From Wikipedia, the free encyclopedia
Baskonia terminoa euskal komunitate kultural eta antropologikoa izendatzeko erabili izan da. Albo-erdaretan erabili izan da (latinez, espainieraz), batez ere. Euskaraz, historikoki, Euskal Herria hitza erabili izan da errealitate hori izendatzeko. Gaur egun, hala ere, erabilera mugatua du, hizkuntza kultuan erabiltzen baita batez ere, notazio historiko edo kulturalak adierazteko.
Jatorriz, “Baskonia” izena latinez erabilia izan zen , baskoiak bizi ziren lurraldea izendatzeko: Nafarroa eta inguruko lurralde batzuk. Gero, batzuetan Merovingiarren mende zegoen eta bestetan soberanoa izan zen Baskoniako dukerria, edo sinpleki Baskonia (garaiko dokumentazioan, latinez formak Vasconia, Wasconia, eta Gasconia izan ziren) izendatzeko ere erabili zen. Kasu honetan terminoak eboluzio fonetikoa izan zuen: lehenik Wasconia eta azkenik Gascuña (Gaskoinia) bihurtu arte.
"Vasconia" izena 394 urte inguruan agertzen da lehen aldiz, Paulino de Nola-k Ausoniori bidalitako gutun batean (konparazio baterako, gaztelaniazko País Vasco izena ez da dokumentatzen 1818 urtera arte.[1] Hori baino lehen Tito Livio, Plinio Zaharra, Estrabon eta Klaudio Ptolomeo historialari klasikoek aipatua zuten baskoien lurraldea deskribatu zuten, bertan bi alde bereiziz: Vasconum saltus eta Vasconum agrum[2][3][4] .
Bisigodoen eta frankoen garaian, Tourseko Gregoriok Wasconia izena erabili zuen. Aldaera horren bilakaera fonetikotik heldu da “Gascuña”, “Gascogne” edo Gaskoinia izena, Ipar Euskal Herritik iparraldera dagoen lurraldea izendatzeko.
Gaskoniako Saint-Severko abadia garrantzitsuaren XI. mende hasierako mapamundian, Wasconia ageri da. Bere kokapena: Aquitania eta Gallicia bitartean dago, eta honen ondoan Lusitania. Letra txikiz Aſtures eta Cantabria ere ageri dira. Francia izena iparralderago ageri da, Gallia Lugdunense eta Gallia Belgicaren ostean. Egilea, Estefano García, Zuberoako bizkondeen familiakoa zen eta, itxuraz, Oloroeko apezpikua.[5]
Armando Besga-ren iritziz, mapamundi horretan ageri den Wasconia hori gaur eguneko Gaskoiniari dagokio (Ipar Euskal Herria barne). Aldiz, Cantabria izena agian Iruñeko Erresumaren izendapen bat izan daiteke (orduan Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Nafarroaren zati bat barnean hartzen zituela).[6]
Arnaud Oihenart euskal idazle eta lege-gizonak Notitia utriusque Vasconiae, tum Ibericae, tum Aquitanicae (1638) idatzi zuelarik, bi Baskonia aipatzen ditu, mugaren alde banatan kokatuak.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.