![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/d/d8/Trainera_de_Santurce_en_Bilbao.jpg/640px-Trainera_de_Santurce_en_Bilbao.jpg&w=640&q=50)
TKE Ligako 2021eko denboraldia
From Wikipedia, the free encyclopedia
TKE Ligako 2021eko denboraldia Eusko Label Ligaren hemeretzigarren denboraldia izan zen. Txapelketa uztailaren 3an hasi zen Coruña hiriko uretan eta irailaren 19an bukatu zen Portugaleten; guztira, 20 estropada jokatu ziren[1]. 2021ekoa lehiaketa ez-ohikoa izan zen, COVID-19 pandemiak zenbait estropada baldintzatu baitzituen. Aurreko denboraldian Eusko Label Ligako garaikurra lehen aldiz irabazi ondoren, Itsasoko Ama Arraun Elkartearena izan zen titulua defendatzen saiatu zen trainerua. Lehian Tirán elkartu zitzaion, 2020an lehen mailan arraun egiteko txartela lortu zuen elkartea[2].
![]() | |
Itsasoko Ama Arraun Elkarteak (irudian) bigarren aldiz jarraian eskuratu zuen TKE Ligako garaikurra. | |
Datu orokorrak | |
---|---|
Antolatzailea | Traineru Kluben Elkartea |
Partaideak | 12 talde |
Estropadak | 20 estropada |
Hasiera | 2021eko uztailaren 3a |
Amaiera | 2021eko irailaren 19a |
Palmaresa | |
Txapelduna | Santurtzi (217 p.) |
Txapeldunordea | Hondarribia (203 p.) |
Ohorezko tx. | Orio (177 p.) Donostiarra (176 p.) |
Jaitsiera | Tirán (55 p.) Zarautz (44 p.) |
← 2020 |
2022 → |
Denboraldi honetako txapeldun nagusiak, hain zuzen ere, santurtziarrak izan ziren[3]. TKE Ligaren historian bigarren aldia izan zen Soterako mutilek garaikurra irabazi zutena, biak jarraian gainera; guztira, 217 puntu lortu zituzten eta 20 estropadetatik 8tan garaile izan ziren. Dena den, azken asteburura arte lehia estua izan zen txapeldunordearekin, Ama Guadalupekoa ontziarekin. Hondarribia Arraun Elkarteak denboraldiari nahi zuen bukaera eman ez zion arren, 203 puntu eta 4 bandera eskuratu zituen, horien artean Zarauzko Ikurrina laugarren aldiz jarraian. Ohorezko txanda, bestalde, Oriok eta Donostiarrak osatu zuten[4]. Azkenik, banderei dagokienez, banaketa zabalagoa izan zen; Santurtzik 9 bandera eraman zituen herrira, Hondarribiak 4, Zierbenak 3, eta Donostiarrak eta Ondarroak bana. Antiguako Amako arraunlariek Zierbenan irabazitako bandera ondarrutarrek lehen mailan irabazi zuten lehenbiziko bandera izan zen[5][6].
Bestetik, Zarautz eta Tirán izan ziren TKE Ligari agur esan zioten elkarteak. Gipuzkoarrak txapelketako kaskarrenak izan ziren: 18 estropadetatik 8tan motelenak izan ziren eta 44 puntu baino ez zituzten eskuratu. KAE Ligara zuzenean jaisteko txartela, ondorioz, beraien esku gelditu zen[7]. Galiziarrak, aldiz, azkenaurrekoak izan ziren ligan 55 puntu lortu ostean. Jaitsiera play-offean, baina, ezin izan ziren KAE Ligako traineruak (Getaria eta Kaiku) baino azkarrago aritu eta maila galdu zuten[4][8].
Azkenik, CaixaBank Patroi Onenaren Saria Arkaitz Diaz donostiarrarentzat izan zen bigarren aldiz[9]. Podiuma Gorka Aranberrik eta Óscar Hermok osatu zuten[4].