atleta errusiarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Maria Aleksandrovna Lasitskene (errusieraz: Мария Александровна Ласицкене; jaiotza izena, Maria Kutxina; Prokhladny, Kabardino-Balkaria, Errusia, 1993ko urtarrilaren 14a) gorako jauzian aritzen den errusiar atleta da. Munduko txapeldun hirukoitza izan da (Pekin 2015, Londres 2017 eta Doha 2019), baita txapeldun olinpikoa ere (Tokio 2020).
Lasitskenek 2009ko Munduko Gazte Txapelketan lortu zuen lehenengo nazioarteko domina, 1,85 metroko marka pertsonala lortuta. Zilarrezko domina eskuratu zuen, Alessia Trost italiarraren atzetik.[1] 2009ko Europako Gazte Olinpiar Jaialdian eta 2009ko Gymnasiade-an ere lortu zituen zilarrezko dominak.[2][3]
2010ean, lehenengo Gazte Olinpiar Jokoetan urrezko domina bereganatu zuen emakumezko gorako jauzian, 1,86 metroak gaindituta eta Alessia Trost garaituz.[4]
2011ko denboraldiaren hasieran Yelena Slesarenko garaitzea lortu zuen, 1,90 m-ko jauzi batekin.[5] Garaipen are handiagoa eskuratu zuen Moraviako Gorako Jauzi Tour-ean, Třinec-en. Bertan 1,97 metroak gainditu zituen eta Barnealdeko Gorako Jauziko Junior Errekorra lortu zuen, 1994tik Desislava Aleksandrovaren esku egondakoa.[6]
Lasitskenek urrezko domina irabazi zuen 2014ko Pista Estaliko Munduko Atletismo Txapelketan, eta zilarra 2014ko Europako Atletismo Txapelketan. 2015eko Pista Estaliko Europako Atletismo Txapelketan urrezko domina eskuratu zuen, baita 2015eko Munduko Atletismo Txapelketan ere, 2,01 m-ko marka pertsonala lortuz.
Munduko Txapelketan lortutako garaipenaren ondoren, 2016ko Olinpiar Jokoetan urrea irabazteko faboritoetako bat zen, baina azkenean ezin izan zuen Jokoetan parte hartu, Errusiako Atletismo Federazioari parte hartzea debekatu ziotelako dopin eskandalua dela-eta.[7][8] Errusiako txapelketa batetan 2,00 m-ko altuera lortu zuen, Rioko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortzeko moduko marka. 2017ko apirilean, Errusiaren debekua amaitu arte atleta neutral gisa lehiatzeko eskaera onartu zioten, eta beraz Lasitskenek nazioarteko txapelketetan parte har dezake Errusia kanporatuta egon arren. Lehiaketetara itzuli ondoren Diamond Leage txapelketan hartu zuen lehenengoz, eta emakumezko gorako jauzian irabazi zuen 2,03 m-ko marka pertsonal berriarekin.
Marka pertsonala 2,04 metrora hobetu zuen 2017ko ekainaren 11n, Hengelon. 2017ko uztailaren 6an marka pertsonal berria lortu zuen Lausanneko Diamond Leage-an 2,06 m-ko altuerarekin, txapelketa horretako errekor historikoa. Garaipen horien ondoren munduko txapeldun titulua mantentzea lortu zuen Londresen 2017ko abuztuaren 12an, 2,03 metrorekin.
Errusiako atletismo taldea nazioarteko txapelketetatik kanporatu zutenean, Lasitskenek batere harrituta ez zegoela adierazi zuen bere Instagram kontuan, eta atleta neutral gisa lehiatuko zuela esan zuen. "Harritzen nauen bakarra borroka honetan atletak bakarrik egotea da, eta gure kirolaren liderrak hitzekin soilik lagundu gaituztela", adierazi zuen.[9]
Urtea | Txapelketa | Hiria | Postua | Jauzia |
---|---|---|---|---|
2009 | Munduko Gazte Txapelketa | Brixen, Italia | 2. | 1,85 m |
Europako Gazte Olinpiar Jaialdia | Tampere, Finlandia | 2. | 1,85 m | |
2010 | Gazte Olinpiar Jokoak | Singapur | 1. | 1,89 m |
2011 | Pista Estaliko Europako Atletismo Txapelketa | Paris, Frantzia | 9. | 1,92 m |
Europako Atletismo Junior Txapelketa | Tallinn, Estonia | 1. | 1,95 m | |
2012 | Munduko Atletismo Junior Txapelketa | Bartzelona, Katalunia | 3. | 1,88 |
2013 | Universidade | Kazan, Errusia | 2. | 1,96 m |
2014 | Pista Estaliko Munduko Atletismo Txapelketa | Sopot, Polonia | 1. | 2,00 m |
Europako Atletismo Txapelketa | Zurich, Suitza | 2. | 1,99 m | |
Diamond Leage | 1. | - | ||
2015 | Pista Estaliko Europako Atletismo Txapelketa | Praga, Txekia | 1. | 1,97 m |
Europako U23 Atletismo Txapelketa | Tallinn, Estonia | 12. | 1,71 m | |
Munduko Atletismo Txapelketa | Pekin, Txina | 1. | 2,01 m | |
Diamond Leage | 2. | - | ||
2017 | Munduko Atletismo Txapelketa | Londres, Erresuma Batua | 1. | 2,03 m |
Diamond Leage | 1. | - | ||
2018 | Pista Estaliko Munduko Atletismo Txapelketa | Birmingham, Erresuma Batua | 1. | 2,01 |
Europako Atletismo Txapelketa | Berlin, Alemania | 1. | 2,00 m | |
Diamond Leage | 1. | - | ||
2019 | Pista Estaliko Europako Atletismo Txapelketa | Glasgow, Eskozia | 1. | 2,01 m |
Munduko Atletismo Txapelketa | Doha, Qatar | 1. | 2,04 m | |
2021 | Udako Olinpiar Jokoak | Tokio, Japonia | 1. | 2,04 m |
Diamond Leage | 1. | - | ||
2017ko Diamond Leage txapelketan lortutako garaipenaren ondoren, Errusiako Armadak senior lotinant izendatu zuen.[10]
2017ko martxoaren 17an, Maria Vladas "Tashev" Lasitskas errusiar kirol kazetariarekin ezkondu zen, eta senarraren abizena hartu zuen.[11]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.