Nafarroako Erresumako Diputazioa

From Wikipedia, the free encyclopedia

Nafarroako Erresumako Diputazioa
Remove ads

Nafarroako Erresumako Diputazioa Nafarroako Erresumako erakunde bat izan zen, Gorteen akordioak betetzen zirela zaintzeko betebeharra zuena.[1] 1501ean sortua, 1576an bihurtu zen iraunkorra, eta 1839an desagertu zen. 1841etik aitzina, Nafarroako Foru Diputazioak ordeztu zuen.[2]

Datu azkarrak Datuak, Mota ...
Remove ads

Sorrera

Diputazioaren figura Katalunian jaio zen, XIII. mendearen amaieran, Gorteen ordezkaritza gisa. XIV. mendetik aitzina, Iberiar penintsulako beste herrialde batzuetan ere eratu ziren, hala nola Aragoin, Valentzian eta Gaztelan.[3]

Nafarroako Gorteek diputazio bat sortu zuten 1501ean, 1576tik aurrera iraunkorra bilakatu zena. Erresumako Diputazioak Gorteak ordezkatzen zituen, bilduta ez zeudenean beharrezko erabakiak hartu eta haien aginduak betearazteko.[4] Izan ere, Gorteak bakan osatzen ziren eta batzuetan urteak joaten ziren deitu gabe. Beraz, erabakitakoa betetzen zela ziurtatzeko organismo bat sortu beharra zegoen: foruen aurkako erasoak zuzentzeko eta legeak aplika zitezen bulkatzeko. Zergen kobrantza, ordea, Kontuen Ganberaren bitartez egiten zen.[1][5]

Denborarekin, gero eta eskumen gehiago bereganatuz joan zen. XVII. mendearen erditik aitzina, txanponak egiteko ardura zeukan, salgaien gaineko zergak jasotzen zituen, erregeordeari laguntzen zion tropak errekrutatzen, eta txostenak egiten zituen foruen aurkako legeak Nafarroan aplika ez zitezen.[5] XVIII. mendean, borboitar monarkiaren zentralismoaren ondorioz, Gorteen jarduera murriztu zen.[4] Hori zela-eta, Erresumako Diputazioak zeregin administratibo batzuk hartu zituen bere gain: bideak egitea, mendien zainketa, hezkuntzaren sustapena...[1]

Remove ads

Osaera

Hasieran Gorteek bost diputatu izendatzen bazituzten ere, XVI. mendearen amaieratik aurrera zazpi kidek osatzen zuten Diputazioa. Ohiz kanpoko egoera bakan batzuetan, ordea, kide kopurua handiagoa izan zen: hamar 1637an, hamabi 1642an, eta hamar, berriz ere, 1683an. Gorteetako hiru estatuek aukeratzen zituzten beren ordezkariak: elizgizon bat (Leire, Fitero edo Olibako abadea edo Iruñeko apezpikua, gehienean), bi aitoren seme eta unibertsitateetako besoaren lau ordezkari (bi Iruñeak eta beste bi gainerako merindadeek, txandaka, aukeratutakoak).[3]

Diputatuek aholkulariak zituzten, sindikoak deituak, "erresumako aferetan jantziago eta iaioago" zeudenak; abokatuak izan ohi ziren. Diputazioaren idazkaria Gorteena bera izaten zen, eta akta-liburuan akordioak idazteaz eta fede emateaz arduratzen zen. Haren aitzinean zin egiten zuten diputatuek. Diputazioaren mende zegoen binkuluaren gordailuzaina ere, hau da, Gorteek Diputazioaren gastuei aurre egiteko esleitutako diru-partida administratzearen arduraduna. Horri gehitu behar zaio agente orokorra, Madrilgo gortean erresumaren interesak defendatzen zituena; XVIII. mendean, erresumako komisario izena hartu zuen.[3]

Remove ads

Funtzionamendua

Diputazioa Iruñean biltzen zen. Elizaren besoko diputatua zen burua, baina kalitatezko botorik gabe. Beso militarreko eta Elizaren besoko diputatuek boto bana zeukaten, eta Unibertsitateetako besoko lau kideen artean bi boto: boto bat Iruñeko diputatuek eta beste bat gainerako merindadeetakoek.[3]

Diputatuen karguak Gorteen bi bileren arteko iraunaldia zuen. Gorteek jarraibide zehatzak eta ugariak ematen zizkieten, idatziz, eta horien arabera jokatu behar zuten. Kargua hartzean, zin hirukoitza egiten zuten Gorteen aitzinean: idatziz jasotako jarraibideen arabera jardutea, bileretako eztabaidak isilean gordetzea, eta Maria Sortzez Garbia defendatzea. Diputatua nafarra ez bazen, foruak errespetatuko zituela ere zin egin behar zuen.[3][2]

Eskuduntzak

Hasieran, Diputazioaren funtzioa politikoa zen: foruen aurkako erasoak zuzentzea. Erregeak edo haren instituzioek Nafarroako foruak eta legeak urratzen zituztelarik, Diputazioaren ardura zen hori galaraztea. Beraz, balizko kontraforu baten berri izanez gero, hura erreparatzeko eskaria egiten zioten erregeordeari.[3] XVII. mendean, sobrekarta eskubidea ezarri zen: erregeak Diputazioari jakinarazi behar zion errege zedulen eta despatxuen berri, argitara eman baino lehen.[1]

Denboraren joanean, Diputazioak izaera ekonomikoko zenbait eskumen izan zituen: Nafarroak erregeari ematen zion dohaintza biltzea, muga-zergak, bidesarien administrazioa, binkuluaren kontrola eta kudeaketa, estankoak, zerga berriak eta dirua egitea.[2]

Remove ads

Amaiera

1813ko urriaren 1ean, Cádizko konstituzioa indarrean jarri zenean, Nafarroako Diputazio Probintziala sortu zen Erresumako Diputazioa ordezteko. Hurrengo urtean, Fernando VII.ak konstituzio erregimena ezeztatu zuen, eta Erresumako Diputazioa berrezarri zen.[6] Hirurteko Liberalean ere, 1820tik 1823ra, Diputazio Probintziala egon zen indarrean Erresumako Diputazioaren ordez.[7]

1836an, Lehen Karlistaldiaren erdian, Nafarroako Erresumako Diputazioa behin betiko desegina izan zen. Bost urte geroago, 1841eko Foruak Eraldatzeko Legea onartu zelarik, Nafarroako Gorteak, Erresumako Diputazioa eta Epaitegi bereziak desagertu ziren, eta Nafarroako Diputazioa sortu. Erabaki horren ondoren, arras murriztu ziren Nafarroaren eskubideak.[8] Izan ere, diputazioa Espainiako probintziako aldundi gisa sortu zen.

Remove ads

Ikus, gainera

Erreferentziak

Loading content...

Kanpo estekak

Loading content...
Loading related searches...

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Remove ads