From Wikipedia, the free encyclopedia
Ergatiboa (grekotiko εργάτης —ergátis—, "langile", laburdura ERG) gramatika kasu bat da, hizkuntza ergatibo-absolutiboetan izena aditz iragankor baten subjektutzat markatzen duena. Mendebaldeko Europan, hizkuntza ergatibo bakarra euskara da, baina munduan ezaugarri hori duten beste asko daude: buruxaskia, yaghnobia, tibetera, georgiera, groenlandiera, txetxeniera eta beste kaukasiar hizkuntza batzuk, hizkuntza maiak, mixe-zokeak, eta Australiako zenbait hizkuntza aborigen, hala nola wagiman hizkuntza. Ithkuil eta na'vi hizkuntza artifizialek ere darabiltte.
Tipologia lanek erakusten dutenez,[1] zabaldu samar daude munduan zehar, eta hizkuntza guztien % 10-20 bide dira, ziurrenik; baina, era berean (eta hortik dator bai gurean eta bai kanpoan piztu duen eta pizten duen interes handia), euskara uhartea da Europan, nominatibo-akusatibo moduko indoeuropar hizkuntzez inguratuta baitago (erromantzeak, germaniarrak, zeltak, albaniera, greziera, balto-eslavierak) eta uraldarrez (hungariera, finlandiera, estoniera).[2]
Euskara ergatiboa dela esaten denean, argumentuen alineazioaz hitz egiten da, hain zuzen ere, aditz iragangaitz eta iragankorren subjektu eta objektuen alineazioaz. Hala, ergatibo terminoak adierazten du berdinak direla subjektu iragangaitzek eta objektu zuzenek hizkuntzan agertzen dituzten gramatika-portaerak eta ezberdinak, berriz, subjektu iragankorrek erakutsitakoak.
Adibidez:
Ni joan n-aiz. Ni-k Ana ikusi du-t. Ana-k ni ikusi n-au.
Adibideek erakutsi bezala, euskaraz bai aditzek, bai argumentuek (subjektu zein objektuek) beren arteko harreman sintaktikoak zeintzuk diren adierazten duten marka morfologikoak hartzen dituzte. Aditzen markaketa komunztaduraren bidez gauzatzen da eta argumentuena, kasuen bitartez. Nahiz lehenengoan, nahiz bigarrenean, marka morfologikoen banaketa antolamolde ergatibo hari egokitzen zaio: bai joan aditzaren subjektu iragangaitza, bai ikusi aditz iragankorraren objektu zuzena, bi-biak ere berdin ematen dira, hau da, ageriko markarik gabe eta, gainera, bai batak bai besteak /n-/ aurrizkiaren presentzia dakarte aditzean; ikusi aditz iragankorraren subjektua, berriz, oso bestela, /-k/ atzizkiaz markatuta ageri da eta aditzean /-t/ atzizkiaren bidezko komunztadurak aurrizkia ordezkatzen du. Gainera, aditz laguntzailearen hautaketak berak ere hizkuntzaren ergatibotasuna erakusten du zeharka, izan ere, ergatibodun testuinguruetan *edun eta *ezan erroak darabiltzagu eta ergatibogabeetan, izan eta *edin.
Oro har, euskarak oso modu kontsistentean eusten dio eskema ergatiboari. Badira salbuespen gutxi batzuk, ezberdintasunen neutralizazioaren ondorio direnak. Argumentuen kasu-markaketari dagokionez, euskara batuan erakusle pluralen forman aurkitzen dugu neutralizazioa (hauek, horiek, haiek berdin balio dute ergatiborako nahiz absolutiborako) eta mendebaldeko eta erdialdeko euskalkietan mugatzaile pluralarenean (-ak mugatzaile plurala berdin egiten da absolutiboan nahiz ergatiboan). Ildo beretik, nahaste handi samarra dago batzuk / batzuek mugatzaile zehaztugabean, hor ere neutralizazioak gertatzen baitira euskalkien arabera: zenbaitetan batzuk aldaerak bietarako balio du, beste zenbaitetan batzuek bietan erabiltzen da, bestetan bereizketak egiten dira, eta abar. Bi arrazoi ditugu neutralizazio horien guztien azpian: batetik, pluralgilearen eta ergatiboaren arteko homomorfia (-k) eta, bestetik, bilakabide fonologikoak.
Aditz komunztaduraren ere, markatze ergatiboa neutralizatu egiten da alegiazko eta lehenaldiko zenbait adizki jokatutan, delako ergatiboaren lekualdaketa tarteko. Hori erakusten dute ondoko adibideek:
Gu gazteak ginen / bagina. Gu-k Peru-Ø ikusi genuen / bagenu. Peru-k gu-Ø ikusi gintuen / bagintu.
Lehenbiziko adibidean gu da subjektua eta absolutiboan dago: aditzean uzten duen marka /g-/ da, gu gara edo gu ikusi gaitu esaten dugunean uzten duen marka berbera.
Ikus dezagun orain bigarren adibidea. Arruntean, Peru guk ikusi dugu esaten dugunean /-gu/ marka erabiltzen dugu lehenbiziko pertsona pluralerako, eta marka adizkiaren amaieran doa: dugu; baina, ohartzen bagara, bigarren adibidean ez da holakorik gertatzen: Peru ikusi genuen diogunean, gara-ginen eredua segitzen dugu /g-/ hasieran jarriz, eta ez dugu adizkiak markatzen duen forma erregularra. Forma erregularra *zugun izango litzateke, *zugun edo horren eskemaren ildotik zenbait hizkeratan agertzen den zegun adizkiaren tankerakoak. Hori horrela, atzizkiaren bidezko markatze bereizgarria galduta, komunztadura-sistemak subjektu iragankorrak subjektu iragangaitzekin eta objektuekin parekatzen ditu.
Munduko hizkuntzetan, arruntak dira alineazioen hausturak edo erdibiketak: hau da, hizkuntza askok sistema mistoak dituzte, ezaugarri gramatikal jakin batzuen arabera berrantolatzen dutelako alineazio-sistema. Adibidez, dyrbaleran izenen kasu-markaketak eskema ergatiboari jarraitzen dio; izenordainenak, ordea, eskema nominatibo-akusatiboari. Neutralizazioak neutralizazio, euskarak ez du erdibiketarik, ez behintzat orain arte ikusi ditugun adibideen argitan: neutralizazioak oso bakan daude eta ez dira alineazio-sistemaren aldaketa bat egon dela justifikatzeko bezain sendoak eta orokorrak. Auzi horretan, komunztadura sistemako ergatiboaren lekualdaketak sortu ditu, beharbada, zalantza handienak. Hala ere, esan daiteke gaur egun gramatikariek, Ortiz de Urbinaren (1989) arrazoiak bere eginda, aho batez baztertzen dutela erdibiketaren hipotesia.
Aurreko aurkezpenak ñabardura bat eskatzen du. Ez nolanahikoa, gainera, ñabardura horrek euskararen kasu-sistemaren definizioari berari eragin diezaioke eta. Ikus ondorengo adibideak:
Ni atzerrira joan naiz aurten. Ni-k atzerrira bidaiatuko dut aurten.
Biak iragangaitzak izan arren, joan eta bidaiatu aditzek ezberdin jokatzen dute kasuari eta komunztadurari dagokionez. Joan aditzaren portaera lehen deskribatutakoa da, hots, subjektua absolutiboan agertzen da eta aditzeko komunztadura /n-/ aurrizkiaren bitartez adierazten da. Berria eta aditz iragankorrenaren parekoa da, ordea, bidaiatu aditzarena: subjektuak ergatibo marka hartzen du eta aditzak /-t/ atzizkia erakusten du. Gramatikariek lehenengoei aditz ezakusatiboak (edo inakusatiboak) eta bigarrenei ezergatiboak (edo inergatiboak) esaten diete, nahiz eta aspaldi ohartu ziren deitura horiek guztiak desegokiak eta nahasgarriak direla hizkuntza ergatiboetarako. Hemen iragangaitz absolutibodun eta ergatibodun deituko diegu hurrenez hurren, guztiz deskribatzaileak (horratik ez arazogabeak) diren bi termino baliatuz.
Tipologia lanek bi alineazio-sistema bereizten dituzte hizkuntza ergatibodunetan aditz iragangaitzen jokamoldearen arabera:
Dena dela, askoz korapilatsuagoa da gaia eta oraindik argitzeke dago auzia. Gramatikariek karakterizazio biak, ergatiboa[3] zein aktibo-ezaktiboa/pasibo-ezpasiboa[4], aldeztu dituzte, sarri datu bertsuak gogoan dituztela. Gainera, bada hirugarren aukera bat ere[5], alineazio morfologikoa eta hurrengo ataleko alineazio sintaktikoa uztartu nahirik euskara hizkuntza ergatibo hedatua, alegia, hizkuntza nominatibo-akusatiboen azpimultzoa dela adierazten duena.
Hiru ardatz nagusi izan ditu gaiaren inguruko eztabaidak:
Orain arte kasu- eta komunztadura-marken formari begiratuta zehaztu da euskararen alineazio-sistema. Bi ezaugarriak morfologikoak dira eta, beraz, deskribatutako sistema morfologiari dagokio. Horiez gain, gramatikariek ezaugarri sintaktikoak ere hartzen dituzte kontuan hiru argumentuen portaera konparatzerakoan. Konparazioaren emaitza hizkuntzaren alineazio- edo kasu-sistema sintaktikoa izango da.
Hainbat test erabili dira gramatika-lanetan euskararen alineazio-sistema sintaktikoa zehazteko, batik bat, kontrola, izenordain elkarkariak, agintezkoak, nominalizazioetako argumentuen genitibotzea, juntadura eta erlatibotzea. Bost test horien argitan, euskarak funtsean sistema nominatibo-akusatiboa dauka. Hala erakusten dute lehen laurek. Gainontzekoetan, berriz, neutroa da portaera, hau da, hiru argumentuak bereizten ez dituena, eta beraz, zilegi litzateke sistema mistotzat jotzea. Ergatiboa, sekula ez. Nolanahi ere, lehen hiru testak gailenduta, hizkuntzaren nominatibo-akusatibotasuna hobetsiko dugu hemen, atalaren izenburuan jaso bezala.
Kontrola dugu, dudarik gabe, hizkuntzaren nominatibo-akusatiboasun sintaktikoaren erakusgarri nagusia[6]. Kontrola ageri da mendeko perpaus jokatugabeko subjektu isilaren eta perpaus nagusiko argumentu aurrekari baten artean menpekotasun bat gertatzen denean. Aurrekari hori gabe ezin dugu identifikatu mendeko perpausaren subjektu horren izaera. Kontrol egituretan, hortaz, mendeko perpaus baten subjektu isilak duen erreferentzia gorago dagoen elementu nominal batek zehazten edo gobernatzen du. Ikus ditzagun gaztelaniazko adibide hauek:
Lehenbiziko adibidean, kontrolatzailea perpaus nagusiko Juan da, eta mendeko perpauseko subjektu isila, Juan bera. Ikusten denez, subjektu isil hori PRO izeneko kategoria batekin aurkezten da hemen. Beraz, goiko subjektuak, goiko aurrekari horrek, beheko subjektua hartzen du kontrolpean. Bigarren adibidean, ordea, mendeko perpausaren aurrekaria yo da (esaldian, me, hau da, "ni" euskaraz), hots, neuk kantatuko dut jaialdian, ez Juanek. Bigarren kasuan ez du goiko perpauseko subjektuak kontrolatzen mendeko perpausaren subjektua, baizik perpaus horretako aditzaren beste argumentu batek (me).
Hizkuntzaz hizkuntza, ezberdintasunak daude kanpoko argumentu batek menpeko zein argumentu kontrola dezakeen. Hizkuntza nominatibo-akusatibo sintaktikoetan, kontrolpeko argumentua mendeko subjektua da beti eta berdin du mendeko aditza iragankorra edo iragangaitza den. Munduko hizkuntza gehienak mota horretakoak dira. Gaztelaniazko adibideek erakusten dute portaera hori: Me mandó [PROi venir] (Etortzeko agindu zidan) edo Mei mandó [PROi operar al paciente] (Pazienteari ebakuntza egin niezaion agindu zidan), baina ez *Juan mei ordenó [el médico operar PROi] (Juanek sendagilea ebakuntza egiteko agindu zidan). Hala ere, hizkuntza sintaktikoki ergatiboetan, dyrbaleraz kasu, kontrol aukerak argumentuen kasu-markaketaren araberakoak dira: absolutiboaz markatzen dituzten objektu zuzenak eta subjektu iragangaitzak kontrola daitezkeen bakarrak dira. Horrela, gaztelaniazko azken bi esaldiak gogoan hartuta, dyrbaldar batek Juan mei ordenó [el médico operar PROi] erabiliko luke eta Mei mandó [PROi operar al paciente] (Pazienteari ebakuntza egin niezaion agindu zidan) baztertuko (mendeko perpausa antipasibo egin ezean, behintzat).
Euskaraz kontrol egitura argiak aurkitzea zailago den arren, egon badaude. Jo dezagun honako esaldi hauetara:
Mendeko perpausa giltzak hartzea da bietan, eta hor bada subjektu isil bana. Subjektu isilak lehenbiziko pertsona singularrekoak izan behar dira, perpaus nagusiko ergatibozko edo datibozko argumentuek kontrolpean hartzen baitute:
(Niki) Ahaztu dut [PROi,*j giltzak hartzea]. (Nirii) Ahaztu zait [PROi,*j giltzak hartzea].
Kontrol datuetan, euskara gaztelaniarekin dator bat, ez dyrbalerarekin, goiko adibideen antzeko ondorengo esaldiek erakusten dutenez:
(Nirii) Ahaztu zait [PROi zure etxetik pasatzea]. (Nirii) Ahaztu zait [PROi Elene hartzea]. *(Nirii) Ahaztu zait [Elenek PROi hartzea].
Mendeko perpauseko aditza iragangaitza (pasatu) da lehenbiziko adibidean eta iragankorra (hartu) beste bietan. Guztietan, perpaus nagusiko datibo argumentuak kontrolatzen duen (edo harekin erreferentzikidea izan behar duen) PRO izenordain isil bana agertzen zaigu: lehenbizikoan, aditz iragangaitzaren subjektua da eta bigarrenean eta hirugarrenean, aditz iragankorraren subjektu eta objektua, hurrenez hurren. Ikus daitekeenez, mendeko subjektuetara mugatzen da kontrola euskaraz; kontrolpeko objektua duen *(nirii) ahaztu zait [Elenek PROi hartzea] esaldia, Ahaztu zait Elenek hartuko nauela esan nahi duena, ezinezkoa da.
Horixe erakusten dute orain arte esandakoa osatzearren -tzen jakin eta -tzen hasi kontrol-egiturez baliatuta hona dakartzagun beste bi adibide-sorta hauek:
Anderreki ez daki [PROi hemendik horra iristen]. Anderreki ez daki [PROi lagunak zaintzen]. *Anderreki ez daki [lagunek PROi zaintzen].
Anei hasi da [PROi goiz altxatzen]. Anei hasi da [PROi lagunak etxera gonbidatzen]. *Anei hasi da [lagunek PROi etxera gonbidatzen].
Haustura argia gertatzen da, beraz, morfologiaren eta sintaxiaren artean. Adibideek erakutsi bezala, morfologiak ezberdintzen dituen subjektu iragangaitz (ABS) eta iragankorrek (ERG) batera jokatzen dute sintaxian; gainera, sintaxiak banandu egiten ditu morfologikoki parekoak diren subjektu iragangaitzak eta objektu zuzenak (ABS).
Alineazio nominatibo-akusatiboaren aldeko ebidentzia osagarria ematen digute aginterazko adizkiek (Oyharçabal 1999 eta batez ere Fernández 1997). Test horretan, hiru argumentuetatik aginduaren hartzailea zein den hartzen da kontuan. Euskaraz, agindu-hartzailea, lehen, bigarren edo hirugarren pertsonakoa izan, agintezko perpauseko subjektua da. Har ditzagun ondorengo adibideak. Lehen esaldi sortan iragangaitzak ditugu hiru aditzak eta, ikus daitekeenez, subjektuek adierazitako gu, hi eta hura horiek hartzen dute, hurrenez hurren, joateko agindua. Bigarren sortak ere gauza bera erakusten digu, baina hor, aditzak buka eta utzi iragankorrak dira.
Goazen zerbait jatera. Hoa pikutara! Bihoa / Doala arazoa konpontzera.
Buka dezagun lana! Utz iezaoik jolasten! Buka beza / dezala!
Ez da hala gertatzen aditz iragankorren objektuekin. Agindua hartzen duena aginte-perpausetako subjektuekin beti dator. Har ditzagun ondorengo perpausak:
#Utz nazazu bakean. #Eraman zaitzatela nire paretik! #Kolore argiz jantz dezagun.
Gauza jakina da Nafarroako parte batean eta Iparraldeko euskalkietan, nominalizazioen objektu zuzenek genitibo kasua har dezaketela absolutibo kasuaren ordez (Heath 1972, EGLU-I 1985, Ortiz de Urbina 1989, Oyharçabal 1992):
Jon lagunak ikustera joan da. Jon lagunen ikustera joan da.
Absolutiboaren eta genitiboaren arteko alternantziak murriztapen sintaktiko zorrotzak ditu. Horietako bat da garrantzitsua hemen. Hurrengo adibideetan ikus daitekeenez, objektu zuzenek txandakatzea onartzen dute, baina ez subjektuek, zeinahi ere den aditza:
[Peruren ikustera] Joateko esan die. [*Peruren etortzeko] Esan die. [*Peruren bazkaria prestatzeko] Esan digu aitak ('Peruk afaria prestatzeko' adieran) [Artiagoitia (2000:192)].
Beraz, adibide horietan berriro ere ikusten da morfologiako eredu ergatiboa sintaxi mailan hausten dela eta hizkuntzaren sintaxia subjektu-objektu oposizioan oinarrituta, eskema nominatibo-akusatibo baten arabera egituratzen dela.
Alineazio sintaktikoaren ohiko testa da juntadura edo koordinazioa. Test horretan, argumentu komuna duten bi perpaus eta juntagailuaren bitartez batzen ditugu, argumentuaren bigarren aipamena (bigarren juntagaikoa, alegia) isilduta. Horrela, Miren unibertsitatera joan da eta Mirenek irakaslearekin hitz egin du perpausak koordinatuta, esaldi hau osatzen dugu: (isildutako argumentuak azpimarra batez adierazi dira ataleko adibide guztietan.)
Mireni unibertsitatera joan da eta _i irakaslearekin hitz egin du.
Bada, test horrek perpaus koordinatu bietako argumentu komunek zein funtzio sintaktiko betetzen dituzten jotzen du irizpidetzat hizkuntza nominatibo-akusatiboak eta ergatiboak sintaxian bereizterakoan. Hizkuntza sintaktikoki nominatibo-akusatiboetan argumentu biak subjektuak izan behar dira, aditz iragangaitzenak zein iragankorrenak izan; hizkuntza sintaktikoki ergatiboetan, ordea, markaketa morfologiko ergatiboarekin bat datorren banaketa agertzen da, esan nahi baita absolutiboz markatuta egon behar dutela biek. Ingelesa eta, berriro ere, dyrbalera dira hurrenez hurren bi hizkuntza moten adibideak. Ikus ingelesezko hurrengo bi esaldiak:
Wei returned home and _i saw you (Etxera itzuli ginen eta ikusi zintugun). *We saw youj and _j returned home (Ikusi zintugun eta etxera itzuli zinen).
Ingelesezko lehen adibidea gramatikala da erreferentzikideak diren We eta elementu isila subjektuak direlako biak. Oso bestela gertatzen da bigarrenean. Adibide horretan, guztiz ezinezkoa da funtzio sintaktiko ezberdinak dituzten you objektu zuzena eta subjektu isila kateatzea eta, horregatik, ingelesak you izenordaina agerian behar du nahitaez bigarren juntagaian ere (We saw you and you returned home). Dyrbaleraz ingelesezkoaren alderantzizkoa aurkitzen da. Bigarren esaldiaren parekoa zuzena da bere horretan, kasu absolutiboan markatutakoak (objektu zuzena eta subjektu iragangaitza, hurrenez hurren) direlako kateatutako argumentu biak; eta okerra lehena, bata ergatibokoa (subjektu iragankorra) eta bestea absolutibokoa (subjektu iragangaitza) direlako. Horren ordez dyrbaldarrek _i saw you perpausa iragangaitz eta subjektua absolutiboko bihurtu behar dituzte antipasiboa bitarteko.
Euskarara etorriz, gure hizkuntzaren portaera ez zaio ez batari ez besteari atxikitzen[7], nahiz eta fenomenoan parte hartzen duten zenbait faktorek eraginda sistema nominatibo-akusatiboen ezaugarri bat ikusi den hor inoiz[8]. Euskararen sistema neutroa da, testuinguru egokian elementu isila edozein posiziotan eman dezakeena. Hala erakusten du ondorengo esaldi sortak. Haietan agertzen diren konbinazioak zerrendatu ditugu:
Andoniki lana laga zuen eta _i gurasoen kontura bizi izan zen. Mikeleki Ander jo du eta amak _i gogor zigortu du. Duela bi urte gazte bati desagertu zen Deban eta atzo poliziak _i firi-fara aurkitu zuen Elxen. Kristina andereñoaki umeakj oso ondo eramaten ditu eta, horregatik, _j ez zaizkio inoiz asaldatzen. Presidenteak Mikeli beranduegi proposatu zuen kargurako eta enpresa-batzordeak ez zuen _i hartu.
Ezin ukatu badagoela lortzen zailxeagoa den konbinazio bat, objektu zuzenak eta subjektu iragankorrak ordena horretan juntatzen dituena. Baina zailtasunak zailtasun, gramatikala da esaldia.
Aitak umeai ikastolan utzi zuen eta _i klasera joan zen (Oyharçabal 1999 lanetik moldatua).
Argi dago, beraz, juntadurak portaera nominatibo-akusatibotik eredu neutrora besteratzen duela hizkuntza. Alabaina, eta lerratzearen inportantzia gutxitu gabe, azpimarratu beharra dago hemen, eredu bien arteko diferentziak gora-behera, subjektuek batera jokatzen dutela orain arteko test guztietan.
Jakina da hizkuntzetan ez direla izen sintagma guztiak erlatibogarriak. Guretik atera gabe, euskaraz *Ander ezkondu zen Mirenek diru asko zuen esaldia (Mirenek diru asko zuela eta Ander Mirenekin ezkondu zela adierazi nahi duena) txarra da euskaraz, hizkuntzak debekuak ezartzen dizkiolako postposizio sintagmen (“izen sintagma adberbialen”) erlatibotzeari (Oyharçabal 2001). Tipologoak aspaldi ohartu dira hizkuntzatik hizkuntzara diferentzia handiak daudela erlatib0otzen dituzten izen sintagmetan eta diferentzia horietako batzuk sistemen alineazioaren eskutik joan daitezkeela. Bada, zenbait hizkuntzatan (malgaxea, javera, e.a.) subjektuak bakarrik erlatibotzen dira eta beste zenbaitetan (dyrbalera, txuktxiera, inuitera, e.a.) absolutibo kasuko argumentuak bakarrik. Lehenengoak sintaktikoki nominatibo-akusatiboak dira, funtzio sintaktikoak aintzat hartuta ebakitzen dituztelako erlatibogarriak (subjektuak) eta erlatibaezinak (gainerakoak); bigarrenak ergatiboak dira, subjektu iragangaitzei eta objektu , alegia, absolutiboei bakarrik eragiten dielako.
Erlatibotze aukerak nahiko zabalak dira euskaraz, batez ere perpaus erlatibo jokatuetan. Izan ere, subjektuek, objektu zuzenek, zehar objektuek (edo bestela esanda, ergatiboek, absolutiboek, datiboek) eta, murriztapenak gorabehera, postposizio sintagmek, denek hartzen dute parte fenomeno sintaktiko horretan, ondoko adibideek erakusten dutenez:
[ _i Finala irabazi zuen] Pilotarii gazteak pozarren jantzi zuen txapela. Egun hauetan [komunikabideek _i eman dituzten] albisteaki lazgarriak izan dira denak. [Bankuak dirua _i ukatu dion] Enpresariaki arazoak ditu orain enpresa aurrera eramateko. [Hori _i gertatu zen] Uneani kanpoan nengoen.
Nekezago lortzen dira horietako aukera batzuk partizipiozko perpaus erlatibo adberbialetan (-tako / -riko). Oyharçabalen (2003) hitzak hona ekarriz, “zenbait hiztuni zail zaie perpaus iragankorretan erlatibotutako ergatiboko izen sintagmak egoki batetik kanpo onartzea”. Horrela, ondoko bi adibideetan aita zigortu dutela eta sailkide txantxazalea zuzendari izendatu dutela ditugu irakurketa nagusiak (eta bakarrak?):
[Gogor _i _j zigortutako] aita / [_i _j Zuzendari proposatutako] sailkide txantxazalea.
Kontuan izanik objektu zuzenak ez ezik, subjektu iragangaitzak (mendian ibilitako gizona, itsasoz etorritako etorkinak) ederki egokitzen direla egitura horietara, noiz edo noiz ergatibotasun sintaktikoaren zantzuak ikusi dira partizipiozko perpaus erlatibo adberbialetan. Alabaina, ez da hori karakterizazio zuzena. Hobespenak hobespen, ergatiboko argumentua erlatibotzen duten esaldiak guztiz onak dira euskaraz, batez ere testuinguruak egitura eta irakurketa argitzen digunean (Arregi 2003, Fernández & Ortiz de Urbina 2007, Oyharçabal 2003), esaterako, adibide hauetan:
[ _i Asko ikasitako] gizonai / [ _i Hamaika txapel irabazitako] aizkolariai / [ _i Hainbat liburu idatzitako] idazleai.
Hori horrela, erlatibozko perpausetan argumentuen alineazio neutroa, subjektuak eta objektuak berdintzen dituena aurkitzen dugu beste behin. Baina, aurrekoa berriro esan dezagun, test guztiek erakusten digute euskaraz subjektuek batera jokatzen dutela beti sintaxian eta, beraz, oso sendoa dela maila horretan hizkuntzaren nominatibo-akusatibotasuna, hau da, euskarak subjektu eta objektu funtzio sintaktikoen arteko oposizioa duela argi eta garbi sintaxiaren oinarri.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.