Kazetari, idazle, musikologo eta publizista feminista eta bakezalea From Wikipedia, the free encyclopedia
Carme Karr i Alfonsetti (Bartzelona, 1865eko martxoaren 16a – 1943ko abenduaren 29a)[1] kazetari, idazle, musikologo eta publizista feminista eta bakezalea izan zen.[2]
Carme Karr i Alfonsetti | |
---|---|
(2000) | |
Bizitza | |
Jaiotzako izen-deiturak | Carme Karr i Alfonsetti |
Jaiotza | Bartzelona, 1865eko martxoaren 16a |
Herrialdea | Katalunia |
Heriotza | Bartzelona, 1943ko abenduaren 29a (78 urte) |
Hobiratze lekua | Montjuïceko hilerria |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Josep Maria de Lasarte i de Janer (en) |
Seme-alabak | |
Haurrideak | |
Familia | |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania katalana |
Jarduerak | |
Jarduerak | musikagilea, itzultzailea, idazlea, kazetaria, musikologoa, editorea eta sufragista |
Izengoitia(k) | Joana Romeu eta Xènia |
Karr, Dolors Monserdàrekin batera, zeinekin kolaboratu baitzuen, XX. mendearen hasierako feminismo katalanaren sustatzaile aurreratuenetako bat izan zen defendatzen baitzituen emakumeen eskubideak, edozein lanbidetan jardun ahal izateko nahiz aukera-berdintasunerako gaituko zituzten tresnak eskuratzeko. Bere feminismoaren ikuskera Feminalen, La Il-lustració Catalana aldizkariaren gehigarrian, azaldu zuen luze eta zabal. Karrek 1907tik 1917ra zuzendu zuen aldizkaria, eta Joana Romeu izengoitiarekin ere sinatu zuen. Beste hainbat hedabidetan ere agertu ziren bere kolaborazioak, adibidez, Diario de Barcelona-n, La Veu de Catalunya-n, Or y Grana-n (1906-1907) —bertan Solidaridat Catalana-ren auzia defendatu zuen—, Ofrena-n (1916-17), La Mainada-n (1922-23), La Actualidad-en, Día Gráfico-n eta Valentziako Las Provincias-en. Batzuetan Xènia izengoitiarekin sinatzen zuen, Eugeni d'Ors idazlearen Xènius ezizenari erreferentzia eginez. Carmek, gaztetan, hainbat polemika izan zituen Bartzelonako filosofoarekin.
Carmeren aita, Eugène Karr, frantsesa zen, eta ama, Emilia Alfonsetti, italiarra. Eugène Karr ingeniari metalurgikoa zen eta Katalunian kontsulordea. Ama Carmenek urte bat baino ez zuela hil zen;[3] horregatik, txikitan bere inudeak, amaren papera beteko zuenak, hazi zuen. Carmen Karr Alphonse Karr nobelagile frantsesaren iloba ere bazen. Haurtzaroan, Bartzelona eta Perpinyà artean hazi eta hezi egin zen, Bartzelonako eta Figueresko Maria Birjinaren Aurkenearen eskola dominikoetan.[3] 1890ean Josep Maria de Lasarte i de Janerrekin ezkondu zen eta lau seme-alaba izan zituen: Montserrat (1891-1905), Juan (1892-1960), Paulina (1893ko uztailaren 23an jaio[4] eta 1976ko abenduaren 22an hil zen[5]) eta Carme.[6]
Carme Karrek erabateko dedikazioa eskaini zion prentsa jardunari XX. mendeko bigarren hamarkadan; horri esker, kazetari produkzio erregularra garatu zuen, bere lanak hainbat gairi eta argitalpeni irekiak zeudelarik. Horregatik, Carme geroago ohikoa izango zen kazetari profesionalaren aurrekaritzat hartu izan da. Atzerriko familia batean jaio zen arren, Kataluniako kultura-bizitzan integratu zen eta L'Avenç (Aurrerabidea) aldizkarian hasi zen lanean, eta, aurrerago, Joventut (Gazteria) aldizkarian. Carmeren kulturak eta prestakuntzak kazetaritzan sartzea erraztu zioten, eta arlo horretan bere ideia moderno eta aurrerakoiak adierazteko bidea aukitu zuen. Xèniaren izengoitiaz Eugeni de Ors-ekin hasi zen eztabaidan, La Veu de Catalulnya egunkariko Xènius-ekin, hain zuzen, eta haren izenarekin artikuluak sinatu zituen katalanez eta gaztelaniaz Diario de Barcelona, El Día Gráfico eta Las Provincias egunkarietan.[6]
1906an La Ilustració Catalana aldizkari grafikoa agertu zenean, zuzendariak emakumeentzako hileroko gehigarria prestatzeko eskatu zion. Horrela jaio zen Feminal, 1907tik 1917ra arteko ibilbidea izango zuen aldizkaria. Carmek, haren zuzendari eta bultzatzaileak, kalitate handiko aldizkaria plazaratzea lortu zuen, bai edukiari eta baita alde grafikoari ere zegokienez.[1] Feminal hileko laugarren larunbatean argitaratzen zen, eta bere orrialdeetan mende hasierako emakume-ahots ahaltsuenak jaso zituen: Dolors Monserdà, Agnès Armengol i Altayó, Felip Palma (Palmira Ventós i Cullell-en goitizena), Maria Domènech i Escoté, Sara Llorens Carreres, Joaquina Rosal, Mercè Pedrós, Isabel Serra eta Castellàko kondesa. Karrek ez zion inoiz utzi garaiko prentsan parte hartzeari, bere izenarekin sinatzen zuen edo El Escardot (Kardabera) gisako izengoitiekin. Frantsesa, alemana eta gaztelania ongi menderatzen zituen arren, katalana lehenetsi zuen bere idazkietako adierazpide gisa.[6]
Bere interesei dagokienez, katalanismoak, bakezaletasunak eta feminismoak eragiten zioten bereziki. Kazetari gisa eta bere eguneroko-praxian, beti ahalegindu zen gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna lortzen eta emakumeak animatzen profesionalki gaituko zituen prestakuntza baterantz.
Intelektual konprometitu eta aktibo izanik, Carmen Karr La Llar egoitzaren fundazio eta zuzendaritzarekin lotuta egon zen 1913an. Egoitza hori emakumezko irakasle eta ikasleen ikasketak zabaltzeko lehen hezkuntza-gunea izan zen, eskola ingelesen antzera, eta gai horri buruzko saiakera bat argitaratu zuen, La llar izenekoa.[7]
Carmen Karr 1915ean sorturiko Kataluniako Emakume Pazifisten Komitearen sustatzailea eta presidentea izan zen. Batzorde horren filosofia 1921eko Emakumezkoen Ekintza elkartearen sorreraren oinarrian dago. Talde feminista horren lana erabakigarria izango da Feminal 1925ean berriro argitaratzeko ahaleginean, orain gaztelaniaz, beste behin ere emakumeen eskubide zibil eta politikoen aldeko borroka azpimarratuz. Horrez gain, 1931n Macià presidenteari zuzendutako agiria sinatu zuten emakumeentzako botoa eskatzeko.[7]
1929ko Erakusketa Unibertsalean Emakumearen Pabiloia zuzendu zuen. Bertan, Espainia osoko emakumeen lana erakusten zen, garaiko aurreiritziei aurre eginez.[7]
Karrek lan nabarmena egin zuen hizlari gisa —Bartzelonako Ateneoan hitz egin zuen lehen emakumea izan zen—[1][8], bai emakumeen egoeraren hobekuntzaren alde eta bai emakumeen irakaskuntza modernizatzearen alde ere, gizonek bezala lan egiteko aukera eta oinarrizko kultura izan zezaten. Gainera, ezkongabeko emakumeak autonomoak izateko eta gizartean funtzio sozial duin bat betzeko eskubidea aldarrikatzen zuen; horrez gain, emakume langileentzat lan-poltsa bat, kalitatezko prestakuntza eskainiko zuten lan-eskolak eta amatasunean gertatzen ziren lan-tratu diskriminatzaileei aurre egiteko mutualitateak eskatzen zituen.[1] Kataluniako feminismoari buruzko hitzaldi horiek piztu zuten interesaren ondorioz, berehala argitaratu ziren La Cataluña astekarian, eta hilabete batzuk geroago, 'Cultura femenina. Estudi i orientacions' izeneko liburukian jaso ziren.[7]
Urte batzuk geroago, 1916an, zenbait kataluniar intelektual eta feminista nabarmenekin batera, hala nola, Dolors Monserdà edo Rosa Sensat, beste hitzaldi sorta bat garatu zuen, "Emakumeen hezkuntza" izenburupean. Hitzaldi horiek, berriz ere, emakumeen hezkuntzaren eta prestakuntzaren modernizazioari eta parekatzeari buruzko liburu baterako material bihurtu ziren: 'Educación femenina'.[7]
Kazetaritzako testuez gain, Carme Karrek narratiba laburra, eleberria, antzerkia eta haurrentzako ipuinak landu zituen.[6]
1902an, L 'Escardot (Kardabera) eta Una liceista (Lizeoko kide bat) ezizenekin sinatuta, bere lehen narrazioak argitaratu zituen Joventut (Gazteria) aldizkarian. Hainbat urtez kazetaritzako testuak idazten aritu ondoren, 1906an bi eleberri argitaratu zituen: Bolves: quadrets eta Clixés: Estudis en prosa. Biek ere klase ertaineko emakume burgesaren arazoak hartzen zituzten sakoneko erreferente tematikotzat. 1912an La vida de Joan Franch eleberria idatzi zuen, Lore Jokoetan saritua eta Lectura Popular-ek argitaratua. Urte batzuk geroago, 1925ean, beste narrazio bat argitaratu zuen 'La novela femenina' bilduman: Por la dicha.[7]
Umeentzako narrazioak ere idatzi zituen (Contes de l'àvia, 1934; Garba de contes, 1935; El libro de Puli, 1942; Nick (conte de mitjanit), 1931; Cuentos a mis nietos, 1932; eta abar) eta baita zenbait antzezlan ere (Un raig de sol, 1908; Els ídols, 1911; Caritat, 1918).
Carme Karr musikazale amorratua zen. Musikari buruzko prestakuntza espezifikorik gabe, baina musikari oso lotutako familia-ingurunearekin, Carmen Karr oso aditu ezaguna izan zen Katalunian, Kataluniako musika-kulturari buruzko bere lan eta ekarpenengatik, arlo horretako kritika eta ikerketengatik, bere sorkuntza pertsonalengatik eta egile katalanen literatura-piezei buruzko partitura eta konponketengatik, bereziki kanturako eta pianorako.
Musikalizatutako edo Karrek sortutako pieza garrantzitsuenen artean, Cansons (1903), La Mort del rossinyol (1903), Las Aranyas (1903), Flors d 'escardot cançons catalanes (1907), El testament d' Amèlia (1908), Orquídea lieder kantu eta pianorako (1916), La filla de Maria, La Non non dels papellons, La Mort de la Verge eta Caterina Alberten "L'enamorat a l'enamorada" poema ("La Tralla" 1907).[7]
Askatasunaren eta bakezaletasunaren maitalea izanik, Gerra Zibilak, frankismoak eta Bigarren Mundu Gerrak erabat atsekabetu zuten. Horren ondorioz, apurka-apurka itzaltzen joan zen, 1943an Sarriáko etxean hil zen arte, bere obrak inolako ezagutzarik hartu gabe.[6] Montjuïceko hilerrian (Bartzelona) lurperatuta dago.
Kataluniako Generalitateak Memorial Carme Karr sariak sortu zituen; sari horien xedea Kataluniako publizitate- eta kazetaritza-hedabideetan gizon eta emakumeentzako aukera-berdintasuna sustatzea da. Horrez gain, bere izena jarri dio Lledoners espetxean kokatutako Carme Karr Helduen Prestakuntzarako Zentroari (abenduaren 2ko 232/2008 Dekretua).
Kale bana eskaini diote Montgat, Sant Vicenç de Castellet eta Sant Quirze del Vallès hirietan. Urte askoan Duquessa d 'Orleans kaleko 17. zenbakian bizi izan zen, Sarrià-n (Bartzelona). Horregatik, Bartzelonako auzune horretan ere kale bat eskaini diote eta baita Casa Orlandai eraikin historikoko aretoetako bat ere.
Capital de la Cultura Catalana (Kataluniako Kulturaren Hiriburua) ekimenaren antolatzaileek, Carme Karr, beste 24 lagunekin batera, Humanitateen esparruko Kataluniako pertsonarik jakintsuena aukeratzeko hautagaitzat hartu zuten, eta atal honetako 5 finalistetako bat izateko bozkatua izan zen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.