maistra eta euskaltzale nafarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Julia Fernandez Zabaleta (Iruñea, 1898ko urriaren 9a - 1961ko otsailaren 16a) nafar irakasle eta euskaltzalea izan zen.
Julia Fernandez | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Iruñea, 1898ko urriaren 9a |
Herrialdea | Nafarroa Garaia, Euskal Herria |
Heriotza | 1961eko otsailaren 16a (62 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | gaztelania euskara |
Jarduerak | |
Jarduerak | irakaslea |
Kidetza | Emakume Abertzale Batza |
Julia Fernandez Iruñeko Dormitaleria kalean jaio zen 1898 urtean.[1] Valentín Fernández García mendigorriar organistaren eta Concepción Zabaleta Apesteguía mañeruarraren alaba izan zen.[2]
Iruñea hiruburuan bertan bere lehen ikasketak egin eta gero, San Jose Plazan zegoen Irakasle Eskolan egin zituen maistra izateko ikasketak.[1]
1916an bere maistra titulua lortu zuen, oso nota onekin.[1] Bere irakaslea zen María Ana Sanz-en gomendioz, udalaren beka bat eskatu, eta jaso, zuen Maria Montessori pedagogo italiar ospetsuak Bartzelonan eman zuen ikastaro batean izena emateko.[3][2]
Pedagogia berritzailearen alde jarrita, Iruñeko Udal Eskoletan hasi zen lanean, bere lanpostua oposiziotan irabazi eta gero.[1]
Emakume aitzindaria, feminista eta abertzalea izan zela esan dezakegu, bere irakaslana emakumeen instrukzioaren alde eta euskararen alde izan zelako.[4][5] Sindikalista ere izan zen, ELA sindikatu abertzaleko kidea.[5]
1921eko urtarrilaren 15ean Iruñeko Maistren Eskolako Ikasle Ohien Elkartean parte hartu zuen.[2] Eskola hori funtsezkoa izan zen, Eskola Normalarekin eta Etxeko Eskolarekin batera, XX. mende hasierako emakume nafarren sustapen kulturala eta profesionala bultzatzeko.[1]
1922an euskara ikasten hasi zen eta urte baten buruan hizkuntza menperatzen zuen.[6][2]
1924an hitzaldiak eman zituen Donostian, euskal nazionalismoan emakumeek duten paperari buruzko jarrera aurrerakoiak defendatuz, eta jarrera horiek beste emakume batzuekin partekatu zituen, hala nola Katalina Alastuey eta Maria Biskarretekin.[5]
Euskaltzaindiarekin elkarlanean ere aritu zen, baita Euskal-Esnalea elkartearekin ere, euskara zabaltzeko asmoarekin. Euskararen aldeko ekimen publikoetan behin baino gehiagotan parte hartu zuen Iruñerrian, eta eskualde euskaldunetan ere.[1]
1923an, Euskaltzaindiak irailaren 7, 8 eta 9an Donezteben antolatu zuen Euskal Egunaren ospakizunean parte hartu zuen, eta ekitaldi horretan hitzaldi bat eman zuen euskaraz, 1923ko Gure Herria aldizkariaren 10. zenbakian jaso zena.[1][7][8] Erakunde horretan, antolamendu-autonomia lortzen saiatu zen, baina ez zuen lortu.
1931n nafarroako Emakume Abertzale Batzaren lehendakari izendatu zuten eta berarekin Katalina Alastuey Garaikoetxea lehendakari ordea.[2] Urte horretan, Iruñeako lehen euskal eskola sortu zuen, non irakasle aritu zen.[2]
Uztailaren 18an, Iruñean egon beharrean Donostian zegoen bere anaia Valentinekin.[2] Baliteke bertatik Tomás Mata Lizaso alkateak jarritako zigorraren berri izatea.[2] Izan ere, urte erdiz soldatarik gabe utzi zituen bera eta Alastuey andereak.[2] Frankistek menperatutako hirira bueltatu ez zenez, alkateak behin-betirako kaleratu zuen.[2]
Ihesian Bilbora alde egin zuen eta 1936ko urriaren 12an, Eusko Jaurlaritzak Euskal Unibertsitatearen oinarriak aztertzeko sortu zuen batzordearen partaidea izan zen.[1][4][9] Azkenean, Donibane Garazira alde egin zuen babes bila eta bertan aritu zen irakasle Gerra Zibila bukatu arte.[2] 1941ean Iruñeara bueltatu zen eta modu pribatuan aritu zen eskolak ematen aita hil zen arte, orduan Pablo Gurpide Beope apezpikuak etxetik bota nahi izan zuen, baita eskumikatu ere.[2]
1958an bere lanpostua berreskuratu zuen ofizialki,[5] eta Iruñeako Vázquez de Mella eskolan aritu zen.[2] Hiru urte beranduago hil egin zen.[2]
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.