Muga-zerga
From Wikipedia, the free encyclopedia
Muga-zerga[1] estatu burujabe edo aduana-lurralde bateko gobernuak edo nazioz gaindiko batasun batek merkantzia-inportazioen (edo, salbuespen gisa, esportazioen) gainean ezarritako eskubidea (zerga) da. Diru iturri izateaz gain, inportazio eskubideak kanpo merkataritza arautzeko modu bat ere izan daitezke, baita industria nazionala sustatzeko edo babesteko atzerriko produktuak zergapetzen dituen politika bat ere. Muga-zerga babesleak protekzionismoaren tresna erabilienen artean daude, inportazio kuotekin eta esportazio kuotekin eta merkataritzari muga-zergak ez diren beste hesi batzuekin batera.
Muga-zergak finkoak (inportatutako merkantzia-unitate bakoitzeko kantitate konstante bat edo prezioaren ehuneko bat) edo aldakorrak (kantitatea prezioaren arabera aldatzen da) izan daitezke. Inportazioen gaineko muga-zergen helburua inportatutako ondasun eta zerbitzuen prezioa igotzea da, kontsumoa gutxitzeko. Asmoa da herritarrek beren ordez bertako produktuak erostea, horrela beren herrialdeko ekonomia suspertzeko. Hala, bada, arantzelek ekoizpenaren garapena eta inportazioen ordez produktu nazionalak erabiltzea sustatzen dute. Muga-zergen bidez atzerriko lehiakideen presioa murriztu eta defizit komertziala murriztu nahi dute. Historikoki, industria sortu berriak babesteko eta inportazioen ordez industrializazioa ahalbidetzeko bitarteko gisa justifikatu izan dira (nazio bat industrializatzea inportatutako ondasunen ordez ekoizpen nazionala jarriz). Inportatutako ondasun batzuen prezio artifizial baxuak zuzentzeko ere erabil daitezke muga-zergak, «dumping» delakoaren, esportaziorako diru-laguntzen edo dibisen manipulazioaren ondorioz. Horren ondorioa da helmugako herrialdean merkantzien prezioa igotzea.
Ekonomialarien artean ia aho bateko adostasuna dago esanez muga-zergak kaltegarriak direla eta eragin negatiboa dutela hazkunde ekonomikoan eta ongizate ekonomikoan; aldiz, merkataritza askeak eta merkataritza-oztopoak murrizteak eragin positiboa dute hazkunde ekonomikoan[2][3][4][5]. Merkataritzaren liberalizazioak batzuetan galera eta irabazi handiak eta era desberdinean banatuak eragin baditzake ere, eta, epe laburrean, inportazioekin lehiatzen diren sektoreetako langileei nahaste ekonomiko handiak eragin badiezazkieke ere, merkataritza askearen abantaila da ondasunen eta zerbitzuen kostuak murriztea, bai ekoizleentzat, bai kontsumitzaileentzat[6]. Muga-zergen karga ekonomikoa inportatzaileari, esportatzaileari eta kontsumitzaileari dagokie. Askotan, industria espezifikoak babesteko erabiltzen dira muga-zergak, eta, azkenean, kaltegarriak izan daitezke, eta babestu nahi zituzten industriak kaltetu ditzakete, sargaien kostuak eta errepresalia-arantzelak handituz[7][8]. Inportaziorako muga-zergek ere kalte egin diezaiekete esportatzaile nazionalei, hornidura-kateak eten eta inputen kostuak handitzen baitituzte[9].
Erreferentziak
Ikus, gainera
Kanpo estekak
Wikiwand - on
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.