margolari austriarra From Wikipedia, the free encyclopedia
Joseph Anton Koch (Obergiebeln, Tirol, 1768ko uztailaren 27a - Erroma, 1839ko urtarrilaren 12a). Austriako erromantizismoko margolaria izan zen. Alpetar margo-paisaia erraldoien sortzailetzat jotzen da.
Joseph Anton Koch | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Elbigenalp (en) , 1768ko uztailaren 27a |
Herrialdea | Austria |
Heriotza | Erroma, 1839ko urtarrilaren 12a (70 urte) |
Hobiratze lekua | Erroma |
Hezkuntza | |
Heziketa | State Academy of Fine Arts Stuttgart (en) |
Hizkuntzak | alemana |
Jarduerak | |
Jarduerak | margolaria, artista grafikoa eta ilustratzailea |
Genero artistikoa | paisaia margolaritza |
Nekazarien semea bera, Joseph Anton Koch Obergiebelnen jaio zen, Lech haraneko herri txiki batean, Tirol mendebaldeko mendietan. Garai hartan politika arloan Austriako eremua zen baina aldi berean Augsburgeko apezpikutzako jabegoa zen. Umetan, Jospeh Anton familiako nekazari lanetan aritu izan zen, abereak zaintzen hain zuzen ere. Bertan gizadiaren gorabeherak ikasi zituen eta horrek bere ekoizpen artistikoa sustatzen lagunduko zion. Ama, Anna Elisabetta Burdi, jatorriz Koblentzakoa zen. Hamar anai-arreba izan arren haurtzaroan denak zendu ziren bi arreba izan ezik.
Abeltzaintzan zebilela, ingurutik zebiltzan aditu batzuek laster nabarmendu zuten artzain gaztearen dohaiak. Edonon marrazten zuen, ahal zuen toki orotan. Harkaitzetan suan erretako egurrarekin edota zuhaitzen azalean ildaskak eginez. Augsburgeko apezpikua Joseph lanean zebilen herrian sendotza bat egitera joan zenean, mutilaren abileziak atentzioa deitu zion, eta honi esker, hamabost urte zituela ikasketak Suabian egitea lortu zuen. Lehendabizi Dillingen seminarista egon zen eta ondoren Augsburgeko eskultore tailer batean. Azkenik sei urte eman zituen Stuttgarteko Hochschulen.
Garai hartan Frantziako Iraultza gertatu zen eta iraultza hau Europako artista askoren inspirazio iturria bihurtu zen, besteen artean Joseph Anton Kochena. Joseph ez zetorren bat Hochschuleko irakaspen metodo zaharkituekin eta Schillerekin batera, eskolatik ihes egin zuen 1791 urtean, erregimen zaharrak behartzen zuen ilekorda moztu eta trufa eginez bere akademiako irakasle bati bidali zion. Estrasburgon Jakobinoekin elkartu zen lehendabizi eta ondoren Basilean. Baina bere barne grina ez zen politika. Hiru urtez nora ezean Suitzar Alpeetatik eman zuen, mendi paisaiek interesa piztu zioten eta ehunka paisaia marraztu zituen, zirriborroak eta antzekoak, ondoren Erroman olioz egiteko eredu erabiltzeko.
1794 urte bukaeran bere bokazioa aurkitu zuen. George Nott mezenak beka bat eman zion; hala bada, Italiara bidaiatzeko Alpe mendiak oinez igaro zituen. Bertan, Bolonian, Florentzian, Napolin eta Salernon Italiako maisuen margolanekin maitemindu zen. 1795 urte hasieran Erromara heldu zen, garai hartan alemaniar artisten bilgunea. Asmus Jacob Carstensen lagun egin eta gizakia irudikatzeko ipi-apak ikasi zuen. Danteren Jainkotiar Komedia ilustratu zuen eta ondoren Bibliako eta mitologiako hainbat pasarte. Danimarkako Bertel Thorvaldsen eskultorearen lagun izan zen eta elkarrekin bizi izan ziren.
1803 urteaz geroztik Erroma inguruko landazabal pintoreskoetan ibili izan zen, eta hogeita hamar urtez hura izango zen bere udako egoitza eta inspirazio iturri, hots, Ovelano deritzon eskualdea eta Serpentara herriko harizti famatua batez ere. Ibilaldi hauetan hasieran Joachim Reinhartek lagunduko zion, bera baino nagusiagoa zen alemaniar margolaria. Ondoren toki beretatik margolari gazteagoek lagunduko zioten, austriarrak gehienbat, besteak beste Friedrich Oliver eta Franz Horny. 1806 urtean Ovelanon ezkondu zen, bertako ardo egile baten alabarekin, Cassandra Ranaldirekin. Hiru seme alaba izan zituzten, horietako bat Gaetano Koch, XIX. mendeko erromatar arkitekto ospetsua. 1810 urte inguruan alemaniar artista talde sortu berri batekin harremanetan jarri zen, nazaretarrekin hain zuzen ere. Margolari gazte hauek, gehienak Erromara heldu berriak, Koch hartu zuten maisu modura. Horrela bada, honako artista hauen inspirazio iturri izan zenː Johann Friedrich Overbeck, Franz Pforr, Peter von Cornelius, Wilhelm von Schadow, Philip Veit, Julio Schnorr von Carolsfeld eta Joseph von Führich.
1812 urtean Joseph, Cassandra eta beraien lehen alaba Elena, Erroma utzi eta hiru urtez Vienan bizi izan ziren. Alabaina, Vienan ez zen zoriontsu izan, bertako klima ez zen bere gustuko eta hango bizitza mugatua eta ulergaitza zen berarentzat. Hala bada, lana zen bera aringarria, izan ere Vienan egin izan zituen italiar paisaia margolanik onenak.
1815 urtean Erromara itzuli eta Olevanon eman zituen bera bizitzako azken hogeita lau urteak. Bavariako printzeak eta errege izango zen Luis I.ak, zeina Erromara sarritan joaten baitzen, margolanak erosten zizkioten.
Osasun arazoak zirela medio 1819 urtean Umbriara joan zen eta Piediluco, Narni, Terni, Spoleto, Asis eta Perugia bisitatu izan zituen.
Berrogeita hamazazpi urte zituela, 1825 urtean, teknikaz aldatu eta freskoak egiteari ekin zion. Danteren Purgatorio eta Infernuko freskoak egin zituen eta duela gutxi fresko hauek berrituak izan dira eta ikusgai daude.
Kochek bere heriotza egunera arte lan egin zuen. Erroman zendu zen 1839 urteko urtarrilaren 12an eta Vatikano Hiriko alemaniarren hilerrian lurperatua izan zen.
Seamless Wikipedia browsing. On steroids.
Every time you click a link to Wikipedia, Wiktionary or Wikiquote in your browser's search results, it will show the modern Wikiwand interface.
Wikiwand extension is a five stars, simple, with minimum permission required to keep your browsing private, safe and transparent.