From Wikipedia, the free encyclopedia
Pigmentu biologikoak edo biokromoak[1], izaki bizidunek sortzen dituzten molekula organiko batzuk dira, kolorearen xurgapen selektiboa egiten dutenez funtzio anitzetarako erabiltzen dituztenak. Egitura biologiko askok pigmentuak pilatzen dituzten kromatoforo izeneko zelula espezializatuak dituzte, esate baterako begiek, lumek, larruazalak eta ileak.
Funtzio ugari betetzen dituzte, izaki bizidunaren beharraren arabera. Landareek fotosintesia egiteko baliatzen dituzte edo fruituak helduta daudela adierazteko. Animaliek ezaugarri sexual gisa, egoera emozionalak adierazteko, kamuflatzeko edo eguzki izpietatik babesteko...
Izaera molekular anitza dute. Gehienak proteinak edo lipidoak dira.
Pigmentuek landaretan betetzen duten funtzio nagusia fotosintesia egiteko eguzki izpiak xurgatzea da. Horretarako klorofila erabiltzen dute, kolore berdea ematen diena, baina baita beste uhin luzera batzutako argi izpiak xurgatzen dituzten pigmentuak ere, karotenoideak esate baterako. Horri esker ahalik eta energia gehien harrapatzea lortzen dute[2].
Beste funtzio batzuk ere betetzen dituzte pigmentuek landareetan. Polinizatzaileak erakartzeko loreen petaloetan kolore ezberdinetako pigmentuak pilatzen dira, Loreen koloreak ere adierazten du zenbateko nektar kopurua duen barnean[3]. Bestetik fruituak ere kolore berdeak utzi eta heldu ahala laranja edo gorri bihurtzen dira, jangarriak direla (hazia prest dutela) adierazteko.
Landaretako pigmentu nagusiak honako hauek dira:
Algak organismo fotosintetiko oso anitzak dira eta pigmentuen aniztasuna ere handia izaten da. Koloreari dagokionez hiru talde handitan bereizten dira alga makroskopikoak:
Dinoflagelatuak alga zelulabakarrak dira. Hauek peridininia erabiltzen dute fotosintesi-pigmentu gisa.
Zianobakterioak dira fotosintesia egiten duten bakterioak eta klorofila bereziak erabiltzen dituzte. Bakterio kimiosintetikoek ere pigmentuak erabiltzen dituzte[4]. Taula honetan daude pigmentudun bakterio talde bakoitzak dituen pigmentu biologikoak:
Taldea | Pigmentuak |
---|---|
Zianobakterioak | a, d eta f klorofilak Fikozianina Alofikozianina Fikoeritrina Eszitonemina Zianofizina Karotenoideak |
Bakterio gorriak | a eta b bakterioklorofila Karotenoideak |
Bakterio berdeak | c eta e bakterioklorofila |
Kromobakterioak | Biolazeina |
Streptomyces | Melanina |
Mikromonosporoak | Antrakinona |
Animaliek babeserako, kamuflatzeko, arriskuaz ohartarazteko, gorteiatzeko, seinaleak elkarri transmititzeko eta beste hainbat helburutarako erabiltzen dute pigmentazioa. Animalien odolak ere kolorea du, pigmentuen hemo taldeak ematen die kolore hori. Kasu honetan helburua ez da hain nabaria, ez baitu babes edo seinale funtziorik.
600 karotenoide inguru aurkitu dira itsasoko animalia, landare eta mikroorganismotan. Animaliek ezin dituzte karotenoide horiek sintetizatu eta landareak janez eskuratzen dituzte. Animalia itsastarretan ugarienak karotenoproteinak dira, karotenoz osaturiko lipoproteina bereziak, bakoitzak 100-200 karoteno molekula ere izan ditzake. Karotenoproteina mota ugari daude eta hainbat kolore sortarazten dituzte; gorria, gorrindola, urdina, berdea... Animalia itsastarretan oso ugaria den beste karotenoide bat astaxantina da, honek kolore urdin-morea eta berdea igortzen ditu. Otarrain eta abakandotan astaxantina-proteina konplexuak kopuru handitan agertzen dira.
Lau pirrol eraztun dituzte eta karotenoideen ondoren pigmentu ugarienak dira. Oxidazio erreakzioetan paper garrantzitsua betetzen dute eta bide batez animalien pigmentazioaren osagai dira.
Animalien tono ilunak, gorrixkak eta horixkak sortarazten dituzte. Tirosina aminoazidoan du jatorria.
Ozeano hondoretan ez da argirik iristen eta bertako animalien artean %90 inguruk bioluminiszentzia sortzen dute. Prozesu kimiko baten ondorioz sortzen da argia fotoforo izeneko organo espezializatuan. Marmoka batzuetan esate baterako luziferinak, luziferasak, gatzak eta oxigenoak elkar erreakzionatzen dute argia sortzeko.
Luma, azal, ile, ezkata eta bestelako egiturek koloreak izaten dituzte. Bi kolore mota desberdindu behar dira, alde batetik pigmentuak ematen duen kolorea eta bestetik egiturazko kolorea. Pigmentuak ematen duen kolorea berdin ikusten da edozein angelutatik begiratzen dela ere. Egiturazko kolorea aldiz konplexuagoa da, hainbat geruzatako koloreak elkartzen direlako eta begiratzen den angeluaren arabera desberdin ikusten direlako. Azken hauen adibidea da hainbat hegaztiren lumaiak edo hainbat tximeletaren hegalek agertzen duten irisadura[5].
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.