Txikipedia:Materia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Materia Unibertsoko gorputz guztiek duten osagaia da. Existitzen diren gorputz guztiek masa dute eta masa horrek bolumena dute, hau da, leku bat okupatzen du espazioan.
Materiaren egoerak: solidoa, likidoa, gasa, plasma eta Bose-Einstein kondentsatua |
Beraz, masa eta bolumena duen guztia materia da. Masa eta bolumena gorputz guztiek dituzten bi propietate dira, materiaren propietate orokorrak, hain zuzen.
Horretaz gain, materia atomoz osaturik dago. Masa edukitzeagatik, objektuek barne-energia daukate; izan ere, atomoak etengabe mugitzen edo bibratzen ari dira. Gainera, materia berotzean, atomoak azkarrago mugitzen dira. Hoztean, aldiz, kontrakoa gertatzen da; barneko atomoak motelago mugitzen dira. Beraz, materiak badu energia.
Erlatibitatearen teoriaren arabera, Albert Einsteinek adierazi zuen materia energia mota bat dela, eta haren formula hauxe da: E=mc².
Baina fisikan, materia ez diren gauzak ere badaude; esaterako, fotoiak. Horiek masarik ez duten oinarrizko partikulak dira. Fotoia erradiazio elektromagnetikoaren eramailea da, kuantu izenekoa. Beraz, energia da.
Beste aldetik, masa eta pisu kontzeptuak ondo bereizi behar ditugu, askotan nahasten ditugu eta. Pisua da Lurrak objektu bat erakartzeko egiten duen indarra, masa edukitzeagatik.
Materiaren adibideak hauexek dira: galaxiak, izarrak, planeta guztiak, arrokak, ura eta airea. Organismo bizidunek ere materia osatzen dute: esate baterako, landareek, animaliek eta gizakiek.