From Wikipedia, the free encyclopedia
David Ricardo (1772ko apirilaren 18a – 1823ko irailaren 11) britainiar ekonomialari politiko bat izan zen, ekonomia klasikoaren ordezkari nagusienetako bat, Adam Smith eta Thomas Malthusekin batera. Ekonomian egin zituen ekarpenak anitz dira: nazioarteko merkataritzako abantaila konparatiboa, errendimendu beherakorren legea eta diru-zirkulazioaren azterketa. Negozio-gizon arrakastatsua ere izan zen eta horri esker oso aberats bihurtu zen.
Bankariaren semea, berehala erakutsiko ditu ekonomiarako dohainak eta sena, baita negozio pertsonaletarakoak ere, eta hori ez da oso arrunta ekonomilarietan. 1817. urtean argitaratu zuen Ekonomia politikorako eta zerga sistemarako oinarriak lanak ekonomia ideien bilakaera baldintzatuko du, zenbateraino eta egun ere Ricardo-ren pentsamenduz beterik egoteraino. Ricardorengan Adam Smithen eta Malthusen arrazoiketa ia osoa aurkitzen dugu, ordenamendu liberalaren eta jabetza pribatuaren justifikazioa, hain zuzen ere; nahiz eta teorietan aurrekoak baino urrunago doan eta ekonomia teoria, baita ekonomia marxista bera ere, zordun den harekiko.
A. Smith-en lana ekoizpenetik eta lan banaketatik hasten bazen ere, Ricardo-k bereari eutsiko dio salgaien balioez gogoeta eginda. Smith-en antzera, bi ondasun desberdinen balioa neurtzeko izendatzaile komunaren bila abiatuko da eta, aurrekoak legez, lana bera dela esango du.
Ricardo-ren ustetan, salgaiaren balioa adieraz daiteke hori ekoizten erabilitako lan faktorearen unitateen bitartez (zuzenean zein zeharka ezarrita, makinetan erabilitakoa gehituta).
Gero, Ricardo-k bere buruari galdetuko dio ea zein den lurjabearen errentaren izaera (kontuan izanik rent hitz ingelesak alokairua ere esan nahi duela). Errenta izango da maizterrak ugazabari lurra lantzearen truke ordainduriko saria. Ricardoren errentaren teoriak esango digu ekonomia itxi batean kapitalaren ezein hedakuntzak hondar lurren lanaren produktibitatea murriztea ekarriko duela eta, lansaria aldatzen ez denez gero, murrizte horrek etekin tasa orokorra murriztuko duela, lurjabearen errenta gehituko den bitartean. Azal dezagun mekanismoa: halako populazio batek lurrik onenak lantzen hasiko da; biztanleria gehitu ahala, sailak luberritu beharko dira eta kalitate txikiagoko lurrak landu, etekin txikiagoa lortzeko; ekoizkinen prezioa aldatuko da etekinak gero eta txikiagoak direlako, prezioak finkatu beharko dira-eta, hain errentagarri ez den ustiapenaren kostuak berdintzeko lain. Sistema horrek aukera emango die lurrik onenen jabeei errenta bat eskuratzeko, hau da, lurrik txarrenaren ustiapen kostuaren (kostua produktuaren beraren prezioa da eta errenta, hutsaren hurrengoa) eta lurrik emankorrenaren kostuaren arteko aldea.
Ricardo-k azalduriko errentaren oinarria lur guztien emankortasuna berdina ez izatean datza. Lurrik txarrenak landu behar direnean, lurrok ekoizpen kostu handiagoa izango dute, eta ondorioz emaitzei merkatu prezio handiagoa ezarri beharko diete, ekoizpen kostuaren baliokidea. Prezioak lurrik txarrenen kostuaren arabera doitu behar izateak berez dakarkie errenta lurrik onenen jabeei, eta errenta hori lurjabeok eskuratuko dute. Ricardo-ren aburuz, “produktu naturalen balio konparatiboa gehituko du azken lurretan eginiko lan soberakinak eta ez jabeari ordaindu beharreko errentak”.
Errentaren teoriak erakutsitakoaren arabera, errentak eta nekazaritza produktuak batera gehitzen badira, erabat aldatuko da gizarte produktuaren banaketa: lurjabeen errentak gehitzen badira, janari ondasunen prezioaren mendeko lansariak ere handituko dira. Horrelako baldintzetan etekinak murriztuko dira eta kapital metaketa motelduko da, eta azkenik egoera egonkorra sortuko da, hau da, biztanleriak eta ekoizpenak beren hartan geratuko dira.
Aurrerapen teknikoak eta, batez ere, nazioarteko merkataritzak, atzerriko produktu merkeagoak mugarik gabe inportaturik, prezioen goranzko joera oreka dezakete.
Ricardo, hain zuzen ere, merkataritza librearen aldekoa da (mugak irekitzea, arantzel eskubideak iraungitzea) eta industriaren eta merkatari burgesen interesak aldezten ditu. Portugaleko ardoak eta Ingalaterrako oihalak adibidetzat hartuta, kanpo merkataritzaren Abantaila Konparatiboen Teoria prestatu zuen eta horren bitartez demostratu nahi izan zuen herri guztiek etekina eskura dezaketela merkataritzatik kostu erlatibo txikiak dauzkaten ondasunak esportatuz eta gero eta nazio kostu erlatiborik handienak dauzkaten ondasunak inportatuta. Horrela bi nazioekjasoko dituzte nazioarteko merkataritzaren abantailak.
Garai hartako eztabaidagai gehienetan, Ricardo-k pentsamolde klasikoaren joera nagusia onartu eta hedatu zuen; oro har gobernuak ekonomia jardueran esku hartzearen aurka agertu zen eta gogoz bultzatu zituen merkatu beregainaren bertuteak.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: David Ricardo |
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.