Euskadi Sabin Aranak euskal herritarren nazioaren izen politikotzat 1896ko irailean sortutako hitza da. Euzkadi grafiarekin asmatu zuen, Euskal Herriko zazpi herrialdeak izendatzeko: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi, Nafarroa Beherea, Nafarroa Garaia eta Zuberoa. Sabin Aranak uste izan zuen Bizkaiaren etimoa be-euzko-di-a zela, eta, horregatik, Euzkadi sortu zuen, Bizkaia hitzeko zetaz, alegia.[1] Euskal Herria izenak garai hartan kultur eta hizkuntz eremua izendatzen zuen bezala, Euskadi izenak politika eremu izendatzekoa zen, eta bere baitan bildu behar zituen bai euskal herritar euskaldunak, bai euskal herritar erdaldunak.
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Euskadi (argipena)»
Sorrera
Askotan aipatu izan da Sabin Aranak, Euzkadi hitza asmatzeko, euzko elea (euskara batuaz, eusko) eta -di atzizkia oinarritzat erabili zituela, eta euzko hitza eguzki izenetik hartu zuela, antzinako euskal herritarrek eguzkia gurtzen zutelakoan. Alabaina, 1896 arte Sabin Aranak eusk- erroa duten hitz guztiak esez idatzi izan zituen beti-beti: eusko, euskera, euskeldun, Euskeria. Zeta letra, lehenengo aldiz, Euzkadi hitzarekin agertu zen, 1896ko irailean. Eta Euzkadi idazkera hartu zuen, hain zuzen, Bizkaiaren etimologiatzat be-euzko-di-a jo zuelako.[1]
Halaber, Eusebio Maria Azkuek 1862ko martxoan idatzitako olerki baten izenburua Euzkadia da. Antzinako erregimenean literaturaren eta artearen alorra alegorikoki irudikatzeko Parnasoa aipatzea ohikoa zen bezala, Azkuek espainiar estatuaren diskurtsoari eta nazio identitateari erantzun nahi izan zion mitologia klasikoaren ideiak hartuz, Parnaso mendiarekin lotutako istorioak eratuz eta bertako musen artean (Zeus eta Mnemosyneren alabak) "Euzka" izeneko beste musa bat asmatuz. Hari poema epiko bat eskaintzeko gogoa ere izan zuen, nahiz eta egitasmo handinahi hori erdizka baino ez zuen burutu, lehen kantuko ia mila bertso lerroak idatzi ondoren. "Euzkadia" da musa euskaldunari buruz idatzitako bertso sailaren izenburua, Iliada, Eneida eta halakoetan inspiratua nonbait baina artikulu eta guzti (Euzkada + a > Euzkadia). Olerki hau ez zen handik urte askotara arte inprimatu eta horregatik termino bien arteko erlazioa ukatu izan da;[1][2] baina Eusebio Azkuek bere eskuizkribuak etengabe orrazten, aldatzen eta euskaltzaleen artean zabaltzen jardun zuen,[3] eta hura 1873an hil eta gero ere eskuizkribuen zenbait kopia zirkulazioan gelditu ziren, besteak beste haren seme Resurreccion Maria Azkueren esku, zeinak Aranarekin harreman nabarmena izan zuen.[4] Horretara, ezin da guztiz baztertu Sabin Aranaren "Euzkadi" Azkueren "Euzkadia"rekin erlazioa izatea.[5]
Erabilera
XX. mendearen hasieran
Sortu eta gutxira, terminoak nahikoa arrakasta izan zuen abertzaleen artean, kontuan hartuta termino berria zela Euzkadi euskal lurraldeak izendatzeko, lehenagotik erabiltzen ziren Euskal Herria historikoaren edota Euskaria berriagoaren aldean. Antza, Sabin Aranak ohiko Euskal Herria (edo Euskalerria) terminoak ez erabiltzea erabaki zuen, bere ustez izen horiek euskararen lurraldea izendatzeko soilik balio zutelako (hau da, historiako une hartan euskara hedatzen zen lurraldea). Horrela, Euskal Herria termino kulturala zen ber, Euzkadi termino politikoa zen.
Hala ere, izan zen Euskadi izendapen sortu berriari kontra egin zionik ere, hasieratik bertatik. Haien artetik Arturo Kanpion iruindar poligrafo eta historialaria nabarmendu zen. Gai horri buruz artikulu garratzak idatzi zituen, eta bereziki «Sobre el nuevo bautizo del País Basko» deritzana.[6][7]
Espainiako Bigarren Errepublikaren garaian, terminoa epeka-epeka zabalduz joan zen eta Espainiako Alderdi Komunistak Euskadi Roja izenaz argitaratu zuen bere astekaria.[8]
1936an sortutako eusko gobernu autonomoak Euzkadi terminoa erabili zuen, teorian Bizkaia, Gipuzkoa eta Araba bilduko zituen lurralde autonomoa izendatzeko. Praktikan, Espainiako Gerra Zibila zela eta, Bizkaia eta Gipuzkoa baino ez zituen bildu.
Francoren diktaduraren garaian
Diktadura garai hartan, debekatuta eta gogor erreprimituta zegoen Euzkadi zein Euskadi hitzak erabiltzea; Euskal Herria, berriz, eragozpenik gabe erabil zitekeen,[9] eta karlista frankozaleek beren ereserki Oriamendiko Martxan, gora España ta Euskalerria oihu egiten zuten.
Beraz, frankismoaren aurka ziharduten abertzaleek (EAJ, Ekin, Euskadiko Mugimendu Sozialista...) eta ezkertiarrek (PSOE, EPK, errepublikanoak...) Euskadi terminoa erabiltzen segitu zuten, hasieran, Euzkadi zetaz idatzirik: adibidez, ETA erakundeak (1959an sortua) hasierako izena Euzkadi ta Azkatasuna zuen[10]. Gero, 1968an, Euskaltzaindiak Batasunerako hiztegia argitaratu zuen, euskara batuaren hastapena, eta hor eusk- erroa esez idatzita ageri zen; horren eraginez, Euskadi idazkera nagusituz joan zen.
Gaur egungo erabilera
Horrenbestez, 1970eko eta, batez ere, 1980ko hamarkadetatik aurrera, Euzkadi idazkera gero eta gutxiago erabiltzen hasi zen, eta euskara batuko Euskadi zabaldu. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan hedatutako administrazio autonomikoak, adibidez, euskara batuko Euskadi idazkera hobetsi zuen. Hamarkada horren bukaeran, gainera, Ezker Abertzaleak Euskal Herria erabiltzeari ekin zion, Euskadi izenak bere ustez zekarren hiru lurraldeen irudikapenetik aldendu nahian. Dena dela, ezker abertzaleak ere ez dio uko egin helburu duten Estatu independentearen izentzat Euskadi erabiltzeari.[11]
Gaur egun, Euzko Alderdi Jeltzaleak erabiltzen du, batik bat, Euzkadi sabindar idazkera, bere dokumentu batzuetan; diskurtso publikoan, hala ere, euskara batuko Euskadi hobesten du.
« | [...] iduri zait euskal ezkerraren erantzuna ez dela behar lukeen mailakoa. Euskadiren ordez Euskal Herria izena erabiltzen du, baina horrek bi akats baditu: batetik Euskal Herria euskararen lurra da, polikatik at; hara zergatik Sabinok Euzkadi baliokidea asmatu zion politikarako. Bestetik Euskadi labela Irurac Bat horri uzten dio, Euskadi izena Euskal Herria izenetik aldenduz, biek ber adiera dutelarik: Axularren zazpi euskal lurralde historikoek osatzen duten sabindar aberria. Haatik txarrena da biak Baskongadetan bahitzea euskal eskuineko batzuek egiten duen bezala. | » |
Eusko abertzaletasuneko abestietan
Eusko abertzaletasuneko hainbat abestitan nabarmen ageri da Euskadi izena: Eusko gudariak, Gora ta gora, Gazteri berria, Ikastoletako ereserkia, Kanta aberria, Aupa gizona, Kalera, kalera...
Abertzalea ez den abestiren batean ere ageri da, hala nola Euskadin, Castillan bezala abestian.
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.