Antxitonea trinketa
Elizondon (Baztan) dagoen trinketa From Wikipedia, the free encyclopedia
Elizondon (Baztan) dagoen trinketa From Wikipedia, the free encyclopedia
Antxitonea trinketa Elizondoko trinketa da, Nafarroa Garaian daudenetan zaharrena. 1894an eraiki zenetik, sona handiko pilota partidak, bertsolari txapelketak edota mitin politikoak egin dira bertan.[1] Egun, trinketaz gain, hotela eta ostatua ere ditu.[2]
Antxitonea trinketa | |
---|---|
Kokapena | |
Herrialdea | Euskal Herria |
Probintzia | Nafarroa Garaia |
Udalerria | Elizondo |
Koordenatuak | 43°08′44″N 1°31′11″W |
Historia eta erabilera | |
Eraikuntza | 1894 |
Edukiera | 400 |
1894an ireki zuten trinketea Isidro Iribarren eta Josefa Iturralde senar-emazteek,[3] Antxitonea etxearen gibelean, atzeko paretari itsatsia. Ondorengo jabea Domingo Arotzarena izan zuen, eta haren seme Salvadorrek hartu zuen gero lekukoa. Florencio Azkona izan zen hirugarren jabea. 1997 arte, Tomas Ugalde izan zen trinketaren jabe, baina Baztango jendearen bilgune zen eraikina zahartzen ari zen, eta Ugaldek saltzera atera zuen. Francisco Urrutiak, Mexikon bizi zen azpilkuetarrak, erosi eta zaharberritu zuen.[1]
Bertan jokatutako pilota partidek eta kantatutako bertso saioek eman diote ospea Antxitonea trinketari. 1922ko abenduaren 2an Jean-Baptiste eta Léon Dongaitz anaiek Leonis eta Artzeren aurka jokatu zuten desafioak berealdiko oihartzuna izan zuen. Partidaren lekuko izan zen Mariano Izetaren arabera, "Iparralden bi partida egin zituzten, eta bana gelditu, eta Antxitonea aukeratu zuten gero azken partida erabakitzeko. Sekulako jendeketa etorri zen. Bete-betea dena eta jendea kanpoan. Batzuk bikote baten alde eta bertzeak bertzearen alde. Eta txaloak egiten zituzten karrikan, beren aldekoek tantoa egiten zutelarik". Partida hura Urruñako Dongaitz anaiek irabazi zuten.[1] Ikusleen artean zegoen Jan Battitt Millox senperetarrak bertsotan egin zuen partidaren kronika:
1 |
|
Ondoren ere egin ziren esku-huskako pilota partida entzutetsuak. Errate baterako, 1928an, Santiago Salegik eta Atano IV.ak, Dongaitz eta Mantzikoren kontra jokatu zutena; azken biak atera ziren irabazle. Zenbait urte geroago, oihartzun handia izan zuen Jaime Larralde arizkundarrak Txikito Iraetakoaren aurka jokatu eta irabazi zuen partidak; Ximun Haran ospetsuaren kontra, berriz, bi desafio jokatu eta biak galdu zituen.[5]
XX. mendearen bigarren erditik aitzinera, gomazko paleta izan zen Antxitoneko modalitate nagusia. Bertan trebatu ziren, besteak beste, Vidal Baylon eta Manuel Olondriz, 1952ko Munduko Txapelketan parte hartu zutenak, Pantxo Lazaro, Joaquin Leitza Txatxin, Eusebio Urrutia, Patxi Ameztoi eta Alejandro Galarregi.[6] Azken honek irabazi zuen, Manuel Goñi Xoko bikote zuela, Mendeurrenaren Koparen finala 1994ko azaroaren 20an, Luis Mari Iturriria eta Kiko Jaenen aurka. Era horretan, Elbeteko Galarregik bikotekako zazpigarren txapela eskuratu zuen, eta Txatxin-ek zuen marka hobetu.[7]
Antxitoneako paretak hainbat bertso saioren lekuko eta entzule izan dira. Besteak beste, han egin zen Nafarroako I. Bertsolari Txapelketa. 1936ko urtarrilaren 12an izan zen, eta hamar bertsolari hurbildu ziren Elizondora, haietako hiru baztandarrak: Pedro eta Juan Ibarra zigatarrak, eta Patxi Elorga lekaroztarra. Beste zazpiak mugaz bi aldeetako herrietakoak ziren: Juan Felix Iriarte, Martzel Larrosa, Beltran Sahargun, Joanes Harriet, Ximun Ibarra, Jose Mari Mutuberria eta Mixel Dargaitz. Lehen postua Juan Felix Iriartek eskuratu zuen, eta bigarren Mutuberria gelditu zen. Baina Espainiako Gerra Zibila etorri eta hori guztia itzali egin zen. 1960 arte ez zen beste bertsolari txapelketarik jokatu.[1]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.