bat dago Pariseko garaikoa, anaiak elkarrekin bizi zirenez ez zutelako eskutitz beharrik.

Thumb
Vincent van Gogh-ren familia. Goian: aita Theodorus van Gogh eta ama Anna Cornelia van Gogh. Behean: Vincent Willem, Anna Cornelia, Theo, Elisabetha Huberta, Willemina Jacoba eta Cornelis Vincent.

Biografia

Marrazkirako dohaina txiki-txikitandik erakutsi bazuen ere, Van Gogh ez zen hogeita zazpi urte bete arte hasi marrazten eta pintatzen, eta hamar urte besterik ez zituen egin artegintzan. Bizitza eta artegintza hain daude lotuak Van Goghengan, non bizilekuz aldatu zen aldi bakoitzari aro berri bat baitagokio bere lanean. Parisko egonaldia bukatu, eta Arlesen bizi izan zenean iritsi zuen betetasuna Van Goghen arteak: bi urtean, 350 bat margolan egin zituen. Hala, pinturaren historiako artistarik handienetako bat izatera iritsi zen.

Nortasunaren bila (1853-1880)

Vincent Van Gogh 1853ko martxoaren 30ean jaio zen Groot Zunderten (Ipar Brabante, Herbehereak). Aita, Theodore, artzain protestantea zuen. Sei anaia-arreben artean zaharrena zen Vincent. Haren arreba Elisabethen hitzetan, txiki-txikitandik izan zituen nortasun-arazoak. Ez bakarrik hurbilekoak arrotz zitzaizkion, bera ere arrotz zitzaion bere buruari. Hamasei urterekin lanean hasi behar izan zuen, eta Hagako arte-galeria batean jarri zen saltzaile. Gero, Bruselara eraman zuten, eta gero Londresera, nondik, maitasun zapuztu batez etsia harturik, ihesi joan baitzen Parisera, eta han Louvre museoa ezagutu zuen, Camille Coroten eta Jean-François Milleten lana bereziki. 1876an Ingalaterrara itzuli zen, eta arte-saltzaile lan hura utzi zuen.

Thumb
Hagako teilatuak, Herbehereak, 1883an.

Orduan, onginahizko eta mistizismozko halako sukar batek harturik, bere bizitzako aldirik oinazetsuena hasi zuen. Irakasle izan zen erruki-etxe batean, gero eskola-maisu eta sermolariaren laguntzaile Londresko aldiri behartsu batean eta, azkenik, artzain protestante izatea erabaki zuen. 1877an, teologia-ikasketak egiten saiatu zen Amsterdamen, baina alferrik. 1878an, Bruselako eskola ebanjelikoan ere ahalegindu zen, baina han ere ez zuen aurrera egin, eta, azkenean, sei hilabeterako bidali zuten misiolari Belgikako eskualderik behartsuenetako batera, Borinage meatzari-lurraldera. Ez omen zuen sermoietarako dohain handirik, eta ezin bihozberagoa izanagatik, hango jendeak ez zion harrera onik egin, eta Elizak gaitzetsi egin zuen azkenerako. Hondamen hark sortu zion etsipen izugarrian aurkitu zuen Van Goghek bere bokazioa, marrazteari ekin baitzion bete-betean, eta hala aldatu zitzaion erro-errotik bizitza.

Nahitaezko uko egite haien eta etsi-etsian hartutako erabaki haien ondoren Van Goghek hartu zuen bide artistikoak gainerakoekin komunikatzeko premia bizi bat adierazten zuen, baina ez zuen bide horretan inondik ere aurrera egiterik izango, ez zuen erantzunik batere izango, baldin eta bere anaia Theok erabateko laguntza eta babesa eman izan ez balio, bai diruz eta bai kemenez. Bestalde, irakurketaren bidez (Biblia, Zola, Dickens, Victor Hugo, Honoré de Balzac) indartu zuen Van Goghek munduaz eta gizarteaz zuen ikuspegia, eta beste artista batzuen lanetan (Rembrandt, Dupre, Daumier, Delacroix, Hals, eta batez ere Millet) ase zuen bere jakin-min handia eta hartu zuen bizitzeko eta bere lanerako behar zuen bultzada, dohain handia baitzuen, gainera, artelanak ezagutzeko, aztertzeko eta ederresteko. Hasiera-hasieratik, Van Goghek jende xumearen pintoretzat eduki zuen bere burua, haien lan gogorraren eta esker gaiztokoaren goraipatzailetzat, haien kontsolatzailetzat.

Sortzen ari den artista

Herbehereetako aldia (1881-1885)

Litografiak eta egurrean egindako grabatuak kopiatzen hasi zuen Van Goghek bere ikasketa aldia, eta Milleten lana hartu zuen eredutzat, huraxe izan baitzuen, beste guztien gainetik, pintorerik maiteena eta miretsiena. 1881ean, Ettenen, haren gurasoak han bizi baitziren, nekazariak, erretratuak eta, batez ere, paisaiak marraztu zituen, bai zuzenean marraztu ere, gerora Van Goghen obran argi eta garbi sumatuko zen ekialdeko artearen eta marrazkeraren zantzuz.

Van Goghek era askotako materialak erabili zituen marrazteko. Hasieran, tresna tradizionalez baliatu zen -lapitza, klera beltza, ikatzezko ziria, benenezko ziria, igeltsua, Txinako tinta eta akuarela-, eta material bakoitzaren erabilera eta ezaugarriak aztertu eta landu zituen. Ez zion material bakoitzari berak nahi zuen etekina beti atera eta, askotan, hainbat material nahasten zituen koadro berean, material bakoitzaren mugak gainditurik horrela. Esperimentu eta saio asko egin zuen. Adibidez, klera bustia erabili zuen batzuetan. Beste batzuetan, materialen konbinazio bitxiak egin zituen. Adibidez, finkatzeko gai gisa esnea erabili, eta klera litografikoa eta moldiztegiko tinta, marrazteko tresnatzat. Bere garaian erabiltzen ez zen materialik ere erabili zuen, italiar klera, esate baterako.

Maitemindurik zeukan emakume baten arbuioz, eta aitarekin zuen liskarrezko harremanaren ondorioz -azkenerako etxetik bota zuen aitak-, Van Goghek Hagan hartu zuen aldi baterako bizilekua, eta han pintura-ikasketak egin zituen Anton Mauverekin. Akuarelagintzan ibili zen buru-belarri eta perspektiba ikasten jardun zuen.

Thumb
Patata-jaleak, 1885, Van Gogh Museoa, Amsterdam.

1883ko irailetik abendura, bakar-bakarrik bizi izan zen Drenthe probintzian, Herbehereetako iparraldean. Han gogotik aritu zen pintatzen bere margolari-sena bideratzeko, eta Sien bere adiskide minak alde egin izanak sortu zion itolarriari eta etsipenari ihes egiteko eta menderatzeko. Gero, Nuenen izeneko herrixka batean hartu zuen bizilekua, hantxe kokatu berria baitzen haren familia, eta Ipar Brabanteko herri txiki hartantxe iritsi zuen Van Goghek bere lanean erabateko ziurtasuna: nekazariak lanean harri beltzez eginiko zirriborroetan irudikatuak, marrazkilari gisa zuen bikaintasunaren erakusgarri. Berrehun bat koadro egin zituen, nekazarien eta eskulangileen irudiak, paisaiak eta izadi hilak, margo ilunez margotuak, pintzelkada adierazgarriez, bolumenak argi-ilun zakar eta indartsu batez nabarmenduak (Patata-jaleak, 1885) eta, hala, herbeheretar errealismoaren tradizio handiarekin bat egin zuen, Frans Halsek eta Rembrandtek urratu zuten bidean. Garai honetako obra akatsik eta trakeskeriarik gabea ez bada ere, inspirazio eta etorri handikoa da, giza izatearen lekukotasuna emateko borondatez egina, Van Goghen idealak eta barne-arazoak argitara ateratzen dituena.

Thumb
Luxembourg lorategiko pasealekua, 1886, olioa oihalean. Clark Art Institute.

Anberesko aldia (1885eko azaroa 1886ko otsaila)

Anberesen egin zuen egonaldia garrantzi handiko urratsa izan zen Van Goghen bilakaeran. Anberesen Rubensen margolanak aztertu zituen, eta lehenengo aldiz ikusi zituen japoniar grabatuak, baita miretsi eta aurrerantzean haien bilduma egin ere. Bi iturri horiei esker, are gehiago trebatu zen margoen baliabideetan, nahiz ordura arte aski landua zuen alor hori, bai holandar maisuak aztertuz, eta bai Parisen ikusiak zituen Paolo Veronese italiar margolariaren eta Eugène Delacroix frantsesaren eraginez.

Parisko aldia (1886ko otsaila - 1888ko otsaila)

Thumb
Jatetxe baten barrualdea, 1887, Kröller-Müller Museoa, Otterlo.

Baina Parisen zegoen garai hartan arte-giroa, eta han bakarrik berritu zezakeen Vincentek bere ikuspegia. 1886an heldu zen Parisera, inpresionistek beren azken erakusketa egin zuten urtean bertan, eta 1887an egin zen Milleten obraren atzera begirako lehenengo erakusketa.

Theoren etxean kokatu zen, izan ere Goupil arte-etxeak Parisen zuen ordezkaria baitzen 1880az geroztik anaia. Fernand Cormon pintorearen lantegian ibili zen, eta han, besteak beste, Toulouse-Lautrecen ezagutza egin zuen. Bere anaiaren bitartez ia inpresionista guztiak ezagutu zituen, Seurat eta Pissarro bereziki, eta baita Gauguin ere.

Tanguy Zaharra ospetsuaren dendan, eta Cézanneren obren itzalpean, Signac frantses pintorearen adiskide egin zen. Garai hartan, urrats handiak eta bizkorrak egin zituen Van Goghen arteak: margo argiak erabili zituen loreen eta loreontzien koadro txiki ñabardura bitxikoak egiteko. Japoniar grabatuen eraginez, Van Goghek askeago eta lasaiago pintatu zuen. Aldi berean, eta Pissarroren aholkuei esker, argiari buruzko teoria berriei esker, eta Signac-en lankidetzari esker, margo biziagoak erantsi zizkion ordu arte erabiliak zituen margoei, pintzelkada biziagotu eta zatikatu egin zuen eta, batzuetan, bere marrazkien grafismora ere itzuli zen. Garai hartan margotu zituen Montmartreko eta Parisko inguruetako ikuspegiek kontrastea sortzen dute bere obrako gainerako lanekin, hain baitira alaiak eta freskoak (Jatetxe baten barrualdea, 1887).

Haustura artistikoa

Arles (1888ko otsaila 1889ko maiatza)

Thumb
Etxe Horia, 1888, Van Gogh Museoa, Amsterdam.

1888. urtearen hasieran, hainbat arrazoik bultzatu zuen Van Gogh Paristik alde egitera. Batetik, haren anaia Theo ezkontzekotan zen, eta Vincentek halako babesgabetasunezko sentipen bat izan zuen. Bestetik, eta pinturari are gehiago zegozkion arrazoien eraginez, Van Goghek biziro sentitzen zuen bere baitan Paristik joateko premia, zeren eta hasia baitzen inpresionismotik urruntzen, zaharkitua iruditzen baitzitzaion ordurako, eta aipamenen bidez adierazteko joera nabarmenegia irizten baitzion baita ere. Iritzi eta jarrera hori argi sumatzen da Parisko garaiko azken koadroetan (Autorretratua feltro grisezko kapelarekin, 1888). Hala, irudiaren egituraren batasuna berreskuratzen saiatu zen, eta formaren eta margoen adierazpen- eta sinbolo-ahalmena lantzeari eman zitzaion.

Frantziako hegoaldera abiatu zen beraz, Arlesa, Toulouse-Lautrecek aipatua baitzion herri hori, argi gehiagoren eta margo gehiagoren bila. Han oinarri-oinarrizko aurkikuntza bat egin zuen: bazter haietako eguzki-argia. Lilura gisako hark indar eta bizitasun handiagoko tonuak erabilarazi zizkion, eta ordu arte halako indarrez erabili ez ziren kolore-elkarketa harrigarriak iradoki, bai harrezkero egin zituen koadro guztiak bestelakotu ere.

Haren marrazkietako grafismoak, ordurako goi-mailara iritsia izanagatik, indar berria hartu zuen artistak sumatzen zituen gauzen argizko eta margozko itxuraren sentipena koadrora aldatzean. Margoen eta argiaren nahasketak bortiztu egiten zuen izakien eta gauzen presentzia eta izate benetakoa eta, aldi berean, agerian jartzen zuen haien alderdi espirituala. Etxe Horia koadroan (1888ko iraila), adibidez, horien eta urdinen harmonia nagusitzen da, oparotasunaren eta gelditasunaren irudikatze bikainez, zehaztasun guztiz klasikoz. Arlestarra (1888ko azaroa) koadroan, berriz, margoen elkarketa gehiegizko eta ia ezin jasanezkoa beltzez eta berdez estalitako zati handien bidez dago neurrira ekarria. Kafe-terraza gauez (1888ko iraila) koadroan, tonuen distira da ohargarriena, eta halako itolarrizko sentipen min bat orobat. Margoen lilura hark, batzuen interpretazioaren arabera, Van Goghek halako erronka bat bota nahi izan zion era hartara eguzkiari. Ekiloreak sailarekin iritsi zuen bere goren maila, kolore horien nagusitasun erabatekoak oso-osorik hartzen baitzuen koadroa margolan-multzo hartan, eta horien erabilera hori izan zen, hain zuzen, Arlesko egonaldi haren bere-berezko ezaugarria.

Gauguinen bisita (1888)

Thumb
Ekiloren margolaria: Vincent van Goghen erretratua, Paul Gauguinek egina, 1888. Van Gogh Museoa, Amsterdam.

Gauguinek 1888an Arles bisitatzea onartu zuenean, Van Goghek adiskidetasuna eta artista kolektibo baten inguruko ideia gauzatzea espero zuen. Itxaron bitartean, abuztuan Ekiloreak margotu zuen. Bochek berriro bisitatu zuenean, Van Goghek bere erretratua margotu zuen, eta baita Poeta zeru izarratuaren aurka-ren  zirriborro bat ere.[8][9]

Gauguinen bisita prestatzeko, Van Goghek bi ohe erosi zituen, eta irailaren 17an oraindik gutxi hornitutako Etxe Horian igaro zuen bere lehen gaua.[10] Gauguinek berarekin lan egitea eta Arlesen bizitzeari baietza eman zionean, Van Gogh Etxe Horirako Dekorazioan hasi zen lanean, ziurrenik inoiz egin zuen ahalegin handinahiena.[11] Bi aulki margolan osatu zituen: Van Goghen aulkia eta Gauguinen aulkia.[12]

Van Goghek asko erregutu ondoren, urriaren 23an iritsi zen Gauguin Arlesera, eta azaroan biek batera margotzen hasi ziren. Gauguinek Ekiloreen margolarian Van Gogh irudikatu zuen, eta Van Goghek oroitzapenez margotu zituen irudiak, Gauguinen iradokizunari jarraituz. Margo "irudimentsu" horien artean Etteneko lorategiaren memoria dago.[13] Kanpoko lehen ekimen bateratua Alyscampsen izan zen, Les Alyscamps zintzilikarioak ekoiztu zituztenean.[14] Gauguinek bere bisitan osatu zuen margolan bakarra Van Gogh ekiloreak margotzen izan zen.[15]

Van Goghek eta Gauguinek Montpellier bisitatu zuten 1888ko abenduan, eta han Gustave Courbet eta Eugene Delacroixen lanak ikusi zituzten Fabre Museoan.[12] Baina beraien harremana okertzen hasi zen. Van Goghek Gauguin miresten zuen, eta bere berdintzat tratatu nahi zuen, baina Gauguin harroputza eta menperatzailea zen, eta horrek Van Gogh zapuztu zuen. Sarri liskarrak izaten zituzten, eta Van Goghek gero eta beldur handiagoa zuen Gauguinek alde egingo zuelakoan. Van Goghek "gehiegizko tentsio" bezala deskribatutako egoera krisi punturantz abiatu zen.[16]

Pintatzen buru-belarri arituz elkarrekin bizitzeko saio hark ez zuen askorik iraun, ordea. Van Gogh zeharo hartua zeukan gogo beroak eta sukarrak, sortzeko lehiaren egonezinak eta artegatasunak, eta pintatzeko premia ezin asezkoak ondorio larriak izan zituzten azkenerako. Bi gizon haiek izaeraz elkarrengandik zeharo desberdinak zirela garbi adierazteaz gainera, iskanbila hark orobat frogatu zion Van Goghi, bere baitako gaixotasuna azaleratzen ziola, artisten komunitate bat sortzeko zituen ametsak ustel atera zitzaizkiola eta, horretaz gainera, zuzen-zuzenean bakardaderik latzenean geldituko zela berriro.[16]

Ez da ezagutzen Van Goghek belarria moztea eragin zuen gertakarien sekuentzia zehatza. Gauguinek adierazi zuenez 15 urte geroago, gau hura azken mehatxu fisikoen amaiera izan zen.[2] Beraien arteko harremana konplexua izateaz gain, baliteke Theok dirua zor izatea Gauguini, eta honek susmoa zuen anaiek ekonomikoki ustiatzen zutela.[17] Gauguinekin izandako istiluen ostean, Van Gogh bere gelara itzuli zen, eta han ahots batzuk eraso egin omen ziotenez, ezkerreko belarria moztu zuenen labanarekin, hemorragia larria eraginez.[6] Zauria bendatu zuen, belarria paperean bildu eta Gauguin eta bera sarri joaten ziren putetxe bateko emakume bati eman zion.

Arleseko ospitalean (1888ko abendua)

Belarria moztu ondoren, Van Gogh konorterik gabe aurkitu zuen hurrengo goizean polizia batek, eta ospitalera eraman zuten.[2][18] Oraindik trebatzen ari zen Felix Rey sendagile gazteak artatu zuen.[16] Belarria ospitalera eraman zuten, baina Rey ez zen saiatu berriro lotzen, denbora gehiegi igaroa zelako.[19] Van Goghek ez zuen bezperako gertakaririk gogoratzen, buruko kolapso txikiren bat izan zezakeela iradokiz.[20] Ospitaleko diagnostikoa " mania zorrotzarekin orokortutako sukar-ametsa" izan zen, eta egun gutxiren buruan udaltzainek ospitaleko zainketa pabiloira eramatea agindu zuten.[20]

Thumb
Rey sendagilearen erretratua, 1889ko urtarrila, Pushkin Museoan dagoena. Alboan, Reyk Irving Stone eleberrigileari idatzitako oharra, Van Goghen belarrian izandako kalteei buruzko zirriborroekin.

Gauguinek abenduaren 24an jakinarazi zion Theori, eta Johanna emaztegaiari goizean ezkontzea eskatu arren, arratsalde hartan bertan geltokira joan zen Arleserako gaueko trena hartzeko.[6] Gabon egunean iritsi zen, eta erdi-zentzuzko Vincent erlaxatzen saiatu zuen. Ondoren, Arles utzi zuen Parisera itzultzeko.[20]

Tratamenduaren lehen egunetan, Van Goghek arrakastarik gabe behin eta berriz galdetu zuen Gauguinengatik. Baina Gauguinek Arlesetik ihes egin zuen, Van Gogh berriro ez ikusteko.[14] Elkarri idazten jarraitu zuten, eta 1890ean Gauguinek Anberesen estudio bat sortzea proposatu zion. Bitartean, ospitaleko beste bisitari batzuk Marie Ginoux eta Roulin artistak izan ziren.[12]

Diagnostiko ezkorra izan arren, Van Gogh sendatu egin zen, Etxe Horira itzultzeko 1889ko urtarrilean.[20] Hurrengo hilabetea ospitalaren eta etxearen artean igaro zuen, haluzinazioak eta pozoitze sukar-ametsak jota.[21] Martxoan, poliziak bere etxea itxi zuen, hogeita hamar herritarrek eskaera egin ondoren, “zoro gorria” bezala deskribatuz.[22] Van Gogh ospitalera itzuli zen. Paul Signac margolariak bi aldiz bisitatu zuen martxoan, eta apirilean Van Gogh Felix Rey doktorearen geletara joan zen, uholdeek bere etxeko pinturak kaltetu zituztelako. Bi hilabete geroago, Arles utzi eta borondatez sartu zen Saint-Rémy-de-Provence-ko aterpe baten. Garai hartan, honela idatzi zuen: "Batzuetan deskribaezineko larritasun gogoak, beste batzuetan denboraren estalkia eta zirkunstantzien heriotzak, istant batez urraturik zeudela ziruditen".[23]

Van Goghek 1889an Felix Rey doktorearen erretratua berari eman zion. Sendagileari ez zitzaion margolana atsegin, eta oilategi bat konpontzeko erabili ondoren, oparitu egin zuen.[24] 2016an, erretratua Pushkin Arte Ederren Museoan zegoen, eta 50 milioi dolar baino gehiago balio zuela kalkulatu zuten.[25]

Saint-Remy (1889eko maiatza - 1890eko maiatza)

Thumb
Gau izartsua, 1889, Museum of Modern Art, New York.

Handik bi hilabetera, bere burua hiltzeko ideiak oinazetua, gaitzak barrena jaten ziola jakitun, berak hartu zuen, bere kabuz, Saint-Rémy-de-Provenceko Saint-Paul-de-Mausole erruki-etxean sartzeko erabakia.

Depresio aldiak eta susperraldiak izan zituen, eta lanean buru-belarri jardun zuen, han ere. Van Goghek garai hartan iritsi zuen bere lanean betetasuna. Paisaiak, loreen koadroak eta erretratuak egin zituen, eta margoak oso modu bere-berean erabiltzera iritsi zen, horiak, berdeak, urdinak eta moreak oinarritzat harturik (Gari-soroak paisaia menditsu batean, 1889; Olibondoak paisaia menditsu batean, 1889). Arlesen pintatu zituen koadroetan atzealde gisa egin zituen eremu zabal kolorez ase haiek, japoniar grabatuen eta Gauguinen eraginez besteak beste, gero eta mugimendu dinamikoagoz irudikatzen zituen Saint-Remyko garai honetan, pintzelkada etenen bidez, neoinpresionistek erabili izan zuten modu berean. Baina, berez, Van Goghek berak banbuz eta kanabera landuz, japoniarren erara, eginak zituen birtuosismo harrigarriko marrazkietan zuten jatorria. Van Goghek berak aitortua da gorriekin eta berdeekin giza grina izugarriak adierazi nahi zituela, baina neurritasun handiz erabili zituen margo beroak, eta margo neutroen bidez baretzen zuen mutur-muturreko margoen gogortasuna. Van Goghen estiloak aldaketa handiak izan zituen, beraz: tintaz eta kanaberaz eginiko marrazki paregabeetan batetik, eta Arlesko aldikoak baino margo apalagoz pintaturiko koadroetan bestetik, grafismoaren eta pintzelkada etenen nagusitasunaz, margotzeko era zurrunbilotsu eta sigi-sagatsuak eromenaren mugimenduen irudikapena ematen zien olibondoei, gari-sailei, eta lurralde hartako zeru-gangari (Gau izartsua, 1890). Garai bertsu horretan hasi zen Van Gogh ezaguna izaten. 1890eko urtarrilean Albert Aurierrek Le Mercure de France aldizkarian argitaratu zuen artikulu batean, Van Goghen aurkikuntzak goraipatu zituen. Urte hartako otsailean bertan, Bruselan egin zen erakusketa batean Anna Bosch margolariak Van Goghen Mahasti gorriak erosi zuen 400 liberan. Hura izan zen Van Goghek, bizirik zegoela, saldu zuen margolan bakarra.

Auvers-sur-Oise (1890eko maiatza - 1890eko uztaila)

1890eko maiatzean Parisera itzuli zen Vincent, Theo anaia, haren emaztea eta haren seme jaioberria ikustera, eta handik egun batzuetara Auvers-sur-Oise herrian hartu zuen egoitza. Han, Gachet doktoreak -Cézanneren eta inpresionisten adiskide zenak eta Van Goghek bizpahirutan erretratu zuenak- egin zion harrera eta Vincentez arduratu zen. Hango giro lasaiaz eta ingurukoen goxotasunaz sosegaturik, gogotik jardun zuen bere margogai kutunenak margotzen: erretratuak eta paisaiak.

Haren pintatzeko modu sukartsua eta asaldatua baretu egin zen, eta haren margoen eskala biziberritu eta freskatu, bazter haietako argiaren eraginez agian. Barealdi hark ez zuen askorik iraun, ordea. Theok Herbehereetara itzultzeko asmoa zuela adierazi ziolarik, Vincent babesgabe eta bakar-bakarrik sentitu zen berrz, eta berriro nagusitu zitzaion krisialdiaren izu-ikara: bat-batean haren ikuspegia nahasia bihurtu zen, haren margogaiak ez ziren jadanik ordura arte bezain argi bereizten, eta estiloa oso gogortu zitzaion (Gari sailak beleekin, 1890). Autorretratuek aski argi erakusten dute Van Goghek gizarte-bidegabekerien kontra, gaixotasunaren kontra eta bere buruaren kontra, azkenik, izan zuen borroka latza.

Heriotza

1890eko uztailaren 27an, 37 urte zituela, Van Goghek bere bularrari tiro egin zion 7 mm.ko Lefaucheux errebolber batekin.[21][26] Lekukorik ez zegoen, eta gertakaria izan zenetik 30 ordura hil zen. Tiroketa beharbada margotzen ari zen gari soroan gertatu zen, edo herriko ukuiluren baten.[27] Bala saiheski batek desbideratu zuen, eta bularretik pasatu zen barneko organoei itxurazko kalterik egin gabe. Ziurrenik, bizkarrezurrak geratu zuen.

Thumb
Vincent eta Theoren hilobiak Auvers-sur-Oiseko hilerrian.

Ibiltzeko gai zenez, berriz Auvers-sur-Oisera itzuli zen, eta han bi sendagilek artatu zuten, baina zirujau faltan, bala ezin izan zioten atera. Medikuek ahalik eta ondoen zaindu ondoren, bere gelan bakarrik utzi zuten pipa erretzen.[21] Hurrengo goizean Theo bere anaiarengana joan zen, gogo onez aurkituz. Baina ordu gutxira Vincent huts egiten hasi zen, eta zauriaren ondorioz tratatu gabeko infekzioa jasan zuen.[28] Uztailaren 29ko lehen orduan hil zen. Theoren arabera, Vincenten azken hitzak hauek izan ziren: "Tristurak betirako iraungo du".[29][30][31]

Van Gogh uztailaren 30ean lurperatu zuten Auvers-sur-Oise-eko udal hilerrian. Hiletan Theo van Gogh egoteaz gain, beste hogeiren bat familiarteko eta adiskide zeuden, horien artean Andries Bonger, Charles Laval, Lucien Pissarro, Émile Bernard, Julien Tanguy eta Paul Gachet. Theo gaixorik zegoen ordurako, eta bere osasunak txarrera egin zuen anaia hil zenetik. Ahulduta eta Vincenten gabezia jasan ezinik, 1891ko urtarrilaren 25ean hil zen, Utrechten hilobiratuz.[32][33] 1914an, Johanna alargunak Theoren gorpua hilobitik atera, eta Vincent anaiarekin batera lurperatu zuen Auvers-sur-Oise-n.[21]

Eztabaida ugari egon dira Van Goghen gaixotasunaren izaerari eta haren lanean izan zuen eraginari buruz, eta atzera begirako diagnostiko ugari proposatu dira. Adostasuna dago esatean Van Goghek egoera episodikoak zituela, funtzionamendu normaleko aldiekin.[34] Isabella Perry sendagilea izan zen lehena 1947an nahaste bipolarra iradoki ziona,[35] eta iritzi berekoak ziren R.E.Hemphill[36] eta Dietrich Blumer psikiatrak.[37] Wilfred Arnold biokimikariaren ustez berriz, sintomak koherenteagoak ziren aldizkako porfiria akutuekin, eta adierazi zuen nahaste bipolarraren eta sormenaren arteko lotura faltsua izan zitekeela.[34] Lobulu tenporaleko epilepsia eta depresio jazoerak iradoki izan dira baita. Diagnostikoa edozein izanda ere, bere egoera larriagotu egiten zuten ziurrenik desnutrizioak, lan gehiegiak, insomnioak eta alkoholak.[37]

Bestalde, Van Goghek erabili zuen pistola 1965ean aurkitu zuten, eta 2019an "artearen historiako arma ospetsuena" bezala enkantean jarri zen. Pistola 162.500 eurotan saldu zen, espero zena baino ia hiru aldiz gehiago.[38][39]

Estiloa eta lanak

Garapen artistikoa

Thumb
Gari sailak beleekin, 1890, Van Gogh Museoa, Amsterdam.

Van Goghek eskolan marrazteaz gain, akuarelekin margotzen zuen, baina adibide gutxi iraun dute eta batzuen egiletza zalantzan jarri da.[40] Heldutakoan arteari heldu zionean, oinarrizko mailan hasi zen. 1882ko urte hasieran, bere osaba Cornelis Marinusek, Amsterdamgo arte garaikideko galeria ezagunaren jabeak, Hagako marrazkiak eskatu zion. Baina Van Goghen lanak ez zituzten itxaropenak bete. Marinusek bigarren eskaera bat egin zion, gaia xehetasunez zehaztuz, baina berriro ere etsita geratu zen emaitzarekin.[11] Van Goghek pertseberatu egin zuen, eta bere estudioan argiztapenarekin esperimentatu zuen pertsiana aldakorrak eta marrazteko material desberdinak erabiliz. Urtebete baino gehiagoz irudi bakarrekin aritu zen, zuri-beltzean egindako azterlan oso landuak gauzatuz, baina garai hartan kritika besterik jaso ez zutenak. Geroago, lehen maisulanak bezala izan ziren aitortuak.[41]

1882ko abuztuan Theok dirua eman zion “aire librean” lan egiteko materialak erosteko. Vincentek idatzi zuen orain "indar berriekin margotzen jarraitu" zezakeela.[42] 1883 hasieratik figura anitzeko konposizioetan lan egin zuen. Horietako batzuei argazkiak atera zizkien, baina anaiak bizitasuna eta freskotasuna falta zitzaiela esan zionean, suntsitu egin zituen, olio pinturara itzuliz. Van Goghek Jan Hendrik Weissenbruch eta Bernard Blommers bezalako Hagako artisten eskola ezagunetara jo zuen, eta aholku teknikoak jaso zituen, bai eta Théophile de Bock eta Herman Johannes van der Weele bezalako margolariengandik ere.[43] Drentheko garaiaren ondoren Nuenenera joan zenean, hainbat margolan handi hasi zituen, ondoren gehienak suntsitzeko. Patata jaleak eta bere zirriborroak dira iraun duten bakarrak. Rijksmuseum museora bisita bat egin ondoren, Van Goghek maisu holandarrengan zuen miresmenaz idatzi zuen, beraien pintzelada azkar eta ekonomikoengatik, batez ere Rembrandt eta Frans Hals aipatuz.[44] Konturatzen zen bere akatsetako asko esperientzia eta teknika faltagatik zirela, eta ondorioz 1885eko azaroan Anberesera eta geroago Parisera bidaiatu zuen, trebetasuna ikasteko eta garatzeko.[45]

Thumb
Kafe-terraza gauez, 1888, Kröller-Müller Museoa, Otterlo.

Theok Patata jaleak kritikatu egin zuen bere paleta ilunagatik, estilo modernorako desegokia zela uste baitzuen.[46] Van Gogh Parisen egon zen bitartean 1886 eta 1887 artean, paleta berri eta arinagoa menderatzen saiatu zen. Père Tanguyren erretratuak (1887) paleta distiratsuago batekin izandako arrakasta erakusten du, eta garatzen ari zen estilo pertsonalaren froga da.[46] Charles Blanc margolariaren koloreari buruzko tratatuak asko interesatu zitzaion, eta kolore osagarriekin lan egitera bultzatu zuen. Van Goghek sinetsi zuen kolorearen efektua deskribatzailea baino haratago zihoala; "koloreak berez zerbait adierazten du" esan zuen.[18] Hughes adituaren arabera, Van Goghek kolorea "pisu psikologiko eta morala" zuela bezala  antzeman zuen, Gaueko kafetegiako gorri eta berde bitxiak adierazten dutenez, "gizateriaren pasio ikaragarriak agertu" nahi zituelako.[23] Horia zen gehien esan nahi zion kolorea, egia emozionala sinbolizatzen baitzuen. Horia eguzki argiaren, biziaren eta Jainkoaren  ikur gisa erabili zuen.

1885 eta 1890 bitartean, Van Goghek “artelan” bat eraikitzen ari zela uste zuen,[47] bere ikuspegi pertsonala islatzen zuen eta komertzialki arrakasta izan zezakeen bilduma. Blancen estiloaren definizioak eragin zion, benetako margolan batek kolorea, perspektiba eta pintzelkadaren erabilera optimoa eskatzen zuelakoan. Van Goghek "erabakita" hitza aplikatzen zuen menderatzen zituen margolanetan, zirriborroak zirela pentsatzen zituenekin alderatuta. Probak egiten serie ugari margotu zituen; horietako gehienak natura hilak izanik, asko kolore esperimentu bezala edo lagunenei opari gisa emateko. Arleseko oihalek bere “artelanari” nabarmen lagundu zioten, eta honako hauek ziren garai hartan garrantzitsuenak iruditu zitzaizkionak Ereilea, Gaueko kafetegia, Etteneko lorategiko oroitzapena, eta Gau izartsua. Pintzelada zabalekin, ikuspegi asmatzaileekin, koloreekin, sestrarekin eta diseinuekin, margolan hauek berak bilatzen zuen estiloa irudikatzen zuten.[48]

Serie nagusiak

Van Goghen garapen estilistikoa, normalean Europako hainbat lekutan bizi izanaren aldiekin lotzen da. Tokian tokiko kulturetan eta argiztapen baldintzetan murgiltzeko joera zuen, nahiz eta ikuspegi bisual oso indibiduala mantendu. Artista bezala izandako bilakaera motela izan zen, eta bere margotzeko mugak ondo ezagutzen zituen.[2] Sarri joaten zen etxera, beharbada ikusizko estimulu berrien bila, eta esposizioaren bidez bere trebetasun teknikoa garatzeko. Melissa McQuillan arte historialariaren ustez, mugimenduek geroko bilakaera estilistikoak ere islatzen zituzten, eta Van Goghek aldaketak gatazkak ekiditeko erabiltzen omen zituen, artistaren idealizazioek garai hartako egoeraren errealitateekin topo eginez.[2]

Erretratuak

Thumb
Gachet doktorearen erretratua, 1890, Orsay Museoa, Paris.

Erretratuek Van Goghi irabazteko aukerarik onena eman zioten. Uste zuen erretratuak zirela "Pinturan sakonki hunkitzen nauen eta infinituaren zentzua ematen didan gauza bakarra".[47][49]

Arrebari idatzi zion iraungo zuten erretratuak margotu nahi zituela, kolorea erabiliz beraien emozioak eta izaera atzemateko, errealismo fotografikoaren helburua lantzea baino.[50]

Van Goghetik gertuen zeudenak gehienetan ez daude bere erretratuetan, eta horrela gutxitan margotu zituen Theo, Van Rappard edo Bernard. Bestalde, amaren erretratuak argazkietatik egindakoak ziren.[2]

1888ko abenduan La Berceuse margotu zuen, bere ekiloreek bezain ona iruditu zitzaion irudia. Paleta mugatua, pintzelkada anitzak eta silueta sinpleak ditu.[46] Badirudi azaroan eta abenduan Arlesen burututako Roulin familiaren erretratuen gailurra dela.

Erretratuek estiloa aldatu egin dute pintzelkada arinetatik, murriztuetatik eta azaleratik, adibidez Postariaren erretratua, beste estilo frenetikoago batera, azal gogorragoarekin, pintzelada zabalak eta paleta labana erabiliz, Madame Roulin umearekin erretratuan bezala.[12]

Auto-erretratuak

Thumb
Bi auto-erretraturen marrazkia, Paris, 1886. Van Gogh Museoa, Amsterdam.

Van Goghek 43 auto-erretratu sortu zituen 1885 eta 1889. urteen artean.[2] Normalean, serietan osatu ohi zituen, hala nola Parisen 1887. urte erdialdean margotutakoak, eta hil baino gutxira arte jarraitu zuen horrela.[45] Orokorrean, auto-erretratuak zirriborroak ziren, barneratzen zen garaietan sortuak, besteekin nahasteko gogorik ez zuelako, edo modeloak falta zitzaizkionean. Ondorioz, bere burua margotzen zuen.[18]

Auto-erretratuek auto-azterketa maila ezohiko altua islatzen dute .[51] Askotan bere bizitzako garai garrantzitsuak adierazteko asmoa zuten; adibidez, 1887ko Pariseko serieak Claude Monet, Paul Cézanne eta Signacen berri izan zuenean margotu zituen.[52] Auto-erretratua feltrozko kapela grisarekin lanean, pintura tentsio astunak zabaltzen dira oihalean zehar. Garai hartako bere auto-erretratu entzutetsuenetako bat da, "oso antolatutako pintzelkada erritmikoekin, eta errepertorio neo-inpresionista berritik eratorritako argi-koroarekin, Van Goghek berak ‘helburu handiko’ oihal deitzen zuena".[48]

Irudikapen fisionomiko ugari dituzte auto-erretratuok.[53] Van Goghen egoera mentala eta fisikoa agerikoa izan ohi da. Horrela agertu izan da zabar, bizarra moztu gabe edo zaindu gabeko bizarrarekin, begi sakonekin, masailezur ahularekin edo hortzak galduta dituela. Batzuetan ezpain beteak, aurpegi luzea edo garezur nabarmena erakusten du, edo ezaugarri zorroztuak eta erne daudenak. Bere ilea ohiko gorria, edo batzuetan errauts kolorekoa izan daiteke.[53]

Van Goghen begirada gutxitan zuzentzen zaio ikusleari. Erretratuak aldatu egiten dute intentsitatea eta kolorea, eta batez ere 1888ko abendutik aurrera margotutakoetan, kolore biziek bere larruazalaren ahultasun lausoa nabarmentzen dute.[54] Batzuk artista bizarrarekin irudikatzen dute, beste batzuk barik. Belarria moztu eta berehala egindako erretratuetan benda batekin ikus daiteke. Bestalde, gutxitan irudikatzen du bere burua margolari bezala. Saint-Rémyn margotutakoek burua eskuinetik erakusten dute, kaltetutako belarriaren beste aldetik, bere burua ispiluan islatuta margotzen zuelako.[55]

Thumb
Ekiloreak hondo horiarekin, 4. bertsioaren errepikapena, 1889ko abuztua. Van Gogh Museoa, Amsterdam.

Loreak

Van Goghek lorez margotu zituen hainbat paisaia, besteak beste arrosekin, lilekin, lirioekin eta ekiloreekin. Batzuk koloreen hizkuntzan zuen interesa islatzen dute, eta baita japonieren ukiyoan zuena.[12] Hiltzen diren ekiloreen bi serie daude. Lehena Parisen margotu zuen 1887an, eta lurrean etzandako loreak erakusten ditu. Bigarren multzoa urtebete geroago amaitu zuen Arlesen, eta goizean goiz argiztatutako loreontzi bateko sortak ditu.[52] Biak geruza lodiko margoz eginda daude, eta Londreseko National Galleryren arabera, horiek "hazi buruen ehundura" ekartzen dute gogora.[56]

Serie horietan, Van Gogh ez zen kezkatzen bere margolanak subjektibotasunez eta emozioz betetzeko zuen ohiko interesaz, baizik eta bi serieak, bisitatzera zihoan Gauguini bere trebetasun teknikoa eta lan metodoak erakusteko xedea zuten.[15] 1888ko margolanak artistaren baikortasun garai arraroan sortu zituen. Vincentek Theori 1888ko abuztuan honela idatzi zion: "Marseillar batek arrain-zopa jaten duen gustuarekin ari naiz margotzen, eta horrek ez zaitu harrituko ekilore handiak margotzeko orduan... Plan hau aurrera eramaten badut, dozena bat inguru oihal burutuko ditut. Beraz, guztia sinfonia urdin eta horia izango da. Goiz hauetan guztietan lan egiten dut, egunsentitik aurrera, loreak azkar zimeltzen direnez ekinaldi bakarrean egitea komeni delako".[57]

Eguzkiloreak hormak apaintzeko margotu zituen Gauguin bisitan etorri aurretik, eta Van Goghek banakako lanak jarri zituen Arleseko Etxe Horiko gonbidatu gelaren inguruan.[52] Gauguin oso harrituta gelditu zen, eta geroago Pariseko bi bertsio erosi zituen. Gauguinek alde egin zuenean, Van Goghek ekiloreen bertsio nagusiak Sehaskako abestiaren triptikoaren hegoak bezala imajinatu zituen, eta Bruselako Les XX erakusketan sartu zituen. Gaur egun, serieko pieza garrantzitsuenak bere ezagunenetakoak dira, ospetsuak horia kolorearen kutsu gaixoengatik eta Etxe Horiarekin lotu izanagatik, pintzelen espresionismoagatik eta sarritan hondo ilunarekin egiten duten kontrasteagatik.[52]

Thumb
Bidea altzifrea eta izarrarekin, 1890eko maiatza, Kröller-Müller Museoa, Otterlo.

Altzifreak eta olibondoak

Hamabost oihalek altzifreak irudikatzen dituzte, Arlesen liluratu zuen zuhaitza hain zuzen.[12] Bizitza eman zien zuhaitzei, tradizionalki heriotzaren ezaugarritzat jotzen ziren arren. Arlesen hasi zuen altzifre sortetan urruneko zuhaitzak bezala margotzen, zelaietako haize-babesak balira bezala. Saint-Rémyn zegoenean berriz, lehen planoan jarri zituen.[12] Theori 1889ko maiatzean honela idatzi zion: "Altzifreek oraindik ere kezkatzen naute, haiekin zerbait egin nahiko nuke ekiloreen oihaleekin bezala"; jarraitu zuen esanez, "Egiptoko obelisko bat bezalako proportzio ederrak dituzte ilaran daudenean".[58]

1889.eko erdialdean, eta bere arreba Wilek hala eskatuta, Van Goghek Gari soroa altzifreekin oihalaren hainbat bertsio txikiago margotu zituen.[12] Lanen ezaugarriak zurrunbiloak eta trinko margotutako enpasteak dira, eta besteak beste Gau Izartsua dago, altzifreak lehen planoan nagusi direla. Honetaz gain, badira altzifreen inguruko beste lan aipagarri batzuk: Altzifreak (1889), Altzifreak bi emakumekin (1889-90) eta Bidea altzifreekin eta izarrekin (1890).[12]

1889 urteko azken sei hilabeteetan olibondoen hamabost margolan ere sortu zituen, gaia zorrotza bezain erakargarria zitzaiolako.[59] Lan horien artean dago Olibondoak barrenean alpilak dituela (1889), eta horri buruz anaiari honela idatzi zion eskutitz baten "Azkenean badut paisaia bat olibondoekin". Saint-Rémyn zegoenean, Van Goghek aterpetxetik kanpo denbora asko ematen zuen, sarri olibondoak margotzen. Lan horietan, bizitza naturala bihurrituta eta artritiko bilakatzen da, mundu naturalaren pertsonifikazioa balitz bezala. Hughes historialariaren arabera, "energia-eremu jarraitua bezala osatua dago, non natura bere pertsonaren agerpena da.[60]

Baratzeak

Loratze baratzeak Van Gogh 1888ko otsailean Arlesera iritsi ondoren amaitu zituen lehen lan taldearen artean dago. Hamalau koadroak baikorrak, alaiak eta ikusgarriak dira, udaberrian sortu zituenaren adierazgarri. Sentikortasun handikoak eta jenderik gabeak.[15] Azkar margotu zituen, eta serie honetara inpresionismoaren bertsioa ekarri zuen arren, garai horretan estilo pertsonalaren zentzu sendoa sortzen hasia zen. Loratzen ari ziren zuhaitzen iragankortasunak eta urtaroaren amaierak, badirudi Arlesen hasiera berri baten egonaldiarekin eta sinesmenarekin bat egiten zutela. Udaberri hartako zuhaitzen loraldian, "japoniarragoak izan ezin ziren motiboen mundua" aurkitu zuen.[61] 1888ko apirilean Theo anaiari hamar baratze eta "hondatu dudan gereziondo baten oihal handi bat" zituela idatzi zion.[12]

Garai horretan Van Goghek argiaren erabilera menperatu zuen, itzalak azpiratzen eta zuhaitzak argi iturria balira bezala margotuz, ia modu sakratuan. Hurrengo urteko hasieran beste baratze talde txikiago bat margotu zuen, besteak beste, Arleseko bista, loratze baratzeak.[62] Van Gogh Frantziako hegoaldeko paisaiak eta landaretzak liluratu egiten zuten, eta Arles inguruko baserrietako lorategiak askotan bisitatu zituen. Klima mediterraneoko argi bizian, bere paleta nabarmen argitu zen.[63]

Garisoroak

Van Goghek hainbat pintura txango egin zituen, Arles inguruko eremuetara egindako bisitetan. Uztak, gari soroak eta inguruko beste landa mugarrien margolanak egin zituen, eta hor kokatzen da baita Errota Zaharra (1888); gari soroekin muga egiten duen egitura bitxiaren adibide ona.[12] Hainbat alditan, Van Goghek bere leihotik ikusten zena margotu zuen, hala nola Hagan, Anberesen eta Parisen. Lan horiek Gari soroak seriean amaitu ziren, hain zuzen Saint-Rémyko aterpetxeko gelatik ikusten zuen irudiarekin.[62]

Thumb
Gari soroa hodeien azpian, 1890, Van Gogh Museoa, Amsterdam, Herbehereak.

Azken margolan gehienak ilunak izan arren, funtsean baikorrak dira, eta Van Gogh zendu zen unera arte, buruko gaitza sendatuta nahi zuen egoerara itzultzeko gogoa islatzen dute. Dena den, bere azken lanetako batzuk, kezka sakonagoak ere islatzen dituzte.[48] 1890eko uztailean Auversetik anaiari bidalitako eskutitz baten, berari buruz honakoa zioen "mendien aurkako lautada izugarrian, itsasoa bezain mugagabean, horia delikatuan” xurgatua izan zela.[64]

Van Gogh maiatzeko soroak liluratzen zuten, garia gaztea eta berdea zegoenean. Bere Soroak Auversen etxe zuriarekin oihalak, horia eta urdinen paleta apalagoa erakusten du, horrek harmonia idilikoaren zentzua sortuz.[61] 1890eko uztailaren 10ean, Theori honela idatzi zion "zeru nahasien azpian, gari soro zabalak".[65] Gari soroak beleekin margoak artistaren azken egunetako gogoaren egoera erakusten du. Hulsker adituak obra hau honela deskribatzen zuen: "kondenaz betetako pintura da, zeru mehatxatzailearekin eta gaizki adierazitako beleekin". Bere paleta ilunak eta pintzelkada gogorrek, mehatxu sentimendua transmititzen dute.[61]

Van Goghen eragina

Beste artistengan

Van Goghek eragin handia izan zuen bere ondorengo artistengan. Fauvistek koadroa margo-pintzelkaden bitartez nola antolatu ikasi zuten harengandik. Espresionistek, berriz, margoek izan dezaketen indar eta zeregin sinbolikoa. Van Goghen Frantziako garaiko artelanen itzala nabarmena izan da arte modernoak geroztik egin dituen urrats askotan. Herbehereetako garaiko lanak, aldiz, ez ziren besteak bezain aintzat hartuak izan, harik eta Lehen Mundu Gerran belgikar-holandar espresionistek Van Goghen lan haietaz baliatu ziren arte, maisulantzat aitorturik. Azkenik, haren azken koadroak –adibidez, Gari soroak beleekin– XX. mendeko arte-jarrera eta joera askoren aitzindari dira, batez ere abstraktua esaten zaion espresionismoarena.[54]

Ospea eta ondarea

Thumb
Margolaria Tarascon bidean, 1888ko abuztua. Bigarren Mundu Gerran desegindakoa.

Van Goghek 1880ko hamarkadaren amaieran egin zituen lehen erakusketen ondoren, bere ospea etengabe hazi zen artista, arte kritikari, saltzaile eta bildumagileen artean.[58] 1887an, André Antoine saltzaileak Van Goghren lanak Georges Seurat eta Paul Signacen lanekin batera zintzilikatu zituen Pariseko Théâtre Libre antzokian; eta batzuk Julien Tanguy bildumagileak eskuratu zituen. Bestalde, 1889an Albert Aurier kritikariak Le Moderniste Illustré aldizkarian honela deskribatu zuen bere lana "sua, intentsitatea, eguzkia" ziren ezaugarriak.[18] Hamar margolan erakutsi ziren Société des Artistes Indépendantsen, Bruselan, 1890eko urtarrilean.[53] Berarekin joandako kazetariek ziotenez, Marie François Sadi Carnot Frantziako presidentea harrituta geratu omen zen Van Goghen lanekin.[66]

Hil ondoren, oroimenezko erakusketak egin ziren Bruselan, Parisen, Hagan eta Anberesen. 1892an, Émile Bernardek Van Goghen margolanen bakarkako erakusketa txiki bat antolatu zuen Parisen, eta hurrengo urteetan baita Kolonian, New Yorken eta Berlinen. Hala ere, Van Goghen ospea maila gorenera Austrian eta Lehen Mundu Gerraren aurretik iritsi zen, eta horretarako 1914an bere eskutitzak argitaratzea lagundu zuen.[54] Eskutitzok adierazgarriak eta alfabetatuak dira, eta XIX. mendeko bere erako idazlan garrantzitsuenen artean jarri dituzte.[67] Bestalde, 1934an, Irving Stone eleberrigileak Van Goghen bizitzaren nobela biografikoa idatzi zuen Bizitzarako gutizia izenburupean, Van Goghek anaiari bidalitako gutunetan oinarrituta. Eleberri honek eta 1956an egindako pelikulak bere ospea areagotu zuten, batez ere Estatu Batuetan, non Stonek uste baitzuen ehunka lagunek soilik ezagutzen zutela van Goghren bizitza harrigarria, liburua saldu aurretik.[68]

1957an, Francis Baconek Margolaria Tarasconera bidean oihalean oinarritutako pintura sorta bat egin zuen, baina jatorrizkoa Bigarren Mundu Gerran suntsitua izan zen. Bacon "aztoragarri" bezala deskribatutako irudi batean inspiratu zen, eta Van Goghek atzerritar harrotzat hartu zuen, berarekin bat zetorren jarrera. Bacon Van Goghen artearen teoriekin identifikatu zen, eta Theo anaiari idatzitako lerroak aipatu zituen: "Benetako margolariek ez dituzte gauzak dauden bezala margotzen... Beraiek sentitzen duten moduan margotzen dituzte ".[69]

Van Goghen koadroen Amsterdamen, eta marrazkien Otterlon atzera begirako erakusketa zabal bat egin zen 1990ean Herbehereetan, haren heriotzaren mendeurrenean. Bestalde, bere lanak munduko margolanik garestienetakoak dira. Horrela, 100 milioi dolar baino gehiagotan saldutakoen artean honakoak daude: Gachet doktorearen erretratua,[70] Joseph Roulinen erretratua eta Irises. Metropolitan Museum of Artek Gari zelaia altzifreekin lanaren kopia bat eskuratu zuen 1993an, 57 milioi dolar ordainduta.[71] 2015ean, Alyscampseko pasealekua oihala 66,3 milioi dolarretan saldu zuen Sotheby'sek New Yorken, 40 milioi dolarreko erreserba gaindituz.[72]

Thumb
Van Gogh Museoa, Amsterdam.

4457 van Gogh planeta txikia haren omenez izendatu zuten.[73]

2022ko urrian, erregai fosilen industriak klima-aldaketan izan ditzakeen ondorioengatik protestan ari ziren bi ekintzailek tomate zopa lata bat bota zuten Van Gogh-en Ekiloreak margoaren gainean National Galleryn, Londresen. Eta ondoren eskuak galeriaren horman itsatsi zituzten. Pintura beiraz estalita zegoenez, ez zuen kalterik jasan.[74][75]

Van Gogh Museoa

Van Goghek 879 koadro, 10 bat grabatu eta 1.756 marrazki egin zituen pintatzen hasi zenetik hil zen arte joan ziren hamar urteetan. Haren lana hainbat museotan dago banatua: obraren erdia inguru Amsterdamgo Stedelijk Museumen, Vincent Van Gogh Rijksmuseumen eta Otterloko Rijksmuseumen. Hagan eta Rotterdamen ere badira Van Goghen lanak, eta Parisko Orsay museoan badira hogei bat koadro, bai orobat Estatu Batuetako museo nagusietan, eta bilduma partikularretan. Baita ere Suitzan, Alemanian, Britainia Handian, Moskun, Sao Paulon, etab.

Bestalde, Van Goghen izen bereko iloba Vincent Willem van Gogh-ek (1890–1978),[58] herentzian jaso zuen ondare guztia bere ama 1925ean hil zenean. 1950eko hamarkadaren hasieran lau liburukitan eta hainbat hizkuntzatan aurkeztutako eskutitzen edizio oso baten argitalpena antolatu zuen. Ondoren, Holandako gobernuarekin negoziaketak hasi zituen, bilduma osoa erosi eta gordetzeko fundazio bat diruz laguntzeko.[58]

Theoren semeak proiektua antolatzen parte hartu zuen, lanak ahalik eta baldintza onenetan erakusteko itxaropenarekin. Proiektua 1963an hasi zen, eta Gerrit Rietveld arkitektoari diseinatzea eskatu zitzaion.[76] Lanak aurrera egin zuten 1960ko hamarkadan, 1972an inauguraziorekin helburua bete arte.[58] Van Gogh museoa Amsterdamgo Museumpleinen ireki zen,[67] eta Herbehereetako bigarren museo ezagunena bilakatu zen, Rijksmuseumen ondoren. Urtean 1,5 milioi bisitari baino gehiago jasotzen ditu, eta bisitarien %85 beste herrialde batzuetakoak dira.[77]

Naziek arpilatutako artea

Nazien garaian (1933-1945) Van Goghen artelan ugari eskuz aldatu ziren. Haietako asko, erbestera behartuta edo erail zituzten bildumagile juduengandik arpilatu zituzten. Lan horietako batzuk bilduma pribatuetan desagertu dira. Geroztik beste batzuk berriro azaleratu dira museoetan, edo enkantean, edo lehengo jabeek berreskuratu dituzte, sarritan ospe handiko auzien ondoren. [78] Alemaniako Galdutako Artearen Fundazioak oraindik desagertutako dozenaka van Gogh zerrendatzen ditu [79] eta Ameriketako Museoen Elkarteak van Goghen hirurogeita hamahiru lan zerrendatzen ditu nazien garaiko Provenance Interneteko atarian.[80]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo-estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.