Remove ads
Nafarroa Behereko udalerri ohia From Wikipedia, the free encyclopedia
Amendüze Amendüze-Unaso udalerriko herriburua da, Nafarroa Behereko Amikuze eskualdean. Herri honek, Unaso gabe, 1846 arte aparteko udalerria osatu zuen.
Amendüze | |
---|---|
Euskal Herria | |
Kokapena | |
Herrialdea | Nafarroa Beherea |
Udalerria | Amendüze-Unaso |
Herritarra | amendüztar |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°21′17″N 1°02′34″W |
Herritarrei "amendüztar" deitzen zaie. Donibane Garazi herrialdeburura 35 km daude.
Dokumentazio historikoan lekuizen hau forma desberdinetan agertzen da: Sanctus Joannes de Mindus (1160an), Amindux (1316an), Aminduch (1350ean), Aminduz (1413an), Mendux (1413an), Sent-Johan de Mendux (1472an Okzitaniako Bastidaxarreko notarioen idazkietan), Armendux (1513an Iruñeko dokumentazioan), Amenduxs (1600ean Paueko Comptos Ganberako tituluetan) eta Amendux (1621ean Martin Bizkaikoak bildua).[1] Hainbat kasutan gertatzen den bezala, etxe noble edo jauregi batek zeukanetik eman zitzaion izena herriari.
XVI. mendean Nafarroa Garaian, dela Iruñean dela Erriberan topatzen dugun Amendux abizendun olerkariaren familiaren jatorria herri hau dateke.
Amiküze eskualdea historikoki zatituta zegoen hiru eremuetatik Barhoa izenekoan kokatuta dago. Herriaren mugak hauexek dira: ekialdean Biduzez beste aldera Zohazti; iparraldean Gabadi; ipar-mendebaldean pittin bat ikutzen ditu Labetzeko lurrak eta gehiago Altzümartakoak; mendebalde/hego-mendebaldean Garrüze eta hegoaldera hurbilen dagoen eta udalkidea duen herria, Unaso alegia.
Aipatu herri guztiak amikuztarrak dira.
Herrian ezarrita dagoen panel batean beste auzo hauek nabaritzen dira: Gabadiko mugetan herritik ipar-ekialdera bai Hiriberri (Biduzetik hurbil) bai Autxitxia eta ipar-mendebaldean Landazahar, etxe noblea zen; herritik Biduzerako bidean Eihera.
Altuera apaleko lurrak dira baina etengabeko gorabeherak daude. Herria bera 120 bat metrotan dago eta punturik altuenak ez dauka askoz ere gehiago; baxuena (32 m) herriaren ekialdeko muga markatzen duen Biduzeren ertzean dago, Hiriberri auzotik hurbil.
1695eko erroldan 63 etxerekin ageri zaigu.
Berezko udalerri gisa ageri den erroldei dagokienez, 1793koan 217 biztanle zituen eta desagertu baino lehenagoko 1841ekoan 290. INSEEren datuak dira; fusioaren osteko udalerriaren datuak jakiteko, ikus Amendüze-Unaso. Azken urteotan Donapaleuren gerizpean bizi izan duen hazkuntza dela eta, Unasok aurrea hartu dio udalburuari biztanlerian eta horrek, besteak beste, bien arteko ika-mikak areagotu ditu. Demografiari segituz Unasok Herriko Etxean 7 kontseilari baditu ere, Amendüze udalburuak 4 baino ez ditu.
Departamendu mailako errepide bakarrak zeharkazten du herria, D 124k; herritik bertatik pasatuta, iparralderantz Gabadira joan daiteke; Donapaleu eskualde eta kantonamenduburuarekin lotzen du hegoalderantz jota, bai errepide osoa segituta (Bidaxune eta Baionara joateko ere erabiltzen dena) edota bidezidor gisa Unasotik pasatzen den D 511 hartuta. Zenbait tokiko errepidek auzo batzuk lotzen dituzte.
Udalerri modernoak sortu baino lehen, erlijio aldetik ere orain udalkide direnek harreman bereziki hurbila zuten, parrokia berean bilduta baitzeuden.
1846 arte herri honek udalerri propioa izan zuen. Urte horretan Unasorekin fusionatu zen; harrezkero Amendüze-Unasoko udalburua da.
Nekazaritza eta abeltzaintza izan dira herritar gehienen lanbideak. Azken urteotan, Amiküze osoan bezala, industria batzuk ere garatu dira.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.