From Wikipedia, the free encyclopedia
Gaskoia[1] okzitanieraren dialekto bat da,[2] Gaskoiniako lurraldean hitz egiten dena, hau da, Frantziako hego-mendebaldeko bederatzi departamendutan eta Kataluniako Aran eskualdean. Ipar-ekialderantz Garona ibaiak nolabaiteko muga ezartzen du, eta Pirinioek eta Euskal Herriak egiten dute muga hegoaldean[3]. Frantziar estatuan ez da hizkuntza ofiziala, alta Kataluniako Erkidego Autonomo osoan hizkuntza ofiziala da[4].
Gaskoia | |
---|---|
gascon | |
Datu orokorrak | |
Lurralde eremua | Frantzia Espainia Euskal Herria |
Hiztunak | 250.000 inguru |
Rankinga | Ez 100 mintzatuenen artean |
Ofizialtasuna | Aranera ( Katalunian) |
Eskualdea | Gaskoinia, BAB eta Xarnegu Herria (Euskal Herria), Arango harana (Katalunia) |
UNESCO sailkapena | 3: arriskuan |
Hizkuntza sailkapena | |
giza hizkuntza indoeuropar hizkuntzak hizkuntza italikoak hizkuntza erromantzeak mendebaldeko hizkuntza erromantzeak hizkuntza galo-iberiarrak hizkuntza galo-erromantzeak Hizkuntza okzitaniar-erromantzeak okzitaniera | |
Informazio filologikoa | |
Hizkuntza-tipologia | subjektu aditza objektua eta silabadun hizkuntza |
Alfabetoa | latindar alfabetoa |
Hizkuntza kodeak | |
ISO 639-3 | gsc |
Glottolog | gasc1240 |
Linguasphere | 51-AAA-fa |
Linguist List | oci-gsc |
UNESCO | 352 |
IETF | oc-gascon |
Endangered Languages Project | 8631 |
Azkenaldi honetan, haren erabilera guztiz murriztu da XIX. mendean bi milioi hiztun zirela uste da[3], baina egun 250.000 hiztun inguru ditu[5].
Erromatarren agintaldiaren aurretik, Gaskoinian hitz egiten zen hizkuntza, akitaniera, antzinako euskararen ahaide zen. Izan ere, gascon hitza bera latinezko vasco, vasconem errotik dator. Badirudi, beraz, Gaskoiniako hiztunek euskalduntzat zutela beren burua, nolabait ere. Frogatuta dago gaskoiak euskal substratua duela: horrek azaltzen ditu gaskoiaren eta okzitanieraren gainerako dialektoen arteko ezberdintasun nagusietako batzuk.
Substratu horren aztarnak hizkuntzan ere aurki daitezke. Lexikoan latin jatorriaren aztarnarik gabeko hitzak aztertu eta euskararekin parekatu ditu Gerhard Rohlfs filologoak. Josep Crivillé i Bargalló etnomusikologoak gaskoiaren berezitasun fonetikoen jatorria antzinako euskaran zekusan, latinetik modu berean moldatu baitzituzten hitz ugari[6].
Substratu horretatik datorkeen gaskoiaren ezaugarrietako bat latinetiko maileguetan hitz hasierako f- gaskoiz h- bihurtu izana da. Adibidez, latinezko festa («jaia») hitzean, soinu hori ahuldu eta [h] hasperendun bihurtu zen, eta gero, zenbait tokitan, erabat galdu. Substratuaren aldeko teoriak dioenez, euskarak garai hartan /f/ fonemarik ez izatea horren arrazoia da. Beraz, hitz horrek gaskoiz hèsta [ˈhɛsto] edo [ˈɛsto] formak hartu ditu. Gaztelaniaz ere antzera gertatu zen: latinezko facere > hacer ([aˈθer]) bilakatu zen (edo, Andaluziako hego-mendebaldeko zenbait tokitan, [haˈsɛɾ]).[7]
Gaskoiaren beste ezaugarri bat latinez r- soinuaz hasten diren hitzei aurrean bokal bat gehitzea da. Euskaraz aurretik e- edo a- jartzen zaizkie eta gaskoiz, a- batik bat: latinezko rosa gaskoiz arròsa da (euskaraz, arrosa) eta latinezko rota, arròda (euskaraz, errota): bilakaera hori aragoieraz ere gertatzen da, hots, agian euskal substratua duen beste hizkuntza batean.
Beste ezaugarri batzuk ere ditu: bokal arteko ll edo l soinuak r bihurtzea (euskaraz, caelum > zeru; latinezko bellus, bella, bellum > bell > bèth / bera, 'ederra') edo bokal arteko n soinuak galtzea (euskaraz, latinezko corona > koroa; latinezko luna > lua, 'ilargia').
Euskarak ere, gerora, hainbat hitz hartu ditu gaskoitik, hala nola beira eta polit (gaskoiz, polit, polida). Hitz horietako batzuk Ipar Euskal Herritik sartu ziren, bi hizkuntzen arteko mugaren bidez; beste batzuk, XI. mendeaz geroztik, Hondarribiatik Donostiara bitarteko Gipuzkoako kostaldeko zerrendaren bidez, hor gaskoia mintzatu baitzen XVIII. mendea arte, bai eta dokumentu formaletan erabili ere XVI. mendea arte. Pasaian oraindik gaskoia mintzatua zen, 1870eko hamarkadan.[8]
Okzitanieraren aldaera izaki, gaskoiaren barruan hiru talde nagusi bereizten dira[9]:
Bearnori dagokionez, bertako hizkera edo bearnesa trantsizio hizkuntza da, hiru aldaera nagusien elementuak dituena.
Gaskoiaren erabilera beherantz doa urtez urte. XX. mendearen hasiera arte osasuntsu bazen ere, bigarren mundu gerraren ondoren, transmisioa hausten hasi zen[10].
1982an Bearnon eginiko galdeketa baten arabera[11], biztanleen % 51k hitz egin zezakeen, % 70ek ulertzen zuen eta % 85 hizkuntza babestearen alde zegoen.
1997an, aldiz, gaskoiaz mintzatzen zirenak % 13 ziren Girondan (% 3 Bordelen), % 22 Lot eta Garona eskualdean, % 28 Landetan % 22 Pirinio Atlantikoetan eta % 35 Pirinio Garaietan[12].
2008ko galdeketa batean, Akitaniako okzitaniera (edo gaskoi) hiztunak %10 zirela eta ulertzen zutenak % 50 zirela ageri zen[13].
Aran bailaran, gaskoia ofiziala den toki bakarrean, % 58 mintzatzen da araneraz, eta alfabetizazioari dagokionez, % 34 da hizkera horretan, eta % 50 katalanez (gaztelaniaz, % 100 da)[14].
Euskal Herrian ere gaskoia asko galdu da azken urteetan. Baionan, adibidez, % 5 soilik dira gaskoiz mintzatzen direnak[15]. Euskal Herrian 20.000 hiztun ziren 2001ean[10].
Erabileraren apaltze horren atzean, frantsesaren inposaketa hiztunen sakabanatzea, hizkuntzak jasan duen mespretxua, ofizialtasunik eza, irakaskuntzan gutxi erabili izana eta ondoriozko transmisio etena aipatzen dira arrazoi gisa[10].
Institut Occitan erakundeak (1996an sortua) okzitanieraren eta gaskoiaren sustapena du helburu. Hizkuntza haurren hezkuntzan txertatzeko asmoz, 1979an Calandreta sortu zen, okzitanieraz irakasten duen eskola sarea.
Behe Erdi Aroan, XII. mendearen erdialdean eta merkatarien artean bereziki, gaskoia Aturriren hegoaldeko alde euskaldunetara hedatu zen. Angelu, Miarritze, eta Baiona neurri handi batean gaskoitu ziren. Euskaldunek berek ere gaskoia bereganatu bide zuten merkataritzan zeukaten interesagatik edo gaskoi lurretan nekazaritza edo abeltzaintzan aritzeagatik[16].
400 urtez Baionan ofiziala ere izan zen gaskoia[10], eta XIV. eta XV. mendeen artean dokumentu administratiboak gaskoiz idazten ziren bertan[3]. Nafarroako erreinuaren zati zen Behe Nafarroan ere idazten ziren dokumentuak gaskoiz, eta Pirinioez bestalde ere erabili izan zela dirudi[3]. Gipuzkoako lurraldeko kostaldean ere izan zuen hedapena, Hondarribia, Errenteria, Pasaia eta Donostia aldera arte.
Gaskoiak izen ugari laga ditu Donostian, horietako asko gaur egun arte iritsiak: Aiete (gaskoiz, Ayet, Aiete izenaz euskaratua), Gros, Miramon (gaskoiz, Miramont), Monpas (Mont-pas), Morlans, Polloe (gaskoizko Poll eta Pollet hitzetik dator, Polloe izenaz euskaratua), Ulia (gaskoiz Oli, euskaraz Ulia edo Uliamendi), Urgull (gaskoiz, Orgull edo Urgullus, Urgull izenaz euskaratua), Embeltran kalea (Em Beltran, hots, "Jaun Beltran")[17] eta Narrika kalea (Na Rika, hots, "Rika anderea")[18].
Gaur egun, Euskal Herrian gaskoi hizkuntzaren eta kulturaren aitorpena eta erabilera bultzatzen dituen elkarte nagusia 1975ean Angelun sorturiko Aci Gasconha da[19]. Akitania osoan aritzen den Institut Occitan erakundeak ere lan egiten du gaskoiaren alde.
Euskal Hirigune Elkargoak gaskoi hizkuntza ofizialki aitortu zuen, euskararekin batera, 2018an[20][21][22]. Aitorpen horrek hizkuntzari ekar diezaiokeen ofizialtasun maila zalantzan jarria da, hala ere[23].
Ezaugarri fonetiko nagusiak ondoko hauek dira:
Gaskoiak euskararen eragina du, fonetikan batez ere. Halaber, Pirinioetako gaskoiak lotura zenbait ditu goi aragoierarekin (adibidez: eth eta era artikuluak, maskulino singularra lehena, femenino singularra bigarrena).
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.