From Wikipedia, the free encyclopedia
Filosofia kontinentala Europa kontinentaleko XIX., XX. eta XXI. mendeko tradizio filosofikoen multzoari dagokio[1][2]. Zentzu honetan, terminoa hizkuntza gisa ingelesa zeukaten filosofoen artean sortu zen XX. mendearen bigarren zatian. Hauek mugimendu analitikotik kanpo zeuden pentsalari eta tradizioei erreferentzia egiteko erabili zuten. Filosofia kontinentala Europa kontinentalean garatzen da nagusiki, hortik datorkio izena, bereziki Frantzia eta Alemanian. Bestalde, filosofia analitikoak jatorria Britainia Handian eta Estatu Batuetan izan zuen. Filosofia kontinentalaren ezaugarri nagusia espekulatiboagoa izatea da, historiari filosofia analitikoak baino garrantzia gehiago emateaz gain. Filosofia kontinentalak idealismo alemana, fenomenologia, existentzialismoa (eta bere aurrekariak, hala nola Kierkegaarden eta Nietzscheren pentsamoldeak), hermeneutika, estrukturalismoa, postestrukturalismoa, dekonstrukzioa, feminismo frantsesa, teoria psikoanalitikoa, Frankfurteko Eskolako teoria kritikoa eta marxismo okzidentalaren adarrak barne hartzen ditu. Mendearen lehen erdiko autore garrantzitsuenetako batzuk Edmund Husserl, Martin Heidegger, Jean-Paul Sartre, Maurice Merleau-Ponty eta José Ortega y Gasset izan ziren; bigarren zatikoak, berriz, Michel Foucault, Albert Camus, Jacques Derrida, Hannah Arendt eta Gilles Deleuze. Frankfurteko Eskolaren ordezkari nagusiak Theodor Adorno, Walter Benjamin, Max Horkheimer, Herbert Marcuse eta Jürgen Habermas izan ziren.
Zaila da mugimendu filosofiko hauetan guztietan komunak diren baieztapenak identifikatzea. Filosofía kontinental terminoak, filosofia analitiko terminoaren gisan, ez dauka definizio argirik. Simon Glendinningek proposatu zuen termino hau gutxiesgarria zela, ez deskriptiboa, eta errefusatutako filosofía okzidentalak edo filosofo analitikoen eskutik baztertuak izan diren teoriak etiketatzeko balio zuela[3]. Dena den, Michael E. Rosen komunean dituzten aspektuak identifikatzen saiatu da[4].
Azken finean, aipatutako tesiak ezagutza, esperientzia eta errealitatea, ikerketa enpiriko soilaren ordez, hausnarketa filosofikoaren bidez konfiguratzen diren baldintzei lotuta egotearen ideia kantiar zabaletatik datoz[7].
Filosofia kontinentalaren historia (zentzu hertsiagoan ulertuta) idealismo alemanarekin hasten dela estimatzen da normalean. Fichte, Schelling eta, beranduago, Hegel buru izanik, idealismo alemana Immanuel Kanten lanetik abiatuta garatu zen 1780-1790ko hamarkadetan. Gainera, erromantizismoari eta ilustrazioaren politika iraultzaileari lotuta egon zen. Aurrez aipatutako figurez gain, Friedrich Heinrich Jacobi, Gottlob Ernst Schulze, Karl Leonhard Reinhold eta Friedrich Schleiermacher pertsonaia garrantzitsuak izan ziren.
Filosofia kontinentalaren erro instituzionalak kasu askotan zuzenean fenomenologiatik datozenez, Edmund Husserl beti izan da filosofia kontinentalarentzat figura kanonikoa. Dena den, Husserl ere tradizio analitikoan ere aztertu den gaia izan da. Husserlen noema batekiko ikuspegia, pentsamenduaren eduki ez-psikologikoa, Gottlob Fregerekin bat etortzea eta logikaren naturaren inguruko ikerketek interesa pizten jarraitzen dute filosofo analitikoengan.
J. G. Merquiorrek[8] argudiatu zuen filosofia analitikoaren eta kontinentalaren arteko bereizketa garbi identifika daitekeela Henri Bergsonekin (1859-1941). Haren ardura zientifikoak eta intuizioaren goratzeak existentzialismorako bidea erraztu zuten. Merquiorrek idatzi zuen: “Frantziako filosofatze prestigiosoenak bide oso desberdina hartu zuen [eskola analitiko anglo-germanikoengandik]. Batek esan dezake dena Henri Bergsonekin hasi zela”
Filosofia analitikoen eta kontinentalen arteko desberdintasun garrantzitsu batzuen ilustrazioak Rudolf Carnapen obra Überwindung der Metaphysik durch Logische Analyze der Sprache-n (1932) aurki daitezke[9]. Lan hau oso polemikoa izan da. Carnapen artikuluak dioenez, Heideggerren “Zer da metafisika?” konferentziak sintaxi logikoa bortxatzen du zentzurik gabeko pseudo-proposizioak sortzeko. Bestalde, Carnapek baieztatu zuen garaiko metafisiko aleman askok Heideggerren antza zeukatela zentzu sintaktikorik gabeko baieztapenak egiten zituztenean.
Nazismoaren gorakadarekin, Alemaniako filosofo asko, bereziki judu jatorrikoak, ezkertiarrak edo liberalak (Vienako Zirkuluan eta Frankfurteko Eskolan gehienbat), mundu anglosaxoira joan ziren ihesi. Bertan geratu ziren pentsalariek, mundu akademikoan geratu baziren, unibertsitateak hartu zituen kontrol naziarekin adostu behar izan ziren. Heidegger bezalakoek, Alemanian geratu ziren filosofoen artean ospetsuena, nazismoarekin harreman diplomatiko bat garatu zuten honek boterea hartu zuenean.
Bigarren mundu gerra baino lehen zein ondoren, Frantzian filosofia alemanarenganako interesak gora egin zuen. Komunismoarekiko interesa ere bihurtu zen, hau da, Marx eta Engelsen, hauek Hirugarren Errepublikako unibertsitate-sistema frantsesa (politikoki kontserbadorea zen) sakonki aztertu zuten lehenak izan baitziren.
Aldi berean, Husserlen eta Heideggerren fenomenologia gero eta garrantzitsuagoa bihurtu zen, agian lehen pertsonako perspektibari garrantzia eman zioten filosofia frantsesekin bat zetorrelako. Ideia hau kartesianismo, espiritualismo eta bergsonismoa bezalako pentsamenduetan agertzen da.
Fenomenologiari ospea eman zion autore eta filosofo esanguratsuena Jean-Paul Sartre izan zen, bere filosofiari existentzialismo dei egin ziona. Pentsamendu kontinentalaren beste tentsio garrantzitsu bat estrukturalismoaren eta postestrukturalismoaren adarrak dira. Ferdinand de Saussureren linguistika estrukturalak eraginda, Claude Levi-Strauss bezalako antropologo frantsesak paradigma estrukturala aplikatzen hasi ziren humanitateei. 60 eta 70eko hamarkadetan, Jacques Lacan, Jacques Derrida, Michel Foucault eta Gilles Deleuze bezalako autore postestrukturalistek estrukturalismoari kritika ugari egin zizkioten.
Filosofia kontinental terminoa, aipatutako zentzuan, filosofo ingelesek erabili zuten lehen aldiz. 1970eko hamarkadako ikastaro unibertsitario batzuk deskribatzeko erabili zuten, Alemania eta Frantzian zabalduko ziren filosofiak multzokatzeko izen bilakatu zelarik, esate baterako, existentzialismoa, fenomenologia, estrukturalismoa eta postestrukturalismoa[10].
Hala ere, terminoa antzeko zentzuarekin, 1840an erabiltzen zen honezkero John Stuart Millen Coleridgeren inguruko saiakeran. Bertan "filosofia kontinentala" eta "filosofo kontinentalak", influentzia kantiarra dutenak, XVIII. mendearekin eta Jeremy Bethamen enpirismo ingelesarekin alderatzen ditu[11]. Zentzu honek nagusitasuna irabazi zuen XX. mendearen hasieran; izan ere, Bertrand Russell eta G. E. Moore bezalako pertsonek natur zientziei lotutako filosofiaren ikuspegia bultzatu zuten, kontzeptuen analisi logikoaren bidez lortuta. Tradizio hau, "filosofia analitiko" gisa ezagutzen dena, Britainia Handian eta Estatu Batuetan gailendu zen 1930etik aurrera. Russell eta Moore-k hegelianismoa eta antzeko filosofiak alde batera utzi zituzten euren mugimendu berriaren adierazgarri gisa. 1945ean Bertrand Russellek "bi eskola filosofiko" bereizi zituen, "kontinentala eta britainiarra, bezala bereiz daitezkeenak", zatiketa hau "Lockeren garaitik" ikusten omen zuen.
Dena den, 1970eko hamarkadatik aurrerantzean, Estatu Batuetako eta Britainia Handiko filosofo ugarik interesa erakutsi dute filosofo kontinentaletan, Immanuel Kantetik hasi eta modernoagoetan. Gainera, Europako herrialde askotako tradizio filosofikoek mugimendu "analitikoko" hainbat aspektu gehitu dituzte euren ideietara. Filosofia analitikoa autodeskribatua Frantzian loratzen da, Jules Vuillemin, Vincent Descombes, Gilles Gaston Granger, François Recanati eta Pascal Engel bezalako pentsalariak barne hartuz. Era berean, "filosofo kontinental" izendatuta aurki daitezke Erresuma Batuko, Ipar Amerika eta Australiako filosofia sailetan. Horrez gain, filosofo analitiko ezagun batzuek baieztatzen dute filosofia kontinentalaren inguruko ikerketa hobeak egin dituztela "filosofia kontinental" gisa autoidentidikatzen diren programek baino, bereziki graduondoko hezkuntza mailaren baitan.
"Filosofia kontinentala" terminoa, bereizketa geografikoengatik baino gehiago, tradizio familia eta influentzia filosofikoen baitan erabiltzen da. Espezifikotasun geografikoaren gaia berriki birplanteatu da "filosofia kontinentalaren" enfoke postkolonial eta dekolonialetan; kritikoki aztertzen dute proiektu inperial eta kolonial europarren formak nola eragin duten ezagutza akademikoaren ekoizpenean. Arrazoi honengatik, akademiko batzuk "filosofia poskontinental" baten alde egin dute, filosofia kontinentalaren garapena izango litzatekeena[12].
XX. mende hasieratik 60ko hamarkadara arte, filosofo kontinentalak unibertsitate britainiar eta estatubatuarretan eztabaidatzen ziren soilik, gainera modu ezjarraian; bigarren mundu gerraren ondoren juduekiko jazarpenaren ondorioz, Estatu Batuetara ihesi joan ziren filosofo kontinental (bereziki Nietzscheren eta Heideggerren ikasle judu alemanak) kopurua oparoa izan arren. Hannah Arendt, Leo Strauss, Theodor W. Adorno eta Walter Kaufmann dira seguraski olatu honetako pertsona entzutetsuenak, 30eko hamarkada amaiera eta 40koaren hasiera bitartean iritsi zirenak. Hala ere, filosofia sail anglosaxoiak 60-70 hamarkadan hasi ziren filosofia kontinental kurtsoak eskaintzen.
Estatu Batuetako unibertsitateetako literatura, arte eder, zinema, soziologia eta teoria politikoko sailek gero eta gehiago gehitzen zituzten filosofo kontinentalen ideia eta argudioak euren ikasketa eta ikerketa planetara. Filosofia kontinentalak britainiar eta irlandar filosofia sailen leku berezia okupatzen du, adibidez, Essex, Warwick, Sussex, Dundee eta Aberdeen Unibertsitateetan (Pentsamendu Modernorako Zentroa) eta University College Dublinen; hala nola, Manchester Metropolitan, Kingston, Staffordshire (graduondokoa soilik) eta Open University. Ipar amerikako filosofia sailek kurtsoak eskaintzen dituzte filosofia kontinentalaren inguruan, adibidez, Hawaiko Unibertsitatean, Boston College, Stony Brook University (SUNY), Vanderbilt University, DePaul University, Villanova University, Guelpheko Unibertsitatea, The New School, Pennsylvania State University, Oregongo Unibertsitatean, Emoryko Unibertsitatean, Duquesneko Unibertsitatean, Memphiseko Unibertsitatean, King's College Unibertsitatean eta Loyolako Unibertsitatean (Chicago). Estatu Batuetako filosofia kontinentalaren arloko erakunde garrantzitsuena Fenomenologia eta Filosofia Existentzialaren Erakundea da (SPEP bezala ezagutzen da)[13].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.