Filosofian, faktua gertatu den zerbait da. Faktuen ezaugarri nagusia egiaztagarritasuna da eta faktu zientifikoak saiakuntzen bidez egiaztatu behar dira. Ikuspegi intuitibotik, faktua benetan gertatu den edozein gauza da, denboran jarraitzen duena edota honezkero bukatu dena[1]. Faktua zalantzan jarria izan daiteke; faktu batek iritzi bat baliogabetu dezake, baina iritzi batek inoiz ezin du faktu bat aldatu.

Ludwig Wittgenstein filosofoaren arabera, "hau da kasua" bezala definitu daiteke, baina ideia oso primitibo bati egiten dio erreferentzia[2].

Zientzian

Egitate zientifiko baten definizioa eta egitatezko definizioa desberdinak dira, ezagutza baitakar berekin. Egitate zientifiko bat behaketa edo neurketa arretatsu errepikagarri baten emaitza da (esperimentazioz edo beste bitarteko batzuez), ebidentzia enpiriko ere deitua. Horiek funtsezkoak dira teoria zientifikoak eraikitzeko. Behatzeko eta neurtzeko hainbat modu daude metodo zientifikoari eta arrazoibide zientifikoaren irismenari eta baliozkotasunari buruzko funtsezko galderak egiteko.

Zentzurik oinarrizkoenean, egitate zientifiko bat behaketa objektibo eta egiaztagarria da, hipotesi edo teoria batekin kontrastean, gertaerak azaldu edo interpretatu nahi dituena[3]. Hainbat akademikok oinarrizko formulazio horri fintze esanguratsuak eskaini dizkiote. Filosofoek eta zientzialariek honako hauek bereizten dituzte: 1) kanpoko munduko gauzen egoerak eta 2) analisi zientifikoan garrantzitsutzat jo daitezkeen gertakarien baieztapenak. Terminoa bi zentzuetan erabiltzen da zientziaren filosofian[4].

Akademiko eta ikerlari klinikoek, bai zientzia sozialetan zein zientzia naturaletan, gertakari zientifikoaren nolakotasuna argitzeko saiakeretan sortu diren galdera eta teoria desberdin askoren inguruan idatzi dute. Ikerketa horiek planteatu dituzten kuestio horiek honako hauek dira:

  • "ezarritako gertakaria" hauteman eta onartzen den prozesua;
  • "gertakaria" eta "azalpen teorikoa" independienteak eta elkarren artean bana daitezkela kontsideratu al daiteken, eta zer neurritan;
  • "gertakariek" zein neurritan daukaten behaketaren eragina; eta
  • zein neurritan dauden historiaren eta kontsentsuaren eraginpean konklusio faktikoak, metodologia sistematiko zorrotz batean baino gehiago.

Baieztapenaren holismoaren ideiaren arabera, zenbait adituk diote "egitatea" nahitaez "teoriaz beterik" dagoela neurri bateraino. Thomas Kuhnek adierazi du zer egitate neurtu eta nola neurtu jakiteko beste teoria batzuk erabili behar direla. Adibidez, fosilen adina datazio erradiometrikoan oinarritzen da, desintegrazio erradioaktiboak Bernoulliren prozesu baten ordez Poissonen banaketa bat jarraitzen duela arrazoituz justifikatzen dena. Antzera, Percy Williams Bridgmani operazionalismo izenez ezagutzen den posizio metodologikoa egozten zaio, zeinak baieztatzen baitu behaketa guztiek ez dutela soilik eragina, baizik eta nahitaez definituta daudela, horiek neurtzeko erabilitako bitartekoen eta hipotesien bidez.

Metodo zientifikoa

Egitate zientifikoaren izaerari buruzko funtsezko ikerketaz gain, gogoeta praktiko eta sozialak geratzen dira, metodo zientifikoaren aplikazio egokiaren bidez gertakaria ikertzeko, ezartzeko eta oinarritzeko moduari buruzkoak[5]. Orokorki uste da egitate zientifikoak behatzailearengandik independenteak direla: ez du axola nork egiten duen esperimentu zientifiko bat, behatzaile guztiak ados daude emaitzan[6]. Gogoeta horiez gain, badaude neurri sozial eta instituzionalak, hala nola parekako berrikuspena eta egiaztapena, besteak beste, helburu zientifikoa dutenak[5].

Historian

Klixe erretoriko ohiko batek dio: "Historia irabazleek idazten dute". Esaldi honek historiaren idazketan gertakarien erabilera iradokitzen du, baina ez du aztertzen.

EH Carrek 1961eko bere liburukian (Zer da historia?[7]) dioenez, gertaeren bilketari datxezkion alborapenek edozein ikuspegi historikoren egia objektiboa ezinezko idealistae bihurtzen dute. Egitateak "arrainak ozeanoan bezala" dira, eta horietatik gutxi batzuk baino ez ditugu harrapatuko, azaleraren azpian dagoenaren adierazpen bat besterik ez. Arraste-sare batek ere ezin digu ziurtasunez esan nolakoa litzatekeen ozeanoaren azalaren azpian bizitzea. Aurkeztutako egitaterik (edo arrainik) baztertzen ez badugu ere, beti botako dugu gehiengoaren falta; gure arrantzaren tokiak, egindako metodoek, klimak eta baita zorteak ere berebiziko garrantzia dute harrapatuko dugun horretan. Gainera, historiaren osaketa, halabeharrez, gertaerak bilatzeko joera ezberdin askoren bilaketaz osatzen da, guztiak denborarekin konposatuak. Ondorioztatu duenez, historialari batek metodo objektiboago bat erabili ahal izateko, onartu egin behar da historiak orainak iraganarekin duen elkarrizketa baino ezin duela izan, eta gertaerak biltzeko metodoak argi eta garbi aztertu behar direla.

21. mendea, garai post-faktuala

21. mendeko joera politiko eta mediatikoek "garai post-faktual" batera eraman gaituztela uste dute batzuek. Post-egia bezalako kontzeptu bat zabaldu da, non eztabaida politikoa ez dagoen jada politika publikoen egitatean, baizik eta emozioeren edo eztabaiden errepikapenean: faktuak kontrajarriz gero argudio emozional horiei, ez zaie kasurik egiten eta kito. Egiatzat enfatikoki aurkezten duzunak garramtzi gehiago du egiak berak baino[8].

Joseba Sarrionandiak Gauzak direna balira saiakeran deskribatu du garai hori, faktuen gainean diksurtso batzuk nola gailentzen diren. "Beti dago errealitate faktual bat, oso desberdina izan daitekeena horri buruzko diskurtsoarekin eta erretorikarekin. Gaur egungo gizartean, oso mediatizatua denez, gertaeren eta erretoliken arteko bikoiztasun hori gai printzipala da. Erretolikek jan egiten dituzte gertaerak", azaldu zuen Sarrionandiak liburuaren aurkezpenean[9].

Erreferentziak

Kanpo estekak

Wikiwand in your browser!

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.

Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.

Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.