From Wikipedia, the free encyclopedia
Urretxindor arrunta (Luscinia megarhynchos) muscicapidae familiako hegazti paseriformea da, Europan eta hego-mendebaldeko Asian bizi dena[2]. Hegazti honen kantua famatua da oso eta honi esker askotan agertu da literaturan eta arte munduan.
Urretxindor arrunt | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) [1] | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Passeriformes |
Familia | Muscicapidae |
Generoa | Luscinia |
Espeziea | Luscinia megarhynchos Brehm, 1831
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 2,65 g |
Zabalera | 24 cm |
Kumaldiaren tamaina | 4,5 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 14 egun |
Bere kantuagatik da ezaguna urretxindorra. Arrek emea erakartzeko abesten dute eta abesti errepertorio oso handia dutela frogatu izan da. Beste txori askok ez bezala, urretxindorrek gauez ere abesten dute ugaltze-sasoian zehar, erraza suertatzen delarik hauek bereiztea orduan. Hegazti hau klima mediterraneoarekin lotuagoa dago eta beraz, Euskal Herriko hegoaldean azaltzen zaigu baitik bat, nahiz eta Bizkaian bikote ugaltzaileren bat ere deskribatu izan den.
Urretxindorrak itxuraz bereiztea ez da hain erraza suertatzen eta kantuagatik bereizi ohi da batik bat. Izan ere, ezaugarri bereizgarri askorik gabeko txori txikia da, txantxangorria baino zertxobait handiagoa. 14-17 zentimetroko luzera du eta 20-24 zentimetroko hego-zabalera. 18-23 gramo pisatu ohi du.
Arre kolorekoa da eta sabelaldea argiagoa du. Isats zabala du, gaztaina kolorekoa eta begi beltz handiak, eraztun zuri batekin apainduak. Arrak eta emeak itxuraz antzekoak diren arren, askotan arrak handiagoak dira, hego-zabalera handiagoarekin. Aldiz, emeak astunagoak dira, arren tasa-metabolikoak azkarragoak baitira, kantua dela eta.[3]
Antzeko espezieak
Ez dago txoririk urretxindorrak bezain sakon eta gogotsu kantatzen duenik. Kantu erabat aldakorra du eta beraz, abeslari moduan duen gaitasunagatik da ezaguna urretxindorra.
Kantu ozena du, txistu, borbor eta bestelako soinuekin. Hala ere, bere kantuaren ezaugarri bereizgarrienetako bat, in crescendo doan txistua da. Egunez kantatzen du baina abestiak, gauerdira arte luzatu daitezke, beste hegaztiak dagoeneko kantari ez dauden arte, eta orduan gailendu egiten da. Hori dela eta, urretxindorraren izen arruntak gauarekin zerikusia du hizkuntza ugaritan.[4]
Berriki deskribatu denez, hiriguneetan urretxindorren kantua ozenagoa da, errazago bereizi dadin.[3]
Arrek emeak kantuen bidez erakartzen dituzte. Ar zaharrenen ugalketa-arrakasta askoz handiagoa da, kantu errepertorio luzeagoa izaten dutelako eta baita urteetan zehar irabazitako lurraldea ere handiagoa izaten delako. Gazteena baino % 53 luzeagoa da zaharren errepertorioa eta 180-260 abestiz osatuta dagoela frogatu da.[5]
Europa hegoalde eta mendebalde guztian zehar hedatzen den espeziea da. Populaziorik handienak Italia, Frantzia, Kroazia, Bulgaria eta Espainian agertzen dira[6] eta horiek, kopuru totalaren ia %80a osatzen dute.
Iberiar penintsula ia osoan zehar agertzen da baina eskualde eurosiberiarrean ez da hain arrunta.[7] Euskal Herriko hegoaldean izaera autoktonoa du, eta Arabako eta Nafarroako erdialde-hegoaldean hedatzen da batik bat. Hala ere, Bizkaia mendebaldean eta hegoaldean bikote ugaltzaileak behatu izan dira (Karrantzan, Enkarterrin, Ganekogortako mendigunean eta Orduñan).[8]
Euskal Herriko iparraldean udako migratzailea baino ez da. Hala ere, eremu mediterraneo azpikantauriarrean baino ugariagoa da eta eremu atlantikoan, berriz, ia erabat falta da.[8]
Zuhaixkak ugari diren lekuetan bizi da; esaterako, larreetan, baratzeetan, ibar-basoetako oihanpean, ibai-ertzetan, hesi-bizietan eta herriguneetako parkeetan. Giro fresko eta laiotzak nahiago ditu eta ez da agertzen mendi garai eta zonalde elkorretan.[9]
Urretxindorra batik bat intsektujalea da eta lurrean aurkitutako kakalardo]]ak, inurriak eta armiarmak jaten ditu. Intsektuen larbak ere jan ohi ditu maiz. Udazkenean, fruituez elika daiteke.
Ugaltze-sasoia oso garai gogorra da urretxindorrarentzako, abestean energia ugari gastatzen duelako. Arren abesti-maiztasuna maiz euren egoera fisikoaren adierazle izan daitekeenez, emeek abeslaririk onenak hautatuko dituzte.[10] Arrak oso lurraldekoiak dira eta hori babesteko beste arrekin borrokatuko dira.[11] Ahaleginak ahalegin, parekatze-arrakasta ez da oso altua eta arren % 49ak ez du bikoterik lortuko.[10]
Ugaltze-sasoia maiatza erdialdera hastean da eta ekainera luza daiteke. Emeak belar eta orbelaz habiak eraikitzen ditu zuhaixka trinkoetako adarretan. Emeak 4-5 arrautza errungo ditu, 21x16 mm eta 2,7 g-koak. Emeak 13-14 egunez inkubatzen ditu arrautzak baina guraso biak arduratuko dira txitak elikatzeaz. 11-13 egunen buruan txitek habia utziko dute baina urtea bete arte ez dute heldutasun sexuala lortuko.[10]
Urretxindorrak kantua erabiltzen du komunikatzeko. Txistuak, ugaltze-sasoian erabiltzen dituzte eta txistu kopurua asko murrizten da arrek bikotekidea aurkitzen dutenean. Eme bat erakarri nahian dabiltzanean, arrek gauerdira arte abestu dezakete eta pisu asko galtzen dute orduan (Thomas 2002). Galera metaboliko horren ondorioz, arrek egunak jaki bila pasa behar izaten dituzte, gehiago abesteko denbora galduz baina era berean, predatzaileen atzaparretaz babestuz.
Bere egoera ezezaguna da baina Euskal Herrian 4.000 bikote ugaltzaile daudela estimatzen da.[12]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.