Txikipedia:Galaxia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Galaxiak milioika eta milioika izarrez, gasez eta hautsez beteriko multzoak dira, unibertsoan daudenak eta erdigune baten inguruan biratzen dutenak. Galaxiak konta ezin ahalekoak dira; ehunka mila milioi galaxia daude, eta ikaragarri handiak dira: horietako bakoitza milioika izarrez eta bestelako astroz osatuta dago. Galaxien erdigunean biltzen dira izar gehien.
Uste da lehen galaxiak (edo protogalaxiak) Big Bang eztandatik 600 - 1.000 milioi urte bitartean sortzen hasi zirela. Leherketa Handiak partikulen artean eragindako grabitate erakarpena dute jatorri.
Galaxia bateko gorputz bakoitza gainerako gorputzen erakarpenaren ondorioz mugitzen da. Oro har, gainera, bada mugimendu zabalago bat, galaxia osoa birarazten duena erdigunearen inguruan.
Galaxietan, gasez osatutako eskualdeak daude izarren artean. Eskualde horiek garrantzi kosmologiko handia dute, izarren jaiotza guneak direlako, materiaren kondentsazio eta agregazio fenomenoengatik (nahiz eta beste batzuetan hil den izar baten hondarrak izan).