gipuzkoar bertsolaria From Wikipedia, the free encyclopedia
Iñaxi Etxabe Oliden (Oikia, Zumaia, 1933ko martxoaren 26a - 2020ko uztailaren 11[1]) gipuzkoar bertsolaria izan zen.[2]Bertsopaper asko idatzi zituen, eta XX. mendeko emakume bertsolarien aitzindarietako bat izan zen.[3] Gizonezkoen esparrua debekatuta, bertso jarrietara bideratu zuen jarduna.[4][5]
Iñaxi Etxabe | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Oikia, 1933ko martxoaren 26a |
Bizilekua | Zarautz |
Heriotza | 2020ko uztailaren 11 (87 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | bertsolaria |
Iñaxi Zumaiako auzo den Oikian jaio zen, bi bizitzako Soutz baserrian, hamaika senideko familian gazteena izan zen. Aita Jose Manuel, Aizarnazabalgo Erlauta baserrikoa, eta ama Manuela, Oikiako Iparre baserrikoa, maizter sartu ziren Soutzen. Senideetako hiru, bera baino zaharragoak, jaio berritan hil ziren; laugarren bat, 36ko gerran. Hortaz, Iñaxik zazpi anai-arreba ezagutu zituen. Oikian jaio ziren denak. Bertako eskolara hasi zen Iñaxi, bost bat urterekin. Maistra zumaiarra eta euskalduna zuen, Angelita Zinkunegi, zeinek ikasleei euskaraz mintzatzea onartzen zien eta gainera jolaserako pilotak egiten zizkien. Pilotari ona izan zen. 14 urterekin eskola utzi eta etxekoekin lanean aritu zen. Kantatzea beti gustatu izan zitzaion eta behizain joaten zenean beti eramaten omen zuen patrikan aitak edo anaietakoren batek ekarritako bertso-paperen bat. Iñaxik kantatuz-kantatuz denak buruz ikasten omen zituen. Hamazazpi urte zituela josten ikasten hasi zen. Munioz-soroko jostundegian bertako bi ahizpa aritzen ziren josten. Margarita zen ofizioa zekiena eta Pepita, harekin batera aritzen zen ahizpa gazteagoa; eta bertsozalea zena. Josten aritzen ziren hiru-lau orduetan hitz egin, kantatu, errezatu eta dena egiteko aukera izaten omen zuten. 23 urterekin, Zarautzera joan zen neskame lana egitera. Geroztik han bizi izan zen.[6][7]
1955ean idatzi zituen aurreneko bertsoak, eta geroztik ez zen geratu langintza horretan. Arantzazun bostehun pezetako sariketa bat irabazi zuen 1956an. Bertso haiek soroan baina biltzen ari zela atera zituen. [8] Jendaurreko lehen saioa San Frantziskoren hirugarren ordenakoen urteko lagunarteko bazkarian izan zen. Gero Arantzazun, gogo- -jardunak egitera joan zenean. Bertako aldizkarian argitaratu zituen geroago bertso idatziak. Eta beti jirabira horretan gauzatu zen bere jarduna. Hala ere, ez zuen tabernetan bertsotan inoiz egin, garai haietan emakume izanik fama txarra hartuko zuenaren beldurrez. [6] Bertso idatziak landu izan ditu, gehienbat. Nahiz eta plazandrea ez izan, plazan bertsotan egin zuen lehenengo emakumeetako bat izan zen emakumeei plazan eta tabernetan bertsoak kantatzea ukatzen zitzaien garaian.[9]
Inazio Eizmendi "Basarri"rekin ere abestu zuen. Aski ezaguna da berarekin izandako ika-mika. Basarrik behin emakumeak gaizki egiten zituzten gauzak aipatu zituen egunkarian, eta Iñaxik horiei erantzun zien, gizonezkoek gaizki egiten zituzten gauzak aipatuz. Oso sonatua izan zen sortu zen eztabaida eta saltsa. 2013an bertso haiek entzuteko aukera izan zuten Zarautzen.[10][7]
Iñaxik, batipat erlijio jaietan kantatu izan du: ezkontzetan, elizan, urrezko ezteietako bazkarietan. Hirugarren Ordeneko bazkaritan ere urtero abestu izan du; Euskal Jaietako herri mezan ere bai; Azpeitian, Oiartzun eta Algortan. kantatu izan du. 2011n, Gabonetan, La Salle ikastetxeko haurren artean abestu zuen bilobaren ondoan, baita bere nebaren hiletan ere. Iñaxi Etxabe Oliden andreak 1968. urtean Maria Etxetxiki zenari bertso batzuk abestu zizkion. 2011n Maria Etxetxiki eraikuntza berriko sarreran jarri zituzten bertso horiek.[11]
2015ean Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako antolatzaileek Etxabe hautatu zuten irabazleari txapela jartzeko eta horrekin batera plazan bertsoak kantatzea ukatu zaien emakumeei gorazarre egiteko.[12]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.