M23ren matxinada
From Wikipedia, the free encyclopedia
From Wikipedia, the free encyclopedia
M23ren matxinada 2012–2013 bitarteko gatazka armatua izan zen, Ipar Kivun, Kongoko Errepublika Demokratikoan, gertatutakoa. 2012ko apirilean hasi zen, Martxoak 23 Mugimenduko kideak, Bosco Ntaganda buru zutela, Kongoko Gobernuaren aurka altxatu zirenean, eta 2013ko azaroaren 7an amaitu, M23k matxinada uzteko erabakia hartu zuenean.[4]
M23ren matxinada | |||
---|---|---|---|
Kivuko Gerra | |||
Data | 2012ko apirilak 4 – 2013ko azaroak 7 | ||
Lekua | Ipar Kivu, Kongoko Errepublika Demokratikoa | ||
Koordenatuak | 1°36′14″S 29°11′43″E | ||
Emaitza | Kongoko Armadaren garaipena | ||
Gudulariak | |||
| |||
Buruzagiak | |||
| |||
Indarra | |||
| |||
Galerak | |||
| |||
Zibilak: 283 hildakotik gora 140.000 lekualdatu |
2003an Kongoko Bigarren Gerra bukatu zen, bortz urteren ondoren. Gatazkaren neurriagatik Afrikako Mundu Gerra deitu zioten; izan ere, Afrikako bederatzi herrialdek eta hogei talde armatuk parte hartu zuten. Nahiz eta Kongoko Errepublika Demokratikoko herritarrak munduko pobreenetakoak diren, herrialdea aberatsenetakoa da baliabideei dagokienez. Munduko diamante meatzeen heren bat inguru dago han, eta koltan erreserben % 70 inguru —gailu elektronikoak egiteko erabiltzen da koltana—. AEBetako eta Mendebaldeko multinazionalen eta Txinaren gutizia dira aberastasun horiek.[4]
Osagai horiekin estatu ahul batek egonkortasuna lortzea lan nekeza da. Kivuko Gerra da horren adibide, 2003an Kongoko Bigarren Gerra bukatu ondoren piztu baitzen, armadan integratutako matxino ohiek berriz ere gobernuaren aurka jotzea erabaki zutenean. Herriaren Defentsarako Batzar Nazionalak (CNDP) eta gobernuak 2009an sinatu zuten bake akordioa eta, horri jarraikiz, matxinoak berriz ere armadara itzuli ziren.[4]
2012ko apirilean, CNDPko kide ohiek 2009ko akordioaren baldintzak urratzea leporatu zioten gobernuari, eta berriz matxinatu ziren, Martxoak 23 Mugimendua (M23) sortuta.[4] M23ko gerrillariak tutsiak ziren nagusiki, eta Bosco Ntaganda zen buruzagi nagusia. Nazio Batuen Erakundeak matxinoei laguntza ematea egotzi zion Ruandako Gobernuari.[5]
Uztailaren 6an M23k Bunagana hiria hartu zuen, Ugandako mugatik gertu, eta uztailaren 8an Rutshuru, Gomatik, Ipar Kivu probintziako hiriburutik, 70 kilometro iparraldera;[6] Rubare eta Ntamugenga ere matxinoen esku zeuden.[7] Borroketan ehunka lagun hil ziren, eta iheslariak eta lekualdatuak, berriz, 280.000 inguru ziren abuztu hasieran.[5]
Azaroaren 20an, matxinoek Goma hartu zuten, aurreko astean hiriaren inguruetan Kongoko armadarekin eta MONUSCO NBEren bake misioarekin borrokatu ondoren. Guduaren ondorioz, milaka herritarrek ihes egin zuten Gomaren inguruetatik. NBEren arabera, 60.000 errefuxiatu inguru irten ziren ihesi Kanyaruchinya kanpamentutik Ruandarantz eta Hego Kivu probintziarantz.[8] Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluak Goma “berehala” uzteko, hedatzeko ekimen oro baztertzeko, taldea desegiteko eta matxinoek armak entregatzeko eskatu zion M23 mugimenduari. Matxinoek, ordea, Kongoko Errepublika Demokratikoa “erabat” hartzeko asmoa agertu zuten.[9]
Abenduaren hasieran, M23 gerrillarekin negoziatzen hastea onartu zuen Kongoko presidente Joseph Kabilak; elkarrizketak hastearen truke, matxinoak irten ziren Gomatik.[10] Abenduan bertan ekin zieten elkarrizketei, baina behin eta berriz eten zituzten. Presoen inguruko auziak eta matxinoak armadan berriz sartzeak eragiten zituen desadostasun handienak (armadako desertoreek sortutako taldea zen M23).[11] 2013 hasieran, zatiketa sortu zen M23 mugimenduaren barnean, eta martxoaren 18an Bosco Ntagandak bere burua entregatu zuen AEBen Kigaliko enbaxadan.[12]
Martxoaren 28an, MONUSCO misioaren agintepean Kongoko Errepublika Demokratikoan “interbentzio militarrerako brigada” bat sortzea onartu zuen NBEk. Kasko urdinek ordura arte izan zuten izaera aldatuta, erasorako aukera ere eman zioten brigada horri. Apirilaren amaieran, bake elkarrizketak utzi eta Rutshuru eta Beni inguruko hainbat herritan posizioak hartu zituzten matxinoek.[13] Maiatzean eta uztailean borrokak gertatu ziren Gomatik gertu.[14] Abuztu hondarrean, Kongoko armadak eraso egin zion M23 taldeari.[15] Harrezkero, matxinoak posizioak galtzen hasi ziren; urriaren amaieran, Kongoko armadak Rutshuru eta Kiwanja berreskuratu zituen, eta M23ren azken gotorlekuan ere sartu zen, Rumangabo base militarrean.[16]
Azaroaren 5ean, M23 mugimenduak ofizialki iragarri zuen borroka armatua utziko zuela. Hauxe zioen Bertrand Bisimwa buruzagiak sinatutako agiriak: "M23ko zuzendaritzak erabaki du iritzi publiko nazional eta nazioartekoari jakinaraztea matxinadari amaiera eman diola eta bitarteko politikoen bidez lortzen ahaleginduko dela mugimenduaren sorrera eragin zuten kausa sakonak".[17] Azaroaren 7an, Sultani Makenga M23ko buruzagi militarra eta 1.700 matxino inguru errenditu ziren Ugandan.[18]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.