Fidenae edo Fidenas, Fidenateen bizileku, Latiumgo antzinako herri bat zen, Erromaren iparraldean Via Salaria jarraituz 8 kilometrotara zegoena. Tiber ibaia Etruria eta Latium-aren arteko muga zenez ibaiaren ezker bazterrean egoteak Fidenae Latium-ean etruriar presentziaren adierazle bihurtzen zuen. Hiria kokagune estrategiko batean zegoen: Erroma eta sabinarren arteko merkataritza bidea eta Etruria eta Campaniako hiri grekoen arteko merkataritza bidea batzen ziren puntuan. Fidenae haren lurren emankortasunagatik ezaguna zen, Tiber ibaiak ureztatutako lurrak baitziren harenak.
Sorrerako herriaren kokapena gaur egungo Villa Spada dagoen muinoan kokatzen dute adituek, bertan antzinako eraikin edota defentsaren arrastorik ez bada ere; etruriar hilobiak daude muinoaren iparraldean dauden labar batzuetan. Herria bera, berreraikia izan zena, muinoaren ekialde hegalean aurkitu zuten arkeologoek 1889. urtean, herriko kuria aurkitu zutenean, Marko Aurelio enperadoreari Fidenaeko Senatuak (Senatus Fidenatium) egindako eskaintza inskripzioa idatzita zuena. Gaur egun oraindik ikus daitezke antzinako eraikinen hondarrak.
Historia
Erromatar Erresumarekin liskarrak
Etruriarren kokalekua sortzez, Fidenae garai luze batean Erroma eta Veii hiri etruriarraren arteko mugan zegoen eta horrela bi hiri hauen mende egon zen, batzutan Erromaren mende, beste batzuetan Veii-ren mende. K. a. VIII. mendean Romulok, Erromako lehen erregeak, Fidenae eta Veii garaitu zituen gerran. Posiblea da garai honetan Fidenaen erromatar kolonia bat sortu izana, Liviok honen izatea aipatzen baitzuen.
Fidenae eta Veii berriz ere garaituak izan ziren k. a. VII. mendean, Tulio Hostilioren eskutik.
Erromatar Errepublikarekin liskarrak
Erromatar Errepublikaren hasiera garaietan Fidenaek gerora oso txarra izango zen erabakia hartu zuen. Luzio Tarkinio Superbo, Erromako azken erregea kanporatua izan zenean, etruriarrei laguntza eskatu zien erregetza berreskuratzeko. Hala ere, Clusiumgo Lars Porsenak laguntza eskaini eta Erromaren aurkako gerra egin bazuen ere, ez zuen helburu hori lortu eta Errepublikarekin bakea egin zuen.
Tarkinoek orduan, Lazio eskualdea (Latiuma) matxinatu zuten. Superboren seme zen Sexto Tarkiniok ( bere Lukreziaren bortxaketaren ondorioz erregetzaren amaiera eraman zuena Erromara) sabinarrak gerrara joateko konbentzitu zituen, aurretik erregeen garaian Erromarekin egindako hitzarmenak bertan behera geldituak zirela argudiatuz. Bozketa bat eta gero, eta antzinako gertaerak gogoratuz ( Tito Tazioren garaikoak), sabinarrek Erroma hiria inbaditzea erabaki zuten. Egiteko hau burutzeko garaian erromaren aliatuak ziren Fidenae eta Cameria konbentzitu eta haien alde gerran sartu zituzten.
Sabinarrak erabat garaituak izan ziren, eta Erromaren hurrengo pausoa Fidenae setiatzea izan zen. Egun pare bat igaro eta gero, hiria menperatua izan zen eta bertako buruzagiei publikoki jipoia eman eta fascesen aizkorekin burua moztu zieten, traidoreei emandako zigorra. Hau eta gero, jatorriz sabinarra zen Klaudiar familia patriziarrari eman zitzaizkion Fidenae eta haren lurrak, hirian goarnizio bat mantentzearen truke.
K.a. 435. urtean Fidenarrek erromatar goarnizioa kanporatu eta etruriarren eta faliskoen laguntzaz Erromaren aurka matxinatu ziren. Hau horrela, Erromak Fidenae berriro ere menderatu zuen, bere menpeko bihurtuz hortik aurrera. Historialari klasikoen arabera, haiek bizi ziren garaian Fidenae hiri erdi abandonatua zen, posta zerbitzuaren gune garrantzitsua baino ez zelarik.
Estadioaren ezbeharra
K.o. 27. urtean, Atilius izeneko ekintzaile batek Fidenaen egurrezko anfiteatro merke eta txarto eraikitako bat eraiki zuen eta bertan gladiadore joko batzuk egiten ari zirela, harmailak jausi eta 50.000 ikusletik 20.000 zendu egin ziren, hau Erromaren historian izandako horrelako motako istripuetan larriena izan zelarik. Tiberio enperadoreak, antza, gladiadore jokoak debekatu zituen, eta debeku hori kentzean hiritar piloa joan zen saldoka lehenengo jokoak ikustera, horren ondorioz egon zen hain beteta anfiteatro hau. Senatuak, honi erantzunez, 400.000 sestertzio baino gutxiagoko pertsonei debekatu egin zien gladiadore jokoak antolatzea eta anfiteatro berri oro ondo eraikia izan zedin inspekzioak antolatu zituzten.
Bibliografia
- Livio, Ab urbe condita, 1:15
- Dionisio Halikarnasokoa. "V. Liburua". Erromatar Antzinatasunak.
- Tazito. "IV.62". Annales.
- Gaius Suetonius Tranquillus. "Tiberio". Hamabi Zesarren Bizitzak.
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.