Carles Puigdemont i Casamajó (Amer, Katalunia, 1962ko abenduaren 29) politikaria eta kazetaria da. Gironako alkate ohia, 2016ko urtarrilaren 9tik 2017ko urrira arte Kataluniako presidentea izan zen, Espainiako Gobernuak 155. artikulua aplikatuz kargugabetu zuen arte, Kataluniako independentzia aldarrikapena egin ostean. Gaur egun erbestean bizi da, eta Junts per Catalunya (JxCAT) hauteskunde plataformako burua da.
2016ko urtarrilaren 10ean Kataluniako Generalitateko presidente izendatua izan zen, historia osoko 130.a, CiUko haren alderdikide eta ordu arteko presidente Artur Masen ordez. 2018ko maiatzaren 14an Quim Torra 131. presidente izendatu zuten, Puigdemontek berak proposatutako hautagaia.
Marcela Topor kazetari errumaniarrarekin ezkonduta dago eta bi alaba ditu.
Lana kazetaritzan
Oinarrizko ikasketak Amerren eta Collell barnetegian egin zituen (Girona). Kazetari moduan oso gazte hasi zen: hamasei urterekin, Los Sitios egunkariaren korrespontsala izan zen Gironan. Filologia ikasketak hasi eta utzi ondoren, kazetaritzan aritzeko. 1981ean, El Punt hasi zen lanean, erredaktoreburu izan arte. Presència aldizkarian ere lan egin zuen. 1994an Cata... què? Catalunya vista per la premsa internacional liburua argitaratu zuen.[1] Lan horretan, Kataluniari buruzko erreferentziak mundu osoko prentsan bildu zituen. 1999an, Generalitatearen enkarguz, Agència Catalana de Notícies (ACN) sortu eta zuzendu zuen 2002 arte. 2004an Catalonia Today egunkariaren zuzendaritza eraman zuen.[2]: hedabide horren helburua Kataluniako informazioa ingelesez zabaltzea zen. 2006an kazetaritza utzi zuen, politikan murgiltzeko.
Ibilbide politikoa
Lehenengo urteak
2006an, Kataluniako Parlamenturako hautatu zuten Gironan. 2007an Gironako alkatetzarako hautagaia izan zen baina ez zuen irabazi. 2011ren uztailaren 1eko hauteskundeetan, aldiz, irabazi egin zuen eta alkate izan zen: garaipen horrek PSCren ordu arteko hegemonia amaitu zuen.[3]
2015eko uztailean, Associació de Municipis per la Independència izenekoaren presidente izendatu zuten. Kataluniako Parlamenturako 2015eko hauteskundetan, Junts pel Sí koalizioaren Gironako zerrendan hirugarren postuan aurkeztu zen eta berriz ere diputatu akta eskuratu zuen.
2016tik aurrera
2016ko urtarrilean Kataluniako Generalitatearen presidente izendatu zuten, Artur Mas alderdikidea ordezkatuz. 2017ko urriaren 1eko erreferendumaren ostean, Kataluniako independentzia eta Errepublika berriaren ezarpena aldarrikatu zituen Legebiltzarrean urriaren 27an, han zeukaten gehiengo politikoaren sostenguarekin, aldeko 70 botorekin alegia.[4] Espainiaren batasunaren alde, hango Gobernua eta oposizioko bi alderdi nagusiek lege bat aprobatu zuten Katalunian hartutako erabakiak bertan behera uzteko, kartzela zigorrak eta kargugabetze politikoak ekartzen zituena. Nazioartean, krisialdiak oihartzun handia eduki bazuen ere, Kataluniako Legebiltzarraren aldarrikapena ez zuen izan sostengu argirik.
Mehatxu politiko eta judizial hauengatik Carles Puigdemont justiziatik ihes egin zuen Belgikan, Clara Ponsatí, Antoni Comín, Lluís Puig eta Meritxell Serret kontseilariekin batera. 2017ko abenduan egindako hauteskundeetan, Junts per Catalunya plataformaren hautagai burua izan zen, bigarren postuan gelditzen. Hala ere, ERCk mantendutako gehiengoari esker, presidente kargurako izendatu zuten. Hori, ordea, Espainiako agintari judizialek galarazi zuten, haren eskubide politikoak urratuz, 2023ko maiatzean NBEk Espainia gaitzetsiz jakinarazi zuen bezala. Puigdemonti diputatu aulkia kentzea «demokraziaren muinaren kontrakotzat» jo zuen NBEk, eta Espainia bidegabekeria hori ezagutaraztera eta zenbait neurri hartzera kondenatu.[5]
Bitartean, Europan zehar Katalunian bizi den krisialdi soziopolitikoa eta errepresioa azaltzen ibili da: 2018ko urtarrilean bidaiatu zen Suitza eta Danimarkara, eta Kopenhageko unibertsitatean parte hartu zuen mahai inguru batean.[6] Urte horretako martxoan, bestela, Finlandiako legebiltzarrean egon zen hitzaldiak ematen eta bere herrialdeko egoeraz lehenengo eskutik informatzen[7]
Bruselarantz itzultzean, Espainiak bidalitako euroaginduari men eginez, Alemanian poliziak atxilotu eta kartzelan modu prebentiboan sartu behar izan zuten, Schleswig-Holstein ipar-mendebaldeko estatuan, Neumünster espetxean alegia. Egun batzuk geroago, apirilaren 5ean askatu zuten baldintzapean, espainiar epailearen iritziz zegoen ustezko matxinada delitua alemaniar epaileak baztertuta eta estradizioa ukatuta[8] Alemaniako Justizia ministroa eta hainbat komunikabide eta alderdi politiko erabakiaren alde agertu ziren. Bitartean, Clara Ponsatí kontseilaria Eskoziatik estraditatzeari uko egin zion hango botere judizialak halaber. Gauza bera gertatu zen Belgikan Antoni Comín, Lluís Puig eta Meritxell Serret kontseilariekin ere bai. Egun haietan, gainera, Portugalgo legebiltzarrean Katalunia eta Espainiaren arteko auzia bide politikoetatik konpontzearen alde agertu ziren gehiengoz. Hala ere, Espainiatik ihesi Belgikako Waterloon aterpetuta zegoela, Espainiako Hauteskunde Batzordeak Europako hauteskundeetan, Junts per Catalunyarekin, hautagai aurkezteko debekua ezarri zion 2019ko apirilean.[9] Apirilean egun batzuk eta helegite batzuk geroago, baina, Konstituzio Auzitegiak Puigdemont Europara hautagai aurkezteko eskubidearen alde egin zuen aho batez.[10]
2024ko abuztuaren 8an, Puigdemont Espainiara itzuli zen Belgikan zazpi urtez autoinposatutako erbesteratu ostean[143], Bartzelonako Garaipen Arkuan, Kataluniaren autodeterminazio eskubidearen defentsan, berehala desagertu baino lehen, hitzaldi desafiatzailea emanez. polizia operazio handi bat eragin zuen. Kataluniako Poliziak errepide-blokeak ezarri eta Puigdemonten ihesaldian autoa erabili omen zuten ofizial bat atxilotu zuen, indarraren parte-hartzeari buruzko zalantzak sortuz. Gertaera honek bat egin zuen Salvador Illa Kataluniako presidente berriaren kargu hartzearekin, eta horrek eskualdearen ikuspegi politikoa subiranotasunetik gizarte gaietara lekualdatu zuen. Puigdemont berragertzeak eta ondorengo desagertzeak are gehiago zaildu du panorama politikoa, eta oposizioko buruzagien kritika gogorrak eragin ditu, gertakaria Espainiaren irudirako kaltegarria dela uste baitute.
Irudi galeria
- 2017ko urriaren 27an Kataluniako Legebiltzarrean egindako independentzia aldarrikapenean.
- Santa Luziaren gauean Bruselatik egindako agerraldian, 2017ko abenduan.
Ikus, gainera
Erreferentziak
Kanpo loturak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.