Ingelesdunek lupu beltzari antrax ere deitzen diote. Euskaraz lupu beltza, karbunkoa edo ikatza da Bacillus anthracisek eragindako gaitzaren izena. Antraxa larruazaleko gaitza da, Staphylococcus batek sortutakoa, karbunkoarekin zer ikusirik ez duena. Karbunkoa eta antraxa batzuetan sinonimo bezala erabiltzen badira ere (ingelesdunen eragina dela eta), bi gaitz guztiz desberdinak izaten dira.
Karbunkoa aspalditik da ezaguna. Biblian aipatzen da gaitza behin baino gehiagotan. Historian zehar izurrite handiak gertatu dira, Europan XVII. mendean gertatutakoa ospetsuena izanik, abereak zein gizakiak milaka akabatu zituena.
XX. mendearen azken hamarkadetan karbunkoaren baziloa erabilia izan da gerra bakteriologikoan: bazilo honen esporek karbunkoa sortzeko gaitasuna dute, eta oso erraz manipulatzen dira; horrek eraginkortasun handia ematen die arma biologiko gisa.