Vietnamgo Gerra (vietnameraz: Chiến tranh Việt Nam) edo Indotxinako Bigarren GerraVietnamen Ameriketako Estatu Batuen aurkako Erresistentzia Gerra edo, besterik gabe, Estatu Batuen Gerra izenez ezaguna— Vietnam, Laos eta Kanbodian garatutako gatazka izan zen, 1955eko azaroaren 1etik[oh 1] 1975eko apirilaren 30ean Saigon erori zen arte[5]. Indotxinako Gerretako bigarrena izan zen, ofizialki Ipar Vietnam eta Hego Vietnamen artekoa. Iparraldeak Sobietar Batasunaren, Txinaren[20] eta beste estatu komunista batzuen babesa zuen, eta hegoaldeak, berriz, Ameriketako Estatu Batuena eta beste aliatu antikomunista batzuena[64]. Gerra Hotzaren garaiko ordezkari bidezko gerratzat hartzen da. Ia 20 urte iraun zuen, eta Estatu Batuen parte-hartze zuzena 1973an amaitu zen[65]. Gatazka inguruko herrialdeetara ere hedatu zen, Laosko Gerra Zibila eta Kanbodiako Gerra Zibila areagotuz, hiru herrialdeak 1975ean estatu komunista bihurtu ziren arte.

Datu azkarrak Data, Lekua ...
Vietnamgo Gerra
Gerra Hotza
Thumb
Thumb
Thumb
Thumb
Thumb
Thumb
Goitik behera eta ezker-eskuma: Huey helikoptero estatubatuarrak Hego Vietnamgo ARVN tropak garraiatzen, 1970 • Estatubatuar marineak su-jaurtigailua erabiltzen, 1967 • Hueko sarraskian hildako zibilen lurperatzea. • Ipar Vietnamgo soldaduak ekintzan, 1966 inguruan. • Bi Douglas A-4C Skyhawk USS Kearsarge (CVS-33) urpekontzien aurkako itsasontziaren inguruan, 1964an. • My Laiko sarraskia.

Data1955eko azaroaren 1a – 1975eko apirilaren 30a[oh 1][5]
LekuaHego Vietnam, Ipar Vietnam, Kanbodia, Laos
EmaitzaIpar Vietnamen garaipena
Lurralde-aldaketakIpar eta Hego Vietnamen bateratzea, Ipar Vietnamen agindupean.
Gudulariak
Buruzagiak
Indarra
≈860.000 (1967)
  • Ipar Vietnam Ipar Vietnam:
    690.000 (1966, PAVN eta Viet Cong barne)[oh 6]
  • Hego Vietnam Viet Cong:
    ~200.000 (estimatua, 1968)[18][19]
  • Txinako Herri Errepublika Txina:
    170.000 (1968)
    320,000 guztira[20][21][22]
  • Kanbodia Khmer Gorriak:
    70.000 (1972)[23]:376
  • Laos Pathet Lao:
    48.000 (1970)[24]
  • Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna Sobietar Batasuna: ~3.000[25]
  • Ipar Korea Ipar Korea: 200[26]
  • Albaniako Herri Errepublika Sozialista Albania 12[27]

≈1.420.000 (1968)

  • Hego Vietnam Hego Vietnam:
    850.000 (1968)
    1.500.000 (1974–1975)[28]
  • Ameriketako Estatu Batuak Ameriketako Estatu Batuak:
    2.709.918 guztira Vietnamen
    Unerik gorena: 543.000 (1969ko apirila)[23]:xlv
  • Kanbodia Khmer Errepublika:
    200.000 (1973)
  • Laos Laos:
    72.000 (Errege Armada eta Hmong milizia)[29][30]
  • Koreako Hirugarren Errepublika Hego Korea:
    48.000 urtero (1965–1973, 320.000 guztira)
  • Thailandia Thailandia: 32.000 urtean (1965–1973)
    (Vietnamen eta Laos)
  • Australia Australia: 50.190 guztira
    (Une gorena: 8,300 soldadu)[31]
  • Zeelanda Berria Zeelanda Berria: 3.500 denera
    (Une gorena: 552 soldadu)[19]:
  • Filipinak Filipinak: 2.061
Galerak
  • Ipar VietnamHego Vietnam Ipar Vietnam & Viet Cong
    30.000–182.000 zibil ildako[23]:176[32][33]:450–453[34]
    849.018 hildako militar (Vietnamen arabera; hildakoen herena)[35][36][37]
    666.000–950.765 hildako
    (AEBren estimazioa 1964–1974)[oh 7][32][33]:450–451
    232.000–300.000+ desagertutako militar (Vietnamen arabera)[35][38]
    600.000+ zauritutako militar[39]:739
  • Kanbodia Khmer Gorriak: ezezaguna
  • Laos Pathet Lao: ezezaguna
  • Txinako Herri Errepublika: ~1.100 hildako eta 4.200 zauritu[22]
  • Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna: 16 hildako[40]
  • Ipar Korea: 14 hildako[41][42]

Guztira hildakoak/zaurituak:
≈1.100.000

Guztira zauritutako militarrak:
≈604.200

( GRUNK/Khmer Rouge eta Pathet Lao kenduta)

  • Hego Vietnam: Hego Vietnam
    195.000–430.000 zibil hildako[32][33]:450–453[43]
    Hildako militarrak: 254.256 (1960.1974)[44]:275–313.000 (guztira)[45]
    1.170.000 zauritutako m ilitar[23]:
    ≈ 1.000.000 atxilotu[46]
  • Ameriketako Estatu Batuak: Ameriketako Estatu Batuak
    58.281 dead[47](47.434 konbatean)[48]
    303.644 zauritu (150.341 ospitale beharrik gabe)[oh 8]
  • Laos: 15.000 heriotza armadan[52]
  • Kanbodia Khmer Errepublika: Ezezaguna
  • Koreako Hirugarren Errepublika Hego Korea: 5.099 hildako; 10.962 zauritu; 4 desagertu
  • Australia: 521 hildako; 3.129 zauritu[53]
  • Thailandia: Thailandia 351 hildako[23]
  • Zeelanda Berria: Zeelanda Berria 37 hildako[54]
  • Taiwan: Taiwan 25 hildako[55]
    17 atxilotu[56]
  • Filipinak Filipinak: 9 hildako;[57] 64 zauritu[58]
Hildako militarrak guztira:
333.620 (1960-1974) – 392.364 (guztira)

Zauritutako militarrak:
≈1.340.000+
[23]
(FARK eta FANK kenduta)
Guztira atxilotutakoak:
≈1.000.000+
  • Vietnamdar zibilak: 405.000–2.000.000[33]:450–453[59][60]
  • Hildako vietnamdarrak guztira: 966.000[32]–3.010.000[60]
  • Kanbodiako gerra zibilean hildakoak: 275.000–310.000[61][62][63]
  • Laosko gerra zibilean hildakoak: 20.000–62.000[60]
  • Indotxinatik kanpoko hildako militarrak: 65.494
  • Guztira hildakoak: 1.326.494–3.447.494
Itxi

Frantzia 1954an Indotxinatik erretiratu ondoren —Indotxinako Lehen Gerran galdutakoan—, Viet Minhek Ipar Vietnamen kontrola hartu zuen eta AEBek Hego Vietnamgo Estatuari laguntza finantzarioa eta militarra eman[66][oh 9]. Viet Congek (VC, iparraldearen gidaritzapeko Hego Vietnamgo fronte komunak) gerrilla gerra hasi zuen hegoaldean. Vietnamgo Herri Armadak (PAVN) —Ipar Vietnamgo Armada izenaz ere ezaguna; inglesezko akronimoaren arabera, NVA— gerra konbentzionalagoa hasi zuen AEBetako eta Hego Vietnamgo Indar Armatuen (ARVN, ingelesez) aurka. 1958an, Ipar Vietnamek Laos inbaditu zuen eta Ho Chi Minh bidea ezarri zuen VC hornitzeko eta indartzeko[67]:16. 1963an, iparraldeak 40.000 soldadu bidali zituen, hegoaldean borrokatzera[67]:16. AEBen parte hartzea areagotu zen John F. Kennedy presidentearen garaian, 1964an, mila bat aholkulari militar izatetik 23.000ra igaro baitzen[68][39]:131.

Tonkingo Golkoko gertakariaren ondoren, 1964ko abuztuan, AEBetako Kongresuak Lyndon B. Johnson presidenteari Vietnamen presentzia militar estatubatuarra emendatzeko botere zabala ematen zion ebazpen bat onartu zuen, gerra deklarazio formalik gabe. Johnsonek, lehen aldiz, borroka-unitateak zabaltzea agindu zuen, eta AEBetako tropen kopurua izugarri handitu zuen, 184.000 arte[68].

Estatu Batuetako eta Hego Vietnamgo indarrak aireko nagusitasunean eta su-potentzia ikaragarrian oinarritu ziren bilaketa eta suntsiketa operazioak egiteko: hor, lurreko indarrek, artilleriak eta aireko erasoek parte hartu zuten. Estatu Batuek ere eskala handiko bonbardaketa estrategikoen kanpaina bat egin zuten Ipar Vietnamen aurka[39]:371–374[69], eta beren indarrak nabarmen handitzen segitu zuen, nahiz eta aurrerapen gutxi egin. 1968an, Ipar Vietnamgo indarrek Tet erasoaldia abiatu zuten; haientzat porrot militarra izan zen arren, garaipen politiko bihurtu zen, AEBek gerrari ematen zioten laguntza bukatzea eragin baitzuen[39]:481. Urtearen amaieran, Viet Congek lurralde gutxi zuen eta PAVNren parean zegoen[70]. 1969an, Ipar Vietnamek Hego Vietnamgo Errepublikako Behin-behineko Gobernu Iraultzailea izendatu zuen. Operazioek herrialdeen arteko mugak zeharkatu zituzten eta Estatu Batuek Ipar Vietnamek Laosen eta Kanbodian erabiltzen zituen hornikuntza ibilbideak bonbardatu zituzten.

1970ean, Norodom Sihanouk Kanbodiako erregea kargutik kendu zutenean, Vietnamgo Herri Armadak herrialdea inbaditu zuen (Khmer Gorriek hala eskatuta) eta, ondoren, AEBen eta ARVNren kontrako erasoa gertatu zen, Kanbodiako gerra zibila areagotuz. 1969an Richard Nixon AEBetako presidente hautatu ondoren, vietnamdartze politika hasi zen: haren arabera, gatazka ARVN zabaldu bat borrokatzen zen, eta indar estatubatuarrak erretiratu egiten ziren, barne-oposizio gero eta handiagoaren aurrean. AEBetako lurreko indar gehienak 1972. urtearen hasieran joan ziren, eta beren operazioak aireko eta artilleriaren laguntzan eta aholkulari eta material bidalketetan geratu ziren. 1973ko urtarrileko Parisko Bake Akordioek indar estatubatuar guztien erretiratzea ekarri zuten[71]:457; akordioak ia berehala hautsi ziren, eta borrokek beste bi urtean segitu zuten. Phnom Penh Khmer Gorrien eskuetan erori zen 1975eko apirilaren 17an, eta 1975eko udaberriko erasoaldiak Saigon PAVNren eskuetan erortzea ekarri zuen apirilaren 30ean: horrek gerraren amaiera markatu zuen. Ipar eta Hego Vietnam hurrengo urtean elkartu ziren.

Giza kostu handia izan zuen: Vietnamgo 966.000[32] eta 3 milioi[60] soldadu eta zibil artean hil zirela kalkulatzen da, 275.000-310.000 kanbodiar[61][62][63], 20.000-62.000 laostar [60] eta 58.220 soldadu estatubatuar ere hil ziren[oh 8].

Haren amaierak boat people (ontziz ihes egin zuen jendea) sortu eta Indotxinako errefuxiatuen krisi handiena ekarri zituen, milioika errefuxiatuk Indotxinatik alde egin baitzuten: horietatik 250.000 inguru itsasoan hil ziren. Behin boterean, Khmer Gorriek Kanbodiako genozidioa egin zuten eta haien eta Vietnam bateratuaren arteko gatazkak azkenean Kanbodiako eta Vietnamgo gerra piztu zuen. Horren ondorioz, 1979an Khmer Gorrien gobernua erori zen: horri erantzunez, Txinak Vietnam inbaditu zuen, 1991ra arte iraun zuten ondorengo mugako gatazkekin. Estatu Batuetan, gerrak Vietnamgo Sindromea deitu zena sortu zuen, AEBek atzerrian zuten inplikazio militarrarekiko ezinikusi publikoa[72] eta, Watergate eskandaluarekin batera, Estatu Batuei 1970eko hamarkada osoan eragin zien konfiantza-krisia[73].

Izendapena

Gerra horri hainbat izen ematen zaizkio, baina euskaraz Vietnamgo Gerra erabiliena da. Indotxinako Bigarren Gerra eta Vietnamgo Gatazka izenak ere arruntak dira[74][75].

Vietnameraz, Kháng chiến chống Mỹ (Amerikaren Aurkako Erresistentzia Gerra) izena eman ohi zaio[76]. Itzulpen gisa, Chiến tranh Việt Nam (Vietnamgo Gerra) ere erabiltzen da[77]. Batzuetan, Amerikar Gerra izena ere ematen zaio[78].

Aurrekariak

Sakontzeko, irakurri: «Indotxinako Gerra»

Gerran parte hartu zuten erakunde militar nagusiak Ameriketako Estatu Batuetako Indar Armatuak eta Vietnamgo Errepublikako Armada izan ziren, alde batetik; eta, bestetik, Vietnamgo Herri Armada (PAVN, normalean, Ipar Vietnamgo Armada edo NVA, ingelesezko iturrietan) eta Hego Vietnam Askatzeko Fronte Nazionala (NLF, ingelesezko iturrietan Viet Cong zein VC izenez ezagunagoa), Hego Vietnamgo indar gerrilla komunista[23]:xli.

Indotxina Frantziaren kolonia izan zen XIX. mendearen amaieratik XX. mendearen erdialdera arte. Japoniarrek Bigarren Mundu Gerran herrialdea inbaditu zutenean, Viet Minhek —Ho Chi Minhen komunisten gidaritzapean zuzendutako fronte komunak— aurre egin zien, Estatu Batuen, Sobietar Batasunaren eta Txinaren laguntzarekin. Japoniar arma batzuk jaso zituzten herrialde hark amore eman zuenean. Irailaren 2an, V-J egunean, Ho Chi Minhek Vietnamgo Errepublika Demokratikoaren sorrera aldarrikatu zuen Hanoin (ingelesezko akronimoan, DRV): gobernu zibil bakar gisan gobernatu zuen Vietnam osoan 20 egunez, japoniar domeinupean gobernatu zuen Bảo Đại enperadorearen abdikazioaren ondoren. 1945eko irailaren 23an, Frantziako indarrek Vietnamho Errepublika Demokratikoaren gobernua boteretik kendu eta frantses agintaritza berrezarri zuten: pixkanaka, Indotxinaren kontrola berreskuratu zuten. Emaitzarik gabeko negoziazioen ondoren, Viet Minhek matxinada hasi zuen Frantziaren domeinuaren aurka. Liskarrak areagotu egin ziren, Indotxinako Lehen Gerrara iritsi arte (1946ko abenduan hasi zen).

Thumb
Bảo Đại (eskuinean) Vietnamgo Errepublika Demokratikoko gobernuko "kontseilari goren" gisa, Hồ Chí Minh presidenteak zuzendua (ezkerretara), 1946ko ekainaren 1ean.

1950eko hamarkadan, gatazka Gerra Hotzarekin lotu zen. 1950eko urtarrilean, Txinak eta Sobietar Batasunak Vietnamgo Errepublika Demokratikoa Vietnamgo gobernu legitimotzat onartu zuten. Hurrengo hilean, Ameriketako Estatu Batuek eta Britainia Handiak Vietnamgo Estatua onartu zuten Saigonen, Frantziak babestua eta Bảo Đại enperadore ohiak zuzendua, Vietnamgo gobernu legitimo bezala[79]:377–379[39]:88. Koreako Gerraren hasierarekin, 1950eko ekainean, Washington, D.C.ko politikariek pentsatu zuten Indotxinako gerraren hedapena Sobietar Batasunaren komunismo espantsionistaren adibide bat zela.[39]:33–35

Txinako aholkulari militarrak 1950eko uztailean Viet Minhi laguntzen hasi ziren[67]:14. Haien armek, esperientziak eta eskulanak Viet Minhen gerrilla indarra egiazko armada bihurtu zuten[39]:26[80]. 1950eko irailean, Estatu Batuek Laguntza eta Aholkularitza Militarreko MAAG taldea sortu zuten, Frantziaren laguntza eskaerak aztertzeko, estrategiari buruzko aholkuak emateko eta Vietnamgo soldaduak entrenatzeko[81]:18. 1954rako, AEBek mila milioi dolar gastatu zituzten frantziar indar militarrak laguntzen, gerrako kostuaren % 80 euren gainean hartuz[39]:35.

Dien Bien Phuko guduan (1954), AEBetako hegazkin-ontziak Tonkingo golkoraino joan ziren, eta AEBek errekonozimenduzko hegaldiak egin zituzten. Frantziak eta Estatu Batuek hiru arma nuklear taktikoren erabilera ere eztabaidatu zuten, nahiz eta horri buruzko txostenak ez diren argiak[82][39]:75. Richard Nixon presidenteordearen arabera, Estatu Nagusi Bateratuak arma nuklear taktiko txikiak frantsesei laguntzeko erabiltzeko planak egin zituen[82]. Nixonek, gerrazalea, iradoki zuen Estatu Batuek "mutil amerikarrak sartu" beharko lituzketela[23]:76. Dwight D. Eisenhower presidenteak estatubatuarren parte-hartzea britainiarren laguntzaren arabera baldintzatu zuen, baina britainiarrak aurka agertu ziren[23]:76. Eisenhowerrek, Estatu Batuak Asian lehorreko gerra batean sartzeko mesfidati, militarki ez esku hartzea erabaki zuen[39]:75–76. Gatazkan zehar, AEBetako inteligentzia zerbitzuek eszeptizismoari eutsi zioten Frantziaren arrakasta aukerei buruz.

1954ko maiatzaren 7an, Dien Bien Phuko goarnizio frantsesak amore eman zuen. Porrotak Frantziaren parte-hartze militarraren amaiera markatu zuen Indotxinan. Genevako Konferentzian, frantsesek su-eten akordio bat negoziatu zuten Viet Minhekin, eta independentzia eman zitzaien Kanbodiari, Laosi eta Vietnami.

Trantsizio garaia

Sakontzeko, irakurri: «1954ko Genevako Konferentzia»
Thumb
1954ko Genevako Konferentzia.

1954ko Genevako Konferentzian, Vietnam 17. paraleloan banatu zen aldi baterako. Ho Chi Minhek gerran segitu nahi zuen hegoaldean, baina haren txinatar aliatuek geldiarazi zuten, eta hauteskunde bidez kontrola zezakeela konbentzitu zuten[83][39]:87–88. Genevako Akordioen arabera, zibilak aske ibil zitezkeen behin-behineko bi estatuen artean 300 egunez. 1956an hauteskundeak egin behar ziren herrialde osoan, gobernu bateratu bat ezartzeko[39]:88–90. Milioi bat iparraldetar inguruk, gehienak gutxiengo katolikokoak, hegoalderantz ihes egin zuten, komunistek jazartzearen beldur[39]:96[84]. Horrekin batera, AEBetako Inteligentzia Agentzia Zentralarentzat (CIA) Edward Lansdalek diseinatutako gerra psikologiko kanpaina batek jarraitu zion: Viet Minhen sentimendu antikatolikoa puzten zuen eta Estatu Batuak Hanoi gainean bonba atomikoak jaurtitzeko zorian zeudela faltsuki baieztatzen zuen[85][86][39]:96–97. Exodoa Estatu Batuek finantzatutako 93 milioi dolarreko birkokapen programa batek koordinatu zuen, Zazpigarren Flota errefuxiatuak garraiatzeko erabiltzea barne[87]. Operazio horri Askatasunerako Pasabide Operazioa izena eman zioten[88]. Iparraldeko errefuxiatuek, gehienak katolikoak, babes handia eman zioten Ngô Đình Diệmen erregimen antikomunistari[89]:238. Diệmek bere gobernuaren postu nagusiak iparraldeko eta erdialdeko katolikoekin bete zituen.

Thumb
Vietnamdar errefuxiatuak USS Calaveras County (LST-516) itsasontzian sartzen Askatasunerako Pasabide Operazioan.
Thumb
Bảo Đạiren aurkako protesta ordezkari frantses-zaleen aldetik Vietnamgo batzar nazionalean, 1955ean Saigonen.

Hegoalderantz zihoazen katolikoez gain, 130.000 "Iraultzaile Bateratzaile" baino gehiago iparraldera joan ziren "berriz elkartzeko", bi urteko epean hegoaldera itzultzeko esperantzan[71]:98. Viet Minhek 5.000 eta 10.000 koadro artean utzi zituen hegoaldean, etorkizuneko matxinada baten oinarri gisa[39]:104. Azken soldadu frantsesek Hego Vietnam utzi zuten 1956ko apirilean[39]:116. Txinako Herri Errepublika ere Ipar Vietnamdik joan zen, gutxi gorabehera aldi berean[67]:14.

1953 eta 1956 artean, Ipar Vietnamgo gobernuak hainbat nekazaritza-erreforma ezarri zituen, besteak beste, "errenten murrizketa" eta "nekazaritza-erreforma", zapalkuntza politiko handia eragin zutenak.

Nekazaritzaren erreforman, lekuko iparvietnamdarren testigantzek herrixka bateko 160 biztanleko exekuzio baten proportzioa iradokitzen zuten, eta horrek, estrapolatuta, herrialde osoan ia 100.000 exekuzioren hasierako estimazioa ekarri zuen. Kanpaina batez ere Ibai Gorriaren delta inguruan kontzentratu zenez, garaiko adituek zenbatespen baxuagoa onartu zuten, 50.000 exekuziokoa[90]:143[91][92]:569[93]. Hala ere, Vietnamgo eta Hungariako artxiboetatik desklasifikatutako dokumentuek adierazten dute exekuzioen kopurua orduan jakinarazi zena baino askoz txikiagoa izan zela, baina ziurrenik 13.500etik gorakoa[94][95]. 1956an, Hanoiko buruzagiek programa horren aplikazioan egindako "gehiegikeriak" onartu zituzten eta lurren zati handi bat jatorrizko jabeei itzuli zieten[39]:99–100.

Hegoaldean, bien bitartean, Vietnamgo Estatua eratu zen, Bảo Đại enperadore eta Ngô Đình Diệm lehen ministro izendatuta. Estatu Batuetako gobernuak eta Vietnamgo Estatuak ez zuten ezer izenpetu 1954ko Genevako Konferentzian. Bateratzeari dagokionez, ordezkaritza vietnamdar ez-komunistak gogor egin zuen Vietnamgo edozein dibisioren aurka, baina galdu egin zuen, frantsesek Viet Minhen Phạm Văn Đồng ordezkariak egindako proposamena onartu zutenean[96]:134. Haren planaren arabera, batasunerako hauteskundeak egin behar ziren, "tokian tokiko batzordeen" begiradapean[96]:119. Estatu Batuek kontra egin zuten eta "Amerikar Plana" aurkeztu, Hego Vietnamek eta Erresuma Batuak babestua[96]:140. Bertan, bateratzerako hauteskundeak aurreikusten ziren Nazio Batuen ikuskaritzapean, baina sobietar ordezkaritzak horri uko egin zion[96]:140. Estatu Batuek honako hau adierazi zuten: "Vietnamgo Estatuaren ordezkariak egindako adierazpenari dagokionez, Estatu Batuek berretsi egiten dute herriek beren etorkizuna zehazteko eskubidea dutela eta ez dutela hori oztopatzen duen akordiorik lortuko"[96]:570–571. Dwight D. Eisenhower presidente estatubatuarrak 1954an idatzi zuen[97]:

« Inoiz ez dut hitz egin edo korrespondentzia izan Indotxinako gaiak ezagutzen dituen pertsona batekin ez zuena pentsatzen hauteskundeak egin izan balira borroken unean, agian herritarren ehuneko laurogeik Ho Chi Minh komunistari emango ziola botoa buruzagi gisa, Bảo Đại estatuburuari eman beharrean. Izan ere, Bảo Đạiren lidergo eta bultzada faltak vietnamdarrei borroka egiteko ezer ez zutela sentitzen lagundu zien.  »

1957an, India, Polonia eta Kanadako behatzaile independenteek, Nazioarteko Kontrol Batzordearen (KSI) ordezkari gisa, hauteskunde bidezkoak eta inpartzialak egitea ezinezkoa zela adierazi zuten, eta KSIk jakinarazi zuen ez Hego Vietnamek ez Ipar Vietnamek ez zutela armistizio-akordioa errespetatu[98].

Thumb
Ba Cut Can Thoko Gorte Militarrean 1956an. Hòa Hảo mugimendu erlijiosoko komandantea Việt Minh, Vienamgo Armada Nazionala eta Cao Dai mugimenduaren aurka borrokatu zen lehenengo gerran.

1955eko apiriletik ekainera bitartean, Diệmek hegoaldeko oposizio politiko oro ezabatu zuen, bi talde erlijiosoren aurkako operazio militarrak abiaraziz: Cao Đài eta Ba Cụtek gidatutako Hòa Hảo. Kanpaina, halaber, antolatutako delinkuentzia taldean zentratu zen, Bình Xuyên, alderdi komunistako polizia sekretuko kideekin aliatuta zegoena eta elementu militar batzuk zituena. Taldea, azkenean, apirilean garaitu zuten, Saigonen izandako gudu baten ondoren. Bere taktika gogorrekiko oposizioa areagotu ahala, Diệmek gero eta gehiago egozten zien gertatzen zenaren errua komunistei[23].

1955eko urriaren 23an, Vietnamgo Estatuaren etorkizunari buruz egindako erreferendum batean, Diệmek hauteskundeak faltsutu zituen, bere anaia Ngô Đình Nhu begirale jarrita, eta botoen % 98,2 lortu, Saigonen % 133. Haren aholkulari estatubatuarrek garaipen-tarte "apalagoa" gomendatu zioten, "% 60tik % 70era" bitarte[89]:224. Diệmek, ordea, autoritate-frogatzat jo zituen hauteskundeak. Hiru egun geroago, Hego Vietnam estatu independentea zela adierazi zuen, Vietnamgo Errepublika (ROV) izenarekin, bera presidente zela[39]. Era berean, Ho Chi Minhek eta beste funtzionario komunista batzuek botoen % 99 eskuratu zuten Ipar Vietnamgo hauteskundeetan[90]:193–194, 202–203, 215–217.

Domino teoriaren arabera, herrialde bat komunismoan eroriz gero, inguruko herrialde guztiak atzetik eroriko ziren. Teoria hori Eisenhowerren administrazioak proposatu zuen lehen aldiz politika gisa[99]:19. John F. Kennedyk, garai hartako senatari estatubatuarrak, honako hau esan zien American Friends of Vietnam taldeari hitzaldi batean: "Komunismoaren Marea Gorriak Vietnam aldera gainezka egingo balu, Birmania, Thailandia, India, Japonia, Filipinak eta, jakina, Laos eta Kanbodia daude segurtasuna arriskuan izango luketenen artean"[100].

Diệm garaia, 1954-1963

Sakontzeko, irakurri: «Ngô Đình Diệm»

Agintea

Thumb
1957 eta 1960 arteko gerra-mapa.

Katoliko erromatar fidela, Diệm antikomunista sutsua zen, nazionalista, eta gizartearen antolamenduari dagokionez, kontserbadorea. Luu Doan Huynh historialariak dioenez, "Diệm nazionalismo estua eta estremista irudikatzen zuen, autokraziarekin eta nepotismoarekin batera"[99]:200–201. Vietnamdar gehienak budistak ziren, eta Diệm egindako ekintzengatik larritu ziren, herrialdea Ama Birjinari eskaintzeagatik, esaterako.

1955eko udatik aurrera, Diệm Komunistak salatu kanpaina abiarazi zuen: ustezko komunistak eta gobernuaren aurkako beste elementu batzuk atxilotu, espetxeratu, torturatu edo exekutatu zituzten. 1956ko abuztuan heriotza-zigorra ezarri zuen komunistatzat jotzen zen edozein jardueraren aurka[4]. Ipar Vietnamgo gobernuak baieztatu zuen 1957ko azaroan 65.000 pertsona baino gehiago espetxeratu zituztela eta 2.148 hil zirela prozesuan[101]. Gabriel Kolkoren esanetan, 1958. urtearen amaieran 40.000 preso politiko espetxeratu zituzten[71]:89.

Thumb
Dwight D. Eisenhower AEBetako presidenteak eta John Foster Dulles Estatu idazkariak Vietnamgo presidentea jaso zuten Washingtonen, 1957ko maiatzaren 8an.

1956ko urrian, Diệm nekazaritza erreformatzeko programa bat abiarazi zuen, jabe bakoitzeko arroz-ustiategien tamaina mugatzen zuena. Nekazaritza-lurreko 1,8 milioi akre baino gehiago eskuragarri geratu ziren lurrik gabeko pertsonek eros zitzaten. 1960an, nekazaritza-erreformaren prozesua gelditu egin zen, Diệmen aldeko asko lur-jabe handiak zirelako[102]:14–16.

1957ko maiatzean, Diệmek hamar eguneko Estatu bisita egin zuen Estatu Batuetara. Eisenhower presidenteak bere etengabeko babesa agindu zuen, eta Diệmen omenezko desfile bat egin zen New York hirian. Diệm publikoki goraipatu zuten arren, John Foster Dulles Estatu idazkariak pribatuan onartu zuen Diệmen alde egin behar zela, ezin zutelako alternatiba hoberik aurkitu[89]:230.

Insurgentzia Hegoaldean, 1954-1960

Sakontzeko, irakurri: «Viet Cong»

1954 eta 1957 artean, Diệmen gobernuak eskala handiko istilu antolatuak eragoztea lortu zuen. 1957ko apirilean, matxinatuek hilketa-kanpaina bat abiarazi zuten, "traidoreen sarraskia" izenekoa[103]. Hamazazpi pertsona hil ziren uztailean Châu Đốceko taberna batean izandako atentatu batean, eta irailean barrutiko buruzagi bat hil zuten bere familiarekin errepide batean. 1959. urtearen hasieran, ordea, bortizkeria (gero eta sarriago) kanpaina antolatutzat jo zuen Diệmek, eta 10/59 Legea aplikatu zuen, bortizkeria politikoa heriotzarekin eta ondasunak konfiskatzearekin zigortzen zuena[104]. Viet Minh izandakoen artean nolabaiteko banaketa gertatu zen. Haien helburu nagusia Genevako Akordioetan agindutako hauteskundeak egitea zen, eta horrek jarduera "basatiak" eragin zituen, GVNaren aurkako gainerako komunista eta ekintzaileen jardueretatik bereizita. Douglas Pikek kalkulatu zuen matxinatuek gobernuko funtzionarioen, herrixkako buruen, ospitaleetako langileen eta irakasleen 2.000 bahiketa eta 1.700 hilketa egin zituztela 1957tik 1960ra bitartean[39]:106[4]. Matxinatuen eta gobernuaren indarren arteko bortizkeria izugarri areagotu zen: 1960ko urtarrilean 180 liskar izan ziren, eta 545 irailean[105].

1960ko irailean, COSVNk, Ipar Vietnamen hegoaldeko kuartel nagusiak, Hego Vietnamen gobernuaren aurkako altxamendu koordinatu bat egiteko agindua eman zuen, eta laster biztanleen herena komunisten kontrolpean zeuden eremuetan bizi ziren[39]:106–107. 1960ko abenduan, Ipar Vietnamek Viet Cong deritzana sortu zuen formalki, GVNren aurkako matxinatu guztiak batzeko asmoarekin, komunistak ez zirenak barne. Viet Conga Memoten sortu zen Kanbodian, eta COSVNren agindupean jarduten zuen[67]:55–58. Pentagonoko Paperen arabera, Viet Congek "asko azpimarratzen zuen aholkularien erretiratzea eta estatubatuarren eragina, nekazaritzaren erreforma eta GVNren liberalizazioa, koalizio gobernu bat eta Vietnamen neutralizazioa". Erakundeko buruzagien nortasunak sarritan isilpean gordetzen ziren[4].

Diệmek Viet Minharen nekazaritzako erreformak bertan behera uztearen aurkako erresuminak eragin zuen VCarekiko babesa. Viet Minhek jabetza pribatu handiak konfiskatu zituen, alokairuak eta zorrak murriztu, eta herri lurrak alokatu, batez ere nekazari pobreenei. Diệmek lurjabeak herrixketara itzuli zituen. Lurrak urteetan landu zituzten pertsonek lurjabeei itzuli behar izan zizkieten, eta atzeratutako alokairu-urteak ordaindu. Marilyn B. Youngek idatzi zuenez, "herrien barruko banaketek frantsesen aurka zeudenak erreproduzitzen zituzten: % 75ek FLNren alde egiten zuten, % 20k neutral mantentzen saiatzen ziren eta % 5ek gobernuaren alde egiten zuten"[106]:73.

Ipar Vietnamen papera

Sakontzeko, irakurri: «Ho Chi Minh bidea» eta «Laosen inbasio iparvietnamdarra»
Thumb
Ho Chi Minh bideak, batez beste, lau hileko ibilaldia eskatzen zien Ipar Vietnamgo borrokalariei, Hegoaldeko gudu-zelaietaraino iristeko.

1956ko martxoan, Lê Duẩn hegoaldeko buruzagi komunistak «Hegoalderako bidea» izeneko matxinada berpizteko plan bat aurkeztu zien Hanoiko Politburoko gainerako kideei; hala ere, Txina eta sobietarrak une horretan konfrontazioaren aurka zeudenez, Lê Duẩnen plana atzera bota zuten[67]:58. Hala eta guztiz ere, Ipar Vietnamgo buruzagiek behin-behineko neurriak onartu zituzten 1956ko abenduan hegoaldeko matxinada berpizteko[3]. Erabaki hori Lao Dongeko Batzorde Zentralaren 11. Osoko Bilkuran hartu zen. Indar komunistak 1958an ezarritako aginte bakarreko egitura baten pean zeuden[107]. 1958ko maiatzean, indar iparvietnamdarrek Tcheponeko garraio zentroa hartu zuten, Laos hegoaldean, Ipar eta Hego Vietnam arteko gune desmilitarizatutik gertu[108].

Ipar Vietnamgo Alderdi Komunistak Hegoaldearen aurkako "herri gerra" onartu zuen 1959ko urtarrileko bilkura batean[39]:119–120 eta, maiatzean, 559 Taldea sortu zen, Ho Chi Minh bidea mantendu eta hobetzeko, garai hartan Laosen zehar sei hileko mendi zeharkaldia zena. Uztailaren 28an, Ipar Vietnamgo eta Pathet Laoko indarrek Laos inbaditu zuten, Laosko Errege Armadaren aurka borrokatuz muga osoan zehar. 559 Taldeak kuartel nagusia Na Kain zuen, Houaphan probintzian, Laosko ipar-ekialdean, mugatik gertu[109]:26. 1954ko "berriro batuak" delakoetatik 500 inguru hegoaldera bidali zituzten bidezidorretik lehen urtean[110]. Bidezidorraren bidezko garraiatutako lehen armak 1959ko abuztuan eman ziren[111]. 1960ko apirilean, Ipar Vietnamek derrigorrezko soldadutza unibertsala ezarri zien gizon helduei. 40.000 soldadu komunista inguru infiltratu ziren hegoaldean 1961 eta 1963 artean[67]:76.

Kennedyren eskalada, 1961–1963

Thumb
Kennedyren prentsaurrekoa, 1961eko martxoaren 23an.

1960ko hauteskundeetan, John F. Kennedy senatariak Richard M. Nixon presidenteordea garaitu zuen. Eisenhowerrek Kennedy Laos eta Vietnami buruz ohartarazi bazuen ere, Europa eta Latinoamerika "Asia baino handiagoak agertzen ziren bere jomugan"[89]:264. 1961eko apirilean Kennedyk Cochinos badiako inbasioa onartu zuen, porrota izan zena. Urte bereko ekainean, Nikita Khrustxov Sobietar Batasuneko lehen ministroarekin desadostasun mingotsak izan zituen, Vienan bildu zirenean AEBen eta Sobietar Batasunaren arteko funtsezko gaiak eztabaidatzeko. Hamasei hilabete geroago, Kubako misilen krisia (1962ko urriaren 16-28) telebistaz eman zen mundu osoan. Gerra Hotza eskala handiko gerra nuklear batean amaitzeko gertuen egon zen unea da, eta AEBek Aireko Aginte Estrategikoaren (SAC) indarren prestakuntza maila DEFCON 2 mailara igo zuen.

Kennedyren administrazioa Truman eta Eisenhower administrazioetatik jasotako Gerra Hotzeko kanpo-politikarekin konprometituta mantendu zen. 1961ean, Estatu Batuek 50.000 soldadu zituzten Hego Korean, eta Kennedyk lau krisi egoerari aurre egin behar izan zien: apirilaren 4an onartu zuen Cochinos badiako inbasioaren porrota[112], Laosko mendebaldearen aldeko gobernuaren eta Pathet Lao mugimendu komunistaren arteko akordio baterako negoziazioak maiatzean ("Kennedyk Laos saihestu zuen, bere lur gorabeheratsua ez baitzen soldadu estatubatuarrentzako gudu eremua")[89]:265), abuztuan Berlingo Harresia eraikitzea eta urrian Kubako misilen krisia. Kennedyk uste zuen kontrola lortzeko eta komunisten hedapena geldiarazteko beste porrot batek Estatu Batuen sinesgarritasuna nabarmen kaltetuko zuela. "Harean lerro bat marraztu" eta Vietnamen komunisten garaipena saihestea erabaki zuen. The New York Timeseko James Restoni esan zion Vienako goi-bileran Khrustxovekin bildu eta berehala: "Orain arazo bat dugu gure boterea sinesgarri egiteko, eta leku egokia Vietnam dela dirudi"[113][114].

Thumb
Hego Vietnamgo eskualde militarrak, 1967.

Kennedyk Hego Vietnamekiko zuen politikak onartzen zuen Diệmek eta bere indarrek gerrilla garaitu behar zutela beren kabuz. Borrokarako tropa amerikarren hedapenaren aurka zegoen, eta zera ikusi zuen: "han indar amerikar asko sartzeak, nahiz eta hasieran eragin militarra aldekoa izan, ia seguru ondorio politiko kaltegarriak ekarriko lituzke eta, epe luzera, ondorio militar kaltegarriak."[115] Hala ere, Hego Vietnamgo armadaren kalitatea eskasa zen oraindik. Lidergo faltak, ustelkeriak eta igo-nahi politikoek armada hura ahultzen lagundu zuten. Gerrillarien erasoen maiztasuna areagotu egin zen, matxinadak indarra hartu ahala. Viet Congek Hanoren babesa izan zen arren, Hego Vietnamgo gobernuaren gaitasun eza krisiaren muina izan zen[99]:369.

Kennedyk planteatu zuen gai nagusietako bat izan zen espazioko eta misil sobietarren programek Estatu Batuenak gainditu ote zituzten. Kennedyk sobietarrekiko irismen luzeko misilen parekotasuna azpimarratu zuen arren, matxinada komunistek mehatxatutako Hirugarren Munduko herrialdeetan kontrainsurgentzia gerrarako indar bereziak erabiltzeko interesa ere bazuen. Hasiera batean, Europako inbasio sobietar konbentzional baten ondoren, frontearen lerroen atzean erabiltzea pentsatu bazen ere, Kennedyk uste zuen indar bereziek, Txapel Berdeek kasu, erabilitako gerrilla taktikak eraginkorrak izango zirela Vietnamgo "su gurutzatuko" gerra batean.

Thumb
Kennedy presidentearen bilera McNamara Defentsa idazkariarekin, 1962ko ekainaren 19 inguruan.

Kennedyren aholkulari Maxwell Taylorrek eta Walt Rostowek Hego Vietnamera tropa estatubatuarrak bidaltzea gomendatu zuten, uholdeetarako sorospen-langilez mozorrotuta[116]. Kennedyk ideia baztertu zuen, baina laguntza militarra handitu zuen berriro. 1962ko apirilean, John Kenneth Galbraithek Kennedyri ohartarazi zion "arriskutsua zela Frantziaren indar kolonialaren ordezkoak izate eskualdean, eta frantziarrak bezala odolustuta amaitzeko"[117]. Eisenhowerrek 900 aholkulari jarri zituen Vietnamen, eta 1963ko azarorako, Kennedyk 16.000 militar[39]:131.

Herrixka Programa Estrategikoa 1961. urtearen amaieran hasi zen. Estatu Batuetako eta Hego Vietnamgo programa bateratu horrek landa-eremuko biztanleak herrixka gotorretan birkokatu nahi zituen. 1962. urtearen hasieran jarri zen martxan, eta Hego Vietnamgo landa-populazioa nahitaez birkokatzea eta bereiztea ekarri zuen, nekazaria Viet Congetik isolatuta egongo zen komunitate berrietan. Komunitate berri horiek nekazariei segurtasuna ematea eta haien eta gobernu zentralaren arteko lotura sendotzea espero zen. Hala ere, 1963ko azaroan programa bertan behera geratu zen eta 1964an amaitu zen ofizialki[23]:1070.

1962ko uztailaren 23an, hamalau naziok, horien artean Txinak, Hego Vietnamek, Sobietar Batasunak, Ipar Vietnamek eta Estatu Batuek, Laosen neutraltasuna errespetatzeko konpromisoa hartzen zuten akordio bat sinatu zuten.

Ngô Đình Diệmen kaleratze eta hilketa

ARVNaren jardun ezegokia adibide gisa jarri zen 1963ko urtarrilaren 2ko Ấp Bắceko guduan: hor, Viet Congeko talde txiki batek borroka bat irabazi zuen Hego Vietnamgo indar askoz handiago eta hobeto hornitu baten aurka; izan ere, haren ofizialetako askok borrokara sartzeko ere uzkur ziruditen[118]:201–206. Guduan, 83 soldadu eta garraiatzeko bost gerra-helikoptero estatubatuar galdu zituzten hegovietnamdarrek, eta Vietcongeko indarrek, berriz, 18 soldadu baino ez. , IV. Gorputzeko komandante Huỳnh Văn Caok, Diệmen jeneral konfiantzazkoenak, ARVNaren indarrak zuzentzen zituen: katolikoa zen, eta erlijioarengatik eta fideltasunarengatik mailaz gora egin zuen, trebeziarengatik bainoago. Lan nagusia bere indarrak zaintzea zuen, estatu-kolpe saiakerak saihesteko. Lehenago, komunisten eraso batean, botaka egin zuen. Washingtongo arduradun politiko batzuk hasi ziren ondorioztatzen Diệmek ez zuela komunistak garaitzeko gaitasunik, eta agian Ho Chi Minhekin ere ituna eginen zuela. 1960ko eta 1962ko saiakeren ondoren, estatu-kolpeak saihesteak baino ez zuen kezkatzen, eta paranoikoagoa bihurtu zen, neurri batean AEBek egoera hori bultzatzen zutela uste baitzuen. Robert F. Kennedyk adierazi zuen bezala, "Diệmek ez zuen inolako kontzesiorik egiten. Zaila zen harekin arrazoitzea... ". James Gibson historialariak laburbildu zuen egoera[119]:

« Herrixka estrategikoek porrot egin zuten... Hego Vietnamgo erregimenak ezin zituen nekazariak alde jarri, lurjabeen artean zuen klase-oinarria zela eta. Izan ere, ez zegoen "erregimenik" aliantza politiko egonkor samar baten eta funtzionamenduan zegoen burokraziaren zentzuan. Horren ordez, gobernu zibila eta operazio militarrak ia amaitu ziren. Nazio Askapenerako Fronteak aurrerapen handiak egin zituen eta behin-behineko gobernu iraultzaile izendatzeko zorian zegoen eremu zabaletan.  »
Thumb
Thích Quảng Đức monje budista bere burua erretzen, 1963an.

Diệmen politikarekiko nahigabea 1963ko maiatzean piztu zen, armarik gabeko bederatzi budistaren aurkako Huế hiriko Phật Đản eguneko tiroketakren ondoren. Budaren urtebetetzea ospatzen duen Vesak egunean bandera budista erakusteko debekuaren aurka protestatzen zuten budistek. Horrek protesta jendetsuak eragin zituen Eliza katolikoari eta bere fededunei gehiengo budistaren aurrean pribilegioak ematen zizkieten politika diskriminatzaileen aurka. Diệmen anaia zaharrena, Ngô Đình Thục, Huếko artzapezpikua zen, eta Elizaren eta Estatuaren arteko banaketa modu oldarkorrean lausotu zuen. Thucen urteurrenaren ospakizunak, Vesak baino lehentxeago, gobernuak finantzatu zituen, eta Vatikanoko banderek leku nabaria zuten. Halaber, paramilitar katolikoek Diệm gobernupean pagoda budistak eraitsi zituzten. Diệmek uko egin zion gehiengo budistari amore emateari edo heriotzen erantzukizuna bere gain hartzeari. 1963ko abuztuaren 21ean, ARVNko Indar Bereziek —Lê Quang Tung koronelarenak, Diệmen anaia gazteari leialak zirenak— Vietnam osoan zehar pagodei eraso egin zieten, kalte eta suntsipen orokorrak eraginez eta ehunka hildako utziz.

Estatu Batuetako funtzionarioak 1963ko erdialdean hasi ziren erregimen aldaketa baten aukeraz eztabaidatzen. Ameriketako Estatu Batuetako Estatu Departamentuak kolpe bat sustatu nahi zuen, baina Defentsa Departamentua Diệmen alde zegoen. Proposatutako aldaketen artean, Diệmen anaia gazteen Nhu kargutik kentzea nabarmentzen zen. Nhuk polizia sekretua eta indar bereziak kontrolatzen zituen, eta errepresio budistaren atzean zegoela uste zen, eta, orokorrean, Ngô familiaren gobernuaren benetako burua zela uste zuten. Proposamen hori Saigongo enbaxada estatubatuarrari helarazi zitzaion 243 Kablean.

Thumb
Diệmen gorpua, 1963ko azaroaren 2an estatu kolpe batean tirokatua eta hila izan ondoren.

CIA harremanetan jarri zen Diệm kargutik kentzeko asmoa zuten jeneralekin: AEBek ez zutela neurri horren aurka egingo adierazi zien, ezta jeneralak zigortuko ere, eurei emandako laguntza moztuz. 1963ko azaroaren 2an, Kennedy jakinaren gainean jarri zutenean, Maxwell Taylorrek gogoratu zuen "gelatik korrika irten zela, izu eta atsekabe aurpegiaz".[89]:326 Kennedyk ez zuen Diệmen hilketa aurreikusi. Hego Vietnamgo estatubatuar enbaxadore Henry Cabot Lodgek kolpearen buruzagiak enbaxadara gonbidatu eta zorionak eman zizkien[89]:327: Kennedyri jakinarazi zionez, "gure ikuspuntuaren arabera, gerra laburragoa izango da orain". Kennedyk gutun bat idatzi zion Lodgeri, "bere lan bikainagatik" zorionak emanez[120].

Kolpearen ondoren, anabasa piztu zen. Hanoi egoeraz baliatu zen eta gerrillariak are eta gehiago babestu. Hego Vietnam ezegonkortasun politiko handiko garai batean sartu zen, gobernu militar bat hurrengoari zerraiola. Komunistek uste zuten gobernu berri bakoitza aurrekoa baino estatubatuarren txotxongilo handiagoa zela; edozein izanik ere Diệmen akatsak, nazionalista gisa zituen kredentzialak (geroago Robert McNamarak adierazi zuen bezala) akatsik gabeak izan ziren[99]:328.

AEBetako aholkulari militarrak sartu ziren Hego Vietnamgo indar armatuen maila guztietan. Edonola ere, matxinadaren izaera politikoari muzin egiteagatik kritikatu zituzten[121]. Kennedy administrazioa saiatu zen estatubatuarren ahaleginak baketzera bideratzen –kasu horretan, insurgentziaren mehatxu gero eta handiagoari aurre egitea zen[122][123]– eta herritarren "bihotzak eta gogoak irabaztea". Hala ere, Washingtongo buruzagitza militarra AEBetako aholkularien edozein funtzioren aurka zegoen, tropen ohiko trebakuntza ez bazen[124]. Paul Harkins jeneralak, Hego Vietnamgo indar estatubatuarren komandanteak, konfiantzaz iragarri zuen garaipena 1963ko Gabonetarako[81]:103. Hala ere, CIA ez zen hain baikorra eta ohartarazten zuen "Viet Congek, oro har, zelaiaren zati handi baten de factoko kontrola mantentzen duela eta ahaleginaren intentsitate orokorra etengabe handitu duela"[125].

CIAko Jarduera Berezien Dibisioko ofizial paramilitarrek Hmong tribuko kideak entrenatu eta zuzendu zituzten Laosen eta Vietnamen. Indar indigenak hamarnaka mila ziren, eta ekintza zuzeneko misioak egin zituzten, ofizial paramilitarrek zuzenduta, Pathet Lao indar komunisten eta Ipar Vietnamgo haien aldekoen aurka[126]. CIAk Phoenix Programa ere zuzendu zuen eta Laguntza Militarreko Agintaritzan parte hartu zuen (MAC-V SOG), Operazio Berezien Taldeari jarri zioten izena estaldura lortzeko[127].

Tonkingo golkoa eta Johnsonen eskalada, 1963–1969

1963ko azaroaren 22an hil zuten Kennedy presidentea. Lyndon B. Johnson presidenteordea ez zen Vietnamekiko politikan oso sartuta egon[128][oh 10]; hala ere, presidente bihurtu zenean, Johnsonek berehala gerrari ekin zion. 1963ko azaroaren 24an, esan zuen: "komunismoaren aurkako borroka batu egin behar da... indarrez eta determinazioz"[130]. Johnsonek bazekien Hego Vietnamen azkar hondatzen ari zen egoera bat heredatu zuela[130], baina Hegoaldea defendatzeko dominoaren teoriaren argumentu zabalki onartuari atxiki zitzaion: Erretiratuz gero edo baretuz gero, bi ekintzetako edozeinek arriskuan jarriko lituzke beste nazio batzuk gatazkatik haratago. Batzuek argudiatu dute Ipar Vietnamgo politika ez zela Asiako hego-ekialdeko beste gobernu ez-komunista batzuk boteretik kentzea[131].

Kontseilu iraultzaile militarra, Hego Vietnamgo buruzagi indartsu baten ordez biltzen zena, 12 kidek osatzen zuten. Kontseilu horren buru Dương Văn Minh jenerala zen, Stanley Karnow kazetariak geroago "lozorroaren eredu" gisa gogoratuko zuena[89]:340. Lodgek, urte amaieran zapuzturik, kable bat bidali zuen etxera Minhi buruz: "Gauzen buru jartzeko bezain indartsua izango al da?". Minhen erregimena 1964ko urtarrilean kendu zuen agintetik Nguyễn Khánh jeneralak[89]:341. Hala ere, ezegonkortasun militarrak jarraitu egin zuen, denbora gutxian estatu-kolpe batzuk gertatu baitziren, baina ez denak arrakastatsuak.

Tonkingo golkoko gertakaria

1964ko abuztuaren 2an, USS Maddoxek, Ipar Vietnamgo kostaldean zehar egindako behaketa misio batean, Tonkingo Golkoan zelatan egon ziren zenbait itsasontzi torpedo-garraitzaileri tiro egin eta kalte egin omen zien[71]:124. Bi egun geroago, USS Turner Joy eta Maddoxen aurkako bigarren eraso baten berri eman zuten, eremu berberean.[39]:218–219. Lyndon Johnsonek George Ball Estatu idazkariordeari esan zionez, "marinel horiek arrain hegalariei tiro egiten aritu dira"[132]. 2005ean desklasifikatutako NSAren datarik gabeko argitalpen batek agerian utzi zuen abuztuaren 4an ez zela erasorik izan[133].

Universal Newsreelen filma, AEBetako armadak Pleikun egindako erasoari eta Estatu Batuen erantzunari buruzkoa, 1965eko otsaila.

Bigarren "erasoak" errepresaliaren aire erasoak eragin zituen, eta Kongresua Tonkingo Golkoko Ebazpena onartzera eraman zuen 1964ko abuztuaren 7an[134]:78. Ebazpenak presidenteari boterea ematen zion "Estatu Batuetako indarren aurkako edozein eraso armaturi aurre egiteko eta eraso berriak prebenitzeko beharrezko neurri guztiak hartzeko" eta Johnson honetan oinarrituko zen gerra zabaltzeko autoritatea izateko[39]:221. Hilabete berean, Johnsonek konpromisoa hartu zuen "mutil estatubatuarrak ez konprometitzeko Asiako mutilek beren lurra babesten laguntzeko egin beharko luketen gerra borrokatzera"[39]:227.

Thumb
B-66 Destroyer bat eta lau F-105 Thunderchief estatubatuar Ipar Vietnamen bonbak jaurtitzen Rolling Thunder Operazioan.

Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak Ipar Vietnamgo bonbardaketen hiru fasetan eskalatzea gomendatu zuen. 1965eko otsailaren 7an Pleikun AEBetako armadaren base bati eraso egin ondoren[135], aire eraso batzuk hasi ziren, Flaming Dart Operazioa, Aleksei Kosygin lehen ministro sobietarra Ipar Vietnamen estatu bisitan zegoen bitartean. Rolling Thunder Operazioak eta Arc Light Operazioak aireko bonbardaketak eta lurreko laguntza operazioak areagotu zituzten[136]. Bonbardaketa kanpainak hiru urte iraun zuen azkenean, eta Ipar Vietnam behartu nahi zuen Viet Congi ematen zion laguntza bertan behera uztera, aireko defentsak eta Ipar Vietnamgo azpiegitura industriala suntsitzeko mehatxua eginez. Gainera, hegovietnamdarren morala indartu nahi zuen[137]. 1965eko martxotik 1968ko azarora bitartean, Rolling Thunderrek iparraldea bonbardatu zuen milioi bat tona misil, kohete eta bonbekin[89]:468.

Laosen bonbardaketa

Bonbardaketak ez ziren Ipar Vietnamera mugatu: beste aire-kanpaina batzuek, hala nola Barrel Roll Operazioak, Viet Cong eta PAVNaren azpiegituraren zati batzuk izan zituzten helburu. Horien artean, Ho Chi Minh hornidura ibilbidea zegoen, Laos eta Kanputxea zeharkatzen zituena. Laos, itxuraz neutrala, gerra zibil baten eszenatoki bihurtu zen, AEBek babestutako gobernu laostarra Pathet Lao eta haren aliatu iparvietnamdarrekin aurrez aurre jartzen zuena.

Estatu Batuek aireko bonbardaketa masiboak egin zituzten Pathet Laoren eta PAVNren indarren aurka, gobernu zentrala eror zedin eragozteko eta Ho Chi Minh Bidearen erabilera baliogabetzeko. 1964 eta 1973 artean, AEBek bi milioi tona bonba jaurti zituen Laosen, AEBek Bigarren Mundu Gerra osoan zehar Europa eta Asian jaurtitako 2,1 milioi tona bonben kopuru ia bera: horrela Laos historiako herrialde bonbardatuena bihurtu zen, bere populazioaren tamainari dagokionez[138].

Ipar Vietnam eta Viet Cong gelditzeko helburua ez zen inoiz lortu. Hala ere, Estatu Batuetako Aire Indarren Estatu Nagusiko buru Curtis LeMayk luzaroan defendatu zituen Vietnamgo saturazio bonbardaketak, eta komunistei buruz idatzi zuen "bonbardatu egingo ditugula Harri Arora itzularazii arte"[39]:328.

1964ko ofentsiba

Thumb
ARVNko indarrak eta estatubatuar aholkulariak, Đồng Xoàiko guduan, 1965ean.

Tonkingo Golkoko Ebazpenaren ondoren, Hanoik aurrea hartu zion tropa estatubatuarren etorrerari eta Viet Cong hedatzen hasi zen, hegoalderantz gero eta kide gehiago bidaltzeaz gain. Fase horretan, Viet Congeko indarrak hornitzen ari ziren, eta AK-47 fusilekin eta beste hornidura batzuekin estandarizatzen ari ziren beren taldea, baita 9. Dibisioa osatzen ere[39]:223[139]. 1959an, Viet Congek 5.000 kide zituen; 1964rako, 100.000. Armada ere hazi zen, 850.000 kide izatetik milioi bat kide izateraino[121]. Aldi berean, Vietnamen hedatutako tropa estatubatuarren kopurua ere emendatu zen: 2.000 1961ean, eta 16.500 1964an[140]. Garai hartan, harrapatutako ekipoen erabilera murriztu egin zen, eta munizio eta hornidura gehiago behar ziren unitate erregularrak mantentzeko. 559. taldeari Ho Chi Minh bidea zabaltzeko ardura eman zitzaion, AEBetako gerra-hegazkinen bonbardaketa ia etengabea ikusita. Gerra Hanoik pentsatutako hiru faseko ereduaren azken fasean sartzen hasia zen. Viet Congek orain ARVN suntsitzeko eta zonaldeak harrapatu eta mantentzeko zeregina zuen; hala ere, ez zen oraindik herri eta hiri garrantzitsuei eraso egiteko bezain indartsua.

1964ko abenduan, ARVNaren indarrek galera handiak izan zituzten Bình Giãko guduan. Bi aldeek erabakigarritzat jo zuten guda hura:[141]. lehenago, Viet Congek eraso eta iheserako gerrilla taktikak erabili zituen. Bình Giãn, ordea, ARVNaren indar boteretsuago bat garaitu zuten bataila konbentzional batean, eta lau egunez egon ziren zelaian[142]:58. Modu argigarrian, Hego Vietnamgo indarrak berriro garaituak izan ziren 1965eko ekainean, Đồng Xoàiko guduan[142]:94.

Estatubatuarren lurreko gerra

Thumb
1. Batailoia, Marineen 3.aren kide bat Viet Congeko kidea izatea leporatutako pertsona bat atxilotzen, Da Nangetik 24 kilometrora, 1965ean.

1965eko martxoaren 8an, 3.500 marine estatubatuar lehorreratu ziren Da Nangetik gertu, Hego Vietnamen[39]:246–247. Horrela hasi zen estatubatuarren lurreko gerraren fasea[143]. AEBetako iritzi publikoak izugarri babestu zuen hedapena. Marineen hasierako misioa Da Nang aire basearen defentsa izan zen. Lehen hedapena, 3.500 soldadu 1965eko martxoan, ia 200.000ra igo zen abenduan[99]:349–351. Politikak alde batera utzita, agintari estatubatuarrak instituzionalki eta psikologikoki desegokiak ziren defentsa-misio baterako[99]:349–351.

William Westmoreland jeneralak U. S. Grant Sharp Jr almiranteari, Ozeano Bareko indar estatubatuarren komandanteari, egoera larria zela jakinarazi zion[99]:349–351. Honela esan zuen: "Konbentzituta nago tropa estatubatuarrek, beren energia, mugikortasun eta su-potentziarekin, borroka arrakastaz eraman dezaketela FLNra (Viet Cong)". Gomendio horrekin, Westmorelandek AEBen jarrera defentsiboa alde batera uztearen eta hegovietnamdarrak baztertzearen alde egin zuen. ARVNko unitateei jaramonik egin gabe, AEBetako konpromisoa mugagabe bihurtu zen[99]:353. Westmorelandek hiru puntuko plana zirriborratu zuen gerra irabazteko:

  • 1. fasea. 1965. urtearen amaieran, galtzeko joera gelditzeko behar ziren indar estatubatuarren (eta gainerako aliatuen) konpromisoa.
  • 2. fasea. AEBetako indarrek eta aliatuek ekintza ofentsibo handiak egitea, gerrilla eta etsaien indar antolatuak iniziatiba hartzeko eta suntsitzeko. Fase hori amaitzekoa zen, etsaia higatua, defentsiban jarria eta herrixka nagusietatik kanporatua izatean.
  • 3. fasea. Etsaiak bere horretan segituko balu, 2. fasetik hamabi eta hemezortzi hilabete arteko epea beharko litzateke urruneko baseetan geratzen ziren etsaien indarrak suntsitzeko[144].

Tet erasoaldia

Vietnamdartzea 1969–1972

Mehatxu nuklearra eta diplomazia

Hanoiren gerra estrategia

Eztabaida AEBetan

AEBetako morala, gainbehera

ARVNaren gailentzea eta lurreko indarren erretiratzea

Kanbodia

Sakontzeko, irakurri: «Kanbodiako kanpaina»

Kanbodiako kanpaina herrialdeko horretako ekialden 1970ean Estatu Batuek eta Hego Vietnamek egindako operazio militar sorta bat izan zen. Inbasio hauek Richard Nixon presidente estatubatuarraren politikaren ondorio izan ziren. Vietnamgo Errepublikako Armadak 13 erasoaldi egin zituen apirilaren 29tik uztailaren 22ra bitartean, eta indar estatubatuarrek maiatzaren 1etik ekainaren 30era bitartean jardun zuten. Kanpainaren helburua Kanbodiako ekialdeko mugako eskualdeetan kokatuta zeuden Ipar Vietnamgo Armadako eta Vietcongeko 40.000 soldaduak garaitzea zen.[145]

Laos

Sakontzeko, irakurri: «Laosen inbasio iparvietnamdarra»

Laosen inbasio iparvietnamdarra Vietnamgo Gerraren hasierako faseko gertakaria izan zen. Ipar Vietnamek Pathet Lao babestu zuen Laosko Erresumaren aurka borrokatzeko 1958 eta 1959 artean. Laosen gaineko kontrolari esker, Ho Chi Minh bidea eraiki ahal izan zen, Vietnamgo Errepublikan FLNren (Askapen Nazionalerako Frontea, Vietcong) eta NVAren (Ipar Vietnamgo Armada) jarduera indartuak hornitzeko bide nagusia izango zena.[146].

Pazkoko ofentsiba eta Parisko Bake Akordioak, 1972

AEBen irteera eta azken kanpainak, 1973–1975

275 kanpaina

Ipar Vietnamen azken ofentsiba

Saigonen erorialdia

Oharrak

  1. AEBko tropak Vietnamen oso une goiztiarretik egon zirenez, Vietnamgo Gerraren hasiera data eztabaida handiko gaia da. 1998an, Ameriketako Estatu Batuetako Defentsa Sailak egindako maila altuko berrikuspen baten arabera, eta Richard B. Fitzgibbonen familiaren esfortzuaren ostean, Vietnamgo gerraren hasiera data ofiziala 1955eko azaroaren 1era igaro zen[1]. AEBko gobernuaren gaur egugno datu ofizialek esaten dute 1955eko azaroaren 1ean "Vietnamgo Gatazka" hasi zela, data horretan Harry S. Truman presidenteak Indotxinan ezarritako Military Assistance Advisory Group (MAAG) taldeak izena aldatu zuelako eta MAAG Vietnam talde espezifikoa sortu zelako[2]:20. Beste hasiera data posible batzuk izan daitezke Hanoik baimena eman zionean Viet Congari Hego Vietnamen ekintza insurgenteak egiteko, 1956ko azaroan[3], eta beste batzuek proposatzen dute 1959ko irailaren 26an izatea, Viet Cong eta Hego Vietnamgo armadaren arteko lehen talka militarraren data, hsaiera gisa.[4]
  2. Suediak laguntza humanitarioa bidali zuen Ipar Vietnamera, babes politiko eta diplomatikoa eskaini zion AEBren aurrean eta Amerikar desertoreak babestu zituen.[7]
  3. 1955–1963
  4. 1963–1969
  5. 1964–1968
  6. Hanoiren historia ofizialaren arabera, Viet Cong Vietnamgo Herri Armadaren adar bat zen.
  7. Hasierako estimazioa altuena zen, gero %30 puztua egon zitekeela proposatu zen.[32][33]:450–453
  8. AEBko Statistical Information Analysis Division (SIAD) datuetatik dator 58.220 eta 303.644 AEBko hildako eta zaurituak. Guztira 153.303 zauritu izan ziren gatazkan eta beste 150.31 pertsona zauritu ospitalatzerik gabe.[49][2]:65,107,154,217. Beste iturri batzuek zenbaki ezberdinak ematen dituzte, adibidez Heart of Darkness: The Vietnam War Chronicles 1945–1975 liburuak 58.159 hildako aipatzen ditu AEBrentzat.[50] Vietnam Sons 2007ko liburuak esaten du 58.226 hildako izan zirela.[51]
  9. Honen aurretik, Indotxinako MAAGek, 128 gizonezkoen destakamentu bat, 1950eko irailean ezarri zen AEBren baliabide militarrak Frantziaren eta euren aliatuen artean nola banatzen zen ikusteko.
  10. Kennedyren erailketaren ostean, McGeorge Bundyk Johnsoni telefonoz deitu zionean, Johnsonek erantzun zion: "Jainkoarren, Bundy. Esan dizut behar zaitudanean nik deituko zaitudala.[129]

Erreferentziak

Bibliografia

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.