From Wikipedia, the free encyclopedia
Kipua (kitxuaz khipu edo kipu; gaztelaniaz quipu) Hego Ameriketako Andeen eskualdean kontuak egiteko eta gertaerak adierazteko erabiltzen zituzten lokarri korapilodunen multzoa da. Batez ere Inka Inperioan datu estatistikoak (zergak, errolda, uztak) gorde eta igortzeko baliatzen zituzten[1].
Khipu hitzak (ˈkʰipu) ahoskatuta) «korapilo» esan nahi du Cuscoko kitxuaz. Kh hotsa k hasperendua da. Kitxuaren gehiengo dialektoetan kipu esaten da, hasperendu gabea.
Llama edo alpaka artilezko lokarri txirikordatu koloredunak ziren. Kotoizkoak ere baziren. Lokarri hauek, zenbakizko edo bestelako balioak zituzten kodetuak, korapiloak erabiliz. Kipuak zenbat lokarri zituen, lokarrien luze-laburrak, koloreak, zenbat korapilo, eta korapilo horien kokaguneak eta bihurrikadurak gauza desberdinak adierazten zituen; koloreek gauzak, eta korapiloek zenbakiak adierazten zituzten. Kipuek hari gutxi batzuetatik 200era izan zezaketen. Kipua interpretatzeko prestakuntza berezia zuten adituak (quippucamayoc) izaten ziren.
Froga arkeologikoen arabera, kipuen antzeko sistema erabili izan da Andeetako eskualdean K.a. 3000 ingurutik. Baina garrantzi paregabea hartu zuten Inka Inperioko lau lurraldeak (Tahuantinsuyu) administratzeko moduan, batez ere 1450etik 1532ra. Espainiar Inperioak eskualdea konkistatu zuenean, kipuen erabilera guztiz ahuldu zen, europar idazketa sistemak ordezkatua. Hala ere, herrixka askotan kipuek garrantzia izaten jarraitu zuten, baina erabilera erritualarekin eta ez datuak jasotzeko sistema bezala.
Egun, kipuen esanahia ez da guztiz ezaguna, jatorrizko erabilera galdu baitzen. Hala ere, adituen arabera, soken koloreek sailak edo gauzak adierazten dituzte eta korapiloek kopuruak, zeroa barne.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.