From Wikipedia, the free encyclopedia
Carl Wilhelm Scheele (Stralsund, Suedia [gaur egun Alemania], 1742ko abenduaren 9a - Köping, Suedia, 1786ko maiatzaren 21a) kimikaria izan zen. Kimikaren lehen garaietako pentsalari eta ikerlari garrantzitsuenetako bat izan zen, eta, beraz, kimika modernoaren sortzaileetako bat da.
Carl Wilhelm Scheele | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Stralsund, 1742ko abenduaren 9a |
Herrialdea | Suedia |
Heriotza | Köping (en) , 1786ko maiatzaren 21a (43 urte) |
Heriotza modua | berezko heriotza |
Familia | |
Ezkontidea(k) | Sara Margarethe Pohl (en) |
Hezkuntza | |
Heziketa | Uppsalako Unibertsitatea |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | kimikaria, farmazialaria eta farmakologoa |
Kidetza | Academy of Science for Public Utility (en) Suediako Zientzien Errege Akademia XL izeneko Zientzien Akademia Nazionala Accademia delle Scienze di Torino |
Carl Wilhelm Scheele Stralsunden jaio zen, Suedian -gaur egun Alemania- 1742ko abenduaren 9an. Aita Joachim (edo Johann) Christian Scheele kafe merkataria izan zuen eta ama, berriz, Margaretha Eleanore Warnekros. Gurasoen lagunekin ikasi zuen kimikako eta farmaziako ikurrak irakurtzen eta, 1757an, Carlek 14 urte zituenean, Göteborgera bidali zuten familiaren lagun zen Martin Andreas Bauchekin farmazia ikastera. Hantxe aritu zen 8 urtez eta gau eta egun eman zituen Nicolas Lemery, Caspar Neumann, Johann von Löwenstern-Kunckel eta Georg Stahlen lanak irakurtzen. Azken honen lanean oinarrituko zen gero Scheelen espekulazio teoriko asko.
1765ean, ospe handiko CM Kjellström botikariarekin lan egin zuen Malmön eta Lundeko irakasle zen -geroago, kimikako irakasle izango zen Stockholmen- Anders Jahan Retzius ezagutu zuen. 1767 eta 1769 artean iritsi zen Stockholmera eta botikari lanean aritu zen.
Graduondoko ikasketen fruitu izan zen 1772-1773 urte bitarteko oxigenoaren eta nitrogenoaren aurkikuntza, eta erabat zehaztuta agertzen da hori 1777an argitaratutako Chemische Abhandlung von der Luft und der Feuer lanean (Aire eta suaren tratatu kimikoa), bere ospea Joseph Priestleyrekin ere partekatzen du, 1774an egin baitzuen honek ere, bere kabuz, aurkikuntza hori.
Oharkabean ia, beste elementu kimiko batzuk ere aurkitu zituen: barioa (1774), kloroa (1774), manganesoa (1774) eta molibdenoa (1778) beste konposatu batzuen artean. Azido tartarikoa, manganesoaren gatzak, artsenamina eta kobre artseniatoa; zenbait metalen oxidazio egoerak ere zehaztu zituen.
1774an, Jonas Bergiusek Zientzietako Errege Akademiako kide izateko izendatu zuen eta horrela egin zuten 1775eko otsailaren 4an. 1777ko urriaren 29an eseri zen han lehenengo aldiz eta behingoz. Azaroaren 11n gainditu zuen ohore handiz botikari izateko azterketa.
Argiak zilarraren konposatuen gaietan duen eragina aurkitu zuen, eta era horretara fotokimikaren eta fotografiaren oinarriak ezarri zituen. Scheelita mineralak zientzialari horren omenez du izena.
Wolframaren aurkikuntza ere esleitu izan ohi zaio, baina Scheelita izan zen iradoki zuen minerala -garai hartan, tunsten izenekoa, CaWO4-. Wolfram trioxidoa -WO3- isolatzea lortu zuen; elementua, ordea, ez. 1783an lortuko zuten hori Elhuyar anaiek, Fausto eta Juan Josek[1][2].
Bere garaiko kimikariek egin ohi zuten bezala, Scheelek ere maiz egin lan baldintza oso arriskutsuetan. Deskubritzen zituen produktuak probatu ere egiten zituen eta badirudi hori izan zela bere heriotzaren arrazoia, merkurio bidezko pozoinketa.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.