2020ko Lizoaingo lurrikara

From Wikipedia, the free encyclopedia

2020ko Lizoaingo lurrikara 4,5ko[1] edo 4,6ko[2] magnitudeko lurrikara bat izan zen, 2020ko urriaren 1ean gertatutakoa, Iruñetik gertu dagoen Lizoainibar-Arriasgoiti udalerrian epizentroa izan zuena. Aurreko asteetan hainbat lurrikara txikiago eman ziren eskualdean eta, gau horretan bertan, 4,4ko[3] Mw magnitudea izan zuen beste erreplika bat eman zen, eta 3,8 eta 3,4ko beste bi jarraian[4]. Mercalli intentsitate eskalan IV-V artean kokatu zen (jendea esnatzeko moduko lurrikara)[2].

Datu azkarrak Mota, Data ...
2020ko Lizoaingo lurrikara
Thumb
Motalurrikara
Data2020ko urriaren 1a
HerrialdeaEspainia
Lurrikararen momentu sismikoa4,6
Mercalli intentsitate eskalaIV Mercalli eskalan
V Mercalli eskalan
Sakonera bertikal1 km
Itxi

Inguruan aurretik ere egon dira lurrikarak, eta ikerlari batzuek Itoizko urtegiaren eraginez izan daitekeela ere proposatu dute[5].

Hedapena eta erreplikak

Lurrikarak Nafarroa Garaian ez ezik, baita Gipuzkoako zenbait herritan ere, besteak beste Donostian eta Hernanin. Euskal Herritik kanpoko zenbait lurraldetan ere bai: Aragoin, Errioxan eta Katalunian[4].

Espainiako Geografia Institutuak 00:02an erregistratu zuen lehenengo lurrikara, indartsuena: Richter eskalako 4,6 gradukoa. Hurrengo minutuetan, 2,9 graduko eta 1,9 graduko beste bi ere jaso dituzte, eta, 00:54an, indartsuago bat: 3,4 gradukoa. 01:37an, 3,7 graduko astinaldi bat erregistratu dute Eguesibarren (Nafarroa), eta minutu gutxiko tartearekin gertatu ziren erreplikak, Lizoainibar-Arriasgoitin eta Eguesibarren[4].

Geologia

Sakontzeko, irakurri: «Pirinioak#Geologia»

Nafarroa Garaia Pirinioen eta Ebroko arroaren artean dago. Bi eremu horien artean kokatzen da Jaka-Iruñea arroa, inguruko geologian interesa duena.[6] Nafarroa Garaiaren mendebaldean Kantauriar mendikatea dago, eta ekialde-mendebalde eremuan ere interakzio interesgarriak daude. Zonalde honek interes berezia du ipar-hego eta ekialde-mendebalde interakzio geologikoak ematen direlako.[7]

Estratigrafia

Pirinioen eremuko zona axialean Paleozoikoko hainbat arroka daude (Oroz-Betelu, Kintoa eta Bortziriak), baita arroka plutonikoak ere Bortzirietan. Kintoako arrokei Olazar Formazioa izena ematen zaie.[7] Gainerakoan Mesozoikoko arrokez osatua dago, eta mendilerroak toles eta zamalkadura sekuentzia batez osaturik daude.[6]

Ebro ibaiaren arroa Pirinioen lurraldeaurreko arroa da. Arroaren oinarria Mesozoikoko arrokez osatuta dago, eta diskonformitate baten ostean Oligozeno eta Miozenoko sedimentuz osatutako arrokak aurki daitezke.[6]

Jaka-Iruñea arroa bi eremu hauen arteko trantsizioa da, Paleozeno-Eozenoko arrokak turbiditikoekin eta Mesozoikoko beste unitate batzuk tartekatuz.[6]

Tektonika

Lurrikararen inguruan Lizarra-Akize falla aurki daiteke, Mesozoikoan eta Tertziarioan jarduera tektoniko garrantzitsua izan duen faila,[7] hainbat diapiroren sortzailea.[8][9]

Nafarroa Garaiko egitura geologikoa Orogenia Pirenaikoaren ondorioa da, Eurasiako plaka eta Iberiar mikroplakaren talkatik sortuta ipar-hego norabidean laburdura emanez. Estimazioen arabera 80 kilometrokoa izan zen laburdura hau.[10] Hegoaldean Ebroko arroak ematen duen zamalkadura da muga. Paleozeno eta Eozenoan Nafarroa Garaiko erdialdean zegoen itsas-arroa itxi eta mendilerroak osatu ziren. Keuper garaiko gatz triasikoen mailek zehazten dituzte eremu osoko zamalkadurak non sortu diren, adibidez Agoitz inguruan, Alaitz edo Leiren.[6]

Nafarroa Garaiko faila nagusiak historia geologiko honen ondorio dira:[11][12]

  • Pirinioetako Iparraldeko faila, Ekialde-Mendebalde norabidekoa, Iberiar eta Eurasiar plakak bereizten duena eta, beraz, garapen litosferiko handia duena.
  • Lizarra-Akizeko faila edo Iruñeko faila, Ipar-Ekialde/Hego-Mendebalde norabidekoa eta 125 km ingurukoa,[13] historia oso konplexua duena eta mugimendu bertikalarekin.[14] Lehen esan bezala diapiro ugari aurkitzen dira hemen eta, beraz, oso sakona dela uler daiteke.[15]
  • Leitzako faila: Pirinioetako iparraldeko failaren luzapena da, mendebalderantz, Kantauriar mendikatean kokatua. Ekialde-Mendebalde norabidea du eta urratze-faila bat da.[15] Ia bertikala da, baina iparralderantz okerdura txikia izaten du.[11] Bere hedapen horizontala 30 eta 500 metro artekoa da.[6]
  • Hendaiako faila: Hendaiako faila egitura sakona da, Ipar-Ekialde/Hego-Mendebalde norabidea duena, ziurrenik mugimendu sinistroa duen urratze-faila.[16] Euskal mazizoren mendebaldeko muga ezartzen du.

Sismizitatea

Euskal Herria ez da arrisku sismiko haundia duen lurraldea, eta zaila da Nafarroa Garaian 5eko magnitudea baino lurrikara indartsuagorik izatea.[6] 1998ko urriaren 27an Lizarragan izan zen Nafarroan ezagutzen den lurrikararik indartsuena, 5,2ko magnitudearekin Richter eskalan.[17] Bitxikeri gisa, 1903ko martxoaren 10ean beste lurrikara bat izan zen Iruñerrian, 4,7ko magnitudekoa, hainbat orduz erreplikak izan zituena.[18]

Nafarroa Garaiko sismizitatea, orokorki, Eurasiar plaka eta Iberiar mikroplakaren arteko gerturatzearen ondorioa da, nahiz eta Nafarroa Garaian dagoen esfortzu horizontal maximoa (IIE-HHW) ez den Iberiar Penintsulako orokorra (IIW-HHE).[6] σ1 esfortzu maximoa bertikala da eta, horregatik, zonalde estentsibo gisa klasifikatu izan da.[19] Hala ere esfortzu global horren bariazioak ematen dira maila lokalean. Presio ardatz nagusiak, egondako lurrikaren foku-mekanismoetan oinarrituz, NNO-SSE / NO-SE norabidea izan ohi du.[20] Honela interpretsatzen da Lizarrako eta Hedaiako failek, NE-SO norabidea dutenak, aldirantzizko mugimendu garrantzitsua dutela.[19][21]

Erreferentziak

Ikus, gainera

Kanpo estekak

Wikiwand - on

Seamless Wikipedia browsing. On steroids.