From Wikipedia, the free encyclopedia
Atoloia eraztun itxurako koralezko uhartea da, ozeano tropikaletan kokatzen dena. Erdian dagoen aintzira bat inguratzen duen koralezko uharriz osatua daude, urperatutako sumendi baten ertzeko kare deposituetan oinarritzen direnak. Atoloi barneko aintzirak hauek ur gezakoak edo gazikoak izan daitezke.
Gehienak Ozeano Barean daude, hainbat uhartedi osatuz, baina Indiako Ozeanoan ere batzuk daude. Itsasoaren mailatik gora altuera txikia dutenez, klima aldaketak nabarmen eragingo diela pentsatzen da eta asko urperatuta geratzeko mehatxupean daude. Bestalde, atoloi txikietan bizimodua oso zaila da eta populatu gabe daude. Hori dela eta, XX. mendean bonba nuklearren proba ugari egin zituzten inguruetan.
Atollo hitza divehizko atholhu ( އަތޮޅު ) hitzetik dator, Maldivetako hizkuntza indo-ariarretik[1].
Europako hizkuntzetan 1625etik erabiltzen bada ere, Charles Darwinek izena ezagutarazi zuen. Horrela definitu zuen: "Uharteen arteko azpimultzo berezi bat da, haren ezaugarri nagusia koralezko uharri organiko bat izatean datza"[2]. Fairbridgek (1950) "erdian aintzira bat duen uharri zirkularra" gisa definitu zuen[3].
Gaur egun horrela definitzen da atoloia: "sintzira bat inguratzen duen eraztun itxurako uharria da, uharria baino altuagoa den muinorik ez duena, ez bada uharrizkoa edo uharriaren hondarrez eratutakoa"[4].
Darwinek azaldu zuen 1842an Ozeano Bareko koralezko atoloien eraketa The Structure and Distribution of Coral Reefs liburuan[5]. Horretarako 1831-1836 artean HMS Beagle itsasontzian egindako bidaian hartutako oharrak erabili zituen. Bidaia hartan hainbat latitudetako uharte bolkaniko eta atoloi ugari aztertu zituen eta konturatu zen poloetatik gertu ur azpiko mendi lauak (guiot) agertzen zirela[6] eta ekuatore aldean, berriz, atoloiak. Horrek argi erakusten du koralek tropiko arteko ur epelak behar dituztela, garapen egokia izateko.
Darwinek esan zuen uharte bolkanikoa jeisten doan heinean inguruan koralezko uharria hazten ari dela, harik eta sumendia erabat desagertu eta koralezko uharria itsas mailara iristen den arte. Esandakoa frogatu nahian Bora Bora eta Cook uharteetako Aitutaki aipatu zituen. Gaur egungo teoriak hein handi batean Darwinek esandakoa mantentzen du.
Honela gertatzen da atoloiaren eraketa:
Lurra planetan 440 atoloi inguru zenbatu dira[8]. Gehienak Ozeano Bareko eremu tropikalean kokatzen dira eta atoloi uhartedietan kontzentratzen dira. Multzo aipagarrienak honako hauek dira; Karolinak, Koral itsasoko uharteak, Marshall Uharteak, Tuamotu uharteak, Kiribati, Tokelau eta Tuvalu. Hauekin batera aipatzekoak dira Indiako ozeanoko Txagos uhartedia, Lakadiveak, Maldivak eta Seychelleetako kanpoaldeko uharteak. Ozeano Atlantikoan ez dago atoloi multzo handirik: bakarrak Nikaraguatik gertu dauden baina Kolonbiari dagozkion zortzi atoloi txiki dira.
Koralezko uharriak eratzen dituzten bizidunek ur tropikal eta azpitropikal epelak behar dituzte. Atoloi iparraldetarrena Kure da, 28°25′ N,[9] eta hegoaldetarrenak Elizabeth uharria (29°57′ S) eta Middleton uharria (29°27′ S) dira[10].
Munduko atoloi handiena, azalerari dagokionez, Txagoseko Banku Handia da. 12.642 km2-ko azalera du baina horietatik 4'5 km2 baino ez du osatzen itsas mailatik gora dagoen uharri estuak[11].
Atoloiek ez dute 5 metrotik gorako altuerarik, baina batzuetan gertatzen da indar tektonikoek atoloia altxatzea. Altuena Lifou da (Kaledonia Berria): 104 metroko altuera hartu du eta 1.146 km2-ko azalera[12].
Atoloiek hainbat mehatxu dituzte: nabarmenena klima aldaketak eragindako itsasoaren maila igotzea da. Altuera txikikoak direnez, asko urperatuta geraitzeko mehatxupean daude[13] eta biztanleek ezin izanen dute bertan bizitzen segitu[14]. Maldivak, Kiribati, Tuvalu eta beste hainbat estatu erabat urpera litezke hurrengo hamarkadetan[7]. Arrisku horri aurre egiteko, Klima Aldaketarekiko Atoloi Baxuen Nazioarteko Elkartea (CANCC) sortu da[15].
Beste alde batetik, atoloi multzo handiak isolaturik eta populatu gabe daude eta herrialde garatuenek proba nuklearrak egiteko aukeratu dituzte. Estatu Batuek lehen hidrogeno bonba Bikini atoloian lehertarazi zuten: horretarako, biztanleak Rongerik atoloira eraman zituzten. 1947 eta 1962 artean, AEBek ehun leherketa nuklear inguru egin zituzten horrelako atoloietan[7]. Frantziak ere Mururoa eta Fangataufa atoloietan 193 proba nuklear egin zituen 1966 eta 1996 artean[16]: haien ondorioz, Mururoa atoloia erortzen ari dela onartu behar izan zuen Macron presidenteak[17].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.