From Wikipedia, the free encyclopedia
Josef Bonaparte[1][2] edo Josef I.a (jatorriz, italieraz, Giuseppe Buonaparte; frantsesez, Joseph Bonaparte; Corti, Korsika, 1768ko urtarrilaren 7a - Florentzia, 1844ko uztailaren 28a), Espainian Pepe Botella gaitzizenaz ezaguna, Napoleon Bonaparteren anaia zaharragoa zen eta, haren eskutik, korsikar abokatu, diplomazialari eta politikaria, Napoliko errege (1806 – 1808) eta, azkenekoz, Espainiako errege (1808 – 1813) izan zen.
Josef Bonaparte Cortin (Korsika) jaio zen 1768ko urtarrilaren 7an eta Giuseppe Buonaparte izena jarri zioten. Gurasoak Charles Bonaparte eta Maria Laetizia Ramolino izan ziren, eta anaia gazteagoa, Napoleon.
Zuzenbidea ikasi zuen Pisan (Italia). 1794ko abuztuaren 1ean, Marseillako negozio gizon baten alaba Julie Claryrekin ezkondu zen Marseillan eta hiru alaba izan zituzten:
1796an, Napoleonen Italiako kanpainan hartu zuen parte. Hurrengo urtean, berriz, Lehenengo frantses Errepublika garaian, diplomatiko izan zen Parmako gortean eta, gero, Erroman. 1798an, Direktorio garaiko organo legegilea zen Bostehunen Kontseiluko kide ere izan zen. Napoleondar Gerren garaian, anaiaren ordez ibili zen eta hainbat itun sinatu zuen Ameriketako Estatu Batuekin, Austriarekin, Britainia Handiarekin eta Vatikanorekin. 1806tik 1808ra arte, Napoliko erreinuan izan zen errege anaiak horrela izendatu zuelako.
1808ko maiatzaren 5eko Baionako abdikazioen ondoren, Espainiako koroaren jabe Napoleon zen eta honek ekainaren 6an bertan anaia Josef izendatu zuen Espainiako errege, uztailaren 7ra arte ez bazuen ere ardura hartu, konstituzio berria zin egin eta Baionako Batzarraren fideltasun zinak jaso ondoren.
1808ko uztailaren 20an iritsiko zen Madrilera, maiatzaren 2az geroztik, Independentzia gerran sartuta zegoen erreinura eta, uztailaren 25ean, aldarrikatu zuten errege.
Bailengo porrotaren ondoren, ihes egin beharrean izan zen, Burgosera, Miranda de Ebrora eta, irailaren 22an, Gasteizera. Anaia Napoleonek lagunduko dio bere tropa andanarekin eta Madrilen ezartzea lortu zuen azkenean.
Baionako abdikazioak gertatu eta gero, 1808ko maiatzaren 5ean eta 6an Baionako Marracqeko jauregian jazotakoa, Espainiako koroa Napoleon Bonaparteren esku utzi zuena. Maiatzaren 5ean, Karlos IV.ak uko egin zion Espainiako erregetzari Napoleon Bonaparteren mesedetan. Biharamunean, gauza bera egin zuen Fernando VII.ak, Karlosen semeak.[3] Hilabete bat geroago, ekainaren 6an, Napoleonek Josef anaia izendatu zuen Espainiako errege.[4] Baionako Estatutua, Baionako konstituzioa aldarrikatu zuen, frantsestuak edo Espainiako ilustratuak erakarri nahian. Hala ere, ez zioten inposizioa barkatu eta herriak muzin egin zion erreformismoari.
1809ko abenduan, gaur egun Pradoko Museoa denaren sorrera iragarri zuen, Museo Josefino izena bazuen ere. Espainiako arte lanak Frantziara ateratzen ari ziren eta bertan geratuko ziren horrela. Hala ere, ez zuen eraikitzerik izan eta Espainiako Fernando VII.ak lortu zuen hori 1819an.
Pepe Botella ezizena eman zioten eta alkoholikoaren ospea hartu zuen, abstemioa zen arren. El rey plazuelas ere esaten zioten Madrilen, eliza eta komentuak bota eta plaza ugari inauguratu zuelako. Oriente plaza garrantzitsuenetako bat izan zen, Errege Jauregiaren aurrean.
1812ko uztailaren 22an, Arapilesko porrota izan zuten eta Madrildik ihes egin behar izan zuen berriro. Gasteizen harrapatu eta garaitu zuten Wellingtongo dukearen tropek eta, 1813ko ekainaren 13an, betirako alde egin zuen: Frantzian geratu zen, haren anaia erori arte.
Julie Clary ez zen sekula Espainiara joan eta alabak zaintzen geratu zen Josef hona eta hara zebilen bitartean.
Lehenengo ihesaldiaren garaian María del Pilar Acedo Sarriárekin elkartu zen berriro, Vado eta Etxauzeko kondesa eta Baionako konstituzioa onartu zuten frantsestua zen Ortuño Agirre del Corral Montehermosoko markesaren emaztea. Josefek Espainiako Handi egin zuen markesa eta beste titulu batzuk ere esleitu zizkion. Gasteizko Montehermoso jauregia erosi zion eta momentuko errege jauregia bertan ezarri zuen.
1811n, Parisera joan zen bikotea Josefekin Frantziako Napoleon II.aren bataiora, baina Ortuño Parisen hil zen. María del Pilarrek Josefekin segitu zuen, hark tronua galdu zuen arte.
Badirudi, Jarucoko kondesarekin ere harremanak izan zituela; garestiak gainera, bost bat milioi erreal kostatu zitzaizkiola esaten baita. María Teresa Montalvo O'Farril oso gazte ezkondu zen Kubako gizon aberatsenarekin, baina senarrak kiebra jo zuen Karlos IV.aren gortean. Emakume horren osaba Josefen Gerra ministroa zen eta horrela ezagutu zuten elkar. Hala ere, gazte hil zen eta erregeak berehala begiratu zion haren alaba María Mercedesi, Christophe-Antoine Merlin kapitainaren emaztea zenari. Josefek konde izendatu zuen eta Madriletik urrun izaten ziren lanetan mantendu zuen. Horrela kantatzen zuen herriak:
« | La condesa tiene un tintero donde moja la pluma José primero |
» |
Fineschi opera abeslari italiarra, Nancy Derjeux frantsesa edo Danimarkako enbaxadorearen emazte zen Burkeko baronesa ere izan ziren Josefen amorante.
Espainiako irteeraren ondoren, Josef Ameriketako Estatu Batuetara abiatu zen. Espainiako koroaren bitxiak saldu zituen eta luxuzko etxe bat eraiki zuen Poin Breezen, Philadelphian. Luxuzko altzariak, liburu arraroen bilduma paregabea, eta arte lanez betetako etxea, parke handi batez inguratu zuen, urmael eta guzti.
Jende ospetsu asko izan zuen inguruan: Pennsylvaniako senataria zen Joseph Hopkinson, Nicholas Biddle bankaria, Frances Wright idazlea, Stephen Girard bankari eta filantropoa —garaiko estatubatuar aberatsena—, John Quincy Adams presidentea eta Henry Clay estatu idazkaria, Daniel Webster politikaria edo La Fayetteko markesa. besteak beste.
Ameriketako Estatu Batuetara ere, Josef emazterik gabe joan zen, Europan geratu baitzen hura alabekin, baina han ere amodiorik izan zuen.
1841ean, Florentzian bizitzeko baimena jaso zuen eta hortxe hil zen 1844an. Hala ere, Parisen eman zioten lur, Napoleon III.ak Napoleon enperadorearen eskuinean lurperatzea eskatu zuelako.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.