From Wikipedia, the free encyclopedia
Velociraptor (latinez: "lapur azkarra") Dromaeosauridae familiako dinosauroen genero bat da. Kretazeoaren amaieran bizi izan ziren, duela 75 bat milioi urte gaur egun Gobi basamortua den lurraldean[1].
Velociraptor | |
---|---|
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Reptilia |
Ordena | Saurischia |
Familia | Dromaeosauridae |
Subfamilia | Velociraptorinae (en) |
Generoa | Velociraptor Osborn, 1924 |
Azpibanaketa | |
V. mongoliensis Osborn, 1924 (tipoa) V. osmolskae Godefroit et al., 1960 | |
Datu orokorrak | |
Elikadura iturri nagusia | haragijalea |
Luzera | 2,07 m eta 1,8 m |
Altuera | 0,5 m |
Masa | 15 kg |
Hasieran, espezie bakarra onartu zen, V. mongoliensis, Mongolian aurkitutako fosil batzuen ondorioz. 2008an bigarren espezie bat identifikatu zen, V. osmolskae, Txinako Errepublikako Barne Mongolian aurkituriko fosil batean oinarriturik. Velociraptor-ek lumaz estalia zuen gorputza. Gaur egungo hegaztiek dituztenen antzeko hegoak zituen arren ez zen hegan egiteko gai.
Jurassic Park filmean agertu zenetik dinosauro-generorik ezagunenetariko bat da[2]. Filmean agertzen diren velociraptorrak baino txikiagoak ziren errealitatean, indioilar baten tamainakoak gehienez ere[3].
1923ko abuztuaren 11an Peter Kaisenek zanpaturiko Velociraptor garezur bat aurkitu zuen Mongolia hegoaldeko Gobi basamortuan[4]. Garezurra osorik zegoen eta atzapar bat ere bazuen alboan. 1924ean Henry Fairfield Osborn Amerikako Natur Historia Museoko presidenteak genero berria izendatu zuen aztarna hauentzako, Velociraptor. Latinezko velocis ("azkarra") eta raptor ("lapurra") elakrtu zituen, horrela beraz, "lapur azkarra" esan nahi du. Mongolian aurkitu zenez Velociraptor mongoliensis izena eman zion espezieari[4]. Garai hartan dinosauroak geldoak eta inteligentzia gutxikoak zirela pentsatzen zen eta espezie honek uste horiek hautsi zituen.
Bi urte beranduago Ovoraptor djadochtari izena erabili zuen, "arrautzen lapurra" esan nahi du eta Djadochta Formazioan aurkitu izana adierazten du, baina dagoeneko Velociraptor izenarekin deskribatua zegoenez izen zaharra mantendu zen[5].
1924tik aurrera Mongolia komunista bihurtu zenez amerikarrek ezin izan zuten bertara joan eta sobietarrak eta poloniarrak izan ziren hurrengo hamarkadetan aurkikuntza berriak egin zituztenak. 1971ean "Dinosauroak borrokan" izeneko aurkikuntza egin zen. Bertan Velociraptor bat eta Protoceratops bat agertzen dira borroka betean[6]. Gaur egun Mongoliako altxor nazionala kontsideratzen da. 1988 eta 1990 artean txinatar-kanadiar espedizio batek Txina iparraldeko Gobi basamortuan velociraptor fosil berriak aurkitu zituen[7]. 1990an zientzilari amerikarrak Mongoliara iztuli ziren eta egoera onean zeuden hainbat hezurdura aurkitu zituzten[8][9].
1999. urtean baraila eta malko-hezur bat aurkitu zuen belgiar-txinatar talde batek eta Velociraptor bat zela argi ikusi zen arren V. mongoliensis-en desberdina zen. malko-hezurraren fenestra luzeagoa da eta hortzen egitura sendoagoa[10]. 2008an Pascal Godefroit belgiar paleontologoak espezie berria izendatu zuen, V. osmolskae, Mongoliako dinosauroak aztertzen ibilia zen Halszka Osmólska paleontologo poloniarraren omenez[1].
Gainerako dromeosauridoak baino txikiagoa zen, helduek 1'8 metrotako luzera eta 0'5 metrotako garaiera hartzen zuten. 15 kilogramo inguruko pisua zuten, gehienez ere 19'7 kg estimatu da[11].
Garezurra luzea da, 25 cm baino luzeagoa, eta muturra goraka begira du. Barailek 26-28 hortz dituzte alde bakoitzean, eta atzeko haginak zerratuak dira[12].
Beso luzeak zituen, gaur egungo hegaztien hezurren egitura eta flexibilitatea zutenak[13], eta hiru erpe, haietako bat luzea eta gakotua, eta hartaz baliatzen zen harrapakinak hiltzeko. Atzeko hankak oso luzeak ziren eta gainerako teropodoek ez bezala hirugarren eta laugarren behatzak baino ez zituzten lurrean ezartzen. Bigarren behatza uzkorkorra zen eta erpe luzea zuen, 6'5 cm ingurukoa. Harrapakinarekin borrokatzeko erabiltzen zuen[8].
Isatsa luzea zuen eta ornoak hezurtutako lotailuez babestuak zeuden. Horrek asko zurruntzen zuen isatsa, baina ornoen arteko mugimendu bertikalak gerta zitezkeen eta aurkituriko fosil batek mugimendu horizontalak ere egin zitzakeela iradokitzen du[8].
2007an paleontologoek lumak txertatzeko egiturak antzeman zituzten aurreko besoetan eta horregatik pentsatzen da hegoak zituela[14]. Ez zen ordea hegan egiteko gai, besoak motzegiak baitziren eta lepoaren eta bularraren artean dagoen hezurrak, hegaztiei hegan egitea ahalbidetzen dienak, forma desegokia baitzuen. Ikerlari batzuen ustez hegan egiteko gai ziren animalien ondorengoak ziren, eboluzioan gaitasun hori galdu zutenak[15].
Ondorioz, lumak bikotea erakartzeko, habiak estaltzeko eta maldetan korrika zihoala abiadura gehigarria eta konfidantza hartzeko erabiliko zituela uste da[16]. Besoetaz gain gainerako gorputza ere lumaz estalita zuela pentsatzen da[15].
Velociraptor mongoliensis fosil guztiak Djadochta Formazioan (Mongolia) aurkitu dira, bertako Barun Goyot edo Flaming Cliffs eremuetan. V. osmolskae aldiz Bayan Mandahu Formazioan (Txina) aurkitu da. Bakoitzaren inguruan aurkitu diren dinosauro harrapakinak ere desberdinak dira, Mongolian Protoceratops andrewsi eta Pinacosaurus grangeri eta Txinan Protoceratops hellenikorhinus eta Pinacosaurus mephistocephalus. Dinosauro talde bakoitzeko espezie desberdinak agertu izana deigarria da eremu biak elkarrengandik gertu daudela ikusita. Nolabaiteko hesi geografiko bat egongo zela pentsatu izan da historikoki[1], baina halakorik aurkitu ez denez garaikideak ez zirela izango uste da gaur egun[17].
Kretazeo Berantiarrean (Campaniar estaian) kokaturik daude denak[18]. Eremu lehorrak ziren, duna ugariz osatuak eta aldizkako ibaiak zituztenak. Fosil ugari hareatan murgilduta aurkitu dira eta hareazko ekaitzen ondorioz hil zirela pentsatzen da[1].
Duela 70 milioi urte desagertu zen, arrazoi zehatzik ez da plazaratu, izan ere Kretazeo-Tertziarioko iraungipen masiboa baino 5 milioi urte lehenago gertatu baitzen[15].
Velociraptor-a Dromaeosauridae familiako Eudromaeosauria taldean kokaturiko dinosauroa da. Honen barnean Velociraptorinae taldea sortu zen velociraptorra kokatu ahal izateko, baina ondoren aurkituriko genero berriak ere barruan sartu dira, Deinonychus adibidez.
Eudromaeosauria taldearen sailkapenak hainbat aldaketa izan ditu azken urteotan. Azpian duzuena 2019an Currie eta Evansek egindakoa da[19].
Eudromaeosauria |
| |||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||||
Velociraptor espezieak behatuz gero, V. mongolensis-ek eboluzionatu eta V. osmolskae agertu zela ikusten da eta honen ondorengoak lirateke Linheraptor[20] eta Tsaagan[21].
1971ean aurkituriko "Dinosauroak borrokan" fosilak argi erakusten du velociraptorra harraparia zela. Animalia biak hareatan aurkitu zirenez, duna batean borrokan ari zirela barruan sartu zirela pentsa liteke, edo hareazko jausi bat izan zela, eta lurperatzea oso azkarra izan beharko zuen, borroka posturak mantendu dituztelako[22].
Velociraptor-aren begietako eraztun esklerotiko handiek erakusten dute animalia gautarra zela, eta Protoceratops-a egutiarra izanik borroka ilunabarrean gertatuko zen[23]. Hankako bigarren behatzeko erpea harrapakinaren lepoan sarturik dauka eta pentsatzekoa da helburua zain jugularra, karotida arteria edo trakea zulatzea izango zela eta ez aurretik pentsatzen zen bezala tripa zartatzea[24].
Ehiztari trebeek bezala, velociraptorrek usaimen bikaina zeukaten, garezurretan usaimen bulboetarako zulo handiak agertzen baitira. Hanka luze muskulotsu horiekin 24 km/h abiadura har zezaketela estimatu da[15].
Jurassic Park filmean taldeka erasotzen zutela ikusten bada ere ez dago hori baieztatzen duen frogarik[25]. Dromeosauroen artean oso genero gutxi dira horrela jokatzen zutenak. 2011n Denver Fowlerren taldeak gaur egungo hegazti akzipitridoen antzera erasotzen zutela proposatu zuten; harrapakinaren gainera salto egin, beren buruaren pisua eta erpeak erabiliz ongi eutsi, bizirik zela jaten hasi eta odolustuz hil. Dena dela ez da ohikoa haragijaleek beraiek baino handiagoak diren harrapakinak erasotzea, harrapakina zaharra edo gaixoa ez bada behintzat. Aipaturiko fosilaren kasuan biek luzera bera zuten baina Protoceratops-a sendoagoa zen[10].
Velociraptor-a harraparia bazen ere, lehorte edo gosete aldietan sarraskijalea izango zela ere pentstazen da[26]. 2010. urtean David Hone eta bere taldeak 2008an aurkituriko Protoceratops fosil batean Velociraptor-aren hortz markak zeudela plazaratu zuten. Protoceratops-a beste harrapari batek hilko zuela pentsatu zuten eta harko utzitako hondarrak apurrak jango zituela velociraptorrak, horregatik honen hortz markak hezurretan[27]. 2012an talde berak Velociraptor baten urdailean pterosauro baten hezurrak aurkitu zituen[28].
Velociraptor-ak energia kopuru handia behar zuen ehizatzeko eta nolabaiteko odol-beroko animalia izan beharko zuela pentsatzen da. Gorputza lumaz estalita izateak lagunduko zion kanpoko airetik isolatzen. hala ere metabolismo tasa aipagarri bat izan beharko zuela uste da, gaur egungo kiwi hegaztien antzera.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.