Versaillesko Ituna Alemania eta Aliatuen artean Lehen Mundu Gerrari amaiera eman zion bake-hitzarmena izan zen, 1919ko ekainaren 28an Versaillesko jauregian sinatua. Benetako buruz buruko borrokaren bukaera ekarri zuen su-etena Compiègnen 1918ko azaroaren 11n sinatu arren, Parisko Biltzarrean bildutakoek sei hilabete behar izan zituzten bake hitzarmena gauzatzeko, 1920ko urtarrilaren 10ean sartu baitzen indarrean.[1]
- Artikulu hau I. Mundu Gerra amaierako bake hitzarmenari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Versaillesko Ituna (argipena)».
Itunaren puntu nagusi eta eztabaidagarrien artean, gerra piztu izanaren erantzukizun osoa Alemaniari eta haren aliatuei leporatzea izan zen. Horrenbestez, 231-248 artikuluen arabera, herrialde horiek desarmatu, hainbat lurralde galdu eta kalteordainak ordaindu behar zituzten aurkarien mesedetan. [2] Ituna zailtasun handiekin bete zuten 1922tik aurrera eta erabat urratua izan zen Adolf Hitlerren etorrerarekin.
Alemaniak gerra ondorengo kalte-ordainak 1983an likidatuta zituen, baina ituna egin zenetik jasotako interesen ordainketa zela-eta, 125 bat milioi euro falta ziren oraindik. Interes horiek ez ziren ordaindu Alemania birbateratua izan arte, eta sekula ez zituztela ordainduko zirudien. Azkenik, Alemaniak, 2010eko urriaren 3an, zorra guztiz kitatuta utzi zuen.
Historia
Lehen Mundu Gerra bukatu eta armistizioa deklaratu zutenean, Aliatuak (Frantzia, Erresuma Batua eta AEB) Parisko Bakearen Biltzarrean bildu ziren Alemaniarekiko bake itunak sinatzeko prest. Aliatuek hainbat itun idatzi zituzten galtzaile bakoitzarerentzat eta Versaillesko Ituna Alemaniari ezarri zitzaiona izan zen.
Bakearen oinarrirako eztabaidak 1918ko urtarrilaren 18an hasi ziren eta Alemaniari aukera bakarra aurkeztu zitzaion. Ituna onartu eta hurrengo egunean, 1919ko ekainaren 23an, dolu eguna izan zen Alemanian, parlamentarismoaren lehen porrotaren eguna, eta Weimarko Errepublika jaio berriaren lehen bekatu barkaezina kontsideratua.
Bai Alemaniako ordezkaritzak eta baita Alemaniako gobernuak ere, Versaillesko Ituna indarrez ezarritako ituna zela pentsatu zuten (Diktat). Izan ere, Ulrich Brockdorff von Rantzau kondeak, Alemaniako ordezkaritzako buruak, negoziatzeko ezintasun garbia ikusi zuen Bakearen Biltzarrean. Arazo gehien eman zien gaia Alemaniak gerra hasieran izan zuen erru eta erantzukizunarena izan zen eta tentsioa areagotu zen talde guztien artean.
Itunak Nazioen Ligaren sorrera ekarri zuen, AEBetako presidentearen ustez, lehentasunezko helburua. Sor litezken istiluetan bitartekariak ezarri behar ziren, gerra saihesteko. Alemaniari debekatu egin zitzaion erakunde horretarako sarrera.
Alemaniar armadak ezin zituen 100.000tik gora gudari baino gehiago izan eta ezin zen Rhin ibaiaren ezkerraldean egon.
Alemaniaren zigor ekonomikoaren ideia nahiko era argian azaldu ahal da. Aliatuek zera espero zuten: dena ondo joanda, Alemaniak izenpetu zuen zor handia eta urtez urte hainbeste diru ordaindu eta gero, zigor osoa XX. mendearen amaierarako kitatzea.
Alemaniari ezarritako baldintza gogor haiek nazismoa ekarri zuten eta ondorengo belizismoaren aitzakia izan ziren.[3]
John Maynard Keynesek aurreikusi zuen moduan, ordainezina izateaz gainera, sumindura eta etsipena sorrarazi zizkien alemaniarrei. Munduko Bigarren Gerrako arrazoi nagusietako bat izanda, Alemaniak ordaintzen segitu behar izan zuen, 2010 arte.[4]
Itunaren egitura
- I. atala- Klausula finantzarioa
- II. atala- Alemaniako mugak
- III. atala- Europarako klausulak
- IV. atala- Alemaniar eskubide eta interesak Alemaniatik kanpo
- V. atala- Ontzigintzako, airezko eta armadako klausulak
- VI. atala- Gerrako preso eta hilerriak
- VII. atala- Zigorrak
- VIII. atala- Konponketak
- IX. atala- Nazioen Ligaren Ituna
- X. atala- Klausula ekonomikoak
- XI. atala- Airezko garraioa
- XII. atala- Portuak, urezko bideak eta trenbide sareak
- XIII. atala- Lanaren Nazioarteko Erakundea
- XIV. atala- Prozedurak
- XV. atala- Bermeak
- XVI. atala- Aurreikuspenak
Versaillesko ituneko zenbait pasarte
"Amerikako Estatu Batuak, Britaniar Inperioa, Frantzia, Italia eta Japonia (...), alde batetik, eta Alemania, bestetik, hurrengo erabakietan ados jarri dira:
42. Alemaniari lehengo gotorlekuak zaindu edo berriak egitea galaraziko zaio, bai Rhinen ezkerraldean, bai eskuinaldean (...).
45. Frantzia iparraldean ikatz meatzeak desegitearen ordaintzat (...), Alemaniak Sarreko ikatz mehatzeen jabetza emango dio Frantziari (...).
51. 1871ko Bake Itunagatik Alemaniari emandako lurrak (Alsazia eta Lorena) frantses subirotasunpera itzuliko dira (...).
80. Alemaniak Austriaren independentzia onartu eta zorrotz errespetatuko du (...).
87. Alemaniak (...) Poloniaren independentzia onartuko du (...).
119. Alemaniak uko egingo die potentzia aliatu eta kidetu nagusien mesedetan, itsasoz bestaldeko jabetza guztien gaineko eskubide eta tituluei (...).
231. Gerraren ondorioz gobernu aliatuek eta haien nazioek pairatutako galera eta kalte guztien erantzulean Alemania eta haren aliatuak dira, beraiek sortu baitituzte (...).
232. Gobernu aliatuek eta kidetuek eskatzen dute beren biztanleria zibilarengan eta ondasunetan sortutako kalteak ordaintzeko, eta Alemaniak hori betetzeko konpromisoa hartzen du (...).
428. Rhineko mendebaldean dauden lurraldeak (...) potentzia aliatuen eta kidetuen tropek okupatuko dituzte, bermetzat, hamabost urtean (...)."
Lurraldeko klausulak
Itunaren ondorioz, Alemaniak lurralde ugari galdu zuen: 1910ean 540.766 km2 izatetik, 1925ean 468.787 km2 izatera pasatu zen. Gainera, kolonia guztiak galdu zituen, irabazleen artean banatu zirelako.
- Alsazia-Lorena Frantziarentzat izan zen (14.522 km² eta 1.815.000 biztanle 1905ean).
- Sarre Nazioen Ligaren menpe geratu zen eta 15 urtez Frantziak ustiatuko zuen.
- Eupen eta Malmedy Belgikarentzat izan ziren, baita Moresnet ere.
- Schleswig-Holstein daniarren esku geratu ziren.
- Posen eta Mendebaldeko Prusiako gehiena Poloniaren esku geratu ziren.
- Danzig eta Memel hiri libreak izan ziren, Polonia eta Nazioen Ligaren menpe.
- Lituaniak Niemen ibaiaren arroa lortu zuen.
- Togolandia (87.200 km²) eta Kamerungo koloniak Frantzia eta Erresuma Batuaren artean banatu zituzten.
- Afrika Hegomendebaldea (gaurko Namibia) Hegoafrikar Batasunaren menpe geratu zen.
- Tanganika edo Ekialdeko Afrika alemaniarra Erresuma Batuaren menpe izan zen; Ruanda eta Burundi, berriz, Belgikaren menpe eta Kiongako portua, Portugalentzat berriro.
- Alemaniar Ginea Berria (241.231 km²) Erresuma Batuaren esku geratu zen baina, azkenean, Australiak hartu zuen. Polinesiako uharteak Erresuma Batuaren eta Japoniaren artean banatu zituzten.
- Alemania eta Austriaren batasuna debekatu zuten.
- Otomandar inperioaren murriztea: Siria, Jordania, Libano, Irak eta Palestina Frantziaren eta Erresuma Batuaren menpe geratu ziren. Arabiar penintsulako herrialdeek independentzia lortu zuten.
Klausula militarrak
- Material militarrak eta armadako unitateak galdu zituen.
- Renania eta Rhin ibaiaren ezkerraldea desmilizaritatu zen.
- Armadaren murrizketa: 100.000 soldadu eta 4.000 ofizial, artilleria handirik, itsaspekorik eta hegazkinik gabea.
- Gerrako materialak ekoiztearen debekua.
- Armadaren Estatu Gorenaren desagerpena.
- Alemaniako derrigorrezko soldadutzaren ezabapena.
- Kielgo kanalaren nazioarteko bilakatzea.
Klausula moral eta politikoak
- 231 artikuluaren arabera, Alemania izan zen gerraren sortzaile bakarra. Honela zioen:
« | Gobernu aliatuek diote eta Alemaniak onartzen du Alemaniaren eta bere kideen erantzukizuna, gerrari erantzun beharrean izan zirelako aliatuei galera guzti hauek sortzeagatik. | » |
- .Alemania ezin zen Nazioen Ligan sartu.
Klausula ekonomikoak
- Gerrako kalteordainetarako batzordea sortu zen.
- Merkataritzarako ontziteria galdu zuen eta itsasontzi gehiago eman behar zituen, aliatuei suntsitutakoen ordainetan.
- Bost urtean, 44 milioi tona ikatz, 371.000 abere, industria kimikoen eta botika industrien ekoizpenaren erdia... urtero herrialde irabazleei bidali behar zien.
- Alemaniako jabetza pribatuen desjabetzea galdutako lurralde eta kolonietan.
- 132.000 milioi marko-urre alemaniarren ordainketa (400.000 dolar) 2010an bukatu zena. Ezinezko kopurua zen Alemaniarentzat eta ondorengo hiperinflazioa eragin zuen neurri horrek.
Laneko klausulak
Versaillesko Itunak langilearen printzipio unibersalak aldarrikatu zituen. Hauek dira garrantzitsuenak:
- Gizakiaren lana ez da salgai bat eta ezin da merkaturatze objektutzat hartu.
- Enpresario eta langileen batasun eskubidea.
- Soldata duina.
- 8 orduko lanaldiak edo 48 ordukoak astean.
- Asteko atsedenaldia, 24 ordu gutxienez.
- Umeek lan egitearen abolizioa.
- Gazteen lanari mugak jartzea, haien garapen pertsonala hobetzeko.
- Soldata kopuru bera eta balorazio bera bai gizonezkoa edo emakumezkoa bada.
- Bidezko tratua langile guztientzat herrialde guztietan.
- Lanbide aztertzaileen zerbitzua herrialde guztietan emakumearen parte hartzearekin.
Erreferentziak
Kanpo estekak
Wikiwand in your browser!
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.