Jean Michel Larrasket

Eusko Ikaskuntzako Ipar Euskal Herriko presidentea From Wikipedia, the free encyclopedia

Jean Michel Larrasket

Jean Michel Larrasket —frantsesezko idazkeran, Larrasquet— (Paris, Frantzia, 1950eko maiatzaren 22a - Baiona, Lapurdi, 2018ko martxoaren 19a) ingeniaria Baionako Unibertsitateko eta Mondragon Unibertsitateko irakaslea izan zen, baita Eusko Ikaskuntzako Ipar Euskal Herriko lehendakariordea ere 2012tik 2018 arte.[1] Ipar Euskal Herriko garapen ekonomiko eta sozialaren arloan hainbat proiekturen sustatzaile izan zen, bizitza osoan entseatu zen Baionan unibertsitateko adar bat sortzera, lurralde ekintzailetza sustatzeko Eticoop kooperatibako sortzaileetako bat izanik ere.[2][3][4] Euskal Herriko Garapen Kontseiluaren bulegokaren idazkaria ere izan zen.[5]

Bere familia Zuberoako Barkoxekoa izanik, harremana izan zuen beti bere jatorria zen herri horrekin.[6] Bertan ezagutu zuen bere emaztea izango zen Jasone Salaberria hizkuntzalari ermuarra, zubereraren ikerlari izango zena.[7][8]

Okzitaniako Tolosan ingeniaritza ikasita,1980ko hamarraldiko hasieran irakasle hasi zen Baionako IUTn, hamar urte geroago jarduera erdian hasi zen ESTIA Eskolan (Bidarte eta Biarritzeko Industria Teknologia Aurreratuetako Eskolan) eta aldi berean Mondragon Unibertsitatean ere irakasle atxiki gisa Enpresagintza Fakultatean. Azkeneko urteetan, erretiratu baino lehen, katedratiko aritu zen Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitatean. Ikertzaile moduan kudeaketa-zientziaz lan egin zuen, beti ere ekintza kolektibo eta konplexuak bideratu ahal izateko antolaketa kolaboratzaileen ikuspuntutik.[6]

« Jean Michel Larrasketen heriotza galera handia da Euskal Herriarentzat. Euskararekiko eta euskal kulturarekiko bere militantzia nekaezinak gure defendatzaile handienetakoa bihurtu dute.  »

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria[9]

Thumb
Jean Mixel Larrasket eta Marcel Bedaxagar Zuberoako kantu tradizionala (Egunkaria, 1991)[10]

Udako Euskal Unibertsitateko kidea ere bazen, 1986ko sarrera-hitzaldia eman zuen Iruñean "Teknologi berriak eta euskara Iparraldean" gaiari buruz. Beste hitzaldi aipagarri batzuk ere eman zituen, Iparraldeko garapen ekonomiko eta sozialaz, edo kulturaz:[11]

  • Nola ulertu eta antolatu ekintza kolektibo, burutua eta konplexua (1997)
  • AHUZKI: Zuberoko kanta-bilketa sistema multimedian (1991)[12][10]
  • Baionako Unibertsital Institutu Teknologikoaren ikasketak (1988)
  • Informatika lexikografian (1988)

Gizarte mailan ikerkuntzak hartzen duen jite elitistaz kezkatuta, arazo lokalak bideratzeko erabili behar dela errebindikatzen zuen azken urteetan.[13] Bere ikerketak eta irakaskuntza beti tokian tokiko errealitateari lotzea izan zen bere ardura.[4]

« Beraz, iniziatiba eta ekintzailetasunaren balioak goian ezarri behar ditugu. Baina, noski, hau egin behar dugu garapen eramangarriaren betebeharrak defenditzen, bai gure lurralde propioetan eta baita kanpoko komunitateekiko, tolerantzia, errespetu, elkarkidetza, elkar-laguntze eta harrera bezalako baloreakgoretsiz. Partikularzki behar genuke gure aberaste prozesuak eraman munduko beste eskualdeak bipildu gabe, ingurumena zainduz eta kategoria sozial batzuk esplotatu gabe!  »

—Jean-Michel Larrasket[13]

2017an Ikergazte kongresuko batzorde akademikoko kide izan zen Gizarte-zientziak eta zuzenbidea arloan.

Aintzatespenak

Thumb
Baiona Ttipian bikotearen omenezko plazatxoaren kartela.
  • 2019an Baionako Toponimia taldearen ekimenez Jean-Michel Larrasquet izena jarri zitzaion Baiona Ttipiko plazabaratze bati eta 2021ean Jasone Salaberriaren izena gehitu zitzion, pare-pareko etxean bizi izandako bikotea honen lana omendu nahian[14]

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.