From Wikipedia, the free encyclopedia
Masaccio, benetako izenez Tommaso di Ser Giovanni di Simone, (San Giovanni Valdarno, 1401eko abenduaren 21 – Erroma, 1428ko udazkena) italiar margolaria izan zen. Berpizkundeko pinturaren aitatzat hartzen da. XV. eta XVI. mendeetako Florentziako artista ospetsuena izan zen, Quattrocentoko margolari aipagarrienetako bat. Beste artista batzuek Florentziako arkitekturan (Brunelleschik) eta eskulturan (Donatellok) ordurako gauzatua zuten eraberritzearen aitzindaria izan zen Masaccio pinturan.
Masaccio | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | San Giovanni Valdarno, 1401eko abenduaren 21a |
Herrialdea | Italia |
Heriotza | Erroma, 1428 (egutegi gregorianoa) (26/27 urte) |
Familia | |
Haurrideak | |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria |
Lantokia(k) | Florentzia |
Lan nabarmenak | ikusi
|
Mugimendua | Italian Renaissance (en) |
Castel San Giovannin (gaur egun San Giovanni Valdarno, Arezzo) jaio zen, 1401eko abenduaren 21ean. Aita Giovanni di Simone Cassai, lanbidez notarioa, eta ama Jacopa di Martinozzo izan zituen. Aita 1406an hil zen, Tommasok 5 urte besterik ez zituelarik, eta ama Tedesco di Mastro Feo botikariarekin ezkondu zen.
Vasariren arabera, lehenengo lanak Masolino arezzoarraren lantegian osatu zituen[1], baina zalantza handiak daude horren inguruan, Masolinok Azken Gotikoko ezaugarriak baititu, hasierako lanetan batez ere. Beste iritzi batzuen arabera, Masacciok Mariotto di Cristofanoren eskutik ikasi zituen Lehen Berpizkundeko artearen berrikuntzak, eta hark aldarazi zuen, halaber, Masolinoren azkenaldiko estiloa. Dena den, badira Masacciok Masolinorekin elkarlanean egindako garrantzi handiko obrak, besteak beste, Sant'Anna Metterza (Uffizi Galeria), Branda di Castiglione kardinalearen kaperako freskoak (Erromako San Klemente eliza), Santa Maria Maggioreko aldarerako poliptikoa (gaur egun, han-hemen sakabanatuta daude poliptiko horren atalak) eta abar.
Masolinorekin ez ezik, garai hartako beste zenbait artistarekin ere izan zituen harremanak Masacciok, esate baterako, Brunelleschi eta Donatellorekin. Alabaina, Giottok izan zuen eragin handiena Masaccioren obran. Izan ere, Masacciok eskala handiko lanak egin zituen, hark bezala, eta konposizio zorrotza eta bolumen eskulturalak erabili zituen. Donatelloren eragina arroparen trataeran nabarmentzen da bereziki: arropaz estalitako gorputz biluziak pintatu ohi zituen, non arropak benetakoak balira bezala tolesten baitira. Irudiak, berriz, eskultura handien modukoak dira, eta Giottoren kutsua dute gorpuzkeran eta bolumenean. Brunelleschiren eragina, azkenik, arkitektura-moldeetan, perspektibaren trataeran eta espazio garbi eta arrazionalen erabileran antzematen da.
Artista horien eragina izateaz aparte, bere ekarpenak ere egin zituen Masacciok. Oro har, irudi luzeak, soilak eta indar handikoak marraztu zituen, eta bikain landu zuen argia. Horrek guztiak itxura monumentala eta arrandia lasaia ematen die bere lanei. Masaccioren margolanetan, hiru dimentsioko errealitatearekin egiten dugu topo, errealitate bolumetrikoarekin, alegia, eszenak ez baitira infinituan irudikatzen eta baztertu egiten baitituzte Erdi Aroko transzendentzia-asmoak. Masaccioren irudiek benetako espazioa hartzen dute, haien kokapena perspektiba linealaren eta koloreen kontrastearen bidez osaturiko espazio benetako eta historikoa baita.
Masaccio Erroman hil zen, 1428ko udan, 27 urte besterik ez zituela. Vasarik pozoitu zutela iradoki zuen. 1443an, Florentziako Santa Maria del Carminen ehortzi zuten eta, aurrerago, bi epigrama ezarri zituzten, bata latinez eta bestea, Anibal Carorena, italieraz[1]:
Freskoak margotu zituen, batez ere, Hirutasuna, Adan eta Eva paradisutik egotziak eta Txanponaren zerga, baina ohol gaineko zenbait lan aipagarri ere utzi zuen, besteak beste, Madonna tronuan eta Maddona haurrarekin eta aingeruekin (National Gallery, Londres).
Masaccioren freskorik aipagarriena, esan bezala, Florentziako Santa Maria Novella basilikako Hirutasuna da (1425-1428). Lan horrek biltzen ditu hobekien Masaccioren ezaugarriak eta, orobat, Lehen Berpizkundeko printzipio estetiko nagusiak.
Hirutasuna eta Ama Birjina, Joan Bataiatzailea eta koadroa egiteko enkargua eman zuen bikotea agertzen dira margolanean. Aurrealdean, erdi puntuko arku bat ageri da, joniar ordenako kapiteldun bi zutabek eutsia. Arkuaren kanpoaldean bi zutabe karratu daude, taulamendu bikain batez burutuak. Atzealdean, kasetoizko kanoi-ganga batez estalitako kapera bat dago.
Kapera horretako eszenaren aurkezle gisa agertzen zaizkio ikusleari San Joan Bataiatzailea eta, batez ere, Ama Birjina. Jainko Semea gurutzean agertzen da eta Jainko Aita, aldiz, gurutzeari eusten. Ama Birjinaren begiradak gurutzera begiratzera bultzatzen du ikuslea eta, hala, koadroko osagai bihurtzen du ikuslea bera.
Kaperaren kanpoaldean, enkargua eman zuen bikotea dago, alboetan belaunikaturik, eta jainkozko pertsonaien maila berean ageri dira, pertsonaia historikoak ziren arren. Azpialdean, Adamen sarkofagoa ageri da.
Zenbait adituren ustez, baliteke arkitektura-osagaiak Brunelleschik diseinatu izana. Ganga da, hain zuzen, koadro horren ezaugarri aipagarrienetakoa, ederra baita oso. Izan ere, margolan hori izan zen perspektiba zentrala erabili zuen lehenengoetakoa, eta Brunelleschi hartzen da perspektiba zentralaren aitzindaritzat. Lerro guztien bilgunea irudiaren hondoan dago, ikuslearen begien parean.
Felice Brancaccik Florentziako Santa Maria del Carmineko bere familiaren kapera apaintzeko enkargua eman zion Masolinori. Masolino 1424an hasi zen kaperako freskoak margotzen, eta Masacciori deitu zion laguntzeko. Masolinok kaperako sabaia eta goialdea margotu zuen lehenik, eta Masacciorekin batera margotu zituen goiko parteak. Hori dela eta eskaintzen dute aukera bikaina bi margolarien arteko pintura alderatzeko.
1425ean, ordea, Florentzia utzi zuen Masolinok, eta Masacciok eman zion jarraipena hark hasitako lanari. Nolanahi ere, amaitu, Filippino Lippik amaitu zituen Brancacciko freskoak, Masaccio hil eta 60 urtera. Brancacci kaperako Masaccioren freskoak Berpizkundeko pintura berritzailearen eta naturalismo modernoaren eredutzat hartu izan dira, indarra eta bizitasuna direla medio.
Andre Mariari eskainia zen Brancacci kapera, eta San Pedroren bizitzako pasarteez hornitzeko eskatu zuen Felice Brancaccik (garai hartan Florentzian sortu zen zenbait arazori buruzko iritzia emateko, seguruenik, beherago azalduko dugun bezala). Berpizkundeko pinturako freskoen lehen ziklo handiari eman zion hasiera Masacciok Brancacci kaperan egindako irudiekin. Brancacciko fresko asko galdu egin dira urteen joanean, baina Masaccioren ukitua ageri duten zenbait irudi gorde dira gaur egun arte: Kristau berrien bataioa, esaterako, eta Adan eta Eva paradisutik egotziak eta Txanponaren zerga, batez ere.
Margolaritzaren historian, sekula ez zen halako kutsu dramatikoz irudikatu Adan eta Evaren Genesiko pasarte hori. Jainkoaren aurrean lotsatuta bezala agertzen dira biak: saminak jota daudela dirudi, Lurreko zorionetik aldentzera doazelako, eta, errudun baino areago, Jainkoaren biktima gisa azaltzen ditu samin horrek. Gizadiaren minaren adierazpentzat hartzen da Adan eta Evaren keinua.
Kapera horretako beste zenbait iruditan, Masolinok irudi zehatzak eta dotoreak egin zituen, Azken Gotikoko joerari jarraituz: gorputz lirain, fin eta hotzak. Irudi horien aurrez aurre, Lehen Berpizkundearen ezaugarriak jarri zituen Masacciok: irudi dramatikoak, energia eta bizitasun handikoak, errealistagoak. Mugimendua adierazteko trebetasuna du ezaugarri nagusietako bat.
Kristau berrien bataioa obran ere, irudi errealistak erabili zituen. San Pedro agertzen da aurrean, ibai ertzean, oinetan kristau berria duela. Bizitasun handiko freskoa da. Jainkozko gertaera bati buruzkoa den arren, Azken Gotikoko abstrakzioa alde batera utzi, eta orainaldira ekarri eta gizatiartu egin du bataioaren pasartea, gertaera hori sinestunei hurbildu nahian bezala. Errealitateari lotu zaio, beraz, Masaccio, Giotto aitzindariaren joerari jarraituz.
Txanponaren zerga atalean, Jainkoa agertzen da dizipuluekin eta Zesarri ordaindu beharreko zerga eskatzera joan zaizkien zerga-biltzaileekin. Kontakizun jarraituaren teknika erabili zuen, hau da, irudi berean adierazi zituen denboran aldi berean gertatu ez ziren gertaera batzuk: Jainkoak San Pedrori ibaitik arraina hartzeko eskatzen dio, arrainak txanpona duelako ahoan, eta Pedro bera agertzen da arrainaren ahotik txanpona hartzen, Pedrok eta Jainkoak eskuaz seinalatzen duten gunean. Zerga-biltzaileak seinalatzen duen lekuan, berriz, Pedro agertzen da berriro, funtzionarioari txanpona ematen.
Errealismoa da obra horren ezaugarri aipagarriena. Keinu biziak eta adierazgarriak agertzen dira irudiko pertsonaien aurpegietan, eta bikain islatu zituen eskea, haserrea, ezinegona eta beste zenbait sentimendu. Pertsonaiez gainera, errealistak dira mendiak, hodeiak eta itzalak ere. Zerga-ordainketari buruzko kontakizuna oso gutxitan adierazi da Italiako pinturan, eta, dirudienez, garai hartan Florentzian ezarri nahi zen ondasun-erroldaren aldeko jarrera zabaltzeko eskatu zuen, hain justu, Felice Brancaccik irudi hori. Boterearen eta mendekotasunaren gorazarre gisa hartu izan da, beraz.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.