Victoria uhartea
From Wikipedia, the free encyclopedia
Victoria uhartea edo Kitlineq[1] (bigarren hau jatorrizko izena) (inuktituteraz Kitlineq, ingelesez Victoria Island) Ipar Amerikako Ozeano Artikoan dagoen uharte bat da. Uhartedi Artikoan dago eta munduko zortzigarren uharterik handiena da.
- Artikulu hau Artikoko uharteari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Victoria (argipena)».
Victoria uhartea / Kitlineq | |
---|---|
![]() | |
Bertako izena | Victoria Island / Kitlineq |
Geografia | |
Kokapena | Ipar Amerikako Artikoa |
Uhartedia | Uhartedi Artikoa |
Azalera | 217291 km2 (munduko 8.a) |
Punturik garaiena | Izenik gabea, Shaler mendiak |
Politika | |
Herrialdea | Kanada |
Lurraldeak | Nunavut Ipar-mendebaldeko lurraldeak |
Hiri populatuena | Cambridge Bay (Iqaluktuuttiaq) |
Hiri populatuenaren biztanleria | 1477 |
Gizartea | |
Biztanleria | 1875 (2006) |
Dentsitatea | 0,006 hab/km2 |
Talde etnikoak | Inuit |
Administratiboki Kanadaren zati, estatu honetako bigarren uharterik handiena da ta bi lurraldetan banatuta dago: Nunavut (Qitirmiut edo Kitikmeot eskualdean dago) eta Ipar-mendebaldeko lurraldeak (Inuuvik edo Inuvik eskualdean). Inuit herriaren lurrak dira.
Ingelesezko izena Viktoria I.a Erresuma Batukoagatik dauka; aipatu erregin hau Kanadako estatu-burua izan zen 1867tik 1910era. Beste geografia-erreferentzia batzuek izen berbera eramateak konfusiorako aukera ematen du; inportanteena Victoria hiria da, Britainiar Kolunbiako hiriburua dena.
Geografia
217.291 km2-ko azalera izanik munduko handienen artean dago. Penintsula batzuek osatutakoa da: Storkerson, Albert Printzea, Diamond Jenness, Wollaston penintsulak eta txikiago batzuk topatzen ditugu.
Punturik garaiena 655 metrokoa da, izenik gabea. Shaler mendietan dago, iparraldean. Hainbeste laku daude, haien artean handiena hego-ekialdean dagoen Tahiryuaq edo Ferguson lakua da, 562 km2[2].

Kokapena
- Iparraldean Melville Bizkondearen itsasarteak Uqsuriak edo Melville uhartetik banatzen du.
- Ipar-ekialdean M'Clintock kanala (inuktituteraz Tunungata Tagiunga) zeharkatuta Galesko Printzearen uhartea uhartea topatzen da eta hego-ekialdean Victoria itsasartearen beste aldean William erregearen uhartea.
- Mendebaldean Amundsenen golkoa eta Banks uhartea daude.
- Hegoaldean itsasarte eta golko sorta batek bereizten du uhartea kontinentetik. Hauek Ipar-mendebaldeko pasabidearen zati dira[3].
Lurraldea eta gizakiak
Duela 4500 urte inguru iritsi ziren gizakiak lehen aldiz inguru honetara. Pre-Dorset izenarekin ezaguna den Paleo-Eskimo kultura anitz batek Bering itsasartetik mendebalderantz migratu zuen eta inguru honetaraino iritsi. [4] Ebidentziek iradokitzen dute Pre-Dorset kultura sasioaren araberako nomada zela, asentamenduen artean mugitzen zela baliabideak aprobetxatzeko.
Dorset kultura
Pre-Dorset kulturari Dorset kulturak jarraitu zion duela 2800 urte inguru. Pre-Dorset eta Dorset kulturen arteko desberdintasunak teknologia litikoan, artean eta eraikuntza estiloetan daude, eta bata bestearen ondorengo zuzena dela pentsatu izan den arren, harremana ez dago argi. Dorset kulturan, arkua eta gezia ez ziren erabili, bai ordea aurreko zein ondorego kulturetan [5].
Thule kultura eta inuitak
Thule herria, inuit modernoaren arbasoak, Alaskatik Ipar-mendebaldeko Lurraldeetara eta Nunavutetara migratzen hasi ziren 1300. urterako. Ipar-ekialdetik etorri zen Thule aurrerapenak Dorset kultura ordezkatu zuen Galesko Printzearen uhartean ere, nahiko ondo datatutako prozesu batean. Besteak beste, txakurren eta leren erabilpen aurreratuago zuten nonbait Thule kulturakoek.[6]
Inuit herriak dira Thule kulturaren ondorengo zuzenak, eta uharte honetan ere bizi ziren. Herri semi-nomadikoa ziren eta hortaz uhartea ondo ezagutu arren, ez zuten hemen edo beste toki batzuetan asentemandu jarraiturik egiten, bai ordea, neguko kanpamenduak 100 pertsona artekoak, eta udakoak aldiz, dozena bat edo gutxiagokoak.[7]
20. mendetik, inuit komunitateen modernotzea
20. mendearen 2. zatitik aurrera, inuiten bizitza nomadikoa aldatu egin da eta asentamendu finkoetan berrantolatu da kultura hau Kanada iparraldean, bereziki Nunavut esaten duten eskualdean. Herrietan finkatze hau behartua izan zen kasu batzuetan, baina azkenean auto-gobernu gaitasuna, azpiegitura sozial modernoak eta biziraupena ziurtatzeko, inuitek ere bat egin dute asentamenduekin.
Biztanleria
Bere populazioa ia erabat hutsala da daukan azalerarako: 2006an 1875 zeuden (1477 Nunavuten, 398 Ipar-mendebaldeko lurraldeetan). Bi gune nagusi besterik ez daude:
- Cambridge Bay (inuktituteraz Iqaluktuuttiaq deitzen dena) Nunavuti dagokion aldean. Bertan bizi dira uharteko biztanle gehienak.
- Ulukhaktok edo Ulukhaqtuuq (ingelesez Holman zeritzona[8]) Ipar-mendebaldeko lurraldeetan.
Biztanle gehienak inuitak dira. Inuktituteraren inuinnaqtun dialektoa da erabiltzen dena[9]. Imgelesez Copper Inuit esaten zaie uharteko biztanleen azpitaldeari, baina beraiek ez dute Inuit terminoaz aparte beste etnonimo propiorik. Copper delako izen hori, hegoalderago Coppermine ibaian eta Coronation Golkoan kobrea ustiatzen zutelako datorkie. Banks uharteko inuitak ere talde berekoak direla esan daiteke. Beste inuit talde batzuek s Kitlinermiut deitzen omen zieten Victoria uhartekoei, Kitlineq baita uhartearen berezko izena[10].
Iruditegia
- Cambridge Bay airetik ikusia.
- Kakivak deritzon lantzarekin arrantzan zubi batetik, Cambridge Bayko hilerriaren ondoan.
- Ulukhaktok-eko komunitate etxe publikoa.
- Ulukhaktok-eko aireportua.
- Bi nerabe inuit Victoria uharteko hegoaldean jolasean, 1915.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.