izar bat orbitatzen duen eta planeta batekiko 1:1 erresonantzia orbitala duen argizagia From Wikipedia, the free encyclopedia
Kuasisatelite bat izar bat orbitatzen duen argizagi bat da, planeta jakin batekiko 1:1 erresonantzia orbitalean dagoena. Erresonantzia honetan dagoen gorputz orok orbita erlatiboki egonkorra manten dezake denbora luzez.
Planeta baten kuasisatelite batek eta planetak berak denbora-tarte bera behar dute izarraren inguruan itzuli bat egiteko. Alabaina, bi orbitek eszentrikotasun desberdina edukiko dute. "Egiazko" sateliteek ez bezala, kuasisateliteek planetaren Hill esferatik kanpo orbitatzen dute; Hill esferaren barnean, planetak satelitearengan eragiten duen grabitazio-indarra beste edozein argizagik eragiten duena baino handiagoa da. Hortaz, kuasisatelite baten orbita ez dago bere planetaren mende bakarrik, beste argizagiek ere alda dezakete eta hortaz, uneren batean erresonantzia orbitala hautsi daiteke.
Artizarrak soilik kuasisatelite ezagun bat du, 2002 VE68. Asteroide hau Merkurio- eta Lur-gurutzatzaile bat da aldi berean eta dirudienez, Artizarraren "bizilagun" izan da azken 7000 urteetan, baina hemendik 500 urtera erresonantzia-orbitatik kanporatua izango da.[1]
2016an Lurrak bost kuasisatelite ezagun zituen: (164207) 2004 GU9,[2] (277810) 2006 FV35,[3] 2013 LX28,[4] 2014 OL339[5] eta (469219) 2016 HO3.[6][4]
Zenbait kasutan, asteroideek kuasisatelite orbitak eta ferra orbitak tartekatu ditzakete, azken hauetan gorputza Lagrangeren L4 eta L5 puntuetan kokatzen da. 2016an gauzatutako orbita-kalkuluek erakutsi zuten Lurraren bost kuasisateliteek aipatutako bi orbita motak tartekatzen dituztela.[4] 3753 Cruithne,[7] 2002 AA29,[8] 2003 YN107[4] eta 2015 SO2 ferra orbita duten gorputz txikiak dira, baina kuasisatelite orbita eskura dezaketenak.[4] Kuasisatelite gisa jarduten duten denbora-tartea asteroide batetik bestera aldakorra da. Dirudienez, 2016 HO3 asteroidea egungo orbitan mantenduko da egonkor hurrengo mendeetan zehar, haatik, 2003 YN107 gorputza kuasisatelitea izan zen 1996tik 2006ra bitarte, baina urte horretan ferra libratzaile bihurtu zen.[9][6]
69219 Kamoʻoalewa (2016 HO3) asteroidea da, dirudienez, gaur arte atzemandako Lurraren kuasisatelite egonkorrena. Gure planetatik 38 eta 100 ilargi-distantzia artera egon ohi da.[6]
Neptunok badu behin-behineko kuasisatelite bat, (309239) 2007 RW10 izena jasotzen duena.[10] Esan dezakegu kuasisatelite gisa izango duen egonaldiaren erdialdean dagoela, duela 12.500 urte inguru ezarri baitzuen orbita hori eta hurrengo 12.500 urteetan hala iraungo baitu.[10]
Zenbait simulaziok erakutsi dute Urano eta Neptunon eguzki-sistemaren sorreratik kuasisatelite gisa dirauten gorputzak daudela, hau da, orbita hori 4,5 mila milioi urtetan mantendu duten gorputzak daudela.[11] Alabaina, Jupiterren kuasisateliteek gehien jota 10 milioi urte iraun dezakete eta Saturnorenek ehun mila urte. Jakina da Jupiterrek eta Saturnok kuasisateliteak dituztela.
1989an, Phobos 2 sobietar zundak Marteren Phobos satelitearekiko kausisatelite orbita ezarri zuen, zainak 100 kilometroko batez besteko orbita-erradioa zuen.[12] Konputagailu bidezko kalkuluen arabera, zundak bertan iraun zezakeen zenbait hilabetetan zehar. Alabaina, zundarekiko konexioa galdu egin zen, bere aginte sistemako akats baten erruz.
Zenbait kuasisatelite ez daude orbita horretan haien planetak eragindako indar grabitazionalarengatik, beste gorputz batek eragindako zeharkako indarrarengatik baizik.[13] Gorpuz hauei nahigabeko kuasisatelite edo kuasisatelite arrotz izena jartzen zaie.[13] Zeres, Vesta eta Pluton planeta nanoek nahigabeko kuasisateliteak dituzte, adibidez, Plutonek 15810 Arawn kuasisatelitea du, zeina plutino bat den, Neptunoren eragin grabitazionalaren ondorioz Plutonen kuasisatelite bilakaturikoa.[13] Jarrera dinamiko hau ordea periodikoa da, Arawn ez da beti Plutonen kuasisatelitea; 2,4 milioi urtetan behin ezartzen du kuasisatelite orbita, 350.000 urtetarako, gutxi gorabehera.[13][14][15]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.