Tamaina txikiko hegazti harraparia, ia Iberira Penintsula guztian zehar aurkitzen dena. Falco generoa osatzen dute. From Wikipedia, the free encyclopedia
Naumann belatza, Naumannen belatza edo etxe-belatza (Falco naumanni) Falconidae familiako hegazti harraparia da. Espezie hau mediterranear eskualdetik Asia, Txina eta Mongoliara hedatuta dago. Neguan Afrikara, Pakistana eta, batzuetan, Indiara migratzen du. Johann Andreas Naumann naturalistaren omenez du izen hori.
Naumann belatz | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Falconiformes |
Familia | Falconidae |
Generoa | Falco |
Espeziea | Falco naumanni Fleischer, 1818
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 16 g arra: 148 g emea: 170 g |
Zabalera | 0,65 m |
Kumaldiaren tamaina | 4,2 |
Eguneko zikloa | eguneko |
Errute denbora | 27 egun |
Garai batean Europako hegazti harrapari ugariena zen baina, populazioak asko murriztu zirenez, egun askoz ere murritzagoa da. Ziurrenik, hori da Naumann belatza ezezagun egiten duena. Hori bai eta belatz gorriaren antza handia duela ere. Edonola, belatzik lirain eta ikusgarrienetarikoa dugu espezie hau.
Naumann belatzak belatz gorriaren (Falco tinnunculus) oso antzekoa da. Halere, Naumann belatza apur bat txikiagoa da: 58-72 cm-ko hego-zabalera, 29-32 cm-ko luzera eta 129-152 g bitarteko pisua (emeak arrak baino handiagoak dira). Halaber, belatz gorriak ez bezala, Naumann belatzak atzaparrak zurixkak ditu (Cramp eta Simmons, 1980).
Naumann belatzen dimorfismo sexuala koloreei dagokienez da nabarmena batez ere. Izan ere, ar helduek buztanaren alde dortsala, burua eta bigarren mailako arraun lema handiak urdin-grisak dituzte, bizkarra eta eskapularrak gorrixkak eta orbanik gabe, eta sabelalde gorri argia (ezaugarri hauek emeengandik eta gazteengandik ez ezik, belatz gorriarengandik bereizteko ere erabili daitezke). Gazteek eta eme helduek oso antzeko patroia daukate, eta bai beraien artean bai belatz gorriarengandik bereizteko ere eskarmentu handia behar da. Edonola, emeek, gazte zein helduek, ez dute kolore urdin-grisik eta lema lumetan 8 marra beltz dauzkate (Cramp eta Simmons, 1980; Tella et al, 1996; Mullarney et al, 2009).
Naumann belatza Europan eta Asian igarotzen du udaberria eta uda, eta Europako aleek behintzat Afrikan ematen dute udazkena eta negua (Cramp eta Simmons, 1980: Rodriguez et al, 2009). Iberiar Penintsulan hego-mendebaldean bizi da batez ere, baina iparraldean ere aurkitu da, Gipuzkoan eta Nafarroan besteak beste (Iribarren, 1971; Elosegui, 1985; Noval, 1967).
Gazteak jaio eta denbora gutxira sakabanatzen dira Afrikarako bideari ekin baino lehenago (Bustamante eta Negro, 1994). Iberiar Penintsulako populazioetan sakabanatze mugimendu hauek iparraldera egiten dituztela ikusi da (Olea, 2001; Garcia, 2000; Bustamante eta Negro, 1994). Mugimendu hauen zergatia harrapakinak bilatzean omen datza (Olea, 2001a). Bestalde, helduak ugaltzeko leku egokien bila ere mugitzen direla ikusi da, lehiari eta harrapaketari ihesi (Serrano et al, 2005).
Naumann belatzak ekainaren bukaera eta urriaren hasiera bitartean Afrikara alde egiten du, baina lehenago talde handitan biltzen dira (Olea et al, 2004). Iberiar Penintsulako ale gehienek iraila bukaera eta urriaren erdiaren artean migratzen dute, Senegal eta Mauritania aldera batez ere. Bidaia 5 bat egunez egiten dute. Otsaila bukaera eta martxoa bukaera artean itzultzen dira berriro ere haien udako lurraldetara, eta bidaia hau egiteko aurrekoan baino egun gehiago behar dute (Rodriguez et al, 2009).
Naumann belatzak gune irekietan bizi dira, zekale landen inguruan batez ere (Atienza eta Tella, 2004). Ehiza belardietan eta landare baxuez osatutako landetan egiten dute, eta zuhaitzez osatutako guneak ekiditen dituzte (Donazar et al, 1993; Garcia et al, 2006). Halere, Iberiar Penintsulako iparraldean bertan behera utzitako landak ere saihesten dituzte eta, gehienez, hauen ertzetan baino ez dira aritzen jaki bila (Tella et al, 1998; Ursua et al, 2005).
Ehunka aletako koloniak osatzen dituzte eta hauek giza eraikinetan kokatzen dira: elizetako kanpandorretan, eraikin zaharretako teilatuetan, herrigunetan… (Elosegui, 1985; Negro et al, 2000). Zenbaitetan primilladiak deitutako eraikin bereziak egiten zaizkie kokalekutzat har ditzaten. Betiere, gogoratu belatzek ez dutela habiarik eraikitzen. Ondorioz, zuloak, etxeetako teilen azpia edota habia-kutxak baliatzen dituzte.
Naumann belatza haragijale harraparia da, baina bere dieta nahiko generalista dela esan daiteke (Cramp eta Simmon, 1980). Gehien bat ornogabeak jaten ditu, eta hauen artean ortopteroak (matxinsaltoak, etab.) dira maizen aurkitzen zaizkion ehizakinak. Koleopteroak (kakalardoak), lepidopteroak (tximeletak, etab.), ugaztun txikiak (saguak, saguzarrak, satitsuak…), txori txikiak (karnabak, tarinak, txolarreak, enara azpizuriak…) narrastiak (sugandilak, suge txikiak…) eta anfibioak ere jaten ditu (Franco eta Andrada, 1977; Tejero et al, 1982; Rocha, 1998; Rodriguez et al, 2006).
Elikagaia lortzeko estrategia desberdinak erabiltzen ditu. Batzuetan belatz gorria bezala airean geldirik dagoela ehizakinen bila aritzen da baina, beste batzuetan (egunean zehar harrapakin gutxi daudenean batik bat), argi iturri artifizialetara hurbiltzen da bertako intsektuak jateko asmoz (Garzon, 1974; Franco, 1980).
Esan bezala, Naumann belatzak otsaila aldera iristen dira gurera. Arrak izaten dira iristen lehenak eta habiak aurkitu bezain laster beste arrekin lehiatzen hasten dira. Emeak arra aukeratzen duenean habia babesten laguntzen dio eta estalketak hasten dira (kopula ugari egiten dituzte). Maiatzaren hasieran 4-5 arrautza erruten dituzte (Elosegui, 1985; Rodriguez eta Bustamante, 2003). Arrautzok 26-28 egun inguruz inkubatzen dira eta lan horretan arrek nahiz emeek parte hartzen dute (Elosegui, 1985; Aparicio, 1997). Halere, arrek egunean zehar inkubatzen denboraren erdia ematen badute ere, gauetan lan hau emeen ardurapean uzten dute eta haiek lo-lekuetara beste arrengana joaten dira (Donazar et al, 1992).
Naumann belatza espezie monogamoa den arren, zenbaitetan bi emez eta ar batez osatutako hirukote poliginikoak ere ikusi dira (Hiraldo et al, 1991). Edonola, hirukote guztiak deuseztapen dira emeetako batek taldea uzten baitu kolonia berdineko beste ar batekin elkartzeko (Hiraldo et al, 1991; Tella et al, 1996). Halaber, bikotez kanpoko kopulak ere ohikoak dira, eta beste bikoteen txitak onartzen dituzte (Ortego, 2010; Donazar et al, 1991).
Txitak ekainaren hasieran jaiotzen dira. Jaiotzak ez dira guztiak aldi berean gertatzen, izan ere, lehena jaiotzen den txitaren eta azkenaren artean 5 egun igaro daitezke (Aparicio, 1997). Jaiotza arrakasta %80-90 ingurukoa da (Negro et al, 1993; Ortego et al, 2010), eta sexu banaketa 1:1 izaten da (Negro eta Hiraldo, 1992; Tella et al, 1996).
Jaio eta lehendabiziko egunetan emeak txitei arrak ekarritako harrapakinekin jaten ematen die. Gero, emeak nahiz arrak ibiltzen dira ehizan (Ortego, 2010). Gazteak 30-37 egun dauzkatenean ateratzen dira habietatik (Elosegui, 1985; Bustamante eta Negro, 1994).
Nauman belatzek haien artean bai eta beste hegazti batzuekin ere osatzen dituzte koloniak. Besteak beste beletxikiekin (Corvus monedula), haitz usoekin (Columbia livia) edota belatxinga mokogorriak (Pyrrhocorax pyrrhocorax) (Garzon, 1968; Forero et al, 1996; Blanco eta Tella, 1997). Bestalde, zenbait beletxiki Naumann belatzen habiak erasotzen ikusi dira gero beraienak bertan eraikitzeko (Blanco eta Tella, 1997).
Bestalde, Naumann belatza bizi den guneetan beste harrapari batzuk ere bizi direla ikusi da. Hauek, batez ere, habiak erasotzen dituzte (Blanco eta Tella, 1997; Serrano et al, 2004).
Esan bezala, antzeko espeziea belatz gorria (Falco tinnunculus) du. Antzekotasun morfologiko oso handia dute bi espezieek, batez ere alde dortsalean. Urrutitik emeak bereiztea ia ezinezkoa da. Belatz gorri arrek orban beltzak dauzkate hegoetako eta bizkarraldeko lumetan.
IUCN erakundeak “zahurgarritzat” jotzen du Naumann belatza bai mundu mailan bai espainiar estatuan ere (Atienza eta Tella, 2004; BirdLife, 2010). Antza denez, Naumann belatza Europako hegazti harrapari ugariena izan zen garai batean (Bijleveld, 1974), baina atzerakada itzela jasan zuen XX. mendetik aurrera eta herrialde askotan desagertu ere egin zen, Austrian, Hungarian eta Polonian kasu (Cramp eta Simmons, 1980; Biber, 1990). Iraun zuen herrialdeetan populazioak asko murriztu ziren. Atzerakada hori honako faktore hauek eragin zutela uste da:
Espainiar estatuan, 100.000 bikote estimatu ziren 1960ko hamarkadan, baina 50.000 bikotera jaitsi zen 1970eko hamarkadan (Bijleveld, 1974; Garzon, 1977). Euskal Herriari dagokionez, Nafarroan egindako ikerlanen datuak besterik ez dauzkagu. Horien arabera, 30-37 bikote estimatu ziren 2003. urtean eta, geroztik, populazioak gora egin du pixkanaka; egun 50 bat bikote daudela uste da (Tella, 2004; Onrubia, 2009).
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.