From Wikipedia, the free encyclopedia
Limoi-marrazoa (Negaprion brevirostris) ur gaziko arrain kartilaginosoa da, Carcharhinidae familiakoa. 3 m inguru luzea da, indartsua eta jatuna, itsaso azpitropikaletan bizi dena.
Limoi-marrazo | |
---|---|
Iraute egoera | |
Kaltebera (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Chondrichthyes |
Ordena | Carcharhiniformes |
Familia | Carcharhinidae |
Generoa | Negaprion |
Espeziea | Negaprion brevirostris (Poey, 1868)
|
Banaketa mapa | |
2-3 metro luze eta 90 kg pisukoak izan ohi dira helduaroan, dena den 4 metro ingurura eta 200 kg-tik gertu izatera irits daitezke. Inoiz neurtutako limoi-marrazorik handienak 3,96 m luze eta 183 kg pisatzen zituen.
Bere lehenengo eta bigarren bizkar-hegatsak ia tamaina berekoak dira, lehengoa apur bat handiagoa besterik izanik. Ezaugarri honek eta bere kolore berde oliba-horixkak asko laguntzen dute marrazo espezie hau identifikatzerako orduan. Bere kolore berde-horixkak limoiaren kolore horiaren antza izugarria du goitik ikusita metro batzuetako sakonerak eragiten duen kolore efektuagatik, hortik dator bere izena. Bular-hegats handiak ditu eta sabel-hegats parea zein uzki-hegatsa erlatiboki handiak ditu. Isats-hegatsak, bestelade, goiko lobulua behehoa baino nabarmen handiagoa du. 5 zakatz-arku pare dauzka.
Hortzak leunak eta triangularrak dauzka, goikoak behekoak baino apur bat zabalagoak.
Begiak txikiak ditu, ikusmen txikia duenaren erakusgarri.
Marrazo guztiek bezala, limoi-marrazoak ere funtzio ekologiko garrantzitsua jokatzen du ozeanoen osasunean, harrapariak izanik harrapakinen populazioak orekan mantentzen ditu eta horrez gain marrazo oso handia ez denez, beste harrpari nagusiagoen dietan ere sartzen da.
Batez ere arrainak jaten ditu, siluriforme ordeneko arrainak, barbarinak, izokinak eta arraiak besteak beste. Krustazeoak eta moluskuak ere jaten ditu. Marrazo gautarra da eta beraz gauean edo ilunabar zein egunsentian ehizatzeko ohitura du. Kanibalismo kasuak ere dokumentatuak izan dira.
Limoi-marrazoa normalean harrapakinarengandik gertu zelatan egoten da eta mugimendu bizkor batekin erasora jotzen du, erasoan hozkada batekin haragi puska bat mozten dio eta larri zaurituta uzten du. Lehenengo pusketarekin denbora gutxi behar da harrapakinarekin erabat akabatzeko. Harrapakinak txikiagoak badira osorik irensten ditu. Askotan, harrapakin ertain-handi bati pusketa bat moztean sortzen den odol eta bestelako jarioen ondorioz beste marrazoak hurbildu eta batu egiten dira frenesira, pusketa bat lortzeko asmoz.
Limoi-marrazoa ez denez munduko marrazorik handienetako bat, beste marrazo handien (tigre-marrazoen, esate baterako) dietan sartzen da. Gaztaroan eta kumeak direnean, marrazo guztiek bezalaxe, harrapari ugari ditu. Jaioberritan beraiek baino handiagoak diren edozein arrainen dietan sar daitezke, baita beste marrazoenetan ere, bere gurasoenetan barne.
Hau ekiditeko jaioberriak mangladi itxietan eta sakonera oso gutxiko eremuetan ezkutatzen dira tamaina nahikoa hartu arte.
Espezie bibiparoa da eta ernaldiak 10-12 hilabete inguru irauten du. Emeak, heldua denean, 4-17 marrazoko kumaldia izaten ohi du urte bakoitzeko, ugalketa udaberri eta uda garaian izanik. Emeek 12-17 urte artean igaro behar dute helduak izateko. Marrazo gehienetan gertatzen den moduan, arrak emearen bular-hegatsetako bat hozkada baten bitartez heltzen du kopulazioa egiten duen bitartean.
Marrazo jaioberri eta gazteek sakonera gutxiko uretan eta mangladien babespean igarotzen dute gaztaroa sakonera gehiagoko uretan ibiltzeko gai diren arte.
Marrazo bakartia izan arren, batzuetan, eta bereziki gaztaroan, adin eta sexuaren araberako talde txikietan batzen da. Hau biziraupena areagotzeko estrategia bat baino ez da, babesa ematen diena harraparien aurka eta harrapakinak ehizatzeko erraztasuna ere ematen diena. Talde txikietan ibiltzeak ematen dizkien beste abantailen artean komunikazio konplexuago bat garatzea eta gorteatzeko teknikak hobetzea daude.
Egunean zehar aktiboa den arren, gauean askoz ere aktiboagoa da. Eguerdian, eguzkiak goia jotzen duenean, itsasoaren hondoan ibiltzen ohi dira atsedena hartzen.
Oso harrapari jatun eta aktiboa da, gauean hondoa elektroerrezepzioaz miatzen du ezkutatuta dagoen harrapakinen bat topatzeko, ehiza teknika hau oso eraginkorra da molusku, krustazeo eta arraiak harrapatzeko.
Marrazo guztiek bezala, limoi-marrazoak ere gizakiok ditugun 5 zentzumenez gain gutxienez beste bi zentzumen ditu, mugimenduak uraren presio aldaketak antzemateko albo-lerroa deituriko lerro organo multzo luze bat, bere muturretik isatsera doan alboko lerro sentsorial bat hain zuzen ere, eta bestetik, elektroerrezepzioa. Elektroerrezepzioa muturrean dauzkan Lorenzini babak izeneko poro ñimiñoekin gauzatzen du.
Limoi-marrazoak itsasoaren hondotik ibiltzen diren marrazoak dira eta bere harrapakin asko itsasoaren hondoan ezkutatzen dira, baita hareaz estali ere. Bizimodu hau eramateko marrazo espezie honek elektroerrezepzio zentzumen handia garatu du eta honi esker harrapakin gutxi ezkutatu daitezke marrazo eder hauengandik.
Usaimena ere oso garatua duen marrazoa da. Ikusmena ez denez bere zentzumenik garatuena, beste zentzumenak gehiago erabiltzen ditu, eta elektroerrezepzioarekin zein entzumenarekin batera usaimena da gehien erabiltzen duena.
Marrazo guztiek bezala, muturrean dituen Lorenzini babez gain, saihets alde osoa luzez zeharkatzen duen albo-lerro izeneko organo sentsoriala du, inguruko mugimenduek eragiten duten presio aldaketak antzemateko eta aditu batzuen ustez, baita magnetismoa edo aldaketa magnetikoak antzemateko ere erabiltzen duen zentzumena da.
Ikusten badu ere, ikusmena ez da bere bertuterik nagusia.
Limoi-marrazoek dastamen hona dute.
Limoi-marrazoaren azala oso sentikorra da tenperatura eta presio aldaketak antzematen. Ukimena marrazo guztiek oso garatuta duten zentzumena da.
Marrazo guztien antzera, limoi-marrazoek entzumen ona dute, bere harrapakinak harrapatzeko entzumena asko erabiltzen duten zentzumena da.
Limoi-marrazoa ozeano Atlantikoko eta Bareako ur tropikal zein subtropikaletan zehar hedatzen da. Ozeano Barean Perutik Kaliforniaraino hedatzen da eta ozeano Atlantikoan Brasiletik Ipar Carolinaraino Amerikako kontinenteari erreparatuz. Afrikan berriz Angolatik Senegaleraino.
Ur tropikal eta subtropikal beroetan bizi da, sakonera gutxiko eremuetan. Mangladiak, koralezko uharriak, badia itxiak eta estuarioak ditu etxetzat. Gazitasun maila ezberdinak jasateko gai da, baita estuarioetan ibai barrura zertxobait bidaiatzeko ere.
Ez du gizakia harrapakintzat, baina itsasertzean eta sakonera txikian bizi den espeziea izanda eta gizakiaren itsasertzearen populazio presioa handiagotzen doala kontutan hartuta, noizbehinka erasoak egoten dira, bai nahigabe gauzatutakoak (harrapakin batekin konfundituta) edo baita lurraldea defendatzeko ala mehatxatuta sentituz gero. Erasoak gehienez hozkada batekin bukatzen dira, baina animalia hauen hortzek zauri larriak eragin ditzakete. Erasoak dena den, oso eskasak dira eta momentuz ez da zenbatu espezie honek eragindako heriotza bakar bat ere.
Gizakiak, ordea, modu zuzen eta zeharkako batean milaka limoi-marrazo hiltzen ditu urtean zehar.
"Ia mehatxatua" egoeran dago IUCN-ren arabera. Aisialdiko arrantza eta kontsumitzeko arrantza zein bere habitataren suntsipena dira arriskurik handienak. Berotze globalak bere habitatak arrisku larrian uzten ditu, koralezko uharriak tenperaturaren igoeragatik azidotu eta hil eta mangladiak uraren igoeraz irensten dituelako.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.