San Marko plaza
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
Artikulu hau Veneziako plazari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Marko».
San Marko plaza | |
---|---|
Piazza San Marco | |
Kokapena | |
Herrialdea | Italia |
Eskualdea | Veneto |
Italiako hiri metropolitarra | Veneziako Hiri Metropolitanoa |
Italiako udalerri | Venezia |
Koordenatuak | 45°26′02″N 12°20′17″E |
Historia eta erabilera | |
Irekiera | IX. mendea |
Izenaren jatorria | San Marko basilika |
Arkitektura | |
Estiloa | pizkundetar arkitektura |
Dimentsioak | 82 () × 175 () m |
Azalera | 8.000.483,8999 m² |
San Marko plaza (italieraz Piazza San Marco, venezieraz Piasa San Marco) Veneziako espazio publiko nagusia da eta "plaza" izena daraman bakarra (beste plazek "campo" izena dute, Piazzetta eta Piazzale Roma plazak salbu). Piazzetta deritzona (Piazza txikia), San Marko plaza aintzirarantz hedatzen den zatia da. Bi espazio hauek batera Veneziako erdigune politiko, sozial eta erlijiosoa osatzen dute. Trapezio itxura du eta 170 m luze da.
Izena plazan dagoen San Marko basilikatik datorkio, bertan hobiratua baitago San Marko ebanjelista.
Napoleon Bonapartek plaza honi buruz honakoa esan omen zuen: "Europako saloi dotoreena da" (le plus élégant salon d'Europe).
Hiriaren bihotza eta estatu veneziarraren ikur nagusia, plaza hiru zatitan banatua dago:
Plazaren egungo itxura eta oinplanoa aldatu joan da mendeetan zehar. Jatorrian, eremua baratzez betea zegoen eta rio Batario ubideak zeharkatzen zuen. Palazzo ducale, garai hartan dorrez hornitutako gaztelua, ubide batek guztiz inguratzen zuen eta ditxo bat zuen oinetan piazzettaren ordez zamalanak egiteko.
828an San Marko ebanjelariaren gorpua Veneziara eraman zutenean eta lehenengo San Marko basilika eraiki zenean, hiriaren erdigunea izaten hasi zen. 976an, sute batek eremu osoa erraustu zuen, basilika eta jauregia barne, baina bi urte geroago bigarren basilika eta jauregia berreraikiak zeuden dagoeneko.
Egun dagoen basilika hirugarrena da, 1050-1094 artean eraikia. Garai horretan, oraindik ere rio Batario' ubideak eta bacino di Palazzo ditxoak plaza mugatzen zuten. Horien lekuko da basilikaren porta d'acqua ate hormatua piazzettarantz, behiala uretara irteera zuzena zena.
1156an, Vital II.a Michiel dogoaren agintaldian, rio Batario eta ditxoa lurrez estali ziren, eta Piazzetta sortu. Sebastian Zianiren dogoaldian, plaza hedatu egin zen eta San Geminiano eliza lekuz aldatu zen plazaren mendebaldea mugatzeko. Gainera, piazzettaren sarreran granitozko bi zutabe erraldoi ezarri ziren, jatorria Konstantinopolisen zutenak. Zutabe baten gainean lehoi hegaldun bat ezarri zen, San Marko ebanjelariaren ikurra. Beste zutabearen gainean San Todaroren estatua (Teodoro Amaseakoa) ezarri zen, Veneziako lehenengo zaindaria zena. Horrela, bitan zatitutako eremu bat eratu zen, bata basilikaren parean eta bestea jauregiaren alboan, garaipen-sarrera uretatik.
1204an, Laugarren Gurutzadan Konstantinopolis konkistatzean, veneziarrek haitzurdin eta artelan ugari bereganatu zituzten, basilika eta plaza bera apaindu ahal izateko. Garai honetan ezarri ziren basilikaren fatxadan "San Markoren Zaldiak" (Cavalli di San Marco) jatorrian Konstantinopoliseko hipodromoan zeudenak, eta basilikaren ertzean dauden "Tetrarkak" (gruppo dei Tetrarchi).
1264 plaza adreiluz zolatu zuten, arrain-hezurrean.
1301 eta 1442 artean, Palazzo Ducale jauregiak itxura gotortua galdu eta egungoa hartu zuen. 1495 eta 1517 artean, Procuratie Vecchie eta "Erloju-dorrea" (Torre dell'Orologio) eraiki ziren, eta eremuan geratzen ziren azken baratze eta saltokiak kendu. Sansovino izan zen plazaren itxura gotikoa eraldatu zuena eta erromatar klasikotasuneko eredu bihurtu. 1536 eta 1540 artean, arkitekto honek Libreria eta kanpandorre azpiko Loggetta eraiki zituen. 1582 eta 1640 artean Procuratie Nuove delakoa eraiki zen.
1722an, Piazzetta dei Leoncini eremuan bi lehoi hegaldun ezarri ziren. 1723an, Andrea Tirali arkitektoak plaza berriz lauzatu zuen, Trachite euganea harri grisa eta haitzurdin zurizko albo-zerrendak erabiliz.
1807an, Napoleonen agintaldian, San Geminiano eliza eraitsi eta Ala Napoleonica (edo Palazzo Reale edo Procuratie Nuovissime) eraiki zen basilikaren kontrako aldean, plazaren behin betiko itxura emanez.
1902ko uztailaren 14ko goizeko lehen orduan, kanpandorrea behera erori zen, Sansovinoren Loggetta eta Libreria eraikinaren ertza suntsituz, baina basilika edo Palazzo Ducale ukitu gabe. 1912an berdin-berdin berreraiki zuten, dov'era e com'era ("zegoen lekuan, zen bezala").
San Marko plaza ez dago oso urrun itsas mailatik eta Acqua Alta garaian, itsasaldiek eta hego-haizeak eraginda, plaza ur azpian geratzen da sarritan. Normalean, euri ura estoldetan zehar Ubide Handira zuzenean isurtzen da, baina Acqua Alta garaian urak goratzean alderantziz funtzionatzen du eta aintzirako ura uholdeka sartzen da plazara.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.