euskal idazlea From Wikipedia, the free encyclopedia
Karlos Linazasoro Izagirre (Tolosa, Gipuzkoa, 1962ko azaroaren 4a) euskal idazlea da. Euskal filologian lizentziatua Deustuko Unibertsitatean, 1987. urteaz geroztik, Tolosako Udal Liburutegian egiten du lan.[1] Hainbat literatur-genero landu ditu: poesia, narrazio laburra, haurrentzako ipuingintza, antzerkia eta iritzi artikulugintza. 90ko hamarkadaren erdialdetik asteroko zutabea idazten du Diario Vasco egunkarian.[2] Iñaki Linazasoro idazlearen semea da.
Karlos Linazasoro Izagirre | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Tolosa, 1962ko azaroaren 4a (62 urte) |
Herrialdea | Gipuzkoa, Euskal Herria |
Familia | |
Aita | Iñaki Linazasoro |
Hezkuntza | |
Heziketa | Deustuko Unibertsitatea |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | idazlea eta poeta |
Jasotako sariak | ikusi
|
Idazle oparoa da Linazasoro, genero gehienak landu dituena baina batez ere narrazioan eta poesian aritutakoa. Irakurle helduei zuzenduta idazten du, baina oso luzea haur eta gazteei zuzendutako bere lanen zerrenda.
Besterik gabe, Albina (Ibaizabal, 1991) eleberri errealistarekin zuzendu zitzaien gazteei lehenengo aldiz, zahar-etxe bateko komediak kontatuz. Harrezkero, hainbat izenburu argitaratu ditu haur eta gazte literaturan.
Aipatzekoak dira Juan Kruz Igerabiderekin lau eskutara idatzitako bi obra, Igerasoro ezizena erabiliz: Gau, gau, gau (SM, 1997) ipuina, 1997ko Bapore saria jaso zuena, eta Kartapazioko poemak (Ibaizabal, 1998), nerabe eta gazteek karpeta bazterretan idatzi ohi dituzten poesia, esaldi eta burutazioen gisakoak jasoz.
Bota gorriak (Anaya Haritza) ipuinarekin, 2001eko Euskadi Literatura Saria irabazi zuen haur eta gazteentzako literatura alorrean. Irudimenez betetako istorio surrealista horretan, Hamabi titare (Aizkorri, 1999) poesia liburuan argitara emandako haiku erako poema batzuk ere txertatzen dira.
Oro har, lan narratiboetan umore, absurdo eta egoera surrealistekin jokatzen du, bai haurrei zuzentzen zaienean, Matteomigliako sailean adibidez, Franti (Giltza, 2002), Lau ipuin matteomigliar (Elkar, 2005) eta Nuvolari Plaza (Erein, 2011) lanetan, bai gazteei zuzentzen zaienean, Urperatze handia (Elkar, 2009) eta Udalbatza bahituaren kasu pollita (Elkar, 2011) lanetan. Dena den, beste erregistro batzuk erabiltzeko gai ere bada, hala nola, genero poliziakoa, Mendekuaren graziaz (Erein, 2004) liburuan bezala.
Era berean, gaiak eskatzen badio, sentsibilitate handia erakusten du Linazasorok errealitatea modu xaloan islatzeko, adibidez, Etzi (Elkar, 2007) lanean: hor, mutiko batek Down sindromedun anaia Brunoren berri ematen du.
Poesian ari denean, jostari ageri da: lehenengo urratsak Hamabi titare (Aizkorri, 1999) liburuarekin eman zituen, haiku erako poema laburrekin, haurrak hizkuntzarekin jolastera gonbidatuz. Gazteei zuzentzen zaienean, amodioa du hizpide nagusi, Zein beste mundukoa (Elkar, 2008) poesia bildumak erakusten duen moduan. Txori kantariak poeta hegalariak (Elkar, 2003) eta Zaldiko-maldikoan (Aizkorri, 2003) lan kolektiboetan ere argitaratu ditu poemak.
Bat-batean, krispetak (Alberdania, 2011) liburuan, aldiz, ipuinaz gain, aforismoak eta neurri desberdinetako poema eta koplak ere eskaintzen ditu, adin desberdinetako haur eta gazteen gozamenerako.[3]
Linazasororen poesia eta narratiba, idazlearen beraren eskuek eginak izanagatik, gaien, erreferentzien zein adierazpideen aldetik oso bereiz doazen ibilbide luzeko bi ubide nagusi dira. Tolosarraren narrazio laburrek absurdoa ustiatzen dute maiz, umore eta (auto)ironia gordinez, mundu- ikuskera etsitua agertzen du, indarkeriak, heriotzak, krudelkeriak eta arrazionaltasun ezak inguratua. Umorera, ironiara jo izan du Linazasoro narratzaileak mundu eta bizitza mingotsaren adierazpideen leungarri. Bestelakoak dira, baina, Linazasoro poetaren hizkuntza literarioa eta gaiak zein bizitzaren eta heriotzaren gaineko gogoetak. Absurdotik, umoretik, esperpentutik urrun, maitasunaren gorazarrea dago poesía horren funtsean, heriotzari aurre egiteko bide bakar gisa, salbazio gisa.[4]
Linazasororen ustetan, fantasia eta errealitatea ez dira txanpon beraren bi aurpegiak. Bere fantastikozaletasuna Jorge Luis Borges idazleari zor dio. Hark uko egiten omen dio fikzio psikologiko edo errealistari, faltsua eta engainagarria iruditzen zaiolako. Aldiz, fikzio fantastikoaren alde egiten du, egiazkoagotzat jotzen duelako.
Errealismoaz aritzean, errealismo mota bat aukeratu beharko balu, gehien interesatuko litzaiokeena magikoa izango litzatekeela dio, gehiago duelako magiatik errealismotik baino.
Bere ustetan literaturak ez du mundurik aldatuko, ez du sinesten idazlearen funtzio publikoan. Idazlearen lana idaztea dela deritzo, ondo ahal bada, eta gero idazlan horrek eraginik badu, bada askoz ere hobeto. Borgesek zioen bezala, literatura fantastikoaren jomugak, berriz, apalagoak eta egiazkoagoak direla uste du; ez du helburu utopikorik, ez du ezer aldatu nahi. Literatura fantastikoak xede artistikoak ditu, soil-soilik.
Ez du, ordea, literatura errealista arbuiatzen, baina, egia esateko, erakarmen gutxi ikusten dio. Gainera, nahi gabe ere, eskola garaiak ekartzen dizkio gogora, edo, bestela esanda, irakurtzera behartzen zieten garai itsusi haiek.
Literatura fantastikoa, aldiz, askatasunarekin lotzen du, irakurtzeko plazerrarekin, atsegin goxoarekin; izan ere, idazle fantastikoak ez baitira eskolan irakurtzen, eta, ondorioz, ez diezu gorrotorik hartzen. Bere idazle kuttunen zerrenda luzea da, baina gehientsuenak Borgesenak dira, noski.
Ugaria eta askotarikoa da haren obra. Poesia, narrazioa, nobela, Haur eta Gazte Literatura, antzerkia, aforismoa... Hauek dira Haur eta Gazte Literaturan azken urteetan argitaratutako liburu batzuk:[6]
Linazasororen obra batzuk hainbat hizkuntzatara itzuli dira: gaztelaniara, katalanera eta galizierara, esaterako. Hala nola, ondorengoak:
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.