Santo Tomas Lizeoa
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Santa Tomas Lizeoa Donostiako ikastola bat da, Haur hezkuntzakotik Batxilergorainoko hezkuntza-mailak eskaintzen dituena. Donostiako Ibaeta auzoan dago, EHUko Ibaetako campusaren inguruetan. 1960 urtean sortu zen, Donostiako Amara auzoan, baina 1970eko hamarkadaren hasieran, Ibaetako egungo tokira leku-aldatu zen.
Santo Tomas Lizeoa | |
---|---|
Datuak | |
Mota | Ikastetxe itundua. Ikastola |
Herrialdea | Euskal Herria |
Kidetza | Euskal Herriko Ikastolak |
Zuzendaria | Joseba Alkiza |
Sorrera | 1960 |
https://www.stl.eus/ |
Santo Tomas Lizeoa ikastola 1960-61. ikasturtean sortu zen, Koldo Mitxelena, Jose Migel Zumalabe eta Carlos Santamariaren iniziatibaz eta beste askoren lanari esker. Neska-mutilen irakaskuntza elebiduna garatzeko akademia pribatu bat zen, Olazabal pasealekuko (gaur Bizkaiko pasealekua) aretoan. Urte hartan 60 ikasle izan ziren; goizez gaztelaniaz ematen ziren klaseak, -institutuan gaztelaniaz egiten baitzituzten azterketak – eta arratsaldez, euskaraz. Ikasleak, garaian jardunean ziren etxeetako ikastola txikietatik bildu ziren. Gogoratzekoak dira Elvira Zipitria, Karmele Esnal eta Jone Forkada Donostian, Hernaniko M.Dolores Goya eta beste batzuk. Geroztik ikastola guztiek bezala, oztopo handiak, diru gutxi eta borondate handia izan zuten eragileek.
Hasieran, gela alokatu batzuk erabili ziren, baina ikasleen kopurua ugaritu eta Hezkuntza Legearen baldintzak betetzen ez zirenez, ikastetxe berri bat eraiki beharrean aurkitu ziren.
Arazo juridikoak gainditzeko, eta irtenbide erosoena zenez, Loistarain I.E. sortu zen, garai hartan lur hauetan zegoen baserriaren izena erabiliz. Nahiz eta ikastolak Santo Tomas Lizeoa izena hartu, Elkarte babesleak Loistarain izena hartu zuen eta ez da galtzea nahi izan. Izan ere, XII. mendekoa baita toponimo hori, Ibaeta bailarako zaharrena ziurrenez. Izengabeko Elkartearen forma juridikoa hartu zuen, errazagoa baitzen (berehala sortu eta ikerketa ofizial handirik gabe) ikastolaren ekintzak aurrera eramatea. Elkartearen partaideek diru-bilketa handia egin zuten eta baita beharrezko kredituak lortu ere, 34.000 metro karratuko lurren erosketari aurre egiteko.
« | 60.eko hamarkadaren hasieran, leku batzuetan ikastola txiki batzuk hasten dira martxan, hala nola, Bilbo (1958); Hernani, Pasaia, Andoain eta Santo Tomas Lizeoa (1961); Elgoibar, Irun, Deustu (1962); Orereta, Lazkao, Algorta, Gasteiz (1963). Honetaz aparte, 1962.ean Iruñean lehenengo ikastola saioa egin eta segituan poliziak itxia izan zen 1964.ean berriro sortuz. | » |
—Idoia Fernandez Fernandez[1] |
1970. urtean, OHO eta Batxilergoa eta UBI izenekin ezagutu ziren etapak sortu zituen Hezkuntza Legea indarrean jarri zen. Horrela, 70eko hamarkadan zehar, Santo Tomas Lizeoa ikastola Donostia eta Donostialdean Bigarren Hezkuntza euskaraz egiteko lehen aukera bilakatu zen, inguruko hainbat ikastolatako ikasleak jasoz: Barandiaran Lizeokoak, Herri Ametsa Ikastolakoak, … eta baita eskualdeko hainbat eta hainbat ikasle ere. 1972. urtean Lizeoak OHOko baimena eta homologazioa lortu zuen eta geroztik, ez zen Institutura azterketak egitera joan beharrik. Batxilergoak Lizeoa handitzea ekarri zuen, eta horren ondorioz baita bere instalazioak eskaintza berri horiei moldatzea ere. Ordukoa da, besteak beste, Goiko Etxea izenarekin ezagutzen dugun BBB-UBIko etxea (1977).
Garai hartan gaur egun ezagutzen dugun egitura fisikora hurbildu zen Lizeoa. 1980. urtean Haur Hezkuntzako etxea eta 1989. urtean lehen Jantokia eraiki ziren. Poliki-poliki egun gertatzen dena bideratzen hasi zen: Batxilergoko ikasle gehienak ikastolan txikitan bertan matrikulatutakoak ziren. Hezkuntza eskaintza integralaren hasiera izan zen eta horren mesedetan STLren Hezkuntza Proiektuaren dokumentazioa berritu zen: Ikastola euskaltzalea, eleanitza, inklusiboa, pluralista eta akonfesionala. Santu izeneko ikastola laikoa! 80ko hamarkada hartan aldaketa ugari gertatu zen testuinguru soziopolitikoan. Espainiako trantsizio garaian, lurralde antolaketari dagokionez, Euskal Autonomia Erkidegoa sortu eta ordura arte guztiz zentralizatuta zeuden hezkuntza arloko erabakiak, neurri batean, deszentralizatu egin ziren. Euskararen ofizialtasuna ere iritsi zen.
Hamakada berriak lege berriak ekarri zuen: LOGSE 1990ean onartu eta hezkuntza-egitura nagusiak aldatu zituen, gaur egungo itxura hartuz. Hamarkadaren erdian, ikastolaren beharrei erantzuteko, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntzako etxeen tartean Aretoa eraiki zen, gaur egungo Harreraren sototik sarrera duen espazioa.
Ikasleek geroztik ez zuten derrigor bakarrik 14 urte bitartean ikasi behar, 16 bitartean baizik, eta horrek ere egitura aldaketa batzuk ekarri zituen.
Baina ez zen Lizeoa aldatzen zen bakarra. 1990eko hamarkadan Antigua auzoko inguruan aldaketa urbanistiko ugari egin zen: Benta Berri auzoko lantegi eta biltoki gehienak bota eta auzo berria eraiki zen, eta Berioko etxe asko ere ordukoak dira. Euskal Herriko Unibertsitateko fakultate gehienak ere orduan hedatu ziren: Informatika, Kimika, Pedagogia, Psikologia,… Lizeoa ez zegoen bakarrik, baina Donostia eta Donostialdea eskualde osoaren ikastola izaten jarraitu du.
Gizartearen premia berriei erantzuteko, bi urteko gelak sortu ziren. Ikastolaren kasuan, 2001. urtean 2 eta 3 urteko haurrentzat egoitza berria eraiki zen. Ondoren hasi ziren, egun erreferente diren arreta goiztiar eta logopedia programak. Mende berriarekin batera izaera juridiko berriaren lanketa gertatu zen ere. 2003 urtean, Loistarain I.E. zena Santo Tomas Lizeoa-Loistarain Kooperatiba izatera pasa zen. Donostiako erreferentziako ikastola guraso kooperatiba bilakatu zen.
Hamarkada honen erdialdetik eta amaiera arte, espazio eta eraikinen zaharberritzeari eta berrantolaketari ekiteko gure eremu osoaren plangintza urbanistikoaren berrikuspen-gogoeta zabaldu zen. Horien artean, hurrengo hamarkadan zehar burutzen joango diren eraldaketa energetikoa eta jasangarritasun programak, hezkuntzarako espazio berriak eta barne mugikortasun ereduak.
Ziur aski uste baino lehenago Lizeoak 50 urte bete zituen Donostian, Ikastolen Elkarteko lehen ikastola, ekitaldi ugari eta jendetsuekin ospatuz. Hamarkada honetan zehar aurrekoan egindako gogoetak gorpuztuz joan ziren. Bai hezkuntza ahaleginetan, bai azpiegituren eremuan. Beharrezko zahar-berritzeez gain, mugikortasun zailtasunak dituzten pertsonei lekua egin zien, eta hainbat azpiegutura berri eta garrantzitsu agertu ziren. Lizeoaren berrantolaketa funtzionalean ordutegiaren arrazionalizazioak eta zerbitzuen birmoldaketak pisu handia hartu zuen. Sukalde propioak eta jantoki espazio berrien agerpenak ikastolaren aukerak handitzea ekarri zuen. Jantoki berriaz gain gelategi berria ere etorri zen eta bereziki 1.800 m2 jolastoki berriak.
Aldaketa eta berrikuntzak, ordea, ez ziren baliabideetan soilik egin, 10. hamarkada, ezbairik gabe, Euskal Curriculumaren eta konpetentzietan oinarrituriko hezkuntza eredua martxan jartzeko sasoia izan da. Etapa guztietan konpetentzietan oinarrituriko kurrikuluma inplementatzen jardun baikinen, metodologia aktibo berrien aplikazioa eta KIVA bizikidetza behatokia ere martxan jarriz. Ikastola eredu digitalaren hedapenak eta birtualaren hastapenak gaiari loturiko hainbat azpiegitura eta proiektu berritzea ekarri zuen eta horrela lortu genuen heldutasun maila aurreratua ziurtatzea.
STLko zuzendariak | ||
---|---|---|
Xabier Gorrotxategi | 1962-66 | Zuzendaria |
Felipe Yurramendi | 1966-68 | Zuzendaria |
Jose Antonio Agirre
Jose Maria Agirre |
1968-69 | Zuzendaritza kolegiatua |
Karlos Santamaria (ofiziala)
Mari Karmen Alzueta (Kolaboratzailea) |
1969-70 | Zuzendaritza |
Mari Karmen Alzueta | 1970-78 | 1970-1975: Zuzendari nagusia
1975-1978: BBB / UBI |
Santos Sarasola | 1975-2004 | 1975-1980: HH / OHO
1980-1989: OHO 1989-2004: Zuzendari nagusia |
Iñaki Lekuona | 1978-83 | LH / BBB / UBI |
Arantza Zugazagasti | 1980-86 | HH |
Joxan Arbelaitz | 1983-89 | BBB / UBI |
Iñaki Zubizarreta | 2004-22 | Zuzendari Nagusia |
Joseba Alkiza | Gaurkoa | Zuzendari nagusia |
Laburduren esanahia: [HH= Haur Hezkuntza] [OHO= Oinarrizko Hezkuntza Orokorra] [LH= Lanbide-Heziketa] [BBB= Batxilergo
Bateratu Balioaniztuna] [UBI= Unibertsitatera Bideratzeko Ikasturtea]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.