From Wikipedia, the free encyclopedia
Jan Sigurd Baalsrud (1917ko abenduaren 13 - 1988ko abenduaren 30) Norvegiako erresistentziaren komando bat izan zen, Bigarren Mundu Gerran Britainia Handiko Armadak entrenatua, aurre egiteko alemanen okupazioari.
Jan Baalsrud | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Christiania, 1917ko abenduaren 13a |
Herrialdea | Espainia |
Heriotza | Kongsvinger, 1988ko abenduaren 30a (71 urte) |
Jarduerak | |
Jarduerak | Erresistentziaren kidea eta instrument maker (en) |
Parte-hartzailea
| |
Jasotako sariak | |
Zerbitzu militarra | |
Gradua | Fänrik (en) |
Parte hartutako gatazkak | Bigarren Mundu Gerra |
Jan Baalsrud Kristianian jaio zen, gaur egungo Oslo, Norvegian, eta 1930. hamarraldian Kolbotn herrira aldatu zen, eta bertan bizi izan zen 1950. hamarraldira arte. 1939an graduatu egin zen lanabes-egile moduan.
1940an, alemanek Norvegia inbaditu zutenean, Baalsrudek Vestfold lurraldean egin zuen borroka. Geroago Suediara egin zuen ihes, baina han espioitzagatik kondenatu eta egotzi egin zuten.
1941ean Britainia Handira iritsi zen, baina ez zuzenean, baizik eta herrialde hauek zeharkatuta: Sobiet Batasuna, Afrika eta AEBak. Britainia Handian bat egin zuen Linge Konpainia norvegiarrarekin. 1943an, beste hiru komandorekin eta zortzi laguneko eskifaiarekin batera, Norvegiara ontziratu zen, helburu bikoitzarekin: Bardufoss herriko aire kontroleko dorre alemana suntsitzea eta jendea errekrutatzea Norvegiako erresistentziarako.
Misioa, “Martin operazioa” izenekoa, pikutara joan zen Baalsrud eta haren lagunak saiatu zirenean Erresistentziako kide batekin harremanetan jartzen, gura barik kontaktu egin baitzuten izen bereko dendari batekin, zeinak salatu zituen.
Biharamun goizean, martxoaren 29an, haien Brattholm arrainontziak —zortzi tona leherkari zeramana eraisteko aire kontrol dorrea— gerraontzi aleman baten erasoa jaso zuen. Norvegiarrek hondoratu egin zuten beraien ontzia, 8 tona leherkari lehertarazita, eta ihes egin zuten ontzi txiki batean. Hala ere, alemanek berehala hondoratu zuten ontzi txikia.
Baalsrudek eta gainerakoek lehorrera egin zuten igeri Artikoko ur hotzetan. Baalsrud bakarra izan zen alemanen atzaparretatik ihes egiten. Busti-busti eginda, elur sakan batera egin zuen alde, eta han Gestapoko ofizial bat hil zuen beraren pistolarekin.
Bi hilabetez ibili zen ihesean, behin baino gehiagotan alemanen eskuetan erortzeko zorian, eta aldi hartan nozitu zituen izoztea eta elurrak eragindako itsutasuna. Bere sasoi txarra zela-eta, norvegiar aberkideen laguntzari esker iraun behar izan zuen.
Revdal inguran zegoela, egurrezko txabola batean, zeinari “Savoy hotela” deitzen zion, Baalsrudek ebagi egin zuen behatz pare bat eskuko laban batekin. Uste izan zuen odola pozoituta zuela, eta hura ateratzeak on egingo ziola.
Handik gutxira, Baalsrud hiltzeko zorian izan zen goi-ordeka batean, esku-ohe batean zegoela elurrez inguratua, bertan 27 egun igaro behar izan zituen-eta eguraldi txarragatik eta alemanen presentziagatik Manndalen inguruetan, Kåfjord-en. Garai hartan, elurrez inguratutako haitz baten ondoan zegoela, Baalsrudek bederatzi behatz anputatu zituen, gangrena gehiago zabal ez zekion. Hari esker salbatu zituen hankak.
Norvegiar aberkideek eraman zuten Baalsrud esku-ohe batean Finlandiarekiko mugaraino. Bertan, sami herritarren esku utzi zuten (Fenno-Eskandinabiako natiboak), zeinek elur-orein talde batekin batera, Finlandian zehar eraman zuten esku-ohe batean, Suedia neutraleraino. Saarikoski herritik, berau Suedia iparraldean, Gurutze Gorriko aireko batek Boden hiriraino eraman zuen.
Baalsrudek zazpi hilabete egin zituen Bodengo ospital suediar batean, harik eta RAFeko hegazkin batek Britainia Handira eraman zuen arte. Berehala egin zuen Eskoziara, eta han lagundu zuen beste norvegiar aberkide batzuk entrenatzen, alemanen okupazioarekin amaitzeko.
Denbora dezente behar izan zuen ikasteko zelan ibili behatz barik. Halako batean, berriro bidali zuten Norvegiara agente gisa, eta hantxe harrapatu zuen gerra amaierak, 1945ean. Alemanek Norvegiatik alde egin zutenean, Oslora itzuli zen, eta bat egin zuen familiarekin, ikusi barik baitzuen bost urte lehenago agurtu zuenetik.[1]
Britainiarrek izendatu zuten Baalsrud Britainiar Inperioko Ohorezko Kide.[2] Norvegiak, berriz, eman zion San Olaven domina Haritz Adarrarekin. Bigarren lotinant izendatu zuten.
Gerra ostean, Baalsrud inplikatu egin zen scout eta futbol elkarte lokaletan, baita Norvegiako Beterano Elbarrien Batasunean ere, non presidente izan baitzen 1957tik 1964ra bitartean. 1962an Tenerifera joan zen, Espainiara, eta han egin zituen urte mordoa. Bere azken urteak, aldiz, Norvegian egin zituen.
1988ko abenduaren 30ean hil zen, 71 urte zituela. Haren errautsak Manndalen herrian daude, bertako herritar baten hilobian, Aslak Aslaksen Fossvoll (1900-1943), Suediara ihes egiten lagundu zion lagun haietako bat.
Urtero, uztailaren 25ean oroimenezko ibilaldi bat egiten da Troms konterrian, eta bederatzi egunez, parte hartzaileek egiten dute haren ihesbidea.[3]
Kolbotn herrian, Norvegian, kale batek Jan Baalsruds plass izena du (Jan Baalsrud txokoa), haren ohorez.[4]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.