Machu Picchu
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Machu Picchu[1] (ketxuaz Machu Pikchu, «tontor zahar»),[2] jatorrizko izenaz segur aski Patallaqta («eskailera hiria», ketxuaz),[3] kolonaurreko gune arkeologiko inka da, 2.430 metrora kokatua[4]. XV. mendean harriz eraikitako llaqta bat da, Andeetako herrixka inka zahar bat. Llaqta hori Machu Picchu eta Huayna Picchu mendiak lotzen dituen harrizko muinoan dago, Erdi Andeetako mendebalde aldean isurialdean, Peruko hegoaldean.
Machu Picchu | |
---|---|
Machu Picchuko Santutegi historikoa | |
Kokapena | |
Estatu burujabe | Peru |
Department of Peru | Cuscoko eskualdea |
Peruko probintziak | Urubamba probintzia |
Koordenatuak | 13°09′47″S 72°32′44″W |
Altitudea | 2.430 m, itsas mailaren gainetik |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | 1450 |
Suntsipena | 1572 (egutegi gregorianoa) |
Arkitektura | |
Azalera | 32.500 ha |
Ondarea | |
Webgune ofiziala | |
Hurbilen dagoen hiri garrantzitsuena Cusco da, oraingo eskualdearen hiriburua eta Inken hiriburu zaharra, handik 130 kilometrora. Santutegi historikoak galzorian dauden espezie biologikoak babesten ditu eta inka kokaleku ugari, besteak beste, Machu Picchu.
Machu Picchu, ofizialki, Hiram Bingham esploratzaile estatubatuarrak aurkitu zuen 1911n. Ezofizialki, Agustín Lizarraga, euskal jatorriko lurjabe perutarra 1902ko uztailaren 14an iritsi zen hiri zaharrera, eta hala idatzi zuen ikatzez Hiru Leihoen hormako harri batean. Lizarragaren asmoa ez zen monumentu harrigarriak aurkitzea, laborantzarako lur berriak topatzea baizik.
Handik ia hamarkada batera, 1911ko uztailaren 24an, Binghamek Lizarragaren idazkuna topatu zuen eta ezabatzeko agindua eman zuen, kontserbazio arrazoiak argudiatuz. Argazki bat egin zion lehenago eta bidaia-egunkarian ere aipatu zuen inskripzioa. Baina publikoki ez zuen sekula horren berri eman eta, hala, aurkikuntzaren loria beretzat hartu zuen. Agustín Lizarraga Urubamba ibaiaren uraldietan itota hil zen, Machu Picchura itzultzeko ahaleginean[5].
XVI. mende erdiko dokumentuen arabera, Machu Picchu Pachacutec delakoaren (lehen enperadore inka, 1438-1470) atsedenerako egoitza bat izan zen. Dena den, bertako beste eraikin batzuek eta atari nagusiak ageriko elizkizunetarako daukan formak, santutegi gisa erabiliko zutela erakutsiko lukete. Bi erabilerak, jauregi eta santutegiarena, ez ziren bateragarriak izango. Aditu batzuek baztertu omen dute, ordea, erabilera militarra eta, horren ondorioz, “gotorleku” edo “zitadela” hitzak baztertuak izan litezke.
Machu Picchu, era berean, arkitektura eta ingeniaritza maisulantzat jotzen da. Haren paisaia eta arkitektura ezaugarriek eta haren inguruan argitaratutako literatura lan gehienek sortu duten misterio itzalak planetaren turismo-jomuga ezagunenetako bat bihurtu dute. Arkeologia gunera iristeko, Inka Bideetatik zein Hiram Bingham errepidea erabiliz (Machu Picchuren mendixkara igotzen dena Puente Ruinas geltokitik, arroilaren hondoan kokatuta) soil-soilik egin daiteke.
Hiria eraikitzea Pachacútec enperadore handiari eta estratega bikainari dagokio, bere agintaldian K.o. 1438tik K.o. 1471 arte leku horren diseinua planifikatu zuen hazkuntza demografikoaren eta lurren esplotazioaren arazoa konpontzeko. Arazo horrek Pachacútec behartu zuen hainbat esplorazio talde bidaltzera hurrengoen lekua baieztatzeko. Zibilizazioa Chankoaren kontrako guda irabazi ondoren, Pachacútec-en inperioa handitzen hasi zen eta bere goren unean Cuzco hiri handia sortu zuten.
Denak adierazten du hiri horren sortzearen arrazoi nagusiak demografiaren handitzea eta enperadorean adimena izan zirela, Pachacútec buruzagi espiritual eta gidari bikaina izan baitzen. Hiriaren erabilpena Inka noblezia altuarentzat zorrozki pribatua zen, bere lokalizazio geografikoa ehuneko ehunean erabilia izan zen, estrategikoki diseinatua baitzegoen. Hor, hiru belaunaldi aldi berean babestu zituen eta aldi berean debekatua zegoen sarrera nobleak ez ziren guztiei. Sarrera bakarra zeukan eta hau erabilia izan zen hiriaren babes neurriak hobetzeko. Leku eder hori haran sakonen antean kokaturik zegoen: oihan itxi batek inguratzen zuenez, horregatik erraza zen defendatzen erasorik izanez gero, baina haaber erabili zen gizarte-maila apaleko jendea sar ez zedin. Han, babes maila handia egoteak hiria bakandu eta galtzea eragin zuen.
Horrelako miragarri arkitektoniko handiak dituen bakarra Tahuantinsuyuren inperioa da, mundu osoan ezagutzen diren Machu Picchu eta Ollantaytambo barne. Pachacútecek leku zehatzak aukeratu zituen, nekazaritza ekoizpena eta mineralen ustiapena kontuan hartuz, zeren eta haran horiek bikainak dira ustiapen agronomorako eta lurrak aberastasun handia dauka landareak landatzeko zein mineralak ateratzeko. Lurraren emankortasun handia eta klima hoberena ez ziren izan Pachacútecek izan zituen arrazoi bakarrak bere inperioa ezagutu gabeko lur hauetara hedatzeko. Hiri honetako hondakinetan hainbat eraikin ikus daitezke eta denak batera hiriaren infraestruktura sortzen dute:harrobiak, nekazaritzarako zein abeltzaintzarako zelaiak, zentro urbanoak eta erlijiosoak eta komunikazio sare bat hainbat bidexkaz eta igarobidez osatua mendiak igaroz. Machu Picchuren lekua Inka Inperioko aristokrazia altua kokatzeko eraikia izan zen eta horregatik hiri honek Inperioaren arkitektura preziatuena batzen zuen. Kokapenaren beste arrazoietako bat Machu Picchuren leku geografikoa izan zen, oso garrantzitsua baitzen zibilizazioaren erlijiorako, zeren eta mendilerro sistema horrek esanahi espiritual handia zeukan bertan egiten baitziren sakratu bezala kontsideratzen ziren izarren konstelazioei eta eguzkiari buruzko ikasketak, astro horiek jainko-jainkosatzat hartzen ziren.
Hiria oso-osorik harriz eraikita dago eta altura handi batean kokatuta, zehazki 2400 metrora itsasotik hasita. Zalantzarik gabe, erretiratze espiritualerako, atsedena hartzeko eta meditazioa praktikatzeko leku paregabea izan zen, baita maila handiko gizarte inka bateko aisialdiko lekua eta santutegia ere; baina, aldi berean, hiri baten azpiegtura harrigarri guztiak betetzen zituen. Horregatik, Vilcanota mendikateko hegalean hiriaren hornikuntzarako erdigunea bilakatu zen Machu Picchuko hiritar guztientzat, non oraindik aurki daitezkeen nekazaritzarako eta abeltzaintzarako erabili ziren hainbat eta hainbat ordoki. Machu Picchu marka belikoko hiri gotorlekua izatearen ideia baztertu egin zen arren, kontuan hartu da, beste alde batetik, Machu Picchuk hainbat eraikin diseinatu eduki zituela, inkek izandako liskar lurraldekoiei aurre egiteko eta defenditzeko gai izateko. Hobetuezineko diseinu arkitektoniko hori bere kokaleku apartarengatik eta hiriaren azken egonlekuarengatik eraiki ahal izan zen, haran sakonek eta oihan trinkoak ematen zion kamuflaje paregabeaz baliatuz. Historiak esaten du Huayna Pichu izan zela Machu Picchuren zainketa puntu nagusia. Horrek zelatari jarduten zuen eraso lurraldekoien, ondoko zibilizazioen eta konkistatzaile espainolen mehatxuen berri jakiteko. Modu horretan, hiria prestatuta egon zitekeen etsai baten erasoa jasateko, etsaia gai bazen hiriaren leku zehatza jakiteko, hala nola bertara joateko bidea aurkitzeko. Horri esker, santutegiak bere helburua lortu izan zuen denbora-pasa eta olgeta zentro bat gisan, zein inken zibilizazioko nobleen etxe gisan.
Inkak, Eguzkiaren seme-alabak, inperio handi bat sortzeko gauza izan ziren, ia Andeak bere osoan hartu zituena, Kolonbiatik Txileraino. Zaila da sinisten Francisco Pizarro konkistatzaile espainiarrak nola menperatu zituen 1532an 180 soldadurekin. Buruzagi inkak elkarren kontra borrokan zebiltzan, eta horri izugarrizko etekina atera zion Pizarrok. Huascar-en jarraitzaileak eta Atahualpa-renak borrokan ari ziren gerra zibila balitz bezala, eta une horretantxe iritsi zen Pizarro. Huayna Cápac-en semeak ziren Huascar eta Atahualpa, eta bi anaiak nor baino nor ari ziren borrokan aitak boterea uzten zuenerako. "Banandu eta irabazi" erromatarren leloa ezarriz, garaile atera zen espainiarra. Oso epe laburrean lortu zuen inken inperio guztia.
Espainiarrek hiru mende egin zituzten Perun: goiak eta beheak arakatu zituzten, baina ez zuten Machu Picchu aurkitu. Gertu ibili ziren, Urubamba ibaiaren haranean baina, haranetik ehunka metro batzuk gorago, hantxe, erpin ez oso altuan, inken zeremonia-gunerik garrantzizkoenetakoa zegoenik ez zuten sumatu ere egin. Denbora luzean segitu zuten inkek han beren erritu sakratuekin, nahiz eta espainiarren menpe bizi.
Machu Picchu Unescoren Gizateriaren ondare zerrendan dago 1983tik, "Machu Picchu Santutegi Historiko" izeneko gune ekologiko eta kulturalaren barnean. 2007ko uztailaren 7an Munduko Zazpi Mirari Berrietako bat izendatu zuten, Lisboan (Portugalen) antolatutako ekitaldi batean, mundu osoko ehun milioi hautesleren bitartez.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.