From Wikipedia, the free encyclopedia
Mio Ciden eresia[1] (gaztelaniaz: El Cantar de Myo Çid) egile ezagunik gabeko egitandi kanta bat da, Rodrigo Díaz de Vivarren azken urteetan libreki inspiratutako balentria heroikoak kontatzen dituena. Hizkuntza erromantze baten idatzitako espainiar literaturako lehen lan narratibo luzea da, eta bere estiloaren balio literario handiagatik nabarmentzen da.
Mio Ciden eresia | |
---|---|
Datuak | |
Idazlea | ezezaguna (1195-1207 artean) |
Argitaratze-data | ezezaguna |
Generoa | Poema-epikoa |
Jatorrizko izenburua | El Cantar de Myo Çid |
Hizkuntza | Antzinako gaztelania |
Herrialdea | Gaztela |
Erdi Aroko gaztelaniaz idatzita dago, 1200 inguruan, gutxi gorabehera 1195 eta 1207 bitartean. Ez da ezagutzen jatorrizko izenburua: ziur asko gesta ("egitandi") edo cantar ("kantore") deitu zen arren, egileak bere lana 1085. eta 2276. bertsoetan hurrenez hurren deskribatzen duen moduan.
Ia osorik kontserbatuta dagoen espainiar literaturako kantore epiko bakarra da. Jatorrizko lanaren lehen orria eta liburuaren barnealdeko beste bi galdu dira, falta diren orrien edukia prosifikazio kronistikoetatik ebatzia izan daitekeen arren, bereziki Crónica de los veinte reyes izena duenetik. Cantar de mio Cid lanaz gain mantendu diren haren generoko beste lau testuak Mocedades de Rodrigo (1360 inguru) 1700 bertsorekin, Cantar de Roncesvalles (Orreagako kantua, 1270 inguru) 100 bertso inguruko zati bat; eta tenplu erromaniko baten idazkun labur bat dira, azken hori Epitafio épico del Cid izenekoa eta 1400 ingurukoa.
Olerkia luzera aldakorreko (anisosilabikoak) 3735 bertsoz osatua da, 14 eta 16 silaba metrikozko bertsoak nagusi diren arren. Lanaren bertsoak zesura baten bidez banandutako bi hemistikiotan banatuta daude. Hemistikio bakoitzaren luzera 4 eta 13 silaba artekoa da, eta kantoreko prosodiaren gutxienezko unitatetzat hartzen da. Ez dago ahapaldietan banatuta, eta bertsoak tiradetan elkartzen dira, hau da, errima asonante bera duten bertso sailetan.
Cantar de mio Cid lana heroiak galdutako ohorearen berreskuratze prozesu konplexuari buruzkoa da: berreskuratzeak hasierako egoerakoa baino ohore handiagoa esan nahi du.
Olerkia Ciden erbesteratzearekin hasi da: laidotzearen lehen arrazoia egotzi zaion lapurreta da. Desohore horrek Vivarren jabetza eta onibar guztien galera eta haren familiaren guraso agintearen galera ere dakarkio.
Valentzia konkistatu ondoren, bere beso soilaren ausardiaren, maltzurkeriaren eta zuhurtziaren bidez, erregearen barkamena jaso du, eta horrekin beste onibar bat, Valentziako jaurerria, jada berreskuratutako antzinako orubeari elkartua. Basailuen jaun gisan duen estatus berria berresteko, osperik handieneko leinuekin ezkontzak antolatu dira, Carrióngo infanteekin kasu.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.