![cover image](https://wikiwandv2-19431.kxcdn.com/_next/image?url=https://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/a/a8/9414_-_Grande_mostro_di_spaghetti_volanti_al_Presidio_anticlericale%252C_Milano%252C_2_June_2012_-_Foto_di_Giovanni_Dall%2527Orto.jpg/640px-9414_-_Grande_mostro_di_spaghetti_volanti_al_Presidio_anticlericale%252C_Milano%252C_2_June_2012_-_Foto_di_Giovanni_Dall%2527Orto.jpg&w=640&q=50)
Pastafarismo
From Wikipedia, the free encyclopedia
Pastafarismoa (pasta eta rastafarismo hitzetatik eratorria) edo Espagetien Munstro Hegalariaren Eliza (ingelesez, Church of the Flying Spaghetti Monster) erlijio parodikoa da, protesta sozial gisa sortua AEBetan diseinu adimentsua salatzeko eta haren hedapenari kontra egiteko, bai eta hura eboluzio biologikoarekin parekatu nahi zuten iritziei ere. Pastafarianismoaren jarraitzaileei pastafarista edo pastafari deritze.[1]
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/a/a8/9414_-_Grande_mostro_di_spaghetti_volanti_al_Presidio_anticlericale%2C_Milano%2C_2_June_2012_-_Foto_di_Giovanni_Dall%27Orto.jpg/640px-9414_-_Grande_mostro_di_spaghetti_volanti_al_Presidio_anticlericale%2C_Milano%2C_2_June_2012_-_Foto_di_Giovanni_Dall%27Orto.jpg)
![Thumb image](http://upload.wikimedia.org/wikipedia/commons/thumb/7/77/Cuddly_Flying_Spaghetti_Monster.jpg/640px-Cuddly_Flying_Spaghetti_Monster.jpg)
Bobby Henderson fisikan lizentziatuak taxutu zituen pastafarismoaren printzipioak, salatu nahi baitzuen Kansasko Hezkuntza Kontseiluak (Kansas State Board of Education) 2005ean baimena eman zuela diseinu adimentsua eboluzioarekin batera eskola publikoetan irakasteko (baimen hori 2006ko abuztuan gelditu zen bertan behera). Hendersonek gutun ireki bat igorri zion Kontseiluari, non, diseinu adimentsuaren parodia eginez, adierazi baitzuen bere fedean jainko sortzailea espageti haragi-boladuna zela (Espagetien Munstro Hegalaria), eta, horrenbestez, eskatzen zuen pastafarismoaren diseinu adimentsuaren teoria ere irakats zezatela zientzia klaseetan. Parodiak arrakasta erdietsi zuen komunikabideek zabaldu ondoren.
Espagetien Munstro Hegalariaren argudio hau Russellen teontziaren egokitzapen bat da.
Espagetientzako iragazki-txanoa buruan jartzea da erlijio horren jarraitzaileen sinbolo nagusia. Hain zuzen, Austrian gidabaimenen eta identifikazioen argazkietarako baimenduta dago, Niko Alm austriar politikariak egindako kanpainaren ondorioz; izan ere, Alm-ek ikusi zuen berari ez zitzaiola uzten bere jantzi berezia erabiltzea, baina bai beste erlijio batzuetako pertsonei, hala nola emakume musulmanei eta mojei.[2]