Txikipedia:Giza anatomia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Giza anatomia gizakien gorputzaren egitura da batetik, baina baita egitura hori (hau da, gorputza nola osatuta dagoen) aztertzen duen zientzia ere. Izan ere, giza gorputza atal ugariz osatuta dago, eta atal horietako bakoitzak funtzio edo eginkizun berezi bat dauka. Eginkizun horiek aztertzen dituen zientzia-adarra fisiologia deitzen da.
Giza gorputza osatzen duten atal horiek elkarrekin lan egiten dute, bizitzeko beharrezkoak diren funtzioak bete ahal izateko. Gorputza zelulaz osatuta dago; gure gorputzaren oinarrizko unitateak dira zelulak. Antzekoak diren zelulak ehunetan elkartzen dira; ehun desberdineko multzoek organoak osatzen dituzte, eta organo horiek sistema edo aparatu organikotan antolatuta daude. Zientzialari askok 11 sistema edo aparatu bereizten dituzte giza anatomian:
- Muskulu-sistema
- Eskeleto-sistema
- Zirkulazio-aparatua
- Arnas-aparatua
- Digestio-aparatua
- Iraitz-aparatua
- Sistema endokrinoa
- Nerbio-sistema
- Tegumentu-sistema
- Ugaltze-aparatua
- Immunitate-sistema.
Sistema edo aparatu horietako bakoitzari buruzko informazio gehiago topatuko duzu bakoitzari dagokion artikuluan. Bestalde, gorputz-atal bakoitzari buruzko hainbat artikulu daude anatomia kategorian.
Dena dela, organo-multzo edo aparatu horiek ez dute bakarka funtzionatzen; sistema edo aparatu bakoitzak funtzio edo betekizun nagusi bat du, baina aparatu eta sistema horiek denek batera lan egiten dute gure gorputza osasuntsu edukitzeko eta bizirik egoteko.
Bestalde, sistema edo aparatu bat gaizki funtzionatzen hasten bada, horrek eragina izan dezake beste aparatu eta sistemetan; adibidez, zirkulazio-aparatuak oxigenoa eta mantenugaiak garraiatzen ditu ehunetara, eta karbono dioxidoa eta beste hondakin batzuk kanporatzen ditu. Giltzurrunek zirkulazio-aparatuarekin lan egiten dute, odoleko hondakinak iragazten edo garbitzen; gehiegizko ur kantitatea kanporatzen eta gatz mailak ere erregulatzen dituzte. Giltzurrunei esker, odola garbi itzultzen da bihotzera, eta hondakinak eta gehiegizko ura iraitz-aparatuaren bitartez kanporatzen dira. Baina giltzurrunak gaizki funtzionatzen hasten badira, hondakinak eta gehiegizko ura odolean pilatuko dira; horrek kalte egin ahal die bihotzari, zain eta arteriei. Horren ondorioz, arazoak izango dituzte mantenugaiak garraiatzeko eta hondakinak kanporatzeko; eta arazo horiek, gainera, kalte gehiago egingo diete giltzurrunei, eta beste organoak ere gaizki funtzionatzera irits daitezke.